Zuzendu

Xabier Aristegieta Okiñena

Orain dela gutxi, honako esaldi honekin egin nuen topo:

  • Zuk ezin izan duzu zure lantaldea osatu; aurretik zegoena zuzendu behar izan duzu.

Lehenbiziko irakurraldian guztiz arrunt eta inozo itxurako suertatzen diren esaldi horietako bat da. Baina, halako batean, hasierakoaz bestelako ulerbide bat ere badaukala konturatzearen ezinegona ernatu zitzaidan: esaldi horretan zer esan nahi zuen zuzendu aditzak? “Lantaldearen zuzendari aritu”, hasieran ulertu nuen bezala? Ala “lantaldea zerotik hasita osatu beharrean, lantalde horren balizko okerrak zuzentzera mugatu”, edo horrelako zerbait?

Bestalde, aurrezki-kutxaren aspaldi samarreko jakinarazpen batean, telefono zenbaki zuzenaren berri ematen zidaten. Gaztelaniazko testuari esker ziurtatu ahal izan nuen número correcto esan nahi zuela, eta ez número directo.

Beraz, zerbait zeharkakoa denean ez ezik, zuzena denean ere sortzen zaizkigu, ba, ulermen-korapiloak1.

Izan ere, polisemiaren katramilak tarteko, erraz asko gerta daiteke testugileak asmotan zeukan esanahia bat ez etortzea testu-hartzaileari ulermenean irudikatzen zaionarekin. Eta X jaunak/andreak zuzendutako txostena nola ulertu ziur ez egotea. Edo, okerragoa: esanahi-bitasunaz (edo –askotarikotasunaz) konturatu ere ez egitea eta hasieratik ontzat ematea kasuko esanahiaz bestelako bat edo bestelakoa den hori.

Ohargarria da, baina, zuzendu aditzak bi esanahi nagusi baditu ere (hots, “zerbaiten zuzendaritza-lana egin” eta “konpondu”), gero esanahi bakoitzak bere bidea egiten duela substantiboa sortzean: zuzendari, batetik, eta zuzentzaile, bestetik2.

Gogoetarako mahaigaineratzen dudana da ea ez ote litzatekeen komeni, edo ez ote lukeen merezi, esanahi nagusi horietako bakoitzaren adierazpena aditz ezberdin bat erabiltzerantz bideratzea, noizbehinkako anbiguotasun-arriskua saihestearren. Adibidez, zuzendu “zuzendari aritu”rako uztea, eta “okerrak zuzendu”rako… okerzuzendu, zaharberrituren ereduari jarraituz?

____________________________

1 Ikus Zeharkako izenburupean joan den abenduan idatzi nuen artikulua.
2 Zuzentza ere existitzen da, noski, justizia esanahiarekin. Bitxikeria modura, Bilbo, Donostia eta Iruñeko auzitegi-egoitza nagusiek “Justizia Jauregia” idazkuna daukate; Gasteizekoak, ordea, “Zuzentza Jauregia”.