Stand iraunkorra

Bego Montorio Uribarren

Ostiral iluntzea. Umea eta biok etxerako bidean goazela, “Berdeago” dioen pankarta handi bat agertu zaigu parean, Landako erakustazokaren atarian.  Elkarri begiratu, soarekin baietz esan, eta sartu egin gara.

Kanpoko hotzaren aldean goxo denez han –auto elektriko, eguzki energiaz elikatutako sutegi, konpostatzeko tresna eta enparauen artean–, apur batean bertan gelditzea erabaki dugu: umea “Ludoteka” txokoan, eta ni inguruan kuxkuxean, beroki eta guardasolez kargatuta.

Ludotekaren ondoan bada postu bat, oihan moduko batez apaindua: puxikez egindako tximinoak, arbolak, loreak eta kakatuak nonahi. Zer iragartzen ote duten jakin nahian hurbildu, eta “Stand iraunkorra” izenburua duen panelarekin egin dut topo. Hara!, pentsatu dut, orduan ez da egun bateko kontua; beharbada postu hau beti bera izango da eta ingurukoak aldatu egingo dira, edo gainerakoak kentzen dituztenean hortxe lagako dute, gure kontzientzia ekologikoa esnarazteko. Hori buruan daukadala abiatu naiz umearengana, eskulana amaituta duen ikustera, Stand sostenible dioen panel bikiari erreparatu diodanean.

Aspalditxo hasi zen  sostenibilidad, durabilité-soutenabilité, sustainability kontzeptua (eta hortik eratorritakoak) euskaraz emateko termino egokiari buruzko eztabaida, eta Euskaltzaindiak markatua du bidea: garapen iraunkorra. Zein da, hortaz, arazoa?

Bada, niretzat, bariku hartan, arazoa izan zen euskarazko panelak eta gaztelaniazkoak guztiz gauza desberdinak iradoki zizkidatela. Stand sostenible irakurri orduko, postua zer gaiez egina ote zen  antzeman nahian hasi nintzen, kasik konturatu gabe. Stand iraunkorrak, berriz, museoetako erakusketa iraunkorrak ekarri zizkidan gogora. (Apaingarri zituen puxikak latex naturalez eginak zirelako zen postua iraunkorra, baina horretaz jabetzeko letra txikira jo behar zen).

Deformazio profesionalaz edo, paneleko testua itzuli behar izan zuenaren larruan jarri nintzen. Hasteko, bere buruari galdetuko zion: Stand sostenible ondo esanda dago gazteleraz?;  eta café sostenible dela eta ItzuL-en idatzitakoak irakurriko zituen. Zer puntutaraino dira parekoak, honetan, café eta stand? Tira,  utzi erdarazkoa –bide horretatik segituz gero galdu egin zitekeela iritzita–, eta begiratu euskarazkoari: iraunkor eta kito? ItzuL-en iritzi bat baino gehiago agertu zen…   Bizkaiko Foru Aldundian bertan –gogoratuko zuen– , badira bi atal, bata “Jasangarritasuna eta ingurumen hezkuntzaren atala”, Herri Lanak eta Garraioak sailaren barruan, eta bestea “Ingurumena Iraunarazteko atala”, Ingurumena sailean (gazteleraz, Sección de sostenibilidad y educación ambiental eta Sección de Sostenibilidad).

Esanahiak itzuli, ez hitzak, etorriko zitzaion burura itzultzaile ordurako nahasten hasiari, “Ingurumena Iraunarazteko atala” horri begira. Ea bada, ingurumena iraunarazten laguntzen duen standa dela esan daiteke? Eta laburrago? Pantailan EHULKUko leihoa zabaltzen zitzaion bitartean, agian, frantsesek gehien bat durabilité erabiltzen dutela pentsatuko zuen, baina haiek permanent ere badute, iraunkorraren beste adierarako…

Zenbat denbora emango zuen joan-etorri horietan? Ordu laurdena? Ordu erdia, adibide eta iritzi guztiak arretaz irakurrita?

Bada, pentsa ezazue, une batez, zuek zaretela itzultzaile hori, eta esadazue nola erantzungo zenioketen bulegoko nagusiari galdetzen dizuenean nola den posible  bi hitz ziztrin itzultzeko hainbeste denbora behar izatea.

(Amaiera posible bat ere otu zait: Stand iraunkorra idatzi zuen pantailan itzultzaileak, dagoeneko bera ere kezkaren harrak harrapatuta: normala ote zen hitzez hitzezko itzulpena ere baden stand iraunkor horretara heltzeko hainbeste denbora behar izatea).

2 Replies to “Stand iraunkorra”

  1. 2006an, Terminologia Batzordeak Elhuyarrek EJko Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailarentzat egindako Ingurumen Hiztegi Entziklopedikoaren 2. edizioa orraztu zuen, eta arazo hau aztertu behar izan zuen, lehen edizioan (1998) hiztegiko hainbat terminotan erabilitako jasangarri izenondoa Euskaltzaindiak onartutako iraunkorez ordezkatu behar zen ala ez erabakitzeko. Elhuyarrek gogoeta-txosten bat aurkeztu zuen: a) iraunkor problematikoa dela erakusteko (artikuluan azaldu duzun adibidearen antzekoak aztertu genituen); b) jasangarri izenondoaren erabidea azaltzeko eta defendatzeko (kalkoa ez dela argudiatuz); eta c) arazoaren irtenbidea lehendik aski estandarra bihurtzen ari zen jasangarri izenondoa dela adierazteko. Txosten hori aztertu ondoren, Terminologia Batzordeak erabaki zuen jasangarri aukera onartzea, eta normalizazio-txosten batean eman zuen ebazpen hori. Bai gure txostena bai Batzordearen erabakia Interneten dituzu, TBren normalizazio-txostenen orrian (http://www.euskara.euskadi.net/r59-738/eu/contenidos/informacion/6503/eu_2415/normalizazio_txostenak.html).

    Atsegin dut

Utzi iruzkina