Zer hitzordu?

Bego Montorio Uribarren

Duela egun gutxi gertatu zitzaidan, Gasteizen. Biribilgune batera sartu, eta ia bi buelta oso eman behar izan nizkion bide zuzena hartu baino lehen!

Ez zen seinaleak falta zirelako izan (sarritan gertatzen da hori Gasteizko biribilguneetan), ezta GPSarekin arreta galdu nuelako ere (halakorik ez dut eta), aurrean nuen autobuseko iragarkiak guztiz nahastu ninduelako baizik. Iragarki honexek, hain zuzen ere:

Sin título1

Nire aztoramena metro batzuk lehenago hasi zen, autobus haren atzean suertatu nintzenean, behin eta berriro irakurri arren ez bainien zentzurik aurkitzen parean nituen hitzei. Semaforo batetik hurrengorako tartea begiak irudi hartan josita egin nuen, pistaren bat emango zidalakoan; suerterik ez, ordea, bunbuilo moduko haiek ez baitzidaten ezer iradokitzen. Berriro gelditu nintzenean, semaforoa gorritik berdera noiz pasatuko zain, balizko akats ortotipografikoen errepasoa egin nuen –«egur/(h)ezur hezearen kea»ren istripu poetiko hura gogoan–: «etxeekiko» izango ote zen, «eteekiko» izan ordez? Horri ere ez nion zentzu handirik ikusten, baina, behintzat, «etxeak» zer diren badakit; «eteak», aldiz, batek jakin!

Autobusari segika, mezu misteriotsu hura argitu ezinik heldu nintzen biribilgunera, errepideaz ia ahazturik; jakina, Durangorako bidea barik auskalo norakoa hartzeko zorian egon nintzen, artean ere «ET» estralurtarra eta saltokiak uztartzeko modu logiko baten bila bainenbilen.

Halako batean, barruko alarma batek ameskeriatik itzartu ninduen. Biribilgunea berriro inguratu, errepide egokia hartu, eta aurrera egin nuen, buruko zokoren batean ditxosozko hitzok kateaturik.

Gerora jakin dudanez, Gasteizko alkateak bisita egingo die hiriko 200 saltokiri eta 100 enpresa txiki eta ertaini, eta horri egiten zion erreferentzia iragarkiak, alkateak saltokiekin eta ETE-ekin duen hitzorduari. Hara!

Euskarazko iragarkia ikusita, inor gutxik asmatuko luke; edo inork ere ez.

Sin título2

Gaztelaniazkoa irakurrita ere, ez da begi bistakoa, baina ulertzen da denda eta enpresa txikiekin lotutako zerbait dela. Berriro ere itzulpen arazo bat? Berriro ere itzulpen oker bat?

Kontu hori buruan nuela, «bai, baina…»ka ibili nintzen neure buruarekin aurreko batean, autoan. Siglak eta deklinabide marka, dena maiuskulaz eta inolako marrarik gabe ematea ez da zuzena, ados. Baina, ortotipografia egokia erabilita ere, zenbat euskaldunek antzemango dituzte enpresa txikiak «ETE» siglaren atzean? Hortaz, itzulpena baldin bada (lepoa egingo nuke hala dela), itzulpen okerra da? Testu biak hartu eta testuingururik gabe erkatuz gero, edonork esan lezake itzulpen zuzena dela. Baina, euskarazko testuak ez du bere funtzioa betetzen; hots, ez da itzulpen egokia. Eta…, baina… itzultzaileak bazekien noiz eta nola erabiliko zen testua? Baina…, eta… kanpaina horretako arduradun bakar batek ere ez zion euskarazko leloaren funtzionaltasun ezari erreparatu? Erabili ezean, sekula ez ditugu euskarazko sigla eta laburdurak geure egingo, egia da; baina, zer eragin du euskaraz ikusten duguna sarri(ago)tan ulertezina izatea…?

Galdera eta zalantza horiei erantzuna bilatzen jarraitu izan banu, agian, ekarpen mamitsuagoa izango zen gaurkoa, alabaina, Urkiola aldera heltzean, berriro jo zuen nire baitako alarma batek. Oraingoan, kotxeko kristalaren bestaldekoari arreta eman niezaion. Udazken soinekoa jantzita zeukan basoak, eta arboletako berde, gorri eta arre haiek guztiak izendatzeko hitzak bilatzeari lotu nintzaion.

One Reply to “”

  1. Ez dezagun pentsa, ezta ere, euskaldun edo erdaldun askok “PYME” zer den badakitenik. Erdaraz nahiz euskaraz, komunikagarritasun eskaseko testuak, teknolektotik haruntzago joaten ez dakitenek asmatuak.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina