Erdaratik eta euskaraz

Iñaki Segurola

Propagandaren hizkuntzak asko narrasten ditu bazterrak. Geure burua eta geure gauzak edertu beharrak itsuskeria haundienak esatera eta egitera ekartzen gaitu eskuarki. Saldu beharrak salduta uzten gaitu, eta ustelduta eta txartuta ere bai maiz aski.

Harira nator: aspaldiko urteetan euskara gurearen kontra bota diren ahokada edo letrakadarik zatarrenak… non? eta –harri bitez zeru-lurrak!– Zehazki izeneko gaztelania-euskara hiztegiaren (Irun, 2005) atzeko azalean idatzi dira, nere iritzirako. Hantxe daramatzate idatzirik hamar urte haundi, eta iritsi da –iritsi zait– hitz horiek merezi bezala astintzeko garaia. Ez zait iruditzen hamar urte hauetan hitzok hautsiak edo gaindituak izan direnik beren zatarrean, zeren nekez gaindi litezkeenak baitira berez. Ahokadarik zatarrenak, beraz, eta euskararen gutxiespen edo kakaztapen publiko zeharokoena. Gezurra dirudi, baina egi-egia da.

Lehenbizi, hona hemen hiztegi horren izaeraren funtsa, atzeko azal horretan erdaraz emana:

El diccionario Zehazki es la herramienta imprescindible para todo aquel que precise redactar un texto, por breve que éste sea, en euskera. (Ez ahantz, otoi, gaztelania-euskara hiztegi bat dugula mintzagai.)

Euskaraz xehekiago gauzak, hor bertan:

Ikasle bazara, Zehazki hiztegia behar duzu. Irakasle bazara, itzultzaile bazara, idazle bazara, administrazioan lan egiten baduzu, lerro batzuk nahiz idazkun bat, edo gutun bat, zure egunerokoa euskaraz idaztea erabaki baduzu, bai gaztelaniatik itzuli behar baduzu, bai zuzenean euskaraz idatzi nahi baduzu ere, argi, zuzen eta egoki Zehazki hiztegia da zuk behar duzuna.

Nik ezaguna dut, halabeharrez, ez-egiteko edo ez-esateko hauetan inplikatua dagoen jendea, eta ez nuke esango jende bereziki txar edo txatxarra denik, baina, esanda bezala, saldu beharrak eta (dirua, izena…) galtzeko beldurrak edonor du edonoiz usteltzen eta txartzen.

Hor esaten diren gauzen inplikazioak ezin lazgarriagoak dira. Euskara ez da deus (zuzenean) esateko balio duen hizkuntza. Euskara ez da iristen hizkuntza hilaren heinera ere. Euskara ez da ezer inorentzat, ez bada “gaztelaniatik bueltan”. Ezin egon liteke ezer euskaraz esana edo idatzia, den-dena baita “itzulia”. Haritz ikusi dut gaur kalean eta oso itxura ederra zeukan bezalako esaldi bat (adibidez, eguneroko batean, “por breve que éste sea”) ez dezake inork idatzi herramienta imprescindiblean begiratu eta gazteleran sartu-irtena egin gabe. Erdaratik eta euskaraz; euskaraz, baina erdaratik.

Eta esango digute errealitatea dela halakoxea, eta ez, gezurra: ez da horrenbesterainokoa. Baina hala balitz ere, euskara maite (sic) duenari dagokiona da errealitateari kontra egitea. Besterik da hiztegi horren propagandan egin dena: errealitatea den baino errealagoa egin, eta kakaren pare utzi euskara. (Euskaltzale, hots, euskarazale, hots, euskara-saltzaile askotxori badirudi euskararen eza, ezina eta ezereza areagotzea komeni zaiela, beti izan dezaten zer saldua. Bestalde, baina ez oso bestalde, litekeena da esnezaleak ez maitatzea esnerik, eta ezta euskaltzaleak ere euskararik.)

Edo esango digute publizitatearen legeak direla halakoxeak, eta ulertu beharra dagoela, eta ez, gezurra: ez dute horrenbesteraino estutzen lege horiek. Baina hala balitz ere, batek aukeratu egiten du legeari obeditzen dion ala bihotz-belarriei, bihotzik edo belarririk baldin badu behintzat.

Ondo pentsaturik, oso gauza tribiala da hemen ahotan darabilguna. Eguneroko ogi lizundua da saldu-beharrak eta galdu-beldurrak dakarketen gezurra eta gaitza. Bai: nahi dena, baina gaurkoan hizkuntza, hots, jende ezjakinaren obrarik jakintsuena zegoen auzitan, eta hori sakratua da guretzat, eta ez dago berriketarik eta hautsi-mautsirik. Lagunak lagun eta ezagunak ezagun, gauzak behar bezala esan beharra zegoen: bihotz garbiz eta galdu-beldurrik gabe.

(Eta zin dagit testutxo hau Zehazki hiztegia zabaldu ere egin gabe idazteko gauza izan naizela. Propagandarentzat erraza dena ezina izan ohi da maiz, eta ezina dena, aldiz, denik-eta errazena.)