Doitxerrira nahi

Lierni Garmendia Arratibel

Grimm anaien ipuinak 1990ean ekarri ziren euskarara azkeneko aldiz. Hala ere, bada Juan Mari Sarasolaren itzulpenaren aurrekaririk. Hipolito Larrakoetxea “Legoaldi” izan zen 1929an argitaratu zen lehen itzulpenaren egilea, Grimm anayen berrogetamar ume ipuin. Itzulpena ala egokitzapena den eztabaida baliteke ere, bildumatik kanpo aurkitutako bitxikeria bat izango dugu hizpide. Izan ere, honela dio itzultzaileak hitzaurrean:

Emen esango dautzuedazan ipuñak eztira, benetan neuk asmaukoak, Doitxerri’ko (Alemania’ko) umeai amaika gozaldi emoteko Grimm anai ospatsuak idatzitakoak baño. Nik doitxeratik euzkeraldu egin dautzuedaz, ez baña sarritan itzetik-itzera, nasaitxoago baño, onan euzkerea be azkatutxoago ibili eiten.

Doitxerri eta doitxera. Alemania eta aleman. Noiz ahaztu ote genituen forma eder horiek? Noiz geuretu ote genituen inguratzen gaituzten hizkuntzetako formak?

Zalantza horientzako erantzun baten bila abiatu nintzen. Hiztegi Batuak ez zidan berri onik eman Doitxerri bilatu nuenean; doitxera, ordea, alemanen sinonimo gisa ematen zuen. Halaber, Orotariko Euskal Hiztegiak ere jasotzen du doitxera:

Doitxera (Bera), dotxera (Bera). (Neol.). Creado por AG (la primera mención es de 1902), de dotx (de deutsch) y era ‘lengua’ (AG 2087).

Idioma alemán. v. doixtarrera. Doitxe-n doitxeraz / egiten dabe. Enb 141. Schiller-en Wilhelm Tell. Goenaga-tar Iñakik S.I. Doitxeratik euskeratua. Goen Y 1934, 89.

Nire susmoak egia ziren: bai Doitxerri eta bai doitxera oinarri beretik eratorritako neologismoak dira. Hain zuzen, oinarri hori alemanezko Deutsch (aleman) hitzaren egokitzapen fonetikoa da, doitx. Lehen kasuaren sarrerarik aurkitu ez izan arren, bigarrenarenean oinarritu gaitezke baieztatzeko alemanezko Deutschland (Alemania) hitz elkartuaren egitura errespetatu dela, Deutsch (aleman) eta Land (herrialde), eta bigarren osagaia zuzenean itzuli dela euskarara. Inoiz euskalerri erabili izan den bezala.

Erabilerari dagokionez, Egungo Testuen Corpusera jo nuen lehenengo, ezer aurkitzeko esperantza gutxirekin. Doitx, doitxera, doitxerri… Han ez zen ezer ageri. Ez ninduen gehiegi harritu corpusak forma horiek ez jasotzeak; alderantziz, espero nuen forma horien erabilera ez zela XXI. mendera arte luzatuko, antzinako formak direla, alegia. Hain zuzen, Euskal Klasikoen Korpusak hirurak jasotzen ditu: 8 agerraldi, 5 liburutan eta 3 egilerenak; guztiak ere XX. mende hasierakoak, 6 bizkaieran eta 2 gipuzkeran. Hauek dira agerraldi batzuk:

Batek bein esan eutson: – Zelan da ba? Etzenduan zuk esaten Bilbon etxean erderaz egiten zenduela, erdalerrian bizi ezkero, erderea bear-bearrekoa dala, ta zeuk eta sendiak erderea obeto erabiltearren alde batera itzi zenduela gure euskerea, onek kalterik ekarri ez egizuen zeuen erderea makalduta? Emen, Doitxerrian bardin egitekotan, etxean doitxeraz bakarrik itz egin bear zeunkie, Gaztelako erderea itzita, emen ez dozu bere bearrik eta.

(Ebaristo Bustuntza “Krikikiño”, Edo geuk edo iñok ez)

Orreik eta ango olerkaririk onenak Italieraz, Prantzeraz, Doitxeraz eta agertu dira.

(Estepan Urkiaga “Lauaxeta”, Azalpenak)

Españak Catalunya-n ezer gutxi egin omen du – zer esango guk! -; Barcelona añako uri batean, Cuenca-n ala Soria-n bezelaxe ” Instituto ” bakarra, Doitxerria-n berrogei ta Prantzia-n amalau legozkiolarik Ta, irakaskintzari buruz bezela, gañontzeko gaietaz esan omen liteke.

(Xabier Lizardi, Itz-lauz)

Adibide guztiak XX. mende hasierakoak dira, bai eta Legoaldiren itzulpena ere. Horrenbestez, argi dago bi formak antzinakoak direla eta XX. mendearen erditik aurrera erabilerak behera egin duela, Alemania eta aleman formen mesedetan. Zerk eragin du hori, baina? Zergatik lehenetsi atzerriko forma neologismoaren aurrean?

Euskara: Alemania
Gaztelania: Alemania
Frantsesa: Allemagne

Doitxerri eta doitxera. Adiera baten aldaera ederrak. Aholku ere badira, ordea. Euskara jator erabiltzeko oihukatzen digute. Garrantzitsu eta besteri ehun urteko lehortea opa ez badiegu, inportante eta bestek ur guztia edan dutelako.

5 Replies to “Doitxerrira nahi”

  1. Uste dut komeni dela zehaztea “doitxera” eta “doitxerri” hitzak ez direla oso antzinakoak (1902koak dira). “aleman” forma askoz zaharragoa eta askoz erabiliagoa izan da. Jada XVII. mendean erabili zuen Axularrek, eta tradizio luzea du, hala Iparraldean nola Hegoaldean. Hori izan daiteke, besterik gabe, forma hori (“euskal forma” baita “atzerriko forma” hori) lehenetsi izanaren arrazoia.
    Arana Goirik eta haren ingurukoek asmatutako hitz gehienekin gertatu da XX. mendearen erditik aurrera erabilerak behera egitea (txadon, urrutizkin, izparringi…). “doitxerri” eta “doitxera” hitzak ere testuinguru horretan kokatzekoak dira, nik uste.

    Atsegin dut

    1. Hala da, Alfon. EKC kontsultatuz gero, “aleman” formaren lehenengo agerraldia XVII. mendekoa dela eta erabilera ikusiko dugu. Era berean, “doitxera” XX. mendean agertu eta desagertu zen. Horren arrazoia tradizioa izan liteke. Nazioartekotasunaren argudioa ere hor legoke, nahiz eta horren indartsua ez izan.

      Hain zuzen, kasu honek nire interesa piztu zuen. Alde batetik, hitzaren edertasunagatik (melodiagatik, nolabait esateko). Bestetik, eratorpen bidez sortutako neologismo bat delako, “aleman” ez bezala (mailegua dela esango nuke). Horregatik, tradizioz jatortutako “aleman” mailegua lehenetsi eta “doitxera” baztertu izanak zer pentsatu eman zidan, “inportante” zaharragoa (XVIII. mendea) baztertu eta “garrantzitsu” berriagoa (XX. mendea) lehenesteko gomendioak aurkako idea helarazten baitigu.

      Atsegin dut

  2. Politak, bitxiak… egokiak eta beharrezkoak, nahi baduzu (testuinguru berezi batzuetan, jakina), ados.
    Baina jatorrak, tira, esango nuke ezetz, jatorrak ez direla.
    “Aleman” askoz ere jatorragoa da, alde handiz.

    Atsegin dut

  3. Hemen batzuk dira hain jatorrak ezen nahasten baitute jatorra [x] eta yatorra , belarra eta jamoia, ijitoa eta paioa.

    Atsegin dut

    1. Ignazio, ez dut zure mezua ondo ulertu, eta agian oker nabil, baina badaezpada argitu nahi nuke ni bi hitz horiei buruz ari nintzela (“Doitxerri” eta “Doitxera”), eta ez pertsonei buruz.

      Atsegin dut

Utzi iruzkina