Aliantza eta trukeak

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Poz eta interes handiz irakurri nuen martxoaren 8ko Berrian agerturiko solasaldi luze-sakon-zabala, zeinean Eskisabelek, Agirrek eta Estebanek euskalgintzaren eta feminismoaren arteko aliantza proposatzen zuten emakumeen eta euskaldunen kontrako zapalkuntzek dituzten antzekotasun ugariak oinarri harturik. Esteban antropologo feministak orain dela urte gutxi plazaratu zuen ideiatik abiatuta, garabiderako aukera anitz ematen ahal dituzten ertzak aletzen eta ikusarazten saiatu ziren elkarrizketa horretan: subalternitatearen kontzeptua; hegemonia eta bazterrak; zapalkuntza biak zilegiztatzeko baliatzen diren naturalizazio prozesuak… Bereziki gustatu zait Esteban antropologo eta irakaslearen honako gogoeta hau: “erabil dezagun feminismoaz dakiguna euskararen munduan. Biak uztartzeak baliagarria izan behar luke: gure gizartean dauzkagun baliabide teoriko guztiak erabili, ez gorde konpartimentuetan…”.

Feminismoaren soak, nire irudikoz, ez digu soilik balio hobeki eta argiago ulertu eta deseraikitzeko hizkuntza/hiztun-talde baten indarra edo/eta besteren baten mendekotasun soziala oraindik ere argudio linguistikoetan edota naturaletan (hizkuntzen berezko zer-nolako aldaezinetan) funtsatu nahi dutenen diskurtsoak; edo soilik konprenitzeko Marcela Lagarde antropologo feministak emakumeoi buruz dioena –emakumeok oraindik ari garela negoziatzen nolako gutxiagotasun mailan geldituko garen– guztiz aplikagarria zaigula euskaraz bizi nahi dugunoi. Feminismoa, horretarako guztirako ez ezik, oso onuragarria gerta dakiguke orobat ikertzeko nolakoak irudikatu eta irudikatzen diren (euskal) emakumeak euskal imajinarioetan: Jone Miren Fernandez antropologoa han eta hemen ematen ari den hitzaldia horren adierazgarri (Andereñoak, transmisoreak, kontulariak, traidoreak… emakumeak euskararen unibertsoan).

Bestetik, laguntzen ahal digu ulertzen nola izan den posible gurea bezalako hain sexismo gutxiko hizkuntza ikasi eta erabiltzeko urteetan eta urteetan hainbeste baliatu genuen Hiztegia 2000 hartan honela irudikatzea sukaldea (noiz eta euskal matriarkalismoaren lilurapean bizi zirenean hainbat):

clip_image002

Edo nola izan zen posible Itzulisten 2002an sortu zen eztabaida mikatz samar hura, batzuen ustez onartezina zelako genero hitza euskarara ekartzea, sexua eta generoa gauza bera zirelakoan, eta genero-ikasketak moda pasakor hutsa.

Ongi etorriak, hortaz, feminismoaren, genero-ikasketen eta antropologiaren kontzeptuak, tresneria teorikoak eta baliabide intelektualak oro euskararen aldeko borroketara, euskararen intrahistoriaren azterketetara eta euskal hiztegigintzara. Uzta oparoa bilduko dugulakoan nago, feministok eta euskahaldunok badugulako zer irabazia aliantza eta truke horien bitartez. Aurtengo korrikaren leloa dugu horren erakusgarri.

[1] Irudia, Hiztegia 2000k zekarren berbera da eta Elkarrek 1997an argitaraturiko Euskara-Frantsesa / Frantsesa-Euskara hiztegitik hartu dut, hain aspaldi-aspaldiko kontuak ez direla erakusteko.