Bereizkeria

Bego Montorio Uribarren

Gizon eta emakumeen artean, herrien artean, kulturen artean, badira desberdintasunak, eta aberasgarria da hori; zorionez, askotarikoak gara.

Baina, gizon eta emakumeen artean, herrien artean, kulturen artean, gainditu beharreko desberdintasun latzak daude.

Aho korapiloa eman dezakeen arren, zentzuzko baieztapenak dira aurreko biak; ni, behintzat, biekin bat nentorke, baldin eta desberdintasun hitzari hiztegi zein corpusetan onartzen zaion esanahi zabal-nahasgarria onartzen badiogu.

Izan ere, nik beste modu batera esango nuke lehen pasarteko bigarren esaldian adierazi nahi dena, baina horren moduko ehunka adibide ikusi ditut hiztegi nahiz corpusetan: desberdintasuna esaten zaio bestelakotasunari, eta desberdintasuna esaten zaio (testu berean, hedabide berean, erakunde berean), halaber, parekotasun ezari, berdintasun ezari.

Duela egun gutxi, itzultzen ari nintzela, esaldi hau agertu zitzaidan: «…son posturas filosóficas críticas e complexas que analizan as relacións de poder e a desigualdade». Bada, lehen automatismoak desberdintasun idaztera bultzatu ninduen, baina, hitza tekleatzen amaitu aurretik, ohartua nintzen ez zela hori, desberdintasun horrek ez zidala balio. Diferentzia, pertsona edo gauza baten eta beste baten arteko aldea, haien arteko antzik eza izendatzeko erabiltzen dut nik desberdintasun hitza; beraz, ezin, aldi berean, guztiz bestelakoa den zerbait adierazteko erabili.

Galegozko esaldi horretarako irtenbide posible batzuk banituen, baina hiztegietan eta corpusetan begiratzen hasi nintzen, zentzu biak –différence/diferencia eta inégalité/desigualdad (falta de equidad)– zein puntutaraino bereizten ziren ikustearren, eta, nire harridurarako, oso gutxitan bereizten dira.

Testuinguruak gauza asko argitzen ditu, jakina, baina, testuinguruak testuinguru, ez al da hobe adierazi nahi duguna argi adieraztea? «Gizon eta emakumeen arteko desberdintasunei buruzko ikerketa» irakurtzen badugu, zelan jakingo dugu zertaz ari den?; ikertzaileak mediku, antropologo edo soziologoak diren erreparatuta?

Hiztegiek bestela esan arren, nik adiera bakarrerako utzi dut desberdintasun hitza. Ez dakit irtenbide egokiena den, baina bereizketa nahitaez egin beharra dut, itzultzerakoan, idazterakoan eta hitz egiterakoan. Desberdintasuna maite dudala diodanean, denek uler dezaten zer esaten ari naizen.

6 Replies to “Bereizkeria”

  1. Zeharo ados bereizketa egin behar izatearekin.
    Zer hitz erabili zenuen azkenean? Izenburuko “bereizkeria”?

    Atsegin dut

  2. Bada, ni kontra nago.

    Mota horretako kontsideraziotan hasten bagara, zenbat denbora pasatuko da norbait atera arte esaten bereizi behar dela, adibidez, “sozialismoa” eta “sozialkeria”? “Liberalismoa” eta “liberalkeria”? Edo feminismo “ona” eta “gaiztoa”, eta lehenarentzat hitz nobleago bat asmatu?

    Ezagutu izan ditut ere beren burua “ekologistatzat” baino, nahiago dutenak “kontserbazionistatzat” aurkeztu (ekologismoa fanatikoen kontua baino ez omen da eta). Zoaz haiengana ezer predikatzera.

    Eta abar luzea (eta “luzea” apropos jarri dut, noski).

    Kasu guztietan eztabaidari kontsiderazio etiko batzuk erantsiko dizkiogu, irudituko zaizkigunak oso ondo… edo ez. Eta, edozein kasutan, etikaz bukatuko dugu eztabaidan, ez hizkuntzaz. Eta hortik aurrera… lepoan hartu eta segi aurrera.

    Benetan, neuk ez dut bide horretan hasi nahi, eta ez naiz hasiko. Norberak badu bere etika, emakumearekiko berdintasunari dagokionez ere.

    Utzi bakean hiztegia.

    Atsegin dut

    1. Kaixo, Pruden.
      Hizkuntza eta kontsiderazio etikoak (eta ideologikoak) oso gai interesgarria iruditzen zait, eta gustura jardungo nuke horretaz hurrengo batean. Kontzeptu/errealitate biri izen bera ematea nahasgarria gertatzen denean hitzak bereizi/espezialdu beharraz baino ez nintzen ari.
      A, eta lasai egon, hiztegia eta biok lagun minak gara!

      Xabier:
      Oraindik ez dut azken erabakia hartu; artikulu luze samarra da, eta “desigualdade” hori testu osoan zenbatetan eta nola agertzen den kontuan hartuta erabakiko dut.

      Atsegin dut

      1. Ez dut ulertu Prudenek kontra egoteko zer argudio darabilen.

        Begok mahaigaineratu duena guztiz arrazoizkoa iruditzen zait: kontzeptu ezberdinak emateko, hitz ezberdinak erabiltzea. Hori bezain sinplea. Eta gure inguruko hizkuntzek ere ezberdintze-behar hori ikusi dute, hitz ezberdinak erabiltzen dituzte-eta bi ideia horiek azaltzeko.

        Iradokizun modura, Bego, nik “bereizkeria” baino gehiago, “desparekotasun” erabiliko nuke.

        Atsegin dut

Utzi iruzkina