Bola dabilen artean

Iratxe Goikoetxea Langarika

Urrutikoetxea eta Irujoren arteko kaiolako finalak aitzakia ona eman dit aspalditik plazaratu nahian nenbilen esaera bat hona ekartzeko.

Ziurrenik badakizue zer gertatu zen: Irujo, zuloa bilatu eta bilatu, 10-20raino aurreratu zen. Irabazita zeukan partida. Ia-ia. Eta irabaziak poltsikoan sumatuko zituzten ia-ia haren alde dirua jokatutakoek. Baina ustezko irabaziekin ez da fidatu behar, honelako atsotitzek ohartarazten dutenez: Arratsa etorri aurretik, ez aipatu egun ederrik. Ez altxa sarea arrain guztiak sartu artean. Idia baino lehen, ez erosi zintzarririk

Ezagunak dira esaerok, batez ere azkena, eta denak garaile jotzen denari zuzenduta daude. Eta ustezko galtzailea, zer?

10-20. Egoera horretan askok egingo zuten txil. Askok pentsatuko zuten ez zegoela zer eginik. Ez Urrutikoetxeak. Segurutik ez hitz hauekin, baina honelako zeozer pentsatuko zuen berak: Bola dabilen artean, ez dago txorrarik[1]. Hau da, azken-azkenera arte ez dela itxaropena galdu behar, ezin baita jakin nondik nora joko duten gauzek.

____

[1] Txorra bola jokoko esapidea da. Bola labur gelditzea da, atzeko enborra jo barik. Jokaldia balio barik uzten du, beraz. Lekuan-lekuan eta jokaeraren arabera, izen bat edo beste ematen zaio, eta horietako hainbat daude jasota Juan Jose Zorrilla Lopezek idatzitako Bola jokoa liburuan.

Atsotitza, berriz, Domingo Zuluaga zenak bildu zuen Ibarrangelu kantu eta kontu liburuan. Nik dakidala, ez dago beste inon era horretan jasota. Bai aldaera bat, Gotzon Garateren bilduman, beste adiera bat emanda: Dabillen bolie, ondo dabil txorra eiñ arte. (gazt. Piedra movediza no coge musgo).