Zubi-hizkuntzak, trilogia bat eta bi “boutade” ondorio gisa

Joannes Jauregi Benavides

Jon Fosse idazle norvegiarraren Trilogia euskaratzeko lana (eta suertea) egokitu zaidan honetan, eta norvegieraz ez dakidanez gero, bat-batean eta ustekabez zubi-hizkuntzen gaiarekin egin dut tupust. Orain artean ez zidan aparteko interesik piztu, baina, beharrak hartaratuta han-hemenka bila hasirik, Senez aldizkariko bi artikulu lagungarri aurkitu ditut: Karlos Zabalarena bata, Ivo Andritxen ‘Zubi bat Drinaren gainean’ eta zeharbidezko itzulpena, eta Monika Etxebarriarena bestea, Itzulpen baten penak eta nekeak, Danilo Kisen Hildakoen entziklopedia-ren itzulpenaz. Bi itzultzaileak nekatu ziren Zabalak zeharbidezko itzulpen gisa bataiatu zuen horretan, eta neke haien biharamunetan idatzi zituzten artikuluak. Nago, eta zorionekoa ni, haien lan-osteko gogoetek nabarmen erraztu dutela nire itzulpen-lanaren hasiera.

Jatorrizko hizkuntza ez beste batzuetatik egindako itzulpenak ia berez sortzen duen mesfidantzaren kontra, Zabalak testuinguru zabal batean kokatzen du zeharbidezko itzulpena, esanez ezen “hizkuntza guztietan eta garai guztietan” egin dela: Mila gau eta bat gehiago klasikoa, adibidez, frantsesezko itzulpenaren bidez zabaldu zen Mendebaldean (XIX. mendeko nobelagile errusiarrak bezala, bidenabar esanda), eta, kontrako bidean, Mendebaldeko literatura ugari japonieraren zeharbidez iritsi bide da koreerara.

Hizkuntza txikiek, bestalde, sarritan ez dute itzultzaile nahikorik izaten zenbait hizkuntzatatik itzultzeko. Esango nuke kinka horretan suertatu garela Jon Fosseren Trilogia eta ni neu. Nik dakidala, Juan Mari Mendizabal dugu literatura hizkuntza nordikoetatik zuzenean euskaratu duen itzultzaile bakarra (Hamsun, Sjón eta Kierkegaard, besteak beste), eta, nahiz eta lan bikaina eta estimagarria egin inondik ere, ez dirudi bidezkoa denik itzultzaile bakar bati bizkarreratzea hizkuntza nordikoen zaku osoa.

Edozein kasutan, eta zeharbidezko itzulpena nonahikoa eta batzuetan ezin saihestuzkoa izanagatik ere, mesfidantza-urrin temoso batek segitzen dio noranahi; ez beharbada propio erdeinatzen edo gutxiesten direlako era horretako itzulpenak (nahiz eta akaso bai propio ekiditen), baizik eta, kontrara, neurrigabe samar prezatzen delako hizkuntza ezohiko edo urrun baten itzulpena “zuzenean” egitea. Zeharbidezko itzulpenak ale bikain ugari eman ez balizkigu bezala, Ivo Andritxen Zubi bat Drinaren gainean bera adibide (Hildakoen entziklopedia, zoritxarrez, ez dut irakurria), edo Karel Capeken Arrabioen gerra, berriki argitaratua Koro Navarroren itzulpenean.

Egia da mesfidantza-punttu hori naturala dela, eta itzultzaileak ere sentitzen duela (nik neuk bai bederen). Itzulpen badaezpadako bat hartuta nekez eman ahalko da taxuzko lanik, eta, denik eta itzulpen bikainena izanda ere, jatorrizko itzultzaileak dagikeen giza akats mendreena ere ia saihetsezin suertatuko zaio bigarren eskuko itzultzaileari. Horregatik, konbentzio onartuxea da bi zubi-hizkuntza erabiltzea, eta hala eskatzen du EIZIEk ere bere Literatura Unibertsala bildumarako. Alabaina, eta hilabete eskas honetan Fosserekin lortu dudan esperientzia-apurra aintzat harturik, elkarteari proposatuko nioke Monika Etxebarriak bere artikuluan ematen duen gomendioa erants diezaiela lehiaketaren oinarriei. Izan ere, Etxebarriak dio bere ustez bi hizkuntzak ez liratekeela batera erabili behar; bataren gainean egin beharko litzatekeela lehen zirriborroa, eta berrikusketan erabili beharko litzatekeela bigarrena. Karlos Zabalak ere harekin bat egiten du, nahiz eta aitortu ez ziola aholkuari segitu: “Erotzekoa izan zen bertsio-saltsa horretan igeri egitea. Eta okerrena da, erotuz gero, benetan ez dakizula zein puntutaraino ari zaren asmatzen hartzen dituzun erabakietan”.

Halaxe hasi nintzen ni Fosserekin, aldi berean erabiliz eskura nituen bertsio guztiak (ingelesa eta gaztelania nagusiki, eta alemana puntualki, maila oso kaskarra dudanez gero). Konturatu naiz, baina, hainbeste jatorri-testu izateak ikaragarri trakesten duela itzulpen-jarduna. Fosseren idazkerak ere izango du zerikusirik horretan, gehienbat komaz banatutako paragrafo luzeak eta elkarrizketa bizi eta biluziak tartekatzen baititu narrazio osoan. Paragrafook itzultzean, bereziki, erritmoa hartu ezinda ibili naiz, bi bertsioen eta nire testuaren artean salto-etenka eta eten-saltoka; testua segmentatzea ere bururatu zitzaidan, baina, bataren zein bestearen puntuazioa beti bat ez zetozenez, aurreikusten nuen horrek kendu baino buruko min gehiago emango zizkidala.

Beste zailtasun bat: bi bertsio (edo gehiago) izanik, neurrigabe erreparatzen zaie bi testuen arteko alderik ezdeusenei ere, eta, aise obsesionatzeko joera duen itzultzaile erdi-neurotiko gisa, aldarteka bazirudien gehiago ari nintzela bi itzulpen konparatzen testu bat itzultzen baino. Egin kasu, beraz, Monika Etxebarriari, eta erabili hizkuntzak banaka.

Horiek horrela, zeharbidezko itzulpenari buruzko bi ondorio koskorrekin bukatuko dut ale hau, akaso boutade hutsak, nabarmenak eta alferrikakoak irudituko zaizkienak sarearen paraje hauek populatzen dituzten aditu eta arituen tamainakoei, baina niri neuri lagungarri izan zaizkidanak, buruhausteon ondotik, hemendik aurrerako lanari hobeto ekiteko.

Lehen boutadea: Zeharbidezko itzulpenak planifikazio handiagoa eskatzen du. Zubi-testuak tentuz aukeratu beharra dago, eta lan handiegirik egin baino lehen finkatu behar da modus operandi-a, ez arian-arian aldatu behar izateko. Hasieran, inertzia hutsez, ingelesezko bertsioa lehenetsi nuen, baina gerora konturatu naiz ezen May-Brit Akerholt itzultzaileak Fosseren tonua eta atmosfera harrapatze aldera egindako zenbait hautu estilistikok ilundu egiten zidatela testua, eta ez argitu. Kontrara, gaztelaniazko bertsioak, Cristina Gómez-Baggethun eta Kirsti Baggethun itzultzaileenak, testu lakarxeagoa dirudi lehen irakurraldian, baina itzultzeko orduan gardenagoa egin zait. (Esan beharrik ez dago inpresiook erabat subjektiboak direla, eta ez dudala itzulpen-kritikarik egiteko asmorik). Beraz, irakurketa hutserako akaso ingelesezkoa lehenetsiko nukeen arren, lehen itzulpen-zirriborrorako gaztelaniazkoa hartu dut, ingelesezkoa orrazketa-faserako gordeta.

Bigarren boutadea: Langai dugun zubi-testua itzultzaile baten eskuetatik pasatu da. Ez hori bakarrik: itzultzaile batek idatzia da. Eta horrek lasaitasun adina urduritasun ematen du: lasaitasuna, itzultzaileak fidatzeko jendea direlako oro har, lanean arretatsuak eta xehetasunetan puntalakurloak, nor bere erara; eta urduritasuna (ezen ez mesfidantza), berriz, itzultzaile batek dakielako ondoen zer-nolako erabakiak hartzen diren itzulpen batean, jatorrizkoaren eta itzulpenaren arteko tirabiran, eta zer-nolakoak geratzen (uzten) diren, bestela ezinda, itzulpenaren bide-bazterrean. Hori dena txit ondo dakienez gero, itzultzaileak berak irudika lezake ondoen pantailan duen bertsioa noraino izango den jatorrizkoaren berdina edo desberdina.

Finean, zubi-hizkuntzen auziak testuaren izaeraz, idazketaz eta itzulpen-lanaz ditugun iritzi-usteak islatzen ditu, baita kordokatzen ere, eta are gehiago bat ustekabean harrapatzen badu, Fossek ni bezala.

Gonbidapenari proposamen bat bueltan

Anjel Lertxundi

PROPOSAMENAZ. 31 eskutik isilik egon zen aldian, bloga falta nuen. Bidean da berriro, blogak ez du nire beharrik, baina nik bai berea. Mila esker bertako testuen irakurle naizen aldetik, mila esker bertan kolaboratzeko eman zaidan aukerarengatik ere. Saiatuko naiz, ezin dizuet besterik agindu.

Itzultzaileen lanarekiko nire jarraipena interesatua da: eskola ona da niretzat. Idazleon liburuek, desberdinak izan arren batetik bestera, beti dute, gutxi-asko, batasun estilistikoa, fabrikako marka gehienetan inkontzientea. Itzultzaileari, ordea, oso liburu desberdinak euskaratzea egokitzen zaio oro har: ugaria du esperientzia linguistikoa, askotariko estiloak bereganatu behar izaten ditu. Jatorrizko testuaren mende, zailagoa ematen du itzultzaileak marka pertsonal bati eusteak, baina, zorionez, ugaria da gurean euskaratzeko estiloen desberdintasuna. Literaturaz ari naiz, noski.

Nire idazkuntzaren mamia euskara da, baina gaztelaniaren presentziak ezinbestean eragiten dit eta asko jasotzen dut beste hizkuntza batzuetan egindako irakurketetatik: idazten ari naizelarik, bazterrezina zait beste hizkuntzen, beste hizkeren, beste irudi-munduen itzala.

Euskal idazle batek ez dauka itzultzaile izatea beste erremediorik. Ez naiz ezer berririk esaten ari: idazten ari naizelarik, beste hizkuntzetako hitzak, espresioak, formulak, esaldiak darabiltzat ia etenik gabe, buruan lehendabizi, zirriborroetan gero, ordenagailuan azkenik. Sortzailea omen naiz izatez, banaiz itzultzaile ere, idazten ari naizelarik aritzen bainaiz mentalki itzultzen ere nire buruan dabilen beste hizkuntzetako zurrunbiloa, eta beste hizkuntzetatik burura etorritako espresioak euskarazko hiztegietan begiratzen.

Galtzerdiari buelta eman eta gauza bera gertatzen zaio itzultzaileari ere, baina idazlearen ifrentzutik begiratuta: itzultzea du lanbide, baina baztertu ezina du sortu beharra, jatorrizko hizkuntzaren eta euskararen estatusen arteko decalageak hartara behartzen baitu. Batean esaten den guzti-guztia ez baitago fisikoki bestean, euskarak asko dauka deskubritzeko, eguneratzeko, sortzeko.

Itzultzaileon zein idazleon aroztegian erreminta asko dago euskara ez diren hizkuntzen baldetan ere. Itzultzailearen baldei dagokienez, beste hizkuntzetatik euskarara ekarritako obra literarioen esperientzia pilatzen ari da obra batetik bestera: itzultzaileak hartu behar izan dituen erabakiak, sintaktikoak bezala lexikoak, erritmoarekin zer ikusia dutenak, jatorrizko musikaltasuna euskaraz entzuteko estrategiak, genero-gorabeherak, fraseologia kontuak… Gai horiei buruzko testu, hausnarketa eta apunte asko dago barreiatuta han-hemen. Esperientzia ugari horien berri emango lukeen liburu bat ikusi nahi nuke, horra argitu zein den hasieran aipatu dudan proposamena.

LIBURU PRAKTIKO BATEN PESKIZAN. Euskarara ekarritako itzulpen berri bat eskuetan hartzen dudan aldiro, hitzaurrea dakarren begiratzen dut, eta, hala bada, ea itzultzaileak zerbait dioen itzulpenak eman dizkion buruhausteez. Literatura unibertsala saileko ia liburu guztiek daramate hitzaurrea, baina itzultzaileek sarriago hitz egiten dute euskarara ekarritako obraz eta haren autoreaz, eta ez hainbeste, tamala niretzat, itzulpenak eman dien lanaz, bidean izan dituzten oztopoez, bideratu dituzten soluzioez. Argitaletxeetako itzulpenenek apenas daramaten hitzaurrerik. 31 eskutik blogeko bi etapetan material dezente dago itzultzaileek hartutako erabakien inguruan. Eta, nola ez, Senez dago, badago zer irakurririk hainbat eta hainbat arazori buruz, gutxitan aipatzen diren auziez barne; adibidez, poesia itzultzeaz.

Itzultzaile asko mintzatu da, zuzen edo zeharka, izan dituen arazoez, hartu dituen erabakiez. Lekukotza horiek bildu, gaika sailkatu, koherentzia eman bilketari; arazo gramatikalak, estilistikoak, musikalak zehaztu. Itzultzaileak izandako zailtasunak, emandako soluzioak eta soluzioen zergatiak deskribatu eta kontrastatu.

Badira itzultzen hasi aurretik originalaren autoreari buruzko ahal den informazio guztia jasotzen saiatzen diren itzultzaileak, idazlea ezagutzeak originalaren testuingurua hobeto ulertzen laguntzen duelakoan; eta badira egilea eta testua nahastu nahi izaten ez dutenak, egilearen izaerak ez dezan obraren balioa kaltetu edo hauspotu. Kasu batean zein bestean, itzultzaileek halako autorearen halako obraren itzulpenarekin bizi izandako zirkunstantzia ez ohikoak biltzea litzateke liburuaren beste helburu bat. Gutxi-asko, ezagunak ditugu itzultzaile eskarmentatuen hausnarketak eta bideak. Liburuaren helburua litzateke abanikoa zabaltzea esperientzien polifoniari, eta baita planteatzen diren arazoen abanikoari ere, adibidez poesiaren, ipuinaren eta antzerkiaren itzulpengintzari ere tokia eginez.

HIRU GENERO, HIRU KEZKA. Tennesse Williams-en Desio izeneko tranbia, Xabier Payá Ruizek euskaratua. Antzerki-lan bat, gutxi itzultzen den generoa. Payáren kezketako bat: zer egin bertan kantatzen diren doinuekin, errimekin, erritmoekin, zer egin elementu paralinguistikoekin? Obra ingelesez dago, baina nola itzuli New Orleanseko herritar xumeek darabilten hizkera?

Matías Múgicak François Villonek XV. mendean idatzitako Grant Testament (Testamentua) poesia-liburua euskaratu zuen. Nola jokatu sei mende geroago? «Gaur, dio Múgicak, Villon dezifratu egiten dugu, nekean eta herrestan» eta frantses gehienek gaurko bertsioa irakurtzen dute. Ingelesen itzulpen-eredua hartzen du Múgicak: originalarekiko ahalik errespetu gehiena gorde eta, aldi berean, gaurko irakurlea aintzat hartu. Múgicak eransten du frantsesez dakien irakurle euskalduna izan zuela gogoan.

Bost ipuinez osatua dago Ingeborg Bachmann-en Aldibereko liburua, Idoia Santamariak itzulia. Komunikazio-ezintasuna da nagusi bost testuetan. Nola hitz egiten dugu geure buruarekin, nola emakume batek, nola lauzpabost hizkuntza langai dituen itzultzaile batek?

Arestian esan bezala, itzulpen-liburuetako hitzaurre gehienak jatorrizko obraren egileari eta liburuari buruzko testuak dira, ez itzultzaileak bidean izandako kezkez. Baina, nahiz ez hitzik esan horretaz, kontua da itzultzaileak askotan bere kezken arrastoak uzten dituela hitzaurrean, eta horietan jartzen bere arreta nagusia. Bertute txikiak liburuaren hitzaurrean Irene Hurtado de Saratxok dio Natalia Ginzburgek ahalegin guztiak egiten zituela ez erortzeko sentimentalkerietan, eta gauza bera egiten saiatu zela Irene ere.

Ez dakit argi utzi dudan proposamena –badago liburua zerekin osaturik!–, baina hemen egiten dut planto gaurkoagatik, 31 eskutik ni gonbidatu izanaz damutu baino lehen.

Printzipioak

Maite Imaz Leunda

Orain dela urtebete pasatxo iritsi zen nire eskuetara Juan Irazusta. Pertsona, garaia eta idazlana liburu interesgarria. Juan Irazusta Alkizalete (1688-1772) alkizarra erretore izan zen Hernialden (1716-1752) eta Alkizan (1752-1772), eta baita idazle ere: Gaspar de Astete jesuitaren Catecismo de la doctrina cristiana itzuli zuen gaztelaniatik euskarara.

Hernialde ondokoa eta hernialdetar baten alaba izan arren, eta Hernialdeko Santa Kruz Apaizaren plazan dagoen ostatura igande eguerdiko tragoa hartzera makina bat aldiz joandakoa izan arren, ez nuen nik XVIII. mendeko erretore horren berririk.

Jakin-minez hasi nintzen liburua irakurtzen. Juan Irazusta hil zela 250 urte bete zirenean, 2022an, Alkizako Udalak bertako idazlea omentzeko egin nahi izan zuen eta Olatz Leturiaga Angoitia Hizkuntzalaritzako eta Euskal Ikasketetako ikerlariak idatzi zuen. Gaspar Astetek 1599an Madrilen idatzitako dotrina itzuli zuen euskarara Juan Irazustak, Hernialden erretore zegoela: Doctrina Christiana eguinzuana erdaraz Aita Gaspar Astete, Jesuitac. Ipinidu Eusqueraz don Juan de Irazusta Erretore Hernialdecoac.

Ondorengo urteetan Irazustak erabilitako euskararen kalitatea eta garbitasuna zalantzan jarri izan zuten. 1855ean salaketa bat bideratu zen Errezilgo, Albizturko eta Bidania-Goiazko artzapez-barrutitik dotrina “euskara txar eta lotsagarrian” idatzita zegoela-eta. Hala ere, liburuak 50 edizio inguru izan zituen, 1939an Lazkaoko beneditarrek atzena egin arte; eta Gipuzkoako neska-mutikoen dotrina nagusia izan zen XX. mendearen erdira arte. Irazustaren garaikide izan zen Manuel Larramendi maisuak ere ontzat jo zuen lana; akats bakarra omen zuen erdarazko hitz gehiegi erabiltzen zituela.

Dotrinari buruzko iruzkinak irakurtzen ari nintzela erabat ezaguna egin zitzaidan pasarte bat ikusi nuen.

Nor da jaungoycoa?
Da gauza bat esan eta pensatu alditequean excelenteena ta admirableena; Jaun bat infinitamente poderosoa, sabioa, justoa, principioa eta fiña gauza guztiena.

Gure ama zenak askotan aipatzen zuen pasarte hori, horixe baitzen adibide gisa erabiltzen zuen esaldia, txikitan makina bat gauza tutik ere ulertu gabe buruz ikasi zituela adierazteko. Nik ez dut inoiz pasartea buruz ikasi, baina ikusi orduko gogoratu nintzen amarekin, eta irudikatu ere egin nuen umetan, 1940 inguruan, bere jaioterrian, Beizaman, dotrina ikasten. Urteak pasa eta seme-alabak helduarora iritsita zituenean ere ez zuen lotzen amak principio hasierarekin edo iturburuarekin; are gutxiago fiña amaierarekin. Izan ere, beste zerbait adierazteko erabiltzen dugu fina.

Espainiako Errege Akademiaren hiztegian begiratuz gero, principio hitzarentzat 9 adiera behintzat azaltzen dira. Horietatik bosgarrenarentzat badugu euskaraz printzipio hitza, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera.

principio (DRAE)
5. Cada una de la prímeras proposiciones o verdades fundamentales por donde se empiezan a estudiar las ciencias o las artes.
Sin.: fundamento, tesis, ley, norma, regla, postulado, razonamiento.
printzipio (EH)
1  iz. Oinarrizko edo funtsezko egia edo legea, frogatzen ez dena edo beste arau edo adigaien iturburu gertatzen dena. Ik. hastapen 2; oinarri 2. Arkimedesen printzipioa.
2  iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, printzipio-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ‘hasiera’ adieran ez erabiltzea gomendatzen du; ik. hasiera 1; haste; hastapen 1].

Dotrinak adierazi nahi zuenerako, beraz, ez digu balio printzipio hitzak euskaraz.

Elhuyar hiztegian ageri dira adiera gehiago: iturburu, (edanarekiko zaletasuna bere arazo guztien iturburua izan da) jatorri, sorburu / oinarri (filosofiaren oinarriak).

Gehiago ere kontatzen zigun amak printzipioa zela eta; hitza ezaguna zuten, erabiltzen zuten, baina ez Arkimedesen printzipioaz jarduteko, ez beste inorenaz ere. Ematen zioten adiera Espainiako Errege Akademiaren hiztegiko principio sarreraren zazpigarrena da:

principio
7. Alimento que se servía entre la olla o el cocido y los postres.

Gutxitan egokitu zait euskaraz printzipio adiera horretan entzutea, baina are gutxiago gaztelaniaz. Plácido Múgicaren hiztegian gaztelaniazko principio sarreraren seigarren adieran ageri da kontzeptu horren euskal ordaina:

principio
6. plato de carne, vianda = jaki; pr. de pescado = arraiki; de carne = araki

Dotrina irakatsi nahian zebilen apaizak galdetu omen zion mutiko bati zer zen printzipioa; mutikoak emandako erantzunarekin, ordea, ez omen zen gustura gelditu:

– “Printzipiyua da babarrunen eta gainean jaten dena”.

Dibisak, Patricia Highsmith eta hitz jokoak

Angel Erro

Dirua, monetak, salneurriak itzul daitezke? Irakurtzen ari zaren eleberri edo kontakizun batean zerbaiten prezioa agertzea markagailu ona da, idatzi zenetik (edo, ongi dokumentatuta egonez gero, kokatuta dagoen garaitik) hona pasatu den denborarena. Gehienetan, testuinguruak lagunduta, gutxi gorabeherako itxura hartzen ahal diogu dena delako kopurua diru gutxi ala diru asko den. Irakurtzen ari zaren horretan agertzen den moneta atzerrikoa bada, itzulpenezko testuetan errazago gertatu daitekeen moduan, kontua konplikatzen da, are itzultzaileak oin-ohar batean dena delako diru atzerritara gurera aldatzea erabaki badu ere.

Itzulpenaren beraren higaduraren irudia du orduan begien aurrean irakurleak. Egileak aipatutako zifrak bere garaian zuen baliotik itzulpena egin den garaira aldaketa nozitu du, baina baita itzulpena egin zen garaitik gu irakurtzen ari garen garaira ere. Itzulpena, beraz, denboran ainguratzen du –denbora jakin baten emaitza dela ikusarazten du–. Agian horregatik gehienetan ez da kopuruen translaziorik egiten, edizio bat zaharkitua gelditzeko prozesua biderkatzen duelako.

XXX

Orain gutxi irakurri dudan Patricia Highsmithen Ripleyren jokoa eleberrian, esaterako, ez dute egin. Maiz agertzen da diru kopuru bat, baina egileak berak ematen du zenbait dibisatan. Jonathan Trevanny izeneko gizon arruntari hilketa bat edo bi burutzeko proposamena luzatuko dio Reeves Minotek, bere herrikidearen arteztasuna auzitan jarri nahi duen Tom Ripleyren iradokizunez. Zenbat balio duen norbaiten etikak? Eleberrian prezioa markoetan, dolarretan zein liberetan adierazita agertuko da, nork esaten duen, edo noren buruan sartuta gauden. Trevanny amerikarra da sortzez, baina Frantzian bizi da, Ripley bezala, baina egin beharreko lana Alemanian da, eta ordaintzaileak ere alemaniarrak dira.

Nahasgarria gerta daiteke, jakina, baina nire ustez argi dago horrekin Highsmithek zer nahi duen. Ez da, nire ustez, kapritxo hutsa. Idazle texastarrak besteen psikean sartzeko eta sarrarazteko duen gaitasunaren adierazgarria da. Berak baliatzen du pertsonaien edo egoeren gaineko ñabardurak gehitzeko. Kopurua dolarretan aipatzen denean, amerikar jatorriko protagonista bere buruarekin edo aberkide batekin ari delako seinalea dugu. Liberetan bada, emazte frantsesari diru purrustada nola azalduko dion duelako kezka. Markoetan, gaizkileekiko tratuan bada. Hor du Highsmithek zolitasun psikologiko handiko tresna.

XXX

Ez da hori Highsmithek pertsonaien barne egoera adierazteko erabiltzen duen baliabide bakarra. Nago hitz jokoak ere baliatzen dituela horretarako. Batzuetan hizkuntzen artekoak. Ripley trebea-n Tom protagonistak, Mongibellora iritsi berritan, Dickie Greenleaf-en galde egiten dionean bezala bertako etxekoandre italiar bati. Ripleyk ez daki (oraindik, liburuaren amaierarako ez bezala) italieraz zipitzik ere:

        The woman gave him a long, smiling answer in Italian and pointed downward toward the sea.
        ‘Jew,’ she seemed to keep saying. ‘Jew.’
        Tom nodded.

Eskura izan ditudan euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan (hurrenez hurren, Asun Garikanok eta Jordi Beltranek egindakoetan) andrearen erantzuna bere horretan ematen da: “Judu edo antzeko hitzen bat errepikatzen zuen etengabe. Judu”, eta “Judío –parecía decide incesantemente–. Judío”. Batean zein bestean galdu egiten da egilearen hitz joko mintzairartekoa, italierazko giù (behean) eta ingelesezko jew (judua) hitzen hoskidetasunean oinarritua, hemen Highsmithek pertsonaiaren ezjakintasun linguistikoa adierazteko darabilena.

Itzultzaile bietako batek ere ez du hartzen oin-oharraren irtenbidea, euskarazkoak agian judu horrek hitz-jokoa nolabait jasotzen duela iritzita. Baina benetako irtenbide txarra, oin-oharren beldurrez edo herraz maiz hartzen dena, da, EHUko Hizkuntzen arteko Corpusean kontsultatu berri dudanez, frantsesezko itzultzaileak egiten duena, italiar emakumearen erantzun guztia ezabatu baitu:

        La femme lui fit une longue et souriante réponse en italien et désigna la mer, en bas.
        Tom acquiesça.

Euskaraz irakurgai dagoen Ripley sailaren beste liburuan ere, Ripleyren jokoa-n alegia, hizkuntzen arteko talkek eta hitz jokoek pertsonaiak ezaugarritzeko balio dute, edo are zerbait ezkutatzen dutela iradokitzeko ere. Esaterako, bere burua frantsestzat pasarazi nahi duen gangster amerikar batek “je voudrais demander mon chemin” galdetuz gero, ingelesaren kalkoa dena, erraz asmatuko dugu ez dela sinetsarazi nahi diguna.

Eleberri horretan bada eszena bat Highsmithek hitz jokoetan zuen interesa, interes esan dezagun amaiezina, erakusten diguna. Jonathan Trevannyk Georges seme txikiari zertan ari den galdetzen dio (ingelesez, frantses amadun semea elebiduna baita). Honek weeding erantzuten dio, “jorran” esan nahi duena, baina, berez, reading esan nahi du (“irakurtzen”, alegia). Aitak ahoskera frantximanta zuzentzen dio eta biak nahastu egiten dira hitz joko edo gaizki-ulertuen segida umoretsu batean, aitak aurpegiratutako speech defect (mintzamen-akatsa) semeak peach defect (mertxikaren akatsa) ulertzen du eta, ondorioz, zizareez hitz egiteari lotzen zaio, ingelesez worms. Narratzaileak berak eteten du katea, esanez horrek Alemaniako Worms hirira eraman zezakeela, jokoak amairik ez duela iradokiz, edo agian hitzek Jonathan erruduna (Hamburgoraino hilketa bat egitera joandakoa) azkenean salatuko zutela.

Zoritxarrez, kasu honetan euskarazko itzultzaileak pasarte osoa kentzea erabaki du, agian oin-ohar batez baizik salbatuko ez litzatekeelako, eta jakin denok badakigu zer gutxi gustatzen zaizkien irakurleei (eta editoreei) oin-oharrak.

Gure euskararen esentziak

Asier Larrinaga Larrazabal

Lehengo azaroan, Alfontso Mujikaren argitalpena irakurtzen ari nintzela, kontzeptu bat gorpuztuz joan zitzaidan gogamenean: jatorrismoa. Jatorrismoa gaitz bat da, hizkuntzaren esentziak jagoteko ardurak eragiten duena. Berez, arreta hori ez da gauza txarra, baina, ‘hizkuntzaren esentziak’, ‘jagon’ edo ‘ardura’ okerretara hartzen ditugunean, jatorrismoan jausten gara. Gerta liteke ondorioak arinak izatea, adibidez, hizkuntza-mailak nahastea, albiste-testuetan ‘baleko’ edo ‘eskarmentu’ erabiltzen direnean bezala. Larriagoa da ideiak nahastea, esate baterako ‘dependentzia’ (Espainiako 36/2009 legeko adieran) eta ‘mendekotasun’ parekatuz, edo ‘kate’ eta ‘kanal’ kontzeptuekin morokil bat eginez (ez, Euskaltzaindiaren Hiztegia ere ez dago gaitz honetatik salbu). Eta zer esan Alfontsok blogera ekarritako itzulpenaz eta hura bezalako beste askoz? Euskara barregarri uzten dutela. Hona beste bat: ‘Donostiako Ekonomiako eta Bertako Enplegurako Zinegotzigoa’, gaztelaniaz ‘Concejalía de Economía y Empleo Local de San Sebastián’. Harrigarri samar egin zitzaidan ‘local’-en ordaintzat batzuk ‘tokiko’ bultzatzen hasi zirenean, baina “irentsi” nuen. Ez dakit ‘bertako’ irentsi ahal izango dudan; ekonomia eta enplegua besarkatzen ez dituen artean, behintzat, ez.

Esan dezadan, edozelan ere, ardura apur bat handiagoa ipini beharko genukeela euskararen esentziak jagoten, guztiz antzaldatuta sentitzen baitut gure hizkuntza aspalditik publikoarentzat prestatzen diren testuetan. Ni triste ipintzen naiz etxeko txikiak aipatzeko ‘txikienak’ entzuten dudanean (cf. gazt. ‘los más pequeños’). Tristea da, bai, beti gaztelaniaren morrontzan ibiltzea. Hitz ederra zabaldu zen euskaraz Internet gure artera heldu zen garaian, ‘webgune’, ingelesezko ‘website’-ren ordain ezin egokiagoa, baina, egun, ‘web-orrialde’ zentzugabea lehiakide gogorra du, gaztelaniazko ‘página web’ inprobableak aupatuta. Apurka-apurka, hitz eta esamolde berriekin, gure mundu-ikuskera bera aldatuz doa. Orain, gure umeek ez dute lagun kutunik, edo lagun minik, edo, beste barik, lagun onik. Orain, gure umea eta auzokoarena lagun hoberenak dira, ingelesez ‘best friends’ direlako, inoiz bizipen edo esperientzia sakonik partekatu ez badute ere. «I love you» esaldiak berdin-berdin kolonizatu gaitu. Bikoizketan, garai batean, horren ordaintzat «musu bat» jartzeko gomendatzen zen, esate baterako, ama-semeen telefonozko elkarrizketa baten amaieran.

Antzaldatzea esan dut, baina. Ez da gehiegikeria. Orain, testuak ‘jada’-z beteta aurkitzen ditut: «Surfaren munduan girotua egotea jada berrikuntza bat da euskal fikzioaren panoraman». Esaldi hori zegoen testuak 286 hitz zituen, eta lau ‘jada’. Orain ez dago zortzietan hasten den partidarik, kontzerturik edo programarik. Orain, denak hasten dira zortzietatik aurrera. Orain ez du inork politikaz hitz egiten, ezta politikari buruz edo politikaren gainean ere. Orain, mundu guztia mintzo da politikaren inguruan. Batzuek hizkuntzaren eboluzio-joera naturalaren agerbidetzat hartuko dituzte halako berrikuntzak. Ez horixe. Euskaran izandako eboluzio horietan ez dago berezko bilakaerarik, baizik gaztelaniaren eragina; zehatzago esanda, denbora guztian, baita ustez euskaraz sortzen diren testuetan ere, gaztelaniatik itzultzen aritzeak eragiten duen kutsatzea. Kutsaketa horietako batzuek, gainera, gure hizkuntza barren-barrenetik ukitzen eta iraultzen dute, esate baterako, ‘izena1 de izena2-pl’ erako egituren euskarazko ordainei dagokiena. Hona adibide batzuk: día de puertas abiertas, banco de alimentos, periodismo de datos, comunidad de espectadores… Euskaraz, honela emanda aurkitu ditut: ate irekien eguna, elikagaien bankua, datuen kazetaritza, ikusleen komunitatea… Izugarria da. Dirudienez, pluralak hain du pisu handia ezen ahantzarazi baitigu euskaraz izen-elkarketa existitzen dela: elikagai-bankua, datu-kazetaritza, ikusle-komunitatea… Eta, harako hark esango lukeen bezala, -KO ez dela (inolaz ere) -EN: ate irekiko eguna.

Beste gauza izugarri bat hau da: «San Tomas Azoka 2023». Ez beti esaldi hori zehatz-mehatz: «Araba Euskaraz 2020», «Itzulia 2019», «Aste Santua 2005»… Gure inguruko hizkuntzetan, sintaxiak bide ematen die halako egiturei («Semana Santa (de) 2005»), baina euskarak beste ordena bat ezartzen du: «2005eko Aste Santua». Erabaki beharra dago: edo amore eman, edo euskararen berezkotasuna, jatortasuna zaindu. Nik garbi daukat, eta, beraz, sutara bidaltzen ditut «Korrika 2019», «Arte Ederren Bilbao Museoa», «Metro Bilbao» eta abar luze bat (bat edo suak ondo hartzeko behar beste).

Irakurminak

Amaia Lasheras Perez

Blog honetan berriki argitaratutako Itzulminak artikulua ekarri nahi nuke hona gaurkoan. Han, Amaia Astobizak gogoeta egin zuen itzulpenek profesionalongan uzten duten arrastoaz eta lan batzuek gu transformatzeko izan dezaketen gaitasunaz. Eta horri bueltaka ibili naiz egun hauetan, Arantzazu Royok eta Xabier Olarrak itzulitako eleberri bat irakurtzen ari nintzela: Jakobian eraikina (Alaa Al Aswani). Izan ere, hura irakurtzeak aztarna sakona utzi dit barrenetan.

Aitortu behar dut guraso naizenetik, oso sentikor bihurtu naizela zenbait afera direla eta. Batez ere, haurrekin lotutako gertaera latzak suertatzen zaizkit jasanezin, eta erraz hasten naiz negarrez film batean haur bati zorigaitz bat gertatzen bazaio. Umeek jasandako abusuen berri badut, burutik ezin kenduz ibiltzen naiz egun batzuez. Horrelako gaietan, eragin bertsua sortzen didate gertaera errealek nahiz fikziozkoek.

Bada, gustura murgiltzen ari nintzen 1980ko hamarkadako Kairoko giroan; istorio itxuraz xumeen bidez, orduko gizartearen erradiografiaz gozatzen. Harrituta gelditzen ari nintzen zenbait gauzarekin; ez nuen espero gehiengo musulmaneko herrialde batean sexu-kontuak hain agerikoak izatea (40 urte joan direnez, beharbada gauzak aldatuko ziren): amoranteak, lanari eusteko nolabait ere prostituitu beharra, harreman homosexualak… Eta ia oharkabean ailegatu zen haurraren kontrako erasoa. Ez nuen espero. Bortxaketaren irudia bereziki asaldagarri suertatu zitzaidan. Izan ere, kontatuta dagoen bezala, amodioz eta erotismo finez betetako eszena bat da; ia kitzikagarria. Nola liteke horrelako munstrokeria ederra suertatzea? Idazleak maisutasunez eta itzultzaileek bikaintasunez lortu dute maitasunez egindako bortxaketa-segida gisa islatzea.

Hamaika gauza etorri zitzaizkidan burura pasartea irakurritakoan. Nola izan zitezkeen hain axolagabeak haur horren gurasoak? Eta nire semeari ere horrelako zerbait gertatu bazaio eta ni ohartu ez? Nola kudeatuko ote zuen mutiko horrek urte luzeetako esperientzia hura? (Liburuak aurrerago erantzun zion nire azken galderari). Munduan zenbait umeri gertatuko zitzaion horrelako zerbait? Biktimek gertatutakoa isilpean gordetzen badute, milaka, milioika izan daitezke. Nola sentitu ziren Royo eta Olarra hain gertaera lazgarriak edertasunez jantzi behar izan zituztenean? Fisikoki ere eragiten zidan eszena horretan pentsatzeak: goragalea, nazka, higuina. Beharbada, bortxatzailea ez delako gaizkiletzat hartzen suertatzen zitzaidan hain jasangaitza.

Eleberria baztertu behar izan dut bolada batez. Irakurtzen segitzen saiatu nintzen, baina bortxaketa “eder” hori eta geroko abusuak han barruan zeudela jakiteak ez zidan bakea ematen. Behatz artean sentitzen nuen bortizkeria hura liburua bera ukitzean, eta irudi horiek behin eta berriz etortzen zitzaizkidan burura. Ezin nuen jasan. Uste dut oraindik egun batzuk beharko ditudala barrenak lasaitu eta berriz liburuari ekiteko.

Zoritxarrez, gaurkotasun handiko gaia da haurren kontrako erasoena, “Epsteinen uhartea”ren aferak berriki erakutsi digun bezala. Gizaki helduon doilorkeria erakusten digute berriz ere gertaera horiek. Eta, bai, lehengoan Care Santos idazlearen artikulu batean irakurri nuen bezala, liburuek jakin behar dugun guztia eskaintzen digute; gauza on eta txar guzien berri ematen digute. Horixe omen da literaturaren handitasuna. Baina, ikusten denez, ni une honetan ez nago edozein gauza jasateko prest. Amaia Astobizak aipatutakoaren ildo beretik, “irakurmin”ek ez didate uzten.

Hitanoa harridurazkoetan?

Xabier Olarra

Aurreko artikuluan aipatu nuen agian heldua izan zitekeela alokutiboa galderetan ez erabiltzeko debeku zorrotza pixka bat lasaitzeko garaia, eta arauak ematen dituztenek aukeran uztekoa. Edo bestela, tradiziozkoa lehenetsi arren, joera “berria” ere ontzat ematekoa.

Dena dela, orduan esan bezala, Euskaltzaindiak ezer gutxi arautu du hitanoaren erabilerari dagokionez. Hala ere, Euskara Batuaren Eskuliburuan, bada zerbait arautua:

e) Galderetan ere ez da ohikoa izan alokutiboa: ?Egingo al zionagu elkarrizketa bat? (> Egingo al diogu elkarrizketa bat?).

Eskuliburu horretan beste debeku batzuk ere aipatzen dira, aurreko artikuluan aipatu nituenak. Baina ez dut uste ezer esaten denik harridurazko perpausei buruz. Dena dela, erabileraren kontua finkatzeko irizpideak ematen saiatu direnetan Ritxi Lizartza da aipagarriena, eta hark egindako lana beste eskuliburu batean bildua zen lehenagotik: Hitanoa. Mintza hadi lagun[1].

Ritxi Lizartzak hainbat debeku aipatzen ditu hitanoaren “muga morfosintaktikoak” atalean. Ia denak oso zentzuzkoak, nire ustez, baina bada “mandamentu” bat, gaur eztabaidagai jarri nahiko nukeena.

Honela dio Muga morfosintaktikoak izenburua duen 7. atalean:

2. Galderazko eta harridurazko perpausetan ezin da erabili.
Itauna ez da sekula izan hitanoaren esparrua. Bide horretatik, badirudi ipar-ekialdeko euskalkietan sekula ez dela galderetan hitanoa erabili.

Eta gero hainbat adibide ematen ditu erabilera “okerraren” lekuko.

Gaur, harridurazko perpausetan erabili ezinari buruzko iruzkin bat edo beste egingo dut artikulu honetan. Honela dio eskuliburuak:

Harridurazkoetan ere ez dago alokutiboa erabiltzerik. Harridura perpausa galdetzaileren baten bidez osatuta agertzen denean (zer dakit nik!) edota harridurazkoen berezko egitura fosilizatuetan (izango ahal gara zoriotsuak!) eutsi egingo diogu debeku horri. Gainera, askotan mendeko perpausen egiturapean daude osaturik.

Eta adibide hauek ematen ditu gero:

Dabilena badabil! (Ba- hori aditzaren baiezkotasuna adierazteko da)
Bazen gauzak ondo ateratzeko garaia!
Eskerrak garaiz samar iritsi nintzen bart!
Hau da hau zoriona, egokitu zaiguna!
Nik ahal dakit ba!
Horixe behar genuen!
Zer izango da luzea, gizona!
Ezagutuko ez dut ba!

(azpimarrak nireak dira)

Ez dut dudarik egiten harridurazko perpausetan alokutiboa erabiltzea debeku dela perpausa galdetzaileren baten bidez osatuta agertzen denean (adizki neutroa erabili behar da, beraz).

Zer ederra den!
Zeinen ederra den!
Zenbat denbora alferrik galtzen dugun!

Baina ez nuke esango gaitzestekoa denik harridurazko berezko esaldi fosilizatuak deitzen dituen batzuetan alokutiboa erabiltzea. Esate baterako, har dezagun hor goiko adibideetatik honako hau:

Hau da hau zoriona, egokitu zaiguna!

Horren parean, niri, eta uste dut ez naizela bakarra, erabat onartzekoak iruditzen zaizkit, esate baterako, beste hauek:

Hau dek, hau dek, hau dek umoria! ♩♩ ♩♩ ♩♫♫♩♩
Hau dek sasoia, hau! Hau den mauka, hau!
Hau dun astapotroa, hau!
Marka duk gero!

Hala ere, eskuliburu benetan gomendagarri horren egileak berak, trapuan pupua jarriz edo, honela dio hasierako zorroztasuna leunduta:

Hala eta guztiz ere, oso eremu zehatzetan erabiltzearen alde egin dugu, ez baita erraza jakitea adierazpen-perpaus arruntaren —baiezkoa /ezezkoa/ zalantzazkoa— eta harridurazkoaren arteko aldea, hizketan ari garenean, intonazioaz eta beste ahozko hizkeraren ezaugarri batzuetaz aparte.

Nire ustez, hor egon daiteke gakoa, hain zuzen ere harridurazko perpausak ez direla denak berdinak, eta horietako batzuk “adierazpen perpaus arruntak” direla, enfasi pixka bat edo asko gehituta: Ederra zegok! Benetan ederra zegon! Mundiala zegoan! Eta kasu horietan, nire ustez, hitanoa erabiltzea (oso arrunta izateaz aparte) zilegi da.

Espero dut, “muga morfosintaktikoak” direla medio, inor ez saiatzea “zuzentzen” goian aipatutako kanta.


[1] Hitanoa. Mintza hadi lagun. Mara-mara taldearen hitzkuntza zerbitzuak, Donostia, 2009.

Euskararen lexiko akademikoa

Igone Zabala Unzalu

Lexiko akademikoaren zerrendek testu akademikoen hiztegi-elementu bereizgarriak biltzen dituzte: hizkuntza baten maiztasun handieneko lexikoan ageri ez diren edo testu akademikoetan maiztasun bereizgarriaz erabiltzen diren hiztegi-elementuak. Hortaz, lexiko-zerrenda akademikoak diziplina artekoak izaten dira, eta diziplina bakoitzaren berariazko terminoak alde batera uzten dituzte[1]. Hasiera batean, halako zerrendak biltzeko helburua izan zen hizkuntzen helburu akademikoetarako irakaskuntzarako ikastaroak eta materialak prestatzea, baina berrikiago, testu akademikoen idazketarako laguntza-tresnak elikatzeko ere osatzen ari dira horrelako zerrendak[2]. HARTAvas proiektuan[3], euskarazko lexiko akademikoa erauzi dugu, kolokazio akademikoak identifikatzeko, eta idazketa akademikoari laguntzeko HARTA/TAILA tresna elikatzeko. Lortu dugun lexiko akademikoaren zerrenda oso baliagarri gertatu zaigu baita EHUko gradu guztietan eskaintzen diren euskarazko komunikazio akademiko-profesionaleko irakasgaietarako eta irakasleei eskaintzen zaizkien mintegietarako.

Lexiko akademiko esaten zaio edozein diziplinatako testu akademikoetan maiztasun bereizgarriaz erabiltzen den lexikoari. Hortaz, lexiko espezializatu edo terminologiatik bereizten da, terminoak diziplina bateko kontzeptu espezializatuak adierazteko erabiltzen diren hiztegi-elementu espezializatuak baitira. Euskarazko lexiko akademikoa erauzteko, HARTAeus corpus akademikoaren (3.484.162 hitz)[4] lemen maiztasunak alderatu ditugu Dabilena corpus orokorrean[5] (300.217.903 hitz) duten maiztasunarekin. Corpusaren lau domeinu nagusietan[6] eta testuen % 20 baino gehiagotan ageri diren hautagaiei corpusen arteko alderaketak egiteko erabiltzen den log-likelihood neurria aplikatu diegu. Ondoren, eskuz aukeratu ditugu lexiko akademikoaren zerrendarako errelebantetzat har daitezkeen elementuak. Horrela lortu dugu 846 elementuko zerrenda: 365 izen, 246 aditz, 182 adjektibo eta 53 adberbio.

Zerrenda horretako elementu gehienak inolako arazorik gabe erabiltzen dituzte egunero ikasleek eta irakasleek testu akademikoetan, baina badira etengabe nahasteak eta erroreak eragiten dituzten elementuak ere. Izenen artean, aipamen berezia behar du #pausu izenak. Izan ere, 670 agerraldi ditu corpusean, baina ez ‘atseden’ adierazteko, urrats (540 agerraldi) izenaren sinonimoa den pauso (632 agerraldi) erabili nahian baizik. Maiztasun handiz erabiltzen diren eta oso maiz oker erabilita agertzen diren beste izen batzuk dira froga eta proba. Zehaztasunari begira, garrantzitsua da bi izen horien esanahiak egokiro bereiztea, baina maiz ikusten eta entzuten da froga izena proba behar den testuinguruan. Antzera gertatzen da hazkuntza izenaren kasuan: ‘kultibo’ esan nahi badu ere, hazkunde edo haziera behar den testuinguruetan aurkitzen da oso maiz. Askotan nahastuta aurkitu ohi diren beste izen batzuk dira ikasketa ≠ ikerketa ≠ ikerkuntza; kantitate ≠ kopuru ≠ zenbaki; sorkuntza ≠ sorrera eta zehaztasun ≠ xehetasun.

A itsatsiak ere errore ugari eragiten ditu. Nabarmentzeko modukoak dira garrantzi, antz eta hipotesi izenak, a itsatsirik ez badute ere askotan a itsatsia balute bezala erabilita ikusten baitira (*garrantzia handia). Maiztasun handiz erabiltzen diren a itsatsidun zenbait izen, aldiz, a gabe erabiltzen dira askotan (*emaitz esanguratsuak). Horien artean aipagarrienak dira abantaila, desabantaila, emaitza, gabezia eta ordena. Bestalde, luzera izena *luzeera idatzita ikus daiteke maiz.

Adjektiboen artean, aipatzeko modukoak dira maiztasun handiz nahasten diren hauek: adierazgarri / esanguratsu; bera / berdin; eskas / urri; jakin / konkretu / zehatz / mugatu. Aditzen hautapen egokia egitea ere funtsezkoa da diskurtso akademikoa egokiro garatzeko, eta luze aritu gintezke aditzen erabilerari buruz, baina maiz nahastu ohi diren aditzen adibide batzuk baino ez ditugu emango: baimendu / ahalbidetu; baieztatu/ frogatu; behatu / ikusi; bereizi / desberdindu; burutu / egin; ekidin / saihestu; bilatu / aurkitu.

Hiztegi-elementu batzuk ezin dira okertzat hartu, baina desegokitzat har daitezke estilo zaindua eskatzen duten testu akademikoetarako. Aipatzeko modukoak dira hausnartu, hausnarketa, topatu, kontsideratu, suposatzen du eta ematen dira modukoak. Egokiagoak dira testu akademikoetarako, hurrenez hurren, gogoeta egin, gogoeta, aurkitu, -tzat hartu, dakar / eskatzen du eta gertatzen dira modukoak.

Erregistro akademikoez ari garenean, hiztegi-elementuen hautapena ez ezik, funtsezko aztergaia da hiztegi-elementu akademiko horiek testu akademikoetan ematen dituzten kolokazioak[7]. Kolokazioen finkapenaren atzean dago erabilera-maiztasun handia, azkenean diskurtso-komunitate baten norma bihurtzera eramaten dituena. Nolanahi ere, zenbaitetan diskurtso-komunitate akademikoetan erabilera-maiztasun handia duten konbinazioak ez dira hiztegietan edo estilo-liburuetan kodifikatuta ageri direnak. Adibidez, zenbait estilo-libururen eta hiztegiren arabera, urrats izena egin aditzarekin kolokatzen da (urratsak egin). HARTAeus corpusean, aldiz, urratsak eman eta pausoak eman konbinazioek baino ez dute gainditzen kolokaziotzat hartzeko langa. Erabileraren erabileraz finkatzen doazen joera idiosinkratikotzat har daitezke horiek, eta ez dirudi justifikatuta dagoenik testu akademikoetan urratsak egin kolokazioaren aldeko borroka sutsua egitea.

Ildo beretik, aipatu beharrekoa da izen akademikoekin konbinatzen diren zenbait aditzen erregimena, bereziki, jarraitu aditzarena[8]. Jarraitu aditzarekin kolokazioak osatzen dituzten izen akademikoetako batzuk dira pauso, protokolo, irizpide, prozedura, eredu, eskema, ordena eta egitura. Hiztegien arabera, datiboa hartzen du jarraitu aditzaren osagarriak (ereduari jarraitu diogu) baina corpus akademikoetan datiboa daramaten adibide bakan batzuk aurki badaitezke ere, kolokazioak erauzteko teknikak erabiliz, izen akademikoa absolutiboan duten kolokazioak baino ez dira azaleratzen (eredua jarraitu dugu).


[1] Coxhead, Averil. 2000. A new academic word list. TESOL Quartely 34 (2). 213-238.
Drouin, Patrick. 2007. Identification automatique du lexique scientifique transdisciplinaire. Revue Française de Linguistique Appliqué. 12 (2). 45-64.
Granger, Sylviane & Magali Paquot. 2015. Electronic lexicography goas local: Desing and structures of a need-driven online academic writing aid. Lexicographica: International Annual for Lexicography. 31 (1). 118-141.
García Salido, Marcos. 2021. Compliling an Academic Vocabulary List of Spanish. DOI:10.13140/RG.2.2.27681.33123

[2] Frankenberg-Garcia, Ana, Robert Lew, Jonathan C. Roberts, Geranti Paul Rees & Nirwan Sharma. 2018. Developing a writing assistant to help EAP writers with collocations in real time. ReCALL. 31 (1). 23-39.
García Salido, Marcos, Marcos García, Milka Villayandre & Margarita Alonso-Ramos. 2018. A Lexical Tool for Academic Writing in Spanish Based on Expert and Novice Corpora. In Proceedings of the Eleventh International Conference on Language Resources and Evaluation, 260-265.

[3] Ministerio de Ciencia e Innovación erakundeak 2019ko deialdian finantziatuko Coruñako Unibertsitateko eta UPV/EHUko ikerketa-talde biren arteko proiektu koordinatua: PID2019-109683GB-C21 eta PID2019-109683GB-C22.

[4] HARTAeus corpusa Garaterm corpusean integratuta dago, eta kontsulta publikoetarako zabalik dago, bilaketa-interfaze aurreratuan, “Non” botoia sakatuta, eta “HARTAeus” aukeratuta. HARTA/TAILA tresnan ere badago corpusean bilaketak egiteko aukera.

[5] Lexiko akademikoa erauzteko kontraste-corpus modura erabili dugun Dabilena corpusa Elhuyarrek garatu du, eta Internetetik hartutako testuez osatuta dago.

[6] HARTAeus corpusak lau eremu nagusi ditu: Arteak eta Humanitateak, Biologia eta Osasun Zientziak, Gizarte Zientziak eta Zientzia Fisikoak.

[7] Kolokazio esaten zaie harreman sintaktikoa duten hitz-bikoteen konbinazioei. Konbinazio asimetrikoak direla esan daiteke bikotekideetako baten (oinarriaren base) hautapena haren esanahiaren arabera era askean egiten bada ere bestearen (kolokatuaren collocate) hautapena oinarriak murrizten duelako.

[8] Jarraiki aditza ez dugu kontuan hartu, askoz ere gutxiago erabiltzen baita testu akademikoetan, eta ez duelako gainditu lexiko akademikoaren zerrendetan sartzeko langa.

Belarriko kilkerra

Amelia Pérez Conde

Aurreko artikuluan ahozko istorioak literatura idatzira ekartzeari buruz idatzi nuen. Artikulu honetan gai berari helduko diot berriro, baina kasu honetan Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak idatzitako Belarriko kilkerra izeneko liburua aipatuko dut.

Itxialdian, denboraldi berezi hartan, Uxueren aitak audioak bidali zizkion Uxueri, egun berezi horiek sormenez edertzeko. Itxialdia amaituta, Uxue beste liburu bat idazten ari zela, bat-batean, istorio horiekin gogoratu zen, eta hauxe bururatu zitzaion: aitari, lagunei eta hurbileko pertsonei eskatzea istorioak berari ahoz kontatzea eta, gero, ahozko istorio horiek idatziz jasotzen saiatzea. Ez da ariketa erraza!

Uxuek azaldu du ariketa horretan bereziki zaindu duela istorio idatziek ere ahozkotasunaren xarma eta ñabardurak izatea. Izan ere, ahozko istorioetan kontalarien ahotsa, begirada eta gorputz-hizkuntza, besteak beste, oso garrantzitsuak dira, eta batzuetan kontalariek gauza ugari esaten dituzte hitzik gabe. Baina literatura idatziak ere baditu bere baliabideak, eta haietako batzuk, adibidez, ilustrazioak dira. Belarriko kilkerra liburuaren ilustrazioak Begoña Durruty-k egin ditu, beraz, badugu aukera ilustrazioekin ere gozatzeko.

Mende beteko istorioak zabaldu ditu liburuan, eta, agian, horixe da inportanteena, istorio horiek gaur egun aukera handiagoa dutela bizirik jarraitzeko. Izan ere, bidaian hasi dira jada, eta transmisio-katea zabaltzen ari da, istorioak Belarriko kilkerra liburutik irakurleen ahora jauzi egiten ari baitira. Hona hemen adibide bat (amaierara arte adi egotea gomendatzen dizuet!): Polloeko Burezurra.

Uxueren hitzetan, ahozkotasuna, transmisioa eta memoria dira liburuaren hiru zutabeak. Gaiak gizaki guztioi kezkatzen gaituztenak dira, besteak beste, ausardia, lotsa, beldurra eta gosea; nork ez du halakorik sentitu! Eta nork ez du horri buruz gehiago ikasi nahi! Liburua lau ataletan banatuta dago. Lehenengo atalean bihurrikeriak kontatzen dira; bigarrenean, heriotza eta galerak (Zerurako eskailera du izena); hirugarrenean pertsonen arteko harremanak jorratzen dira, baita batzuetan sortzen diguten mina ere; eta laugarrenean gorputza da hari nagusia, nahiz eta gorputza eta gorputz-atalak liburu osoan gai garrantzitsua izan.

Uxuek azaldu duen bezala, istorioak aitak, lagunek eta kontalari askok kontatu zizkioten, baina beste batzuk, ordea, Ahotsak proiektuaren bidez ezagutu zituen. Ahotsak proiektuaren helburua Euskal Herriko ahozko ondarea zaintzea da, hain zuzen ere, eta urte asko eman ditu ahozko istorioak babesten. Proiektuko istorioak herrika eta gaika antolatuta daude, eta istorioekin batera, tradizioak eta beste garai batzuetako bizimoduak ere ezagutzen ditugu. Hona hemen adibide bat: Laboreak ikasten.

Batzuetan guk aukeratzen ditugu istorioak, beste batzuetan istorioek gu aukeratzen gaituzte, baina istorio bat partekatzen denean, zerbait ikasten dugu beti, edo, are garrantzitsuagoa, zerbait sentitzen dugu beti. Bestalde, Uxuek liburuaren harira beste gai garrantzitsu bat aipatu du: «jolasean heldu ziola erronkari»; izan ere, helduok maizago jolastu beharko genuke!

Kanpaina instituzionaletako euskara

Alfontso Mujika

Erakunde publikoek kanpaina instituzional ugari egiten dituzte, eta ikus-entzunezko komunikabideetan eta kaleetan noiznahi ditugu kanpaina horietako iragarki laburrak ikusgai, entzungai, irakurgai.

Gaztelaniaz pentsatu eta diseinatutako kanpainak izaten dira ia guztiak, badakigu, baina mezuak euskaraz ere ematen dira. Kanpaina instituzionaletako mezuak ez dira izaten publizitate-mezuak bezain deigarriak, bezain “sortzaileak”, ez dute hizkuntza-jokorik izaten, ez dira izaten hizkuntza baten esapide edo atsotitzen baten inguruan edo hitz baten adiera-joko baten inguruan ardaztuak, erreferentzia-irudi eta guzti. Alegia, ez dira izaten kanpaina burutsu horietakoak, kanpaina abiarazi baino egun bat lehenago edo ordu batzuk lehenago ¡Pónmelo en euskara! esaten dizuten horietakoa, itzultzaileari, zuzenean, Hoa kaka egitera hire kanpaina txatxu itzulezin horrekin! pentsarazten dion horietakoa (bezeroari zer pentsatzen duen ezin esango badio ere).

Ez, ez dira horrelakoak izaten. Aurrezki-kutxa estiloko iragarkiak izaten dira: mezu lauak, laburrak, konplikaziorik gabeak (irudi oso editatuak, jende atsegina, giro lasaia), testu laburrak eta argigarriak, landuak, helburua informazioa ematea izaten baita. Beraz, goitik behera erdaraz pentsatuak badira ere, ez dira arazotsuak izaten itzultzeko. Eta jende askok ikusiko/entzungo/irakurriko dituenez, uste dut zilegi ez ezik beharrezkoa dela itzulpen zainduak, duinak izatea eskatzea, euskara naturala eta ez behartua erabiltzea eskatzea. Hau da, aldizkari ofizial batean ezkutatuta argitaratuko den eskola baterako hornigaien zerrenda bat itzultzean ezin eskatuko diogu itzultzaileari literatura egitea, baina kanpaina instituzional batean, non xehetasunak eta mezuak zaintzen baitira, euskarara itzulitako testua konplia izatea eskatzea ez da asko eskatzea, ezta?

Hona hemen lau erakusgarri, azken bi hilabeteotakoak.

1- ETEentzako laguntzak

Eusko Jaurlaritzak 2024ko ETEentzako Laguntza Plana onartu du, eta ETBn egunero ematen ari dira iragarki hau:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/albistea/2024/eusko-jaurlaritzak-2024ko-eteentzako-laguntza-plana-onartu-du-gobernu-kontseiluaren-urteko-lehen-bileran-gobernu-bilera-2024-1-9

Izenburuan bertan dago lehen arazoa:

<ETEntzako> hori <ETEentzako> izango da, ezta?

Eta barruan, ahozkoan, desberdin dontsua: “laurogei programa ezberdin baino gehiago”.

(Ez hadi pipertu, Alfon, desberdinarena gerra galdua duk)

2- Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren iragarki bat auzoko taberna batean, joan den abenduan, adinekoen eta gazteen arteko bizikidetza bultzatzeko KUVU proiektuaren berri emateko.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

¿Eres una persona jubilada con una habitación vacía en casa?

Etxean logela huts bat duen jubilatua zara?

Erlatibo zehaztaile desegoki batez eta, gainera, “bat” kenduta. Zer da, itzultzaile automatikoaren itzulpena?

Nola adieraziko genuke euskara naturalean mezu hori gaizki kalkatu beharrean? Adibidez, honela:

Jubilatuta zaude eta logela huts bat duzu etxean?

(Ez hadi pipertu, Alfon, aldamenean gaztelaniazko esaldia daukak, gaizki-ulertuak argitzeko)

3- Emakumeen aurkako indarkeria

Berdintasun eta Justizia Sailaren emakumeen aurkako indarkeriari buruzko iragarki bat. Bideo labur bat da, egun hauetan egunero ematen ari direna ETBn. Emakume bat ageri da hizketan, eta honela dio:

“(…) senarra suminduta iristen da lanetik, eta nirekin ordaintzen du.”

Ez dakigu zer ordaintzen duen, baina badakigu denok zer dagoen atzean: “la paga conmigo”.

(Ez hadi pipertu, Alfon: irristadatxo bat)

4- Gazteaukera

Eusko Jaurlaritzaren Gazteaukera atariak (Euskadiko gazteentzako informazio-atari ofiziala) Emantzipa programaren bidez laguntzak ematen dizkie emantzipazio-prozesua hasi nahi duten gazteei. Iragarki bat egunero jarri dute duela gutxi arte ETBn. Honela dio: (https://twitter.com/Gazteaukera/status/1735250981657453043)

<25-29 urte bitartean badituzu eta emantzipatu bazara edo egin behar baduzu, hilean 300 euroko laguntza eduki dezakezu…>

“emantzipatu bazara edo egin behar baduzu,”

Egin behar baduzu zer? Garbi dago zein den egin aditz anaforiko ustel horren jatorria: si te has emancipado o vas a hacerlo.

(Ez hadi pipertu, Alfon: zorionez gaztelaniaz badakigunez, euskara hori uler zezakeagu)