Hika nork bere buruari / nork bere buruarekin

Xabier Olarra

1.- Barne-bakarrizketa hitanoan

Nire gogoeta honen hasieran Ibon Sarasolak euskal nobelagintza berriaren nondik norakoez arduratzen zenean esandako zerbait dago, alegia, euskaldunok geure buruarekin mintzatzea hitanoan egiten dugunez, hala egin beharko zuketela pertsonaiek ere. Ez dakit Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza liburuxkan idatzi zuen hori edo beste nonbait. Sarean begiratu dut, eta ez dut aurkitzen aipamena (nire ustez oinohar bat zen), baina ez dut uste amets egin dudanik. Uste dut Sarasolak kritikatu egiten zuela Saizarbitoriaren lana, “lege” hori ez betetzeagatik. Baina auskalo, orain dela 50 bat urteko kontuez ari gara, eta ez dago buruaz gehiegi fidatzerik adin honetan. Dena dela, horrelako zerbait zen.

Koldo Mitxelenari, handik urte batzuetara, irakurri nion nork bere buruarekin –barne bakarrizketan– mintzatzean toka egiten genuela euskaldunok gizonezko nahiz emakume izan. Beste modu batera esanda toka zela termino markatu gabea eta noka markatua, eta emakumeari zuzenean mintzatzean bakarrik erabiltzen zela noka. Hori guztia (eta askoz gehiago) modu sistematikoan emana ikusi nahi duenak jo beza Ritxi Lizartzaren Hika egiten ikasteko gidara[1].

Nik ere hala dut gogoan, nire etxean emakumeek –amak eta izebak–, zerbait kontatzen ari zirela, beren baitako komentario bat egiten zutenean: «Nik, nere artean» hasten zena, toka egiten zutela. Esate baterako: «Nik nere artean: Ez diat ba hori egingo…», «Ez nauk ba joango»… eta abar, bien arteko jarduna noka izaten zenean beti. Hori bera egiaztatua dut beste zenbaiten gurasoen erabilerari buruz galdetu izan dudanean. Beraz, gure aurrekoen jokabidea (Gipuzkoa aldean behintzat) hori zen.

Orain dela urte batzuk F. Rey adiskideak haizatu zuen gaia blog honexetan eta izan zen eztabaida bat haren ondoren Iñaki Segurolaren –gutxi bezain aditua, besteak beste, gai honetan– eta Ana Moralesen eta beste zenbaiten artean. Gero itzuliko naiz berriro kontu honetara. Bitartean, nahi adina argibide aurkituko ditu nahi duenak eztabaida horri buruz hemen.

Hori guztia kontuan hartuta, hona zein kontu ditugun hemen argitzeko, edo azaltzeko behintzat.

2.- Hitanodunak eta eta hitanogabeak

Bistan da euskaradun guztiok ez garela hitanodunak.

Ez dago oso argia izan beharrik ohartzeko hitanogabeek zuka egingo diotela bere buruari beren barne-bakarrizketetan. Are gehiago, ez nuke esango hikadunok ere beti hika egiten diogunik. Gauza jakina da badirela eskualde osoak hitanoa aspaldi galdu zutenak. Gero itzuliko naiz kontu honetara. Argibide gehiago nahi duenak hor du Irati Urdalleta Letek joan den otsailean Berrian argitaratutako artikulua hitanoaren osasunaren egoerari buruz:

Izan daiteke ari naun edo ari naiz; izan daiteke esan dinat edo esan dizut. Zuka, noka edo toka. Euskarak berez badu lagunarteko hizkera bat: hitanoa. Alabaina, ez da nagusi: herririk euskaldunenak ditu arnasgune, baina arnasestuka ari da Euskal Herriaren parterik handienean.

Egoera hori –batetik atzerakada eta bestetik halamoduzko erabilera– kontuan izanda, badira hikaren sustatzaile sutsuak eta “berreskuratze” lanean dihardutenak. Lehen ere aipatu nuen Fernando Oiartzun Sagastibeltza, Leitza aldeko hika eta nokari eustearen alde egiten ari dena. Eta sail honetako lehen artikulua idatzi nuenean, izan ziren hainbat komentario, artikulu horretan esaten zirenak hizpide hartuta, Azkoitia aldean hitanoari eusteko egindako lanaren berri ematen zutenak.

Atzerakada atzo goizean hasia ez dela jasota dago, esate baterako, Txomin Agirrek (1864-1920) Kresalari egindako hitzaurrean:

«Beste gauza bat. Danok dakigu iru eratako izketea egiten deutsagula euskaldunok alkarri: i-gaz esaten dana lenengoa, zu-gaz esaten dana bigarrena ta irugarrena berori-gazkoa. Lenengoaren zalea naz, zarrena dalako, ta opa dot bere bizitza luzea; baña antziña il zan Arranondon da orregaitik ezta emen agertuko izketa zar ori»[2]. (azpimarra nirea).

Beraz, sinesgarritasun literarioa da argudio nagusia. Eta Txomin Agirrek esaten badigu Arranondon (Ondarroa) aspaldi hil zela hitanoa, pentsa dezakegu noizko kontuez ari garen, kontuan hartzen badugu 1920an hil zela abade ondarrutarra.

Esango nuke joera hori areagotu besterik ez dela egin XX. mendean zehar, baina horrekin batera hitanoari eusteko “ahalegina” egin dutenak ere ez dira gutxi izan, eta hor ditugu lekuko gisa Lizardi, Lauaxeta eta Orixe, besteak beste. XX. mende hasierako antzerkiari begirada bat ematea ere aski da horretaz konturatzeko.

Lehenago ikusi dugunez, “arnasestuka” baina bizirik da oraindik hitanoa. Eta ez dut dudarik egiten hori duela bere barne-bakarrizketa modu “naturala”, esate baterako, X. Euzkitze bezalako hikadun peto batek. Berriki, bi-bitarako pilota-txapelketan esatari ari zela, pilotari baten –ez naiz oroitzen nor, baina ez du axola– buruan sarturik honelako zerbait esan zuen:

“Aurrera egin duenean, pentsatua izango du: «… horrek (arerioak) eskuinera egingo dik, aurrekoan hara bota baitiot, eta jo dezadan atzera»”.

Esan bezala, seguru aski, automatismoek ezertan funtzionatzen badute, norbere baitako bakarrizketan funtzionatzen dute, eta norbaiten jarduna % handi batean zuka bada, haren barne-bakarrizketa ere zuka izatea ekarriko du horrek. Eta alderantziz. Baina hori neurtzen beti erraza ez den arren, hika/noka erabilera, oraindik behintzat, izan, bada. Ez dakit asko garen. Baina batzuk bai.

3.- Hitanoa barne-bakarrizketan toka ala noka

3.1. Nor bere buruari vs. Nor bere buruarekin

Lehenago aipatu dudan polemika horretan (Iñaki Segurola vs. Ana Morales et aliae) argi bereizten dira hasieratik bi jardun mota: emakumezkoa bere buruari zuzenean mintzo denekoa eta bere buruarekin (bere baitan, bere artean) diharduenekoa. Segurolak lehenbiziko kasuan emakumea aktantea dela dio eta bigarrenean ez.

Lehenbiziko kasu horretan (emakumea bere buruari zuzenean mintzo zaiola, ispilu aurrean ikusiko balu bezala bere burua, esate baterako), garbi dago emakumeak noka egiten diola bere buruari. “Ederra egin dun! Orain dena izugarri zailduko zain!”).

Eztabaida bestelako kasuetako erabileraren deskribapen eta azalpenean dago, alegia, nolakoa izan den eta den molde hori emakume hitanodunen artean, zein diren erabilera “harrigarri” horren sustraiak (emakumeak bere buruarekin toka) eta molde hori alda daitekeen ala ez.

3.2. Iñaki Segurolaren planteamendua

Oso polemika mamitsua izan zen, eta argudio sendoak erabili ziren bi aldeetatik, baina uste dut honela labur daitekeela Iñaki Segurolaren planteamendua:

a) Emakume hitanodunen barne-bakarrizketa toka izan da (eta da, bizi-bizirik baitago, bere inguruan behintzat).

b) Erabilera “harrigarri” horren arrazoiak bilatzea ez da funtsezkoa.

c) Erabilera horren arrazoiak “jakinaren azpikoak dira” (oharkabekoak esan nahi zuela uste dut), eta aldagaitzak beraz, gramatikaren arlokoak baitira, eta ez hiztegikoak.

3.3. Eta honela Ana Moralesen planteamendua (I. Diez de Ultzurrun, B. Arrizabalaga ere horra bil daitezkeela uste dut):

a) Bera ez da hitanoaren erabiltzailea (ez da bere praktikan oinarritzen) baina oso gogorra egiten zaio emakumeak bere buruari toka egiten diola onartzea.

b) Horren azpiko arrazoiak historikoak eta sozialak direla uste du (patriarkatuaren ondorio, labur esanda, berak zuzenean esaten ez badu ere). Blogeko komentarioetan gaia sakonxeago azaltzen da.

c) Anomalia hori alda daiteke, eta adibidetzat jartzen du berak bere jardunean egindako aldaketa xume bat (gaztelaniaz betiere: Uno piensa (inpertsonala) > Una piensa). Bestalde, Moralesek honelakorik esaten ez duen arren, dioenaren ondorio logikoa litzateke jardun hori noka izan daitekeela etorkizunean. (Barkatu gehiegi sinplifikatu edo ondorioetan urrunegi joan banaiz).

4.- Barne-bakarrizketaren moldeak literatur itzulpenean

Adibide batzuk baizik ez ditut hona bilduko, artikulu hau gehiegi ez luzatzearren.

Hitanogabeek, bistan da, ez dute hitanoa erabiltzen beren itzulpenetako bakarrizketetan (edo nola erabili jakin arren, zerbaitegatik ez diote egoki iritzi kasu jakin batean erabiltzeari). Eta, ondorioz, eredu neutroan ematen dituzte. Horrela itzuli du, esate baterako, José Ramón Vázquezek Melvilleren Benito Cereno. Eta Delano kapitainaren barne-bakarrizketa mordoxka dago bertan.

Puntu hauek binazkatuz gero, batak bestearen kontrakoa adierazten zutela zirudien nolabait. “Baina orduan, zer?”, pentsatu zuen Delano kapitainak, ontzira hurbiltzen ari zen bere txalupari begira “… orduan, zer? Tira, don Benito oso ontziburu apetatsua da. Baina bera ez da nik ikusi dudan mota horretako lehena; egia da, ordea, berak anitzez gainditzen dituela beste guztiak. Baina herri gisa” jarraitu zuen bere ameskizunetan galdua, “espainiar hauek xelebreak dira denak; espainiar hitzak berak badu soinu bitxi bat, halako konspiratzaile, Guy Fawkes-en kutsu zerbait. Eta hala ere, egingo nuke espainiarrak, erabat hartuta, Duxburyko edonor bezain jende jatorra direla. A, ederki! Hemen da Rover azkenean”. (Benito Cereno, H. Melville, 69. or.).

Juan Garzia Garmendiak, berriz, bi moldeak erabili zituen Melvilleren Bartlebyren itzulpen ospetsuan. Esan dut lehenago ere hitanodunok ez dugula beti erabiltzen hitanoa barne-bakarrizketan, eta honela ageri da Bartlebyren nagusiarenetan:

«Ez dut inolako kalterik egiten –egin nuen neure artean–; ez naiz ari inolako jakin-min bihozgaberi gustua ematen; bestetik, nirea da idazmahaia, eta orobat haren edukia; ez da ausarkeria, beraz, barrua mia dezadan[3]». (Bartleby, 51-2 or.).

Testu horretan bertan, aurrerago, pertsonaia berak honela dihardu bere baitan:

«Zer egin behar dut? –esan nuen orduan neure kolkorako, jaka azken botoiraino lotuz–. Zer egin behar dut? Zer dagokit egitea? Zer dio kontzientziak egin behar nukeela gizon, edo, hobeki esanda, fantasma honekin? Gainetik kendu, horra nik zer egin behar dudan; eta berak, berriz, alde egin. Nola ordea? Ezin botako duk, gizaseme gaixo, zurbil, oldargabe… ezin botako duk atetik kanpora halako izaki babesgabea. Ezin belztuko duk heure ohora halako krudelkeriarekin. Ez ez diat egingo, ezin nezakek egin halakorik. Lehenago utziko niokek hortxe bizi eta hiltzen, eta gero gorpuzkiak ere bertan horma-arteratu. Zer egingo duk, orduan?». (Ibidem, 75).

5.- Molly Bloomen barne-bakarrizketa

Literaturaren historiako barne-bakarrizketarik ospetsuenari ekin nionean, ez zen egun bateko lana izan Mollyk bere buruarekin nola jardun behar zuen erabakitzea, eta nolabaiteko azalpenak eman nituen Ulises liburuaren hitzaurrean nire erabakiaz:

Azkenik, beste bi hitz Molly Bloomen bakarrizketari buruz. Hor ere, bakarrizketa denez, alokutiboa erabili dut, baina, kasu horretan, Mollyk noka egiten dio bere buruari, nik hala erabakita. (Ulises, hitzaurrea, 9. or.).

Hitzaurrean azaltzen nuenez, egoera horretan toka jardun balu Molly Bloomek, senarrari ari zitzaiola emango zuen, eta barne-bakarrizketa lo zegoen senarrarekiko jarduna bihurtuko zen. Eta hori ez zitzaidan egokia iruditu. Kinka horretan, erabaki nuen Mollyri noka mintzaraztea zela hoberena. Usadioaren transgresio txiki bat, Segurolak, seguru asko, onartuko ez zidana. Baina honela argitaratu zen:

Bai izan ere honek ez zinan egin halakorik lehenago City Arms hoteleko garaietatik gosaria ohera ekarrarazi arrautza pare bat bestek zerbitzatzeko erregea balitz bezala gaixo-ahotsarekin dena itxura hutsa txoratua zeukala uste zuen Riordan atso haren aurrean interesantearena egiteko (…) neri bere ajeak kontatzean kontua eta xaborra franko politika eta lurrikarak eta munduaren azkena utzigun aurrena pixka batean dibertitzen emakumea (Ulises, 735. or., ia 50 orrialdeko monologoaren hasiera).

Egia esan, ortodoxiaren mugetan mantenduz noka egiteko soluzioa ere begien aurrean neukan, Fernando adiskideak bere artikuluan emana, baina orduan ez nintzen horretaz ohartu: transgresio txiki bat eginez, eta ia testua aldatu gabe, aski nuen Molly bere buruari ari zela markatzea lehenbiziko esalditik, honela gutxi gorabehera:

Bai Molly izan ere honek ez zinan egin halakorik lehenago City Arms hoteleko garaietatik gosaria ohera ekarrarazi arrautza pare bat bestek zerbitzatzeko erregea balitz bezala (Ulises, 735. or.).

Eta holaxe, hitz bakar batekin konponduko nuen «arazoa». Beraz, oraingo irakurleak aski du bakarrizketaren hasieran komarik gabeko bokatibo hori sartzea. Bazen beste irtenbide bat ere: hitanokeriak alde batera utzita dena zuka eta neutroan ematea, esate baterako. Hori irudituko zitzaion hoberena, noski, Irati Jimenezi, honelakoak esaten baititu Begiak zabalduko zaizkizue, bere saiakerako Kontuz hitanoarekin, azpiatalean:

“(…) Euskaldun gehienok –ia guztiok ez esatearren– zuka egiten dugulako. Logikoena zer litzateke, beraz? Ba kontrakoa egiteko motibo justifikaturik eta sinesgarririk ezean gure liburuetako pertsonaiek zuka hitz egitea, jendeak hitz egiten duen moduan, alegia”[4].

Bai, begiak ez ezik aho zabalik ere gelditu gara hori eta gisa horretako beste zenbait argudio irakurtzean. «Honek jo ziguk/n adarra!», aditzen diet Segurolari, Euskitzeri eta Molly Bloomi.

Aipatu saiakeran esaten direnei erantzuteko beste hiru artikulu beharko nituzke gutxienez, baina hori datorren urterako utzi beharko.


[1] Hika egiten ikasteko gida, R. Lizartza, Baigorri argitaletxea, Bilbo, 2009.

[2] «Kresala», Domingo Agirre, Arantzazuko frantziskotar argitaldaria, Oñati, 1967.

[3] Bartleby eskribatzailea, Herman Melville/Juan Garzia Garmendia, Erein, Donostia, 2016.

[4] Begiak zabalduko zaizkizue, Irati Jiménez, Elkar, Donostia, 2021 (82. or. eta hur.).