Hizkuntzen bizipena

Bego Montorio Uribarren

Nork, berea. Halakoa dugu hizkuntzekiko harremana. Nork, berea, eta hizkuntza bakoitzarekin desberdina.

Nahikoa da inguru hurbilenera begiratzea konturatzeko zenbait hizkuntza bizi ditugula denok, egunero zein aldizka. Badugu ama hizkuntza bat, eta, gaur egun, gutako gehienok badugu guztiz geureganatu dugun beste hizkuntzaren bat, eta oso posiblea da beste hizkuntza bat edo batzuk nola hala jakitea, baita zer edo zer ulertzeko gai garen besteren bat egotea… Gertueneko jendea bakarrik hartuta ere, konbinazio posible ugari sortuko zaizkigu sailkapen horren arabera; eta hori, ezagutzari baino ez gagozkiola.

Erabileraren aldagaia eransten badugu, hau da, hizkuntza bakoitza noiz-norekin-zertarako erabiltzen dugun, konbinazioen kopurua  biderkatu egiten da, halako moduz non zaila den perfil bereko pertsona bi topatzea. Zuen etxeko auzokideei erreparatu, eta hasi kontuak ateratzen. Bada bat euskalduna, bikotekide erdalduna duena; seme-alabek euskaraz ikasi zuten, baina erdaraz jarduten dute denek etxean. Ondokoak euskaraz mintzo dira gehienbat, gurasoetako bat euskaldun berria bada ere; azken garaian, ingelesa ere entzun izan da haienean, atzerrian ikasten ari den semeak hango laguna ekartzen baitu oporretan. Horien aldamenekoek, berriz, belaunaldien  araberakoa dute hizkuntzen banaketa: amamarekin arabieraz egiten dute denek, gurasoek nahastu egiten dituzte arabiera eta gaztelania euren artekoetan eta umeek gaztelania dute nagusi, noizean behin arabiera (amamarekin bakarrik) edo euskara (eskolan batez ere) tartekatuz. Hiru bizitoki, bost hizkuntza… Esana dut lehenago: zaila da bi egoera berdin topatzea.

Har dezagun kontuan bakoitzak hizkuntza horietako bakoitzarekin zer nolako atxikimendua duen, nola bizi duen, eta zaila zena ezinezko bilakatuko zaigu. Besteak beste, ez dakizkigun hizkuntzak ere sartzen direlako tartean, tutik ulertu ez arren erakargarriak baitzaizkigu batzuk, eta beste batzuk, ordea, baztergarriak. Lehengo etxe horretakoekin jarraituz, laugarrenekoa gauza da frantsesez moldatzeko, urtetan neskame ibili zelako familia frantses batenean, baina sekula ez du hitzik esaten hizkuntza horretan, ezta Landetara oporretan doanean ere. Honelako zerbait aditu nion behin: «Nik ulertzen zienat, bai, eta horrekin nahikoa dinat ziria sartzen ez didatela segurtatzeko. Besterik ez geninan behar, nik haiei gauzak erraz jartzea; baita zera ere!». Bigarrenean, berriz, bada hizkuntza eskolan frantsesa ikasten hasi den etxeko andre bat; oraindik ez dut jakin zerk hartaratua.

Antzeko zerbait gertatzen da lantokietan. Batek ama hizkuntza du lanean darabilena; beste batentzat hizkuntza nagusia da, jaiotzekoa ez izan arren, eta harako hark, ordea, lankideekin ikasitako hitz eta esaldi eginak baino ez dakizki hizkuntza horretan.

Hizkuntzak langai ditugunok ere, euskara lan tresna dugunok barne, nork bere hizkuntz ibilbideak ditugu. Nerabezaroan markatu gintuen liburu hura batzuek euskaraz, beste batzuek frantsesez, gaztelaniaz, ingelesez… irakurri genuen, eta batzuentzat hizkuntza hori ama hizkuntza zen, edo ez… eta horregatik diogu atxikimendu berezia, edo ez…

Bada, ez dakit zenbateraino, ez dakit nola, baina azaldutako horrek gure iritzi, joera eta jokamoldeetan eragina baduelakoan nago. Adibide hutsala jarriko dut, lekuz kanpokoa izan daitekeen jardunari amaiera emateko: hiztegietan galiziar eta galego sinonimo modura agertu arren, niretzat ez dira, galiziar horren neutrotasunak ezin baititu bildu galego hitzaren musika, usaina… Neure txorakeria? Bai, jakina; nork, berea.

3 Replies to “Hizkuntzen bizipena”

  1. Bejoindeizula Bego! Estimatzen da, benetan, sail honetan hizkuntzen bizipenari, hitzen koloreari, usainari… eskaini diozun tartea. Oso interesgarria.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina