Irakurleen kexak

Bego Montorio Uribarren

Ombudsman, médiateur, provedor dos leitores, amigo/defensor del lector…, horra zenbait izen, figura bera izendatzeko: komunikabide batean, irakurleen iritziak zein kexak jaso eta bideratzeko ardura duen pertsona. Ez da oso kargu zabaldua (2005eko datuen arabera, mundu osoan 80 zeuden: horien erdiak Estatu Batuetan), alabaina, gero eta ugariagoak dira hedabide handienetan.

Erraturik ez banago, Espainian, El País egunkarikoa izan zen lehena, eta horren azken artikuluak, Traducciones erróneas, eman dit berbabidea.

Aitortuko dut pixka bat harritu nintzela Irakurleen defendatzailearen txokoan itzulpenaz jarduten zutela ikusita, normalean bestelako gaiak izan ohi direlako irakurleen kexen sortzaile: informazio ez guztiz zuzenak, titularren ezaugarriak, hizkera edo esamolde iraingarriak…; etenpuntu horietan, gai askoz gehiago sartzen dira, baina gutxitan itzulpena (El Paísen, 2012ko urtarriletik hona, oraingo hau lehena).

Eta, harritzeaz batera, poztu ere egin nintzen, Tomàs Delclós-ek artikuluan jasotzen dituen kritikek argi uzten dutelako irakurleak, irakurle batzuk bederen, ohartu egiten direla berriak nola dauden idatzita, eta, denok erabiltzaile-kontsumitzaile bilakatu garen garai honetan, euren eskubidetzat jotzen dutela informazio egiazkoa ez ezik ondo idatzitakoa jasotzea. Ez al da akuilu polita hizkuntzarekin lan egiten dugunontzat?

Artikuluak beste hau berresteko aukera ere eman dit: ez gara uste bezain bereziak; labur eta zakar samar esanda. Azaltzen zaizkigun arazoak geure-geureak direla pentsatu arren, euskaldunak ez direnek ere horien oso antzeko kezkei erantzun behar dizkiete; esaterako, nola idatzi behar da Al-Qaeda?, noiz-nola-noraino erabili behar dira ingelesezko kalkoak? (beti dago norbera baino handiagoa den norbait, norbera baino boteretsuagoa), zertan laguntzen dute eta zertan dira traba?… Ez da kontu berria: han eta hemen, txakurrak ortozik.

Eta, itzulpena egunero edonon agertzen zaigunez, kirol orrietako itzulpen oker bat ere jasotzen du Delclósek. Nonbait, Cristiano Ronaldo futbolariak foda-se! oihu egin zuen gol bat sartu eta gero, beste jokalari batzuei begira. Eta Espainiako kazetari batek interpretatu zuen –nork esan behar zion hari portugesaren adierazkortasuna izango zuela kezkagai!– espainolezko ¡jódete! esamoldearen parekoa zela. Bada, ez! Portugesezko esaerak ez du batere irain asmorik, horretarako vai-te foder, vai para o caralho… erabiltzen dute-eta. Foda-se! horren esanahia, berriz, gertuago legoke euskarazko hau dun/k hau! edo tankera horretakoetatik. Esan gabe doa guztiz ulergarria dela kazetaria lagun aizun horien tranpan jaustea; jakin nahiko nuke, ordea, zertzuk esan zituzten Cristianoren kontura egun haietako kirol tertulia eta artikuluetan, itzulpen okerra oinarri.

Azaldu dudan horretatik, ondorio bat behintzat atera dut, zaharra bezain ezaguna izan arren beti gogoan eduki beharrekoa, nire iritziz: gure testuen irakurleek –berariazko defendatzailea izan ala ez– merezi dute albait gehien saia gaitezen. Eta merezi dute kontuan har ditzagun, haientzat sortzen baititugu testuok.

One Reply to “”

Utzi iruzkina