“Eres una surguiñona“

Maialen Berasategi Catalán

Hala bota izan zigun inoiz gure izeba zaharra zenak, gaiztakeriatxoren bat egiten edo ziria sartzen saiatu gintzaizkionean. Gaztelaniadun elebakarra zen, Tuteran jaioa eta bizia, eta ederki harritzen, gozatzen eta liluratzen gintuen maiz Erribera inguruko hitz eta hizketekin. Uste dut barrea atera zitzaidala kalifikatzaile hura entzun nion lehen aldian, hain iruditu zitzaidan fonetikoki indartsua; baina orduko hartan, seguru asko, konturatu ere, ez bera eta ez gu ez ginen konturatu “sorgin galanta zara zu” esaten ari zitzaigula, erdi euskaraz. Gure izeba erdaldun elebakarra.

Beste batzuetan, honelakoak botatzen zituen: “Esa era una casquivana y una malachandra”. Garai urrunetako soinua ekartzen zidaten bi hitz horiek. Ez nekien haien definizio zehatza, baina ederki entenditzen ziren. Inork oraindik dudarik badu ere, hona hemen malachandra hitzaren erabileraren erakusgarri argi bat, Jose Mari Esparzaren Potosí: andanzas de un navarro en la guerra de las naciones[1] liburutik hartua:

potosi

Gerora ohartu ginen malachandra hori, surguiñona bezalaxe, euskal jatorriko hitza izango zela ziur asko: mala etxandra; etxeko andre txarra.

Izan ere, ez batere aspaldi –gaur egun ere bai, inoiz–, han bezala hemen, izan euskaldun izan erdaldun, etxeko andre txarra izatea andre txarra izatea zen; casquivana bat, azken finean.

[1] Txalaparta, 1996.