(Baz)kidetzea, bakardadearen kontrako antidotoa

Claudia Torralba Rubinos

«Gizakia animalia soziala da, eta pertenentziazko sentimendu bat izan beharra du. Askotan irudikatzen dugu gizartetik kanpo bizi ahal garela, baina ez da erreala. Gizarte batean ondo bizitzeko, talde baten parte garela sentitu behar dugu». Halaxe jaso zituen Itsaso Jauregik Maider Query Avaristo antropologoaren hitzak, eta inoiz baino zentzu handiagoa hartzen ari natzaie azkenaldian. Izan ere, talde baten parte sentitzeak –edo ez sentitzeak– pertsonalki eta profesionalki eragiten digu.

Euskara ardatz duen talde baten parte gara blog honen bueltan biltzen garen guztiok, eta pozik irakurtzen ditugu gure taldekideen hausnarketak, gogoetak eta ekarpenak. Batzuk gertuago sentitzen ditugu, beste batzuk urrunago, baina jakin badakigu denok partekatzen dugun errealitatearen aurpegi edo ertz ezberdinen islak direla blog honetara ekartzen ditugunak.

Profesionalki, itzulpengintzaren eta interpretazioaren sektorean aritzen naiz ni, eta ondo gogoratzen dut zein polita zen Gasteizen, Letren Fakultatean, lagunekin eskoletara eta eskola ondokoetara joatea. “Itzulpengintzakoak” izatea. Baina denborak aurrera egiten du, eta bagenekien hori ere bukatuko zela. Ondo gogoratzen dut, halaber, garai hartako “eta gero zer?” galdera, buruan bueltaka. Gero, lanera. Bakoitzak bere bidea egitera.

Itzulpengintza lanbide bakartia dela esaten da askotan, eta hori arriskutsua izan daiteke. Izan ere, Josu Zabaletak ondo azaldu zuen bezala «[…] behatza teklaren gainean jartzen denean, bakarrik aurkitzen da bat beti». Eta begirada pantailatik aldendu eta inguruan inor ez badago, are gehiago. Hori da, bada, norberaren kontura aritzen diren itzultzaile askoren eta askoren errealitatea: bakarrik egoten dira ordu luzez, fisikoki eta mentalki. Interpreteek ere maiz egin behar izaten dute lan bakarrik. Are gehiago, pandemiaz geroztik, gero eta ohikoagoak dira etxetik (edo lantokitik) mugitu gabe eta lankiderik gabe egiteko lanak.

Baina, hala ere, ezagutzen ditudan euskal itzultzaile eta interprete gehienak ez dira bakarrik sentitzen. Eta ez dira bakarrik sentitzen, hain zuzen, lanbide berean aritzen diren ezagun, kide eta lagunen sare bat daukatelako. Esango nuke, dena den, sare horrek laguntza eta babes profesionala ez ezik, laguntza eta babes emozionala ere ematen duela. Pozak, penak, beldurrak eta ziurgabetasunak partekatzeko aukera. Nire sare pertsonal/profesionalean “itzulpengintzakoak” taldeko batzuk daude, baina baita gerora ezagutu ditudan beste profesional eta lagun asko ere. Han eta hemen aurkitu ditut, bidean, egoera eta une ezberdinetan.

Sektore honetan sartu nahi dutenek edo hasiberriak direnek aholku bat onartzen badidate, “eta gero zer?” galderari eman dakiokeen erantzun errealistenetako bat da “(baz)kidetzea”. Kideak behar ditugu lanbidearen itxurazko (eta ez hain itxurazko) bakardadeari aurre egiteko. Talde baten parte sentitzeko. “Itzulpengintzakoak” izateari utzi eta “itzultzaileak” izateko. Edo “interpreteak”, edo “zuzentzaileak”, edo “ikus-entzunezkoetako itzultzaileak”, edo “konferentzietako interpreteak” edo “literatur zuzentzaileak”.

Elkarteek aukera ematen dute lanbide bereko kideekin lanak, kezkak eta buruhausteak partekatzeko. Elkarren berri izateko. Prestakuntza jasotzeko. Kontsultak egiteko. Lanbidearen kontrako erasoak daudenean, erantzunak modu bateratuan emateko. Laguntza jaso eta emateko. Besteen esperientzietatik ikasteko. Zalantzak argitzeko. Lan-eskaintzak aurkitzeko.

Ez da ezinbestekoa elkarte bateko kidea izatea lankideen sare bat osatzeko. Baina oso lagungarria da, eta ate asko irekitzen ditu. Hasieran, batez ere, zaila izan daiteke lehenengo enkarguak lortzea, tarifak ezagutzea, faktura-ereduak eskuratzea, fakturazio elektronikoa nola egin behar den ulertzea, eskarmentu handiagoko itzultzaile eta interpreteekin harremanetan jartzea… Eta gero, lan-merkatuan egonkortzea, merkaturatzen diren tresnak ezagutzea, prestakuntza eta lana uztartzea, beste hizkuntza-konbinazio batzuetan aritzen diren lankideak ezagutzea…

Horretan eta beste gauza askotan laguntzen dute elkarteek, baina, batez ere, esango nuke bakardadearen aurkako antidoto ere badirela.