Abailaren kontra

Idoia Santamaría Urkaregi

Marta Rebón idazle eta itzultzailea, CTXT aldizkarian argitaratutako elkarrizketa batean (2018):

Kazetaria: Kiko Amatek dio Moby Dick luze eta aspergarria dela. Aspergarria iruditzen zaizu?

Marta Rebón: Ezin da horrela planteatu; alegia, ea klasiko bat aspergarria den ala ez. Askotan ez dugu irakurtzen ondo pasatzeko. Arrazoi askorengatik irakurtzen dugu, eta beharbada ondo pasatzea ez da beti arrazoi nagusia. Azken batean, irakurtzea eta itzultzea jarduera subertsiboak dira neurri batean, begirada erne eta zorrotza eskatzen baitute, eta hori ez da ohikoa gaur egun, guztiak azkar kontsumitzekoa izan behar duen garaiotan.

Carmen García Gómez, W. G. Sebalden lan batzuen gaztelaniazko itzultzailea, Revista de Libros aldizkarian argitaratutako «Traducir a Sebald, una cuestión de estilo» artikuluan (2005):

Sebalden testuek irakurraldi asko eskatzen dituzte, behin eta berriz irakurtzea, baita ahots goraz irakurtzea ere, egiaztatzeko ezerk ez duela hausten prosak markatutako erritmoa, ezerk ez duela eteten esaldi luze bihurrien segida hipnotikoa, egokia dela abiadura, prosaren erritmo-aldaketak jasotzen dituela.

Denbora hartzea, poliki idaztea, moteltasuna metodo gisa, nola baliabide linguistikoei hala edukiari dagokienez, zibilizazio zoro baten aurkako protesta gisa apika.

W. G. Sebald, Die Ausgewanderten (Emigratuak) liburuaren irakurketa baten ondoko solasaldi batean[1] (East Angliako Unibertsitatea, 1999), Michael Hulse bere ingelesezko itzultzaileetako batekin zuen harremanaz:

Itzulpen-prozesuak pazientzia handia behar du; eta pixkanaka jabetu nintzen horretaz, hasieran uste bainuen ezen, behin itzultzaile bat aurkituz gero, dena batek espero bezala joango zela eta itzulpen behin betiko bat eskuratuko nuela. Baina konturatu nintzen ezetz, prozesu korapilatsu bat zegoela atzean: alegia, itzultzaileak itzulpenaren lehen zirriborro bat idazten du; nik, gero, zehatz-mehatz aztertzen dut hori eta Beryl Ranwellekin[2] batera errepasatzen dut, zeren ingelesezko belarri ona duen norbait behar baitut horretarako —nik ez dut eta—. Xehetasun txiki asko dira kontuan hartu beharrekoak, eta horiek guztiak batera dira maiz itzulpen on eta ez hain on baten arteko aldea egiten dutenak. Horren ondoren, editoreari bidaltzen diot, eta, hark orraztu ondoren, itzultzailearengana itzultzen[3] da berriz itzulpena. Hark zuzenketa guztiei erreparatu, eta, zerbaitekin ados ez badago edo bestelako iradokizunik egiten badu, horiek ebatzi, eta beste bizpahiru aldiz irakurtzen dut. Beraz, fase asko dira, eta denbora asko behar du prozesu horrek. Baina uste dut hortik ondorioztatu beharreko ikasbidea zera dela, ez dela hain garrantzitsua liburu bat argitaratu bezain laster itzultzea, gaur egun maiz gertatzen den modura, batik bat ingelesez argitaratzen den guztia ia batera Europako gainerako hizkuntzetara itzuli beharra. […] Esate baterako, Die Ausgewanderten liburuaren frantsesezko itzulpena jatorrizkoa argitaratu eta zazpi bat urtera argitaratu zen, eta, pasatutako denbora gorabehera, harrera ona izan zuen liburuak. Beraz, ez dio axolarik zazpi edo hemezortzi urte behar diren horretarako. Hori baino garrantzitsuagoa da itzulpena ahal bezain ona izatea. Uste dut hori bera gertatzen dela beste alor askotan ere; gure bizitza abiadurak baldintzatzen du, abiadura gero eta azkarragoak, eta pazientzia kanpoan gelditu zaigu. Baina uste dut hobeto geundekeela zenbat eta pazientzia-dosi handiagoa erantsi bizitzan. Unibertsitatean ere gauza bera gertatzen zaigu, ezta?[4]

Azkenaldian, muturtuta nabil abailarekin, etekin azkar eta berehalakoekin. Teknologiaren eta «berrikuntza»ren dohain ustez txit paregabeekin (oi, berrikuntza, gaitz guztietarako azken edabe magiko hori). Ez pentsa, ez naiz teknofobo setatsu bat. Ondo dakit zenbateraino zaigun lagungarri teknologia itzultzaileoi eguneroko jardunean, nola erraztu digun dokumentazio-lana Internetek, zenbateko zama kentzen diguten itzulpen pragmatikoetan itzulpen-memoriek, glosarioek, Xuxenek!, terminologia egiaztatzeko eta inkoherentziak saihesteko kalitate-kontroleko programa informatikoek.

Badakit hori, eta egunero baliatzen dut teknologia itzulpenetan. Baita itzulpen automatikoa ere, nahiz zalantza asko eta askotarikoak eragiten dizkidan, teknologia hori erabiltzen hasi aurretik egiten ez genituen akatsak egiten ditugulako orain eta itzulpenaren norabidea (gehiegi) markatzen digulako askotan, eta «postedizio» izeneko eufemismoa agertu zaigulako —zer da hori benetan?; zer esan nahi du?; itzulpen narrasak are narrasago ordaintzea?; itzultzailearen profesionaltasunaren konfiantzan kalitate oneko itzulpen bat orain baino are eskasago ordaintzeko aitzakia izatea?—, eta itsumandoka gabiltzalako denok ezin asmaturik nola erantzun «merkatu»ak eskatzen (omen) duen «behar» horri.

Itzulpen pragmatikoak aipatu ditut, baina literatura-itzulpenetara ere iritsia da —hala diote behintzat— adimen artifiziala, hots, itzulpen automatikoa. Horretaz dihardu, esate baterako, José Francisco Ruiz Casanova Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasleak iaz argitaratutako ¿Sueñan los traductores con ovejas eléctricas? La IA y la traducción literaria[5] liburuak. Eta, teknologiaren abaila kontuan harturik, gai horri buruzko liburuak ia argitaratu bezain laster zahartzen dira, urtebetean hurrengo jauzi mortala egiten baitu teknologiak, eta hor gabiltza gu, galerna baten enbata batetik bestera, pentsatzeko tarte bat hartzeko beldurrez, ez baitago segundo bat galtzerik, merkatuak (oi, mamua berriz) ordaintzen digun huskeria (ere) galduko dugulako bestela.

Badira ahots eta luma optimistagoak ere. Nola esnatzen naizen, batzuek edo besteek diotena nahasten dut gosariko kafesnearekin. Gonzalo Torné idazle eta editorea, aurtengo martxoaren 1ean CTXT aldizkarian argitaratutako «La inteligencia artificial: preparativos para la batalla» artikuluan:

Prentsa kulturalak dioena irakurriz gero, badirudi hilabete gutxi batzuetako kontua baino ez dela: adimen artifiziala oldarka sartuko da etxe guztietan, eta haren «produktuek» idazle, marrazkilari, diseinatzaile eta itzultzaile guztiak ordeztuko dituzte. Paregabea da adimen artifizialaren sormena, programatzaileen kontrol eta aurreikuspenetik haragokoa. Ezin uka erakargarria dela narratiba hori, baina aurreko «ordezkapen teknologiko berehalako»aren porrotaren ondoren, fartsa itxura hartzen du albiste-olatu horrek guztiak. Zenbat baliabide eta orrialde ez ote ziren baliatu gu guztiok konbentzitzeko liburu elektronikoak bide bazterrean utziko zituela papera, argitaletxeak, liburu-dendak eta orain ez dut ongi gogoratzen baina akaso baita agenteak ere. Izugarria izan zen. Baina hara zertan gelditu den liburu elektronikoa: negozioaren aktore bazterreko bat.

Ez naiz aztia; beraz, auskalo zer dagoen eguraldi-alarmak bezain usu eta fite zabaltzen diren joera benetako zein apokalipsi-mehatxuen atzean. Baina ukaezina da diruaren txin-txin hotsak erraz suntsitzen dituela ezin utzizkoak ziruditen printzipio, xede, misio eta gainerakoak. Ez dut nik joko barrikadetarako deia, baina, gutxienez, estetikaren gela abegitsuan egin nahi dut habia, eta, ahal dudan neurrian, testu bat ibaiaren alde batean hartu eta beste aldera eramaten jarraitu, bidaia hori baita itzulpena —ez da nik asmatutako irudia; askok baliatu dute lehenago—, jakinik, Adam Zagajewskiren poema batek dioen moduan, nik ere, irakurle gisa, beste ahots batzuk entzun —irakurri— nahi ditudala, nirearekin nahastuta:

Ez ditut ezagutu
nire poetarik gogokoenak.
Beste herrialde batzuetan bizi dira,
beste garai batean[6].

Egungo «hotsa eta ardaila»ren artean, arretaz entzutea eskatzen du literatura-itzulpenak. Ez dakit baden hori baino ekintza iraultzaileagorik gaur egun. Hala adierazi zuen Marta Rebónek El País egunkarian argitaratutako «La necesidad de traducir(nos)» artikuluan (2020):

Mundu gero eta adigabetuago batean, arretaz entzutea eskatzen du itzulpenak. Edo, gutxienez, horretan saiatzea. Gaur, hurkoaren iritzia klik bakar batekin isilaraztea ohiko bihurtu den honetan, beste batek dioenari leku egitea haize kontra joatea esan nahi du.

Eguneroko abaila gorrian, ahaztu egiten dugu materia hauskorra direla hitzak, kontuz, mimoz, tratatzekoak. Irudi ezin gardenago batekin adierazi zuen hori Anne Sextonek, «Words» (Hitzak) poeman:

Hitzak eta arrautzak kontu handiz tratatu behar dira.
Hautsiz gero,
ez dute konponbiderik.

[1] «Lost in Translation? A conversation with Jon Cook» in Cattling, J. and Hibbit, R. (eds.), Saturns Moons, W. G Sebald. A Handbook, 357-363 or.

[2] East Angliako Unibertsitateko Literatura Itzulpeneko Britainiar Zentroko (British Centre for Literary Translation) langilea eta W. G. Sebalden kolaboratzailea.

[3] Itzuli aditzaren polisemia ez da broma euskaraz… Horixe dio Anjel Lertxundik Itzuliz usu begiak liburuko “Adieren pisatzailea” teselan: «Itzuli hitzak hogeita hamar adieratik gora ditu euskaraz, ez da txantxa!» (17. or.).

[4] Sebaldek alemanez idatzi zituen bere fikzio-lan guztiak, baina Ingalaterran bizi izan zen bizitza ia osoan; beraz, ingelesa menderatzen zuen, eta gertu-gertutik jarraitu zien beti bere lanen ingelesezko itzulpenei.

[5] Cátedra, 2023.

[6] Marta Rebónek aipatua CTXT aldizkarian argitaratutako «Veinte apuntes de amor a la traducción y una petición desesperada» (2020).