Gauez euripean gidatzeaz (eta bi boutade txiki)

Santi Leoné

Arrunt interesgarria iduritu zitzaidan Joannes Jauregik duela egun batzuk blog honetan idatzi zuen sarrera, eta eskertuko nukeen lehenago idatzi izan balu, zeren zubi hizkuntzen bidezko itzulpen baten hondarreko esaldia euskaratu eta hamar minutura edo irakurri bainuen. Testu bat itzultzea gidatzea bezala bada –erran nahi baita, ezker-eskuin bidea zedarritzen duten marra jakin batzuk gainditu gabetanik zehatz eta doi egin beharreko ariketa bat–, iduritzen zait orduan gauez gidatzea bezala dela zubi-hizkuntzak erabiliz egiten den itzulpena: lurreko marrak ez dira kasik ageri, eta, maiz, ikusi baino gehiago, egiten dugu susmatu errepidea hor nonbait dagoela.

Ados nago Jauregiren lehen boutadearekin: zeharbidezko itzulpenak planifikazio handiagoa eskatzen du. Ados nago orain, alegia. Eta horregatik eskertuko nukeen artikulua lehenago irakurtzeko aukera izan banu. Ez dut planifikatzeko asti handirik izan, nolanahi ere, zeren, kontu batzuk tarteko, aski epe estua izan baitut itzulpena egiteko. Hasmentan espainolezko itzulpena hartuta, goizkara atera zitzaizkidan bidera lehendabiziko bandera gorriak, hala nola Manes –hots, Manak, erromatarren hilen arimak– eta manos –hots, eskuak– nahasi izana, eta, astiro-astiro, katalanezko itzulpenera lerratuz joan nintzen; aitzinera egin ahala, ordea, alemanezko itzulpenak hartu die gaina gainerakoei. Espainolezko itzulpena –baita, zenbaitetan, katalanezkoa ere– bigarren planoa uztera bulkatu ninduten arrazoiek Jauregiren bigarren boutadera naramate: itzultzaileak fidatzeko jendea dira oro har.

Horrekin ere, lehendabizikoarekin bezala, ados nago, baina salbuespen bat gehituko nioke: itzultzaileak fidatzeko jendea dira, fidatzekoak ez direlarik izan ezik. Izan ere, Frantziako Vosge mendiei –pluralean– sistematikoki Vogers edo Vosgo mendia –singularrean– deitzen dienak halako ezinegon puntu bat sortzen baitit. Gogora ekartzen dit Idoia Torregaraik Mikroipuinak liburuan bildu dituen txio horietarik bat: ni perfekizonista naiz. Xehetasunetan arretarik paratzen ez duenak neketan paratuko du lan orokorrean. Galdera da kontrakoa ere egia ote den.

Julen Gabiria izan dugu berriki Iruñeko Hizkuntza Eskolan Palestina komikiaren itzulpenaren kariaz. Berea egin ahala bertze itzulpen batzuetan harrapatu zuen hanka-sartzeren edo itsuskeriaren bat komentatu zigun, eta nabarmendu zigun zer-nolako poz maltzurra ematen duten horrelako aurkikuntzek. Nik ere horrelakoren bat harrapatu dut nire zeharbidezko itzulpena egin ahala, baina zalantza izan dut: Vosge mendiak –ez Vogers, ez Vosgo mendia– egoki itzultzeak bermatzen du itzulpen osoaren kalitatea? Edo poz maltzur horiek itzultzaileak bere buruari ematen dizkion goxokiak dira, ongi ari delako segurtasuna bilatu nahian?

Esku artean izan dudan liburua euskaratu bitartean, itzultzaile saritu batek euskarara ekarritako lan bat irakurri dut. Arrunt esperientzia gogorra izan da. Estilo gogorra, labirinto itxurako esaldi akaberarik gabeak –galdu nintzen behin baino gehiagotan, aterabidea ezin kausituz–, ulertzen ez nituen erlatibazioak… Liburua uztekotan egon nintzen; utziko nukeen, baldin eta ikasleekin komentatzeko hautatu izan ez banu –bidezkoa izateko, aipatu behar dut liburuaz galdegin nien inguruko irakurle gehienek gustura irakurri zutela liburua, eta bat baizik ez zela nire iritzi berekoa; nirekin ados zegoen hori, dena den, itzultzaile profesionala zen, eta badakigu itzultzaileak fidatzekoak direla–. Nire kritika hipergogorra egin bidenabarkoan, ohartu nintzen naski itzultzaile –nire ustez– trakets horrek pentsatuko zuela ongi egina zela bere itzulpena. Horrek, bistan dena, ikaragarri izutu ninduen, agian ni ere ikaragarri gaizki ari nintzen –balizko irakurleak liburua uzteko gogoa sortzeraino– hainbatean ari nintzen uste banuen ere…

Itzulpenaren hondarreko fasean nintzela, itzultzaile batzuekin –itzultzaile on batzuekin, erran nahi baita– suertatu nintzen beka bat emateko epaimahai batean. Haien profesionaltasun eta zorroztasuna ikusita, inpostorearen sindromeak joa bueltatu nintzen etxera.

Izan dudan esperientzia aintzat hartuta, bi boutade txiki botako nituzke. Bat: itzuli bitartean, batez ere zubi hizkuntzen bidezko itzulpena bada eta zure segurtasun falta areagotu nahi ez baduzu, ez zaitez poztu bertze itzultzaileekin hanka sartze txikiekin –zuk ere eginen dituzula pentsatuko baituzu–, ez ezazu itzulpen txarrik irakurri –zurea ere txarra dela pentsatuko baituzu–, ez zaitez itzultzaile onekin elkartu –zeure burua haien aldean paratuta, deprimituko baitzara. Bi: pentsatu egiten ari zaren itzulpen hori egitea gauez euripean parabris garbigailuak hautsiak dituzula gidatzea bezala, eta aunitzetan sena dela duzun ia tresna bakarra.