Zer hitzordu?

Bego Montorio Uribarren

Duela egun gutxi gertatu zitzaidan, Gasteizen. Biribilgune batera sartu, eta ia bi buelta oso eman behar izan nizkion bide zuzena hartu baino lehen!

Ez zen seinaleak falta zirelako izan (sarritan gertatzen da hori Gasteizko biribilguneetan), ezta GPSarekin arreta galdu nuelako ere (halakorik ez dut eta), aurrean nuen autobuseko iragarkiak guztiz nahastu ninduelako baizik. Iragarki honexek, hain zuzen ere:

Sin título1

Nire aztoramena metro batzuk lehenago hasi zen, autobus haren atzean suertatu nintzenean, behin eta berriro irakurri arren ez bainien zentzurik aurkitzen parean nituen hitzei. Semaforo batetik hurrengorako tartea begiak irudi hartan josita egin nuen, pistaren bat emango zidalakoan; suerterik ez, ordea, bunbuilo moduko haiek ez baitzidaten ezer iradokitzen. Berriro gelditu nintzenean, semaforoa gorritik berdera noiz pasatuko zain, balizko akats ortotipografikoen errepasoa egin nuen –«egur/(h)ezur hezearen kea»ren istripu poetiko hura gogoan–: «etxeekiko» izango ote zen, «eteekiko» izan ordez? Horri ere ez nion zentzu handirik ikusten, baina, behintzat, «etxeak» zer diren badakit; «eteak», aldiz, batek jakin!

Autobusari segika, mezu misteriotsu hura argitu ezinik heldu nintzen biribilgunera, errepideaz ia ahazturik; jakina, Durangorako bidea barik auskalo norakoa hartzeko zorian egon nintzen, artean ere «ET» estralurtarra eta saltokiak uztartzeko modu logiko baten bila bainenbilen.

Halako batean, barruko alarma batek ameskeriatik itzartu ninduen. Biribilgunea berriro inguratu, errepide egokia hartu, eta aurrera egin nuen, buruko zokoren batean ditxosozko hitzok kateaturik.

Gerora jakin dudanez, Gasteizko alkateak bisita egingo die hiriko 200 saltokiri eta 100 enpresa txiki eta ertaini, eta horri egiten zion erreferentzia iragarkiak, alkateak saltokiekin eta ETE-ekin duen hitzorduari. Hara!

Euskarazko iragarkia ikusita, inor gutxik asmatuko luke; edo inork ere ez.

Sin título2

Gaztelaniazkoa irakurrita ere, ez da begi bistakoa, baina ulertzen da denda eta enpresa txikiekin lotutako zerbait dela. Berriro ere itzulpen arazo bat? Berriro ere itzulpen oker bat?

Kontu hori buruan nuela, «bai, baina…»ka ibili nintzen neure buruarekin aurreko batean, autoan. Siglak eta deklinabide marka, dena maiuskulaz eta inolako marrarik gabe ematea ez da zuzena, ados. Baina, ortotipografia egokia erabilita ere, zenbat euskaldunek antzemango dituzte enpresa txikiak «ETE» siglaren atzean? Hortaz, itzulpena baldin bada (lepoa egingo nuke hala dela), itzulpen okerra da? Testu biak hartu eta testuingururik gabe erkatuz gero, edonork esan lezake itzulpen zuzena dela. Baina, euskarazko testuak ez du bere funtzioa betetzen; hots, ez da itzulpen egokia. Eta…, baina… itzultzaileak bazekien noiz eta nola erabiliko zen testua? Baina…, eta… kanpaina horretako arduradun bakar batek ere ez zion euskarazko leloaren funtzionaltasun ezari erreparatu? Erabili ezean, sekula ez ditugu euskarazko sigla eta laburdurak geure egingo, egia da; baina, zer eragin du euskaraz ikusten duguna sarri(ago)tan ulertezina izatea…?

Galdera eta zalantza horiei erantzuna bilatzen jarraitu izan banu, agian, ekarpen mamitsuagoa izango zen gaurkoa, alabaina, Urkiola aldera heltzean, berriro jo zuen nire baitako alarma batek. Oraingoan, kotxeko kristalaren bestaldekoari arreta eman niezaion. Udazken soinekoa jantzita zeukan basoak, eta arboletako berde, gorri eta arre haiek guztiak izendatzeko hitzak bilatzeari lotu nintzaion.

Itzulpengintzaren mugaldeak

Bego Montorio Uribarren

Euskarazko ikus-entzunezkoekin (eta, zuzen edo zeharka, itzulpengintzarekin) lotura duten bi informaziok eman didate artikulu honetarako gaia. Lehena, euskarazko bikoizketaren egungo kinka larria izan da, Asier Larrinaga blogkideak «bikoizketa hilda dago» esaldiarekin laburbildu duen hori. Bigarrena, berriz, albiste pozgarri bat izan da, oso aurreraturik baititu Vicomtech ikerketa zentroak euskarazko edukiak automatikoki azpidatzi ahal izateko behar diren tresneria eta aplikazioak (Arantza del Pozo; Euskarabildua 2013.-Euskarazko ikusentzunezko edukien azpititulaketa automatikoa).

Gai horiek buruan nituela, ohartu naiz testuetatik harago doazen itzulpen jardunetarako bestelako hitz eta izendapenak erabili ohi direla, bai euskaraz baita inguruko hizkuntzetan ere; bestelako langintza batzuk barne hartzen dituzten hitzak edo horietarako ere balio duten izendapenak. Hainbeste non, batzuetan, guztiz nahasturik agertzen baitira itzulpena eta bestelako jarduna, definizioan bertan.

Horixe gertatzen da bikoizketarekin. Kontsultatu ditudan hiztegietan[1] beti agertzen dira loturik, modu batera edo bestera, diskurtsoen itzulpena eta horien grabazioa: substituer le dialogue en autre langue (ATILF), sustituir la voz en otra lengua (María Moliner), sustituir por la traducción (DRAE), Soinu bandan, jatorrizko hizkuntzatik beste batera itzuli (Harluxet).

Aurreko definizio horrek, esaterako, guztiz bat egiten ditu, «soinu bandan itzuli» esaldiaren bidez, bikoizketaren atzean dauden jardun edo ekintza biak –diskurtsoak itzultzea eta ahotsak ordeztea. Hortaz, Harluxet hiztegiak adierazitakoari jarraiki, bikoiztailea «soinu bandan itzultzen duen pertsona» dela esan genezake. Hori juxtu zer den? Nola egiten den? Galdetu egin behar! Nolanahi ere, esango nuke zehaztugabetasun horrek ez duela arazo handirik sortzen praktikan. Itzultzaileen artean gaudela, badakigu «bikoizketa» esaten dugunean ez garela ahotsen grabaketaz ari, eta ikus-entzunezko enpresek ondo dakite noiz eta zertarako deitu aktoreari edo itzultzaileari.

Azpidazketak ere badu anabasa ukituren bat, nahiz eta, kasu honetan, nahasmenduaren gakoa «Itzulia ala itzuli bakoa?» izan. María Molinerrek, adibidez, hau adierazten du subtítulo sarreran: Traducción de una película, documental, etc., en lengua extranjera, que aparece inscrita en la parte inferior de la pantalla. Hau da, azpidatzia itzulpena da. RAEk ordea, idazkunari berari esaten dio subtítulo, eta eransten du: normalmente con la versión del texto hablado de la película. Frantsesezko ATILF-ek ere formatuari ematen dio nagusitasuna, eta jatorrizko hizkuntza berean zein itzulita eman daitezkeela adierazten du.

Etimologiak etimologia (badira-eta pantailaren goialdean jartzen diren «azpidatziak»), esango nuke testutxo horien nolakotasuna eta erabilera aldatuz joan den neurrian zabaldu dela «azpidazki» hitzaren hedadura. Baina, gaurkoan, ez diet arrazoiei erreparatu nahi, mugaldeko kidetasun eta nahasmen horiei baizik.

Interpretearena da agertu gura dudan azken adibidea, nahiz eta lehena beharko lukeen, seguruen, ez baita alferrik esaten trujamanarena dela lanbiderik zaharrenetakoa. Bada, aldibereko itzultzaileek, interpreteek, bat egiten dute –izenean bakarrik?–, musikariekin, aktoreekin, baita exegetekin ere.

Bitxia gerta daitekeen arren, «itzuli, traduire, traducir» aditzak dira gehien azaltzen direnak interpretazioaren definizioan, baita antzerkiaz edo musikaz hitz egiterakoan ere. Hona zer jasotzen duen ATILF-ek: interpréter – THÉÂTRE, CIN., MUS. Jouer un rôle ou un morceau de musique en traduisant de manière personnelle la pensée, les intentions d’un auteur ou d’un musicien.

Hiru hitz baino ez, itzulpenetik antzerkira eta antzerkitik itzulpenera berriro bueltan etortzeko. Hiru hitz baino ez, harreman-sare zabal eta sarria ikusarazteko. Agerian uzteko lotura estuak dituela itzulpenak, besteak beste, zinemarekin, teknologia berriekin, antzerkiekin, irudiaren munduarekin, ahozkotasunarekin… Eta sakonekoak dira loturak, sendoak, lanbideaz gogoeta egiterakoan zer pentsa ematen duten horietakoak.


[1]Ez da bilaketa oso sakona izan, eta ez ditut hiztegietako azalpen guztiak, beren horretan, hona ekarriko, baina hauek dira erabili ditudan hiztegiak: euskaraz, Harluxet Hiztegi entziklpedikoa eta Elhuyar hiztegia (eu-es); gazteleraz, Diccionario de la Real Academia Española DRAE eta María Moliner, eta frantsesez, Le Trésor de Langue Française informatisé ATILF.

Ahaldundu edo jabetu?

Bego Montorio Uribarren

Aurreko artikuluan aipatu nuen kiroldegiko ikastaroen eskaintzarekin bateratsu, beste jarduera-eskaintza hau zabaldu ziguten herrian: «Emakumeen jabekuntzarako ikastaroak», eta, behin berriro ere, izendapenak eragindako kirrinka-hotsa lagun nuela irakurri behar izan nuen.

Begiratu bat eman ondoren, mahai gainean utzi eta han eduki dut egunetan ditxosozko liburuxka, «Emakumeen jabekuntza» esamolde karrankari hori azalean zuela. Neuri begira edo. Harik eta, halako batean, erronkari heldu diodan arte: zergatik ez «emakumeen jabekuntza»?, zer aukera daude, bestela? Bidaia polita egin dut erantzun horien bila.

«Jabekuntza» horren atzean ingelesezko empowerment dagoela jakinik (zuzenean nahiz gaztelaniazko empoderamientotik pasatuta), datu-base eleaniztunetara jo dut ezagutzen ditudan hizkuntzetan zer bide jarraitu duten ikustearren, baita berehala konturatu ere ingelesezko empower eta empowerment itxuraz sinple horien atzean mamia badagoela, mami sendoa gainera.

Linguee eta Europako Batasunaren IATE datu-baseak kontsultaturik, aukera zabal samarra aurkitu dut hizkuntza guztietan. Gaztelaniaz, empoderamiento, potenciación, habilitación, capacitación, facultar, habilitar, apoderar, dar poder eta autorizar; frantsesez, responsabilisation, habilitation, renforcement de pouvoir, renforcement des moyens d’action, renforcement de l’autonomie, émancipation, autonomisation, habiliter, responsabiliser, autoriser eta commissionner; eta portugesez, empoderamento, capacitação, habilitação, afirmação, autoridade, empoderar, autorizar eta delegar poderes.

Horra itzulpen teknika askotarikoen lagina: kalkoa, mailegua, azalpena, perifrasia… Eta horra, orobat, adibide argi bat itzulpen jardunaren funtsaz: atzerriko hitz baten atzean dagoen kontzeptua xede hizkuntzan izendatzeko esamoldearen xerka.

Hortaz, hitz horien definizio eta azalpenetara ere jo dut, eta oso testu interesgarriak azaldu zaizkit; esaterako, Ignacio Martín-en Empoderamiento para la innovación social (Itziar Otegi blogkidearen iradokizuna), non, besteak beste, Wittgenstein filosofoaren esaldi zoragarri hau jasotzen den: «Nire mintzairaren mugak ditut munduaren muga». Eta ikusi dut, halaber, empowerment hori prozesu modura ulertzen dela gehienetan, ez zerbaiten emaitza edo ondorio gisa.

Euskarazkoari begiratu aurretik, Espainiako akademian egin dut geldialditxoa, eta hara non jakin dudan empoderar aditzerako artikulu berria azalduko dela DRAEren hogeita hirugarren edizioan: «Hacer poderoso o fuerte a un individuo o grupo social desfavorecido». Empoderamiento hitza ere jasoko dute, zentzu berean.

Eta gurean? Bada, ez dakit noiz planteatu zitzaion euskaldun bati, lehen aldiz, empowerment hori euskaraz eman beharra, baina badakit hamar urte baino gehiago pasatu direla horren inguruko kezka eta zalantzak ItzuL posta zerrendan lehen aldiz agertu zirenetik (apustua egingo nuke interpreteren bati azalduko zitzaiola arazoa, kabinan lanean ziharduela).

Mezu horietan (hemen ikus ditzakezue, edo Euskalbar baliatuta), itzulpen proposamenak ez ezik, argudio, azalpen eta erreferentzia ugari dago: zein testuingurutan erabili den hitza, zer definizio eman zaion, zer arazo sortzen duen euskarazko ordain batek zein besteak, hiztegietan zer eta nola jasota dagoen…

Itzulpen proposamenetara etorrita, batzuk «botere»tik eratorritakoak dira (boteretu, boterekidetu, botere-ahalmen…), beste batzuek «agindu/aginte» dute oinarrian (aginpideratu, aginteratu, agintedundu), «eskuduntze» eta «eskudundu» ere azaldu dira, hala nola «indar-hartzea» edo «indar-ematea». Ingelesezko hitzari bere horretan eusteko proposamena ere badago, eta hala jasotzen du Euskaltermek. Alabaina, gehien nabarmentzen direnak «ahal» eta «ahalmen»ekin lotutakoak dira, eta, horiekin batera, nire liburuxka horretan agertzen den «jabekuntza».

Badirudi, beraz, bi aukera nagusiren artean dagoela hautua: «ahalduntze» eta «ahaldundu» batetik, eta bestetik «jabekuntza» eta «jabetu» (azken aditz horrekin zalantza gehiago dagoela ematen dit).

Nik neuk, oraingoz behintzat, hartua dut erabakia, hasieratik argi esan dudanez «jabekuntzak» ez bainau asetzen; ez zait kontzeptuaren neurrikoa iruditzen, nekez uler baitaiteke horren atzean dagoela norberaren/taldearen ahalmenean sinestea eta ahal horiek erabili nahi izatea.

«Ahalduntze» horrek ere azaroak badituela? Bai; baina, arazoak arazo, hori ikusten dut irtenbide egokiena. Eta ez naiz bakarra, eduki hori jasotzen duten hiztegi gutxietan (Elhuyar eta Euskalterm) «ahaldundu» eta «ahalduntze» proposatzen baitute. Aukera bera egin du Emakundek ere, hasierako «jabekuntza» bazter utzirik 2008rako erabakia baitzuen «ahalduntze» erabiltzea (ItzuLen azaldua).

Eta bai, badakit ahoskatzeko erraz-erraza ez dena, baina onartu beharko didazue «Jaurlaritza» esatea ere ez dela samurra, eta barra-barra darabilgu.

Kirola egiteko, hizkuntzak ikasi behar

Bego Montorio Uribarren

Ikasle garaiak aspaldi ahaztuak izanagatik ere, iraila ikasturte hasierarekin lotu ohi dugu gehienok. «Presta zaitez ikasturte berrirako!», dei egiten digute dendetako iragarkiek, «hasia da ikasturte politikoa» iragartzen digute hedabideek, eta hala, gutako askok kiroldegi eta gimnasioetara jotzen dugu sasoi berriari sasoiko ekin nahian edo.

Hara baina, kontuz!, ondo trebatu beharra baitago kirol guneetara hurbildu aurretik, eta ez naiz kontu fisikoez ari, hizkuntzez baizik.

Bai horixe, jaun-andreok, hizkuntza proba gainditu behar da halako tokietan ariketa pixka bat egin ahal izateko, eta ez nolanahikoa. Gertatu zaidalako dakit hori. Gainditu ote dudan? Ez dakit, bada; izena eman, eman dut; ikastaro egokirako ala ez… saio batzuen ondoren ikusi beharko.

Azal dezadan kontua. Herriko kiroldegira jo dut zertan has naitekeen ikusteko, eta hemen dituzue topatu ditudan aukerak (zin degizuet ez dudala ezer asmatu, ezta kendu ere).

Igeriketa, patinajea, abdominalak eta mantenu gimnasia; horraino ondo, badakit zer diren. Yoga, pilates eta padel. Tira, izen horiek ere, gutxi-asko, ezagunak zaizkit. Hortik aurrera, ordea… Stretching, Spin bike, Body weight, Circuit express. Zeeer? Begiak igurtzi, eta arretaz begiratu dut. Euskarazko informazio orria da, bai. Gaztelaniazkoa ere badago, baina gauza bera jartzen du.

Neure buruari lasaitzeko esan, eta aurrera egin dut. Aerobik. Hara, hori geuretu dugu, hainbeste non Aerobik txiki ere eskaintzen duten. Baina, Aerodance eta Aerofit  egiteko aukera ere badago. Bike-dance-fit… aire faltan hasi naiz, eta horien ondoren datorrenak ez dit askorik lagundu: GAP (aurten ez da PEB egongo). Nola?? Zorabioaren zorabioz, igerilekura jaustekotan egon naiz, non, jakin dezazuen, aquabike eta aquagym egiten ari ziren.

Etxera bueltan, denboratxo bat behar izan dut hiztegien laguntzaz eta google-ren gidaritzaz izen horiei guztiei nolabaiteko zentzua emateko, eta hala jakin dut, esaterako, GAP glúteo-abdominales-piernas katearen siglak direla, edo stretching hori luzamenduak egitea dela.

Aerodance-ren eta aerofit-en arteko aldea ezin izan dut guztiz argitu, baina ez nau askorik kezkatzen, horiek gabe ere lasai biziko naiz eta. Nire ulertu ezinak larritu nau.

Baliteke ezjakintasun hutsa izatea, kultura falta, edo gimnasioetako mundua niretzat urruneko planeta ezezaguna izatearen ondorioa. Neurri batean, hala izango da, seguru, baina horiek al dira esamolde praktikoenak, elkar ulertzeko eraginkorrenak, errazenak…?

Maileguak, kalkoak…, denak ditut nik lagun, noiz eta zertarako. Kiroldegiko horiek guztiak nire herrikide gehienei baliagarri bazaizkie, konforme: ikasiko ditut, ohituko naiz.

Susmoa dut, ordea, ez naizela ni «aerogym» eta «spinching» horien artean galdu den bakarra. Hala balitz, hobe genuke gorputzeko giharrak ez ezik  neuronak ere dantzan jartzea, ariketa apur bat egitea hain-hain nekeza gerta ez dakigun.

Egun seinalatuak

Bego Montorio

Etxe askotan, sarritan sukaldean, markaz betetako egutegi bat egon ohi da. Gehienok agenda zereginetarako erabiltzen dugula esango nuke, han jartzen baitugu noiz dugun ordua medikuarekin, noiz pasatuko diguten autoaren aseguruko faktura, noiz hasiko den halako ikastaroa… Baita egutegiak berez markaturik ez dakartzan egun seinalatuak, etxean etxekoak, azpimarratzeko ere: Keparen eguna, Aneren eguna, gurasoen ezkontzaren eguna…

Gertukoekin baino ospatzen ez ditugun egun horiez gain, badira mundu osoan-edo zerbaiten alde edo kontra jarduteko izendatzen diren beste egun bereizi horiek: langileen eguna, emakumeen eguna, uraren eguna, torturaren aurkako eguna… Horietako batzuk inprentatik datoz ondo nabarmenduta egutegietan, beste batzuk ez, baina, oro har, ez dugu izendatzeko arazorik izaten, izena eta izana estu-estu lotuta egoten baitira.

Badira, alabaina, ez guztiz pribatuak ez hain nazioartekoak ez diren beste egun seinalatu batzuk, zerbaiten errebindikazio egunak, eta horiek, ez dakit zergatik, buruhauste galantak sortzen dizkigute euskaraz izendatzeko.

Bitxia da kontua, eta ez dakit loturarik duen nik egin dudan bereizketa horrekin; hori bai, aipatuko ditudan guztiak euskararen lurraldean sortuak dira, gure inguruko elkarte edo erakundeek asmatuak. Hasieratik euskaraz pentsatuta? Hori ez dakit.

Aberri eguna

Niri gogora datorkidan lehendabizikoa Aberri eguna da, eta baliteke horixe izatea ondorengo izen (nire ustez) xelebreak sorrarazi dituena. Edo, agian, lehenago erabilitako bide bati helduko zion horrek ere –Domu Santu eguna, Pazko egunak,…–; ez dakit. Dakidana da urrun joan direla batzuk bide horretan aurrera; urrunegi, aukeran.

Natorren berriro Aberri egunera; denok dakigun moduan, ez da aberri guztien eguna, euskal aberriarena baizik (euskal horrek denontzat gauza bera esan nahi duen ala ez, ez naiz horretan sartuko). Euskal Aberriaren Eguna, beraz, Aberri Eguna bilakatu zen. Aspaldi. Guk denok izen horrekin ezagutu dugu, eta halaxe finkaturik geratu da; izendapenaren egokitasunaz eztabaidatzea alferrekoa da dagoeneko.

Bada, eredu horri jarraituz, nonbait, esparru txikiagoko beste Egun batzuk sortuz joan dira, konta ezin ahala sortu ere, eta izen elkarketa bitxi horren bidea ni txunditurik naukan mailaraino eraman dute.

Hona adibide batzuk, orain gutxikoak denak ere.

 zuhaitz eguna

Ba omen da Nazio Batuen Erakundeak sustatutako Zuhaitzaren Egun nazioartekoa, abuztuaren 29an, baina, Bizkaiko herri batean Zuhaitz Eguna ospatu zuten martxoan. Euskal zuhaitzen eguna? Ez dakit bada.

Saharaui Eguna. Lehengo batean ikusi nuen kartela, etxe ondoan (argazkia ere atera nion, baina segapotoan trabaturik gelditu zait). Saharakoekin lanean diharduen elkarte batek antolatu du.

Ulertu, ulertu… bada, bai; pentsatzekoa da Sahararekin elkartasuna azaltzeko eguna izan nahi duela. Ulertu, ulertu… ulertzen ez dudana da nola ez zaion taldeko inori deigarria (zerbait esatearren) egin izen hori.

Aberria, zuhaitzak, sahararrak… nolabaiteko generikotasun bat adierazten duten hitzetatik partikularrera salto eginez, elkarte edo erakunde baten egunekin egiten dugu topo. Eta, elkarteak nolako izena, halakoa ateratzen da eguna.

artekale egunaArtekale ez da kale bat, kale arteen elkartea baizik: kaleko antzerkia, kaleko zirkua….

gugaz munduan

Gugaz elkarteak egun bateko ekitaldia antolatzen du, beste herrialde batzuetan, munduan, sustatzen dituen proiektuetarako laguntza jasotzeko. Gugaz + munduan + eguna = Gugaz Munduan Eguna.

Beste elkarte batzuek ere deklinatutako hitz batez izendatzen dute beren burua, hala nola Herrira, eta hala, hau sortzen da:

lizarrako herrira eguna

Lizarrako Herrira Eguna. Bai, egia da, kartelean Herrira elkartearen logoa agertzen da, argi dago elkarte horrek baduela zerikusia eta inork ez duela “Lizarrako herrira eguna” irakurriko. Ados. Baina…

lagatzu eguna

Horra beste bat, segidan irakurriz gero zoragarria dena; egin ezazue aproba: Lagatzu-eguna-euskal-jaia.

Eta amaitzeko, sintetikotasuna eta elebitasuna uztartzen dituen adibide kalifikatzen-ez-dakidan bat:

Imh eguna

Hots, Instituto de la Máquina Herramienta Eguna.

Begira-begira geratu natzaio. Behin eta berriro irakurri dut, ahots gora: Instituto de la Máquina Herramienta Eguna. Buf! Gehiegi zait hori, tumatxa.

Gaurkoa, niretzat, 31 eskutik eguna!

Irakurleen kexak

Bego Montorio Uribarren

Ombudsman, médiateur, provedor dos leitores, amigo/defensor del lector…, horra zenbait izen, figura bera izendatzeko: komunikabide batean, irakurleen iritziak zein kexak jaso eta bideratzeko ardura duen pertsona. Ez da oso kargu zabaldua (2005eko datuen arabera, mundu osoan 80 zeuden: horien erdiak Estatu Batuetan), alabaina, gero eta ugariagoak dira hedabide handienetan.

Erraturik ez banago, Espainian, El País egunkarikoa izan zen lehena, eta horren azken artikuluak, Traducciones erróneas, eman dit berbabidea.

Aitortuko dut pixka bat harritu nintzela Irakurleen defendatzailearen txokoan itzulpenaz jarduten zutela ikusita, normalean bestelako gaiak izan ohi direlako irakurleen kexen sortzaile: informazio ez guztiz zuzenak, titularren ezaugarriak, hizkera edo esamolde iraingarriak…; etenpuntu horietan, gai askoz gehiago sartzen dira, baina gutxitan itzulpena (El Paísen, 2012ko urtarriletik hona, oraingo hau lehena).

Eta, harritzeaz batera, poztu ere egin nintzen, Tomàs Delclós-ek artikuluan jasotzen dituen kritikek argi uzten dutelako irakurleak, irakurle batzuk bederen, ohartu egiten direla berriak nola dauden idatzita, eta, denok erabiltzaile-kontsumitzaile bilakatu garen garai honetan, euren eskubidetzat jotzen dutela informazio egiazkoa ez ezik ondo idatzitakoa jasotzea. Ez al da akuilu polita hizkuntzarekin lan egiten dugunontzat?

Artikuluak beste hau berresteko aukera ere eman dit: ez gara uste bezain bereziak; labur eta zakar samar esanda. Azaltzen zaizkigun arazoak geure-geureak direla pentsatu arren, euskaldunak ez direnek ere horien oso antzeko kezkei erantzun behar dizkiete; esaterako, nola idatzi behar da Al-Qaeda?, noiz-nola-noraino erabili behar dira ingelesezko kalkoak? (beti dago norbera baino handiagoa den norbait, norbera baino boteretsuagoa), zertan laguntzen dute eta zertan dira traba?… Ez da kontu berria: han eta hemen, txakurrak ortozik.

Eta, itzulpena egunero edonon agertzen zaigunez, kirol orrietako itzulpen oker bat ere jasotzen du Delclósek. Nonbait, Cristiano Ronaldo futbolariak foda-se! oihu egin zuen gol bat sartu eta gero, beste jokalari batzuei begira. Eta Espainiako kazetari batek interpretatu zuen –nork esan behar zion hari portugesaren adierazkortasuna izango zuela kezkagai!– espainolezko ¡jódete! esamoldearen parekoa zela. Bada, ez! Portugesezko esaerak ez du batere irain asmorik, horretarako vai-te foder, vai para o caralho… erabiltzen dute-eta. Foda-se! horren esanahia, berriz, gertuago legoke euskarazko hau dun/k hau! edo tankera horretakoetatik. Esan gabe doa guztiz ulergarria dela kazetaria lagun aizun horien tranpan jaustea; jakin nahiko nuke, ordea, zertzuk esan zituzten Cristianoren kontura egun haietako kirol tertulia eta artikuluetan, itzulpen okerra oinarri.

Azaldu dudan horretatik, ondorio bat behintzat atera dut, zaharra bezain ezaguna izan arren beti gogoan eduki beharrekoa, nire iritziz: gure testuen irakurleek –berariazko defendatzailea izan ala ez– merezi dute albait gehien saia gaitezen. Eta merezi dute kontuan har ditzagun, haientzat sortzen baititugu testuok.

Bereizkeria

Bego Montorio Uribarren

Gizon eta emakumeen artean, herrien artean, kulturen artean, badira desberdintasunak, eta aberasgarria da hori; zorionez, askotarikoak gara.

Baina, gizon eta emakumeen artean, herrien artean, kulturen artean, gainditu beharreko desberdintasun latzak daude.

Aho korapiloa eman dezakeen arren, zentzuzko baieztapenak dira aurreko biak; ni, behintzat, biekin bat nentorke, baldin eta desberdintasun hitzari hiztegi zein corpusetan onartzen zaion esanahi zabal-nahasgarria onartzen badiogu.

Izan ere, nik beste modu batera esango nuke lehen pasarteko bigarren esaldian adierazi nahi dena, baina horren moduko ehunka adibide ikusi ditut hiztegi nahiz corpusetan: desberdintasuna esaten zaio bestelakotasunari, eta desberdintasuna esaten zaio (testu berean, hedabide berean, erakunde berean), halaber, parekotasun ezari, berdintasun ezari.

Duela egun gutxi, itzultzen ari nintzela, esaldi hau agertu zitzaidan: «…son posturas filosóficas críticas e complexas que analizan as relacións de poder e a desigualdade». Bada, lehen automatismoak desberdintasun idaztera bultzatu ninduen, baina, hitza tekleatzen amaitu aurretik, ohartua nintzen ez zela hori, desberdintasun horrek ez zidala balio. Diferentzia, pertsona edo gauza baten eta beste baten arteko aldea, haien arteko antzik eza izendatzeko erabiltzen dut nik desberdintasun hitza; beraz, ezin, aldi berean, guztiz bestelakoa den zerbait adierazteko erabili.

Galegozko esaldi horretarako irtenbide posible batzuk banituen, baina hiztegietan eta corpusetan begiratzen hasi nintzen, zentzu biak –différence/diferencia eta inégalité/desigualdad (falta de equidad)– zein puntutaraino bereizten ziren ikustearren, eta, nire harridurarako, oso gutxitan bereizten dira.

Testuinguruak gauza asko argitzen ditu, jakina, baina, testuinguruak testuinguru, ez al da hobe adierazi nahi duguna argi adieraztea? «Gizon eta emakumeen arteko desberdintasunei buruzko ikerketa» irakurtzen badugu, zelan jakingo dugu zertaz ari den?; ikertzaileak mediku, antropologo edo soziologoak diren erreparatuta?

Hiztegiek bestela esan arren, nik adiera bakarrerako utzi dut desberdintasun hitza. Ez dakit irtenbide egokiena den, baina bereizketa nahitaez egin beharra dut, itzultzerakoan, idazterakoan eta hitz egiterakoan. Desberdintasuna maite dudala diodanean, denek uler dezaten zer esaten ari naizen.

Gabriel Aresti, itzultzaile

Bego Montorio Uribarren

Ez nuke jakingo esaten zerk eraginda, baina Paul Verlainen Chanson d’automne poema etorri izan zait gogora egunotan. Verlainen poema eta Arestiren itzulpena, neurri batean, biak bat baitira niretzat; bata entzun edo ahoskatzen hasi orduko, bestearen oihartzuna datorkit burura.

Itzultzen zaila da poema –errazik ba al da inon?–; erabilitako hitzetan bezainbeste, esamoldean baitago udazkena. Entzun ezazue:

Chanson d’automne

Les sanglots longs
Des violons
De l’automne
Blessent mon coeur
D’une langueur
Monotone.

Tout suffocant
Et blême, quand
Sonne l’heure,
Je me souviens
Des jours anciens
Et je pleure

Et je m’en vais
Au vent mauvais
Qui m’emporte
Deçà, delà,
Pareil à la
Feuille morte.

Bada, 1963an, Arantzazuko Batzarra baino bost urte lehenago, honela eman zuen euskaraz Gabriel Arestik:

Udazken-kantua

Udazkenaren
arrabitaren
zotinak
biotzeratzen
zerauzkidaten
musinak.

Zurbil, itorik,
Ordua iorik
zenean,
egun zaarra
nuen (negarra)
barnean.

Orbelen pare
neraman aire
gaixtoan,
ortik, arantza,
edonorantza,
ninoan.

Grafiak grafia eta arauak arau, ederra deritzot euskarazko poema horri. Gaur. Euskarazko poemari.

Testu horren itzultzea samurra ez dela adierazten dute beste hizkuntza batzuetarako bidean Verlainen hitzek, musikak izan dituzten arazoak. Gaztelaniaz, esaterako, irakurriak ditut poema horren zenbait itzulpen, hiru behintzat bai, eta, Carlos Fujol-ena izan ezik, ahazteko modukoak iruditu zaizkit; eta antzera gertatu omen da alemanez ematerakoan, Michelle Wilmarti entzun nionez. Zaila baita poesia hizkuntza eta kultura batetik bestera pasatzea, baina ez ezinezkoa.

Arestik lortu egin zuen, ekarri egin zigun, Bilbon, 1963an. Itzultzen zuenean ere, mundiala zen-eta Aresti, mundial hitzaren adiera guztietan. Eta horren froga nahi duenak Susa argitaletxeak plazaratu zuen Arestiren obra osora jotzea baino ez du.

Zazpi liburuki dira, eta, horietako bi, itzulpenak. Edizio hori apailatzen ari zirela, aukera izan nuen Jainkoaren hitzak (Divinas Palabras, Ramón María del Valle-Inclán) testuaren eskuizkribuak ikusteko –eskuz itzuli zituen Gabriel Arestik–, eta txunditu, miretsi… egin ninduten. Koaderno txiki bat zen, txarto gogoratzen ez badut, eskuz idatzita, eta oso gutxitan agertzen ziren ezabatutako hitz edo esaldiak. Miretsi, txunditu, hunkitu… egiten nau Arestik.

Eta orain, banoa, Pero Gailo, Mari Gaila, Simoniña  eta konpainiarekin, Valle Incláni bizarretik tira egitera.

Hizkuntzen bizipena

Bego Montorio Uribarren

Nork, berea. Halakoa dugu hizkuntzekiko harremana. Nork, berea, eta hizkuntza bakoitzarekin desberdina.

Nahikoa da inguru hurbilenera begiratzea konturatzeko zenbait hizkuntza bizi ditugula denok, egunero zein aldizka. Badugu ama hizkuntza bat, eta, gaur egun, gutako gehienok badugu guztiz geureganatu dugun beste hizkuntzaren bat, eta oso posiblea da beste hizkuntza bat edo batzuk nola hala jakitea, baita zer edo zer ulertzeko gai garen besteren bat egotea… Gertueneko jendea bakarrik hartuta ere, konbinazio posible ugari sortuko zaizkigu sailkapen horren arabera; eta hori, ezagutzari baino ez gagozkiola.

Erabileraren aldagaia eransten badugu, hau da, hizkuntza bakoitza noiz-norekin-zertarako erabiltzen dugun, konbinazioen kopurua  biderkatu egiten da, halako moduz non zaila den perfil bereko pertsona bi topatzea. Zuen etxeko auzokideei erreparatu, eta hasi kontuak ateratzen. Bada bat euskalduna, bikotekide erdalduna duena; seme-alabek euskaraz ikasi zuten, baina erdaraz jarduten dute denek etxean. Ondokoak euskaraz mintzo dira gehienbat, gurasoetako bat euskaldun berria bada ere; azken garaian, ingelesa ere entzun izan da haienean, atzerrian ikasten ari den semeak hango laguna ekartzen baitu oporretan. Horien aldamenekoek, berriz, belaunaldien  araberakoa dute hizkuntzen banaketa: amamarekin arabieraz egiten dute denek, gurasoek nahastu egiten dituzte arabiera eta gaztelania euren artekoetan eta umeek gaztelania dute nagusi, noizean behin arabiera (amamarekin bakarrik) edo euskara (eskolan batez ere) tartekatuz. Hiru bizitoki, bost hizkuntza… Esana dut lehenago: zaila da bi egoera berdin topatzea.

Har dezagun kontuan bakoitzak hizkuntza horietako bakoitzarekin zer nolako atxikimendua duen, nola bizi duen, eta zaila zena ezinezko bilakatuko zaigu. Besteak beste, ez dakizkigun hizkuntzak ere sartzen direlako tartean, tutik ulertu ez arren erakargarriak baitzaizkigu batzuk, eta beste batzuk, ordea, baztergarriak. Lehengo etxe horretakoekin jarraituz, laugarrenekoa gauza da frantsesez moldatzeko, urtetan neskame ibili zelako familia frantses batenean, baina sekula ez du hitzik esaten hizkuntza horretan, ezta Landetara oporretan doanean ere. Honelako zerbait aditu nion behin: «Nik ulertzen zienat, bai, eta horrekin nahikoa dinat ziria sartzen ez didatela segurtatzeko. Besterik ez geninan behar, nik haiei gauzak erraz jartzea; baita zera ere!». Bigarrenean, berriz, bada hizkuntza eskolan frantsesa ikasten hasi den etxeko andre bat; oraindik ez dut jakin zerk hartaratua.

Antzeko zerbait gertatzen da lantokietan. Batek ama hizkuntza du lanean darabilena; beste batentzat hizkuntza nagusia da, jaiotzekoa ez izan arren, eta harako hark, ordea, lankideekin ikasitako hitz eta esaldi eginak baino ez dakizki hizkuntza horretan.

Hizkuntzak langai ditugunok ere, euskara lan tresna dugunok barne, nork bere hizkuntz ibilbideak ditugu. Nerabezaroan markatu gintuen liburu hura batzuek euskaraz, beste batzuek frantsesez, gaztelaniaz, ingelesez… irakurri genuen, eta batzuentzat hizkuntza hori ama hizkuntza zen, edo ez… eta horregatik diogu atxikimendu berezia, edo ez…

Bada, ez dakit zenbateraino, ez dakit nola, baina azaldutako horrek gure iritzi, joera eta jokamoldeetan eragina baduelakoan nago. Adibide hutsala jarriko dut, lekuz kanpokoa izan daitekeen jardunari amaiera emateko: hiztegietan galiziar eta galego sinonimo modura agertu arren, niretzat ez dira, galiziar horren neutrotasunak ezin baititu bildu galego hitzaren musika, usaina… Neure txorakeria? Bai, jakina; nork, berea.

Stand iraunkorra

Bego Montorio Uribarren

Ostiral iluntzea. Umea eta biok etxerako bidean goazela, “Berdeago” dioen pankarta handi bat agertu zaigu parean, Landako erakustazokaren atarian.  Elkarri begiratu, soarekin baietz esan, eta sartu egin gara.

Kanpoko hotzaren aldean goxo denez han –auto elektriko, eguzki energiaz elikatutako sutegi, konpostatzeko tresna eta enparauen artean–, apur batean bertan gelditzea erabaki dugu: umea “Ludoteka” txokoan, eta ni inguruan kuxkuxean, beroki eta guardasolez kargatuta.

Ludotekaren ondoan bada postu bat, oihan moduko batez apaindua: puxikez egindako tximinoak, arbolak, loreak eta kakatuak nonahi. Zer iragartzen ote duten jakin nahian hurbildu, eta “Stand iraunkorra” izenburua duen panelarekin egin dut topo. Hara!, pentsatu dut, orduan ez da egun bateko kontua; beharbada postu hau beti bera izango da eta ingurukoak aldatu egingo dira, edo gainerakoak kentzen dituztenean hortxe lagako dute, gure kontzientzia ekologikoa esnarazteko. Hori buruan daukadala abiatu naiz umearengana, eskulana amaituta duen ikustera, Stand sostenible dioen panel bikiari erreparatu diodanean.

Aspalditxo hasi zen  sostenibilidad, durabilité-soutenabilité, sustainability kontzeptua (eta hortik eratorritakoak) euskaraz emateko termino egokiari buruzko eztabaida, eta Euskaltzaindiak markatua du bidea: garapen iraunkorra. Zein da, hortaz, arazoa?

Bada, niretzat, bariku hartan, arazoa izan zen euskarazko panelak eta gaztelaniazkoak guztiz gauza desberdinak iradoki zizkidatela. Stand sostenible irakurri orduko, postua zer gaiez egina ote zen  antzeman nahian hasi nintzen, kasik konturatu gabe. Stand iraunkorrak, berriz, museoetako erakusketa iraunkorrak ekarri zizkidan gogora. (Apaingarri zituen puxikak latex naturalez eginak zirelako zen postua iraunkorra, baina horretaz jabetzeko letra txikira jo behar zen).

Deformazio profesionalaz edo, paneleko testua itzuli behar izan zuenaren larruan jarri nintzen. Hasteko, bere buruari galdetuko zion: Stand sostenible ondo esanda dago gazteleraz?;  eta café sostenible dela eta ItzuL-en idatzitakoak irakurriko zituen. Zer puntutaraino dira parekoak, honetan, café eta stand? Tira,  utzi erdarazkoa –bide horretatik segituz gero galdu egin zitekeela iritzita–, eta begiratu euskarazkoari: iraunkor eta kito? ItzuL-en iritzi bat baino gehiago agertu zen…   Bizkaiko Foru Aldundian bertan –gogoratuko zuen– , badira bi atal, bata “Jasangarritasuna eta ingurumen hezkuntzaren atala”, Herri Lanak eta Garraioak sailaren barruan, eta bestea “Ingurumena Iraunarazteko atala”, Ingurumena sailean (gazteleraz, Sección de sostenibilidad y educación ambiental eta Sección de Sostenibilidad).

Esanahiak itzuli, ez hitzak, etorriko zitzaion burura itzultzaile ordurako nahasten hasiari, “Ingurumena Iraunarazteko atala” horri begira. Ea bada, ingurumena iraunarazten laguntzen duen standa dela esan daiteke? Eta laburrago? Pantailan EHULKUko leihoa zabaltzen zitzaion bitartean, agian, frantsesek gehien bat durabilité erabiltzen dutela pentsatuko zuen, baina haiek permanent ere badute, iraunkorraren beste adierarako…

Zenbat denbora emango zuen joan-etorri horietan? Ordu laurdena? Ordu erdia, adibide eta iritzi guztiak arretaz irakurrita?

Bada, pentsa ezazue, une batez, zuek zaretela itzultzaile hori, eta esadazue nola erantzungo zenioketen bulegoko nagusiari galdetzen dizuenean nola den posible  bi hitz ziztrin itzultzeko hainbeste denbora behar izatea.

(Amaiera posible bat ere otu zait: Stand iraunkorra idatzi zuen pantailan itzultzaileak, dagoeneko bera ere kezkaren harrak harrapatuta: normala ote zen hitzez hitzezko itzulpena ere baden stand iraunkor horretara heltzeko hainbeste denbora behar izatea).