Koadernoak ez gaitu salbatuko

Maitane Uriarte Atxikallende

Esan osteko interpretazioa lantzen hasten garenean, koadernoari erreparatzen diogu lehenbizi, interpretazio modalitate honetarako panazea izango balitz bezala. Egia da esan osteko interpretazioa egiteko koaderno bat behar dugula, baina lehenbiziko saiakerak egin bezain pronto konturatuko gara koadernoak, bere horretan, ez gaituela salbatuko.

Adibide txar bat jarriko dizuet, zer esan nahi dudan uler dezazuen: adimen artifiziala denetarako erabiltzen hasiak gara eta benetan laguntzen gaitu gauza askotan, baina giza burmuinak elikatzen du. Gure burmuina dago adimen artifizialaren gainetik eta bigarrenak ezingo du lehena inoiz ordezkatu. Esan osteko interpretazioan hartu beharreko notekin antzeko zerbait gertatzen da: jatorrizko hitzaldia adi-adi entzun eta prozesatzen badugu, jarraian notak labur hartzeko, burmuinean gordetako informazio horrek gidatuko gaitu notetan barrena, interpretazio ona eta osoa eskaintzeko. Burmuinak salbatuko gaitu notetako sinbolo eta gezien itsasoan, eta ez alderantziz. Unibertsitatean harrituta begiratu ohi didate ikasleek hori esaten diedanean –eta koadernoari altxorrik preziatuena balitz bezala heltzen diote–, baina saiakera batzuk egin ostean argi ikusten dute halaxe dela. Horregatik, esan osteko interpretazioa irakasten dugunean, memoria lantzen hasten gara lehenbizi, koadernorik gabe. Hitzaldi erraz eta egituratuak egiten ditugu, ezer idatzi gabe eta memoriaren magia baliatuz xede-hizkuntzan erreproduzitzeko. Memoria lantzeko fasea esaten diogu eta aste batzuk irauten du, ikasleek memoria gure oinak direla eta koadernoa makulua dela barneratu arte. Harrigarria da, baina fase horren ostean notekin hasten garenean, normalean ikasleek lasaiago hartu ohi dituzte, dena apuntatzeko obsesiorik gabe –ez da batere erraza obsesio hori gainditzea–, eta notak hartzeko metodo pertsonala aurkitzen saiatzen dira, lasaitasun handiagoarekin. Izan ere, jatorrizkoaren egitura eta lehen mailako informazioa buruan baditugu, noten babesarekin, ondo aterako da dena.

Bitxikeria bat komentatuko dizuet, aurretik esandako guztiaren harira. Jatorrizko hitzaldiak anekdotak eta txisteak barne hartzen dituenean, horiek ia-ia ezer apuntatu gabe oroitzen ditu interpreteak. Horrelakoetan nahikoa izaten da adi-adi entzun eta zentzua harrapatzea, hizlariaren emozio eta keinuekin bat egitea, eta memoria arduratuko da gainerakoa egiteaz. Tira, gure makulua den koadernoan apuntatutako pare bat gauzatxok ere lagunduko digute anekdotak eta txisteak modu zehatzagoan erreproduzitzen, ez diezaiegun notei meriturik kendu!

Bestalde, unibertsitatean koadernoarekin hasten garenean, askotarikoak probatzeko esan ohi diet ikasleei. Koadernoak bere horretan salbatuko ez bagaitu ere, ezinbestekoa da harekin eroso egotea eta horrek notak hainbat euskarri eta modu desberdinetan hartzea eskatzen du. Ikasle gehienek koaderno estilo berdina erabiltzen bukatzen dute azkenean –txikia, goian eraztunak dituena eta markarik gabeko orri zurikoa–, baina hautua erabat pertsonala da eta ezin zaie ikasleei koaderno mota bat inposatu. Esate baterako, idazkera handia dutenek zailtasun handiak izaten dituzte hasiera-hasieratik koaderno txikiak erabiltzeko eta horien kasuan hobe da folio handiak hartu, goialdea zulatu, eraztunak jarri eta koaderno pertsonalizatua egitea, notak hartzen eroso sentitu arte behintzat. Horrelaxe hasi nintzen ni, koaderno txikia txikiegi geratzen zitzaidalako, eta urteekin pasatu naiz koaderno txikira.

Irakurleok, esan osteko interpretazioa arte bat da. Fase eta euskarri desberdinetatik pasatu behar den prozesua da, eta batzuek hasiera-hasieratik aise menderatzen duten artea bada ere, ikasi ere egin daiteke, maisu izatera iritsi arte.