Kirola egiteko, hizkuntzak ikasi behar

Bego Montorio Uribarren

Ikasle garaiak aspaldi ahaztuak izanagatik ere, iraila ikasturte hasierarekin lotu ohi dugu gehienok. «Presta zaitez ikasturte berrirako!», dei egiten digute dendetako iragarkiek, «hasia da ikasturte politikoa» iragartzen digute hedabideek, eta hala, gutako askok kiroldegi eta gimnasioetara jotzen dugu sasoi berriari sasoiko ekin nahian edo.

Hara baina, kontuz!, ondo trebatu beharra baitago kirol guneetara hurbildu aurretik, eta ez naiz kontu fisikoez ari, hizkuntzez baizik.

Bai horixe, jaun-andreok, hizkuntza proba gainditu behar da halako tokietan ariketa pixka bat egin ahal izateko, eta ez nolanahikoa. Gertatu zaidalako dakit hori. Gainditu ote dudan? Ez dakit, bada; izena eman, eman dut; ikastaro egokirako ala ez… saio batzuen ondoren ikusi beharko.

Azal dezadan kontua. Herriko kiroldegira jo dut zertan has naitekeen ikusteko, eta hemen dituzue topatu ditudan aukerak (zin degizuet ez dudala ezer asmatu, ezta kendu ere).

Igeriketa, patinajea, abdominalak eta mantenu gimnasia; horraino ondo, badakit zer diren. Yoga, pilates eta padel. Tira, izen horiek ere, gutxi-asko, ezagunak zaizkit. Hortik aurrera, ordea… Stretching, Spin bike, Body weight, Circuit express. Zeeer? Begiak igurtzi, eta arretaz begiratu dut. Euskarazko informazio orria da, bai. Gaztelaniazkoa ere badago, baina gauza bera jartzen du.

Neure buruari lasaitzeko esan, eta aurrera egin dut. Aerobik. Hara, hori geuretu dugu, hainbeste non Aerobik txiki ere eskaintzen duten. Baina, Aerodance eta Aerofit  egiteko aukera ere badago. Bike-dance-fit… aire faltan hasi naiz, eta horien ondoren datorrenak ez dit askorik lagundu: GAP (aurten ez da PEB egongo). Nola?? Zorabioaren zorabioz, igerilekura jaustekotan egon naiz, non, jakin dezazuen, aquabike eta aquagym egiten ari ziren.

Etxera bueltan, denboratxo bat behar izan dut hiztegien laguntzaz eta google-ren gidaritzaz izen horiei guztiei nolabaiteko zentzua emateko, eta hala jakin dut, esaterako, GAP glúteo-abdominales-piernas katearen siglak direla, edo stretching hori luzamenduak egitea dela.

Aerodance-ren eta aerofit-en arteko aldea ezin izan dut guztiz argitu, baina ez nau askorik kezkatzen, horiek gabe ere lasai biziko naiz eta. Nire ulertu ezinak larritu nau.

Baliteke ezjakintasun hutsa izatea, kultura falta, edo gimnasioetako mundua niretzat urruneko planeta ezezaguna izatearen ondorioa. Neurri batean, hala izango da, seguru, baina horiek al dira esamolde praktikoenak, elkar ulertzeko eraginkorrenak, errazenak…?

Maileguak, kalkoak…, denak ditut nik lagun, noiz eta zertarako. Kiroldegiko horiek guztiak nire herrikide gehienei baliagarri bazaizkie, konforme: ikasiko ditut, ohituko naiz.

Susmoa dut, ordea, ez naizela ni «aerogym» eta «spinching» horien artean galdu den bakarra. Hala balitz, hobe genuke gorputzeko giharrak ez ezik  neuronak ere dantzan jartzea, ariketa apur bat egitea hain-hain nekeza gerta ez dakigun.

One Reply to “”

Utzi iruzkina