Steer-en euskalduna

miel a. elustondo

«Espero dut, eta Historiak arrazoia emango dit, zapalkuntza honek ez duela betiko iraungo. Mendeetako borrokek, bost ozeano zakarretako abenturek, erresistentzia eta isiltasun erreserba infinituko gizaki egin dute euskalduna. Haren ezpatek libre irauten dute, edozein erregimenen azpian ere. Haren egoera moral ez-klasista ez da konstituzio idatzietan ageri, Historian eta Historiaurrean baizik, eta ez da armen bidez defenditua izan, ezpada beste edozeren gainetik euskaldunak duen abantailen kontzientzia irmoaren bidez baizik. Euskalduna inoiz ez delako izan esklabo ez bilau: abantaila du auzoen aurrean. Eta badaki.

Harro dago bere burua gobernatu izan zuen urteaz. Nola gai izan zen ordenari eta Elizaren egiazko bakeari eusteko; libertatea eman zien kontzientzia guztiei, jaten eman pobreei, gaixoak sendatu zituen, gobernuari dagozkion zerbitzu guztiak gidatu zituen exekutiboaren eta herriaren artean kereila bat bera ere eragin gabe, ezta exekutiboko teoriko dibergenteen artean ere. Espainia osoan bakarra izan zen gobernatzeko prestatuta zegoela frogatu zuena. Beste batzuek asasinatzen eta masakratzen zuten bitartean, langile klaseak izutu eta aberria etsaiari saltzen zioten bitartean, euskaldunak giza elkartasunaren lokarri sendoekin lotu zuen bere nazio txikia, bere arrantzontzien altzairuzko alboak bezain gogor. Berea egiazko Herri Frontea izan zen, hura osatzeko motibo maltzurrik izan gabe. Oso sustrai sakonak ditu, eta oso leinu zaharra da, baina berdetasunez eta bertutez beteak ditu hostoak, eta urtero berritzen dira. Izerdi bizikor eta osasuna metatzen dute, zeinak klaserik gabeko gizarte batetik baitatozkio, eta irmo irauten dute suaren eta leherketen azpian, herriak hautatuko dituen hurrengo legegileei gerizpea eman zain. Sinbolo eta historia ditu Gernikako Arbola».

George L. Steer, El Árbol de Gernika. Un ensayo sobre la guerra moderna, Txalaparta, Tafalla, 2004. 489-490. or.