Ahozko hizkuntzaren lanketa erdigunera

Amaia Lersundi Pérez

Azken asteetan, herrialde desberdinetan, hainbat eskola eta unibertsitate bisitatzeko aukera izan dut. Duela egun gutxi iritsi naiz Belgikatik eta onartu behar dut inbidiaz josita bueltatu naizela. Bertan entzule bezala egon naiz bigarren hezkuntzako irakasle izateko ikasketetako saioetan, ikusi dut nola egiten duten lan, eta ikasle batzuk elkarrizketatzeko plazera ere izan dut. Egia esan, harrituta geratu naiz ikasleek klasean duten jarrerarekin eta parte-hartze aktiboarekin. Ikasle gehienek ekarpenak egiten dituzte, inor epaitu gabe, eta elkarri lagunduz askotan. Ikasleei nabaritzen zaie ohituta daudela jende aurrean hitz egitera, ondo hitz egitera gainera, eta hori urteetan ahozko hizkuntzaren lanketa eginez lortzen da.

Gelan parte hartzeko eta ibilbide akademikoa arrakastaz egiteko lagungarria izateaz gain, ahozko komunikazio-gaitasuna garatzeak onura ugari dakartza, bai eremu pertsonalean eta baita profesionalean ere. Izan ere, interakzio sozial eta profesional gehienek komunikazio eraginkorra eskatzen dute. Garrantzitsua da argitzea ahozko komunikazio-gaitasuna ondo hitz egiteaz harago doala, eta aktiboki entzutea, hizkuntza ez berbala erabiltzea eta interpretatzea, besteak ulertzea eta mezua eta hizkuntza testuinguruaren eta hartzailearen arabera egokitzea ere badela.

Gizarteak aurrera egin dezan, komunikatzaile onak behar ditugu. Politikariek eta saltzaileek ondo komunikatu behar dute, baina baita irakasleek, medikuek, gurasoek, lagunek… Tamalez, tradizionalki, bai eskolan eta bai unibertsitatean, arreta idatzizko hizkuntzan jarri izan da, eta alde batera utzi da ahozkoaren lanketa. Eta, ausartu egingo naiz esatera, hori akats larria da. Ahozko hizkuntza garatzeak ikasleen errendimendu akademikoa nabarmen hobetu dezake, ikasleek beren ezagutzak eta ulermena komunikatzeko estrategiak garatzen dituzte eta. Baina trebetasun horiek menderatzeak praktika eta lanketa sistematikoa eskatzen ditu. Izan ere, taldeko presioak, lotsak, besteen epaiketek eta gizarte-antsietateak oztopatu dezakete modu asertiboan adierazteko gaitasuna.

Hortaz, gelan ahozkoa lehenetsi eta testuinguru seguruak sortu behar dira ikasleak eroso sentitu daitezen galderak egiteko, erantzuteko, elkarri laguntzeko, eztabaidetan parte hartzeko eta feedback konstruktiboa emateko zein jasotzeko. Horrek berekin dakar ikasgelan ahozko hizkuntza sustatzen duten jarduera eta proiektu gehiago inplementatzea, eztabaidarako aukerak areagotzea, eta idatzizkoaz gain ahozko hizkuntza ere ebaluatzea. Hau da, testuinguru pertsonal eta profesional anitzetan modu egokian komunikatzeko behar diren trebetasunak garatzeko aukerak eskaintzea; eta noski, hori guztia nola egiten den esplizituki lantzea.

Amaitzeko, Paul J. Meyer-rek gizakien arteko lotura gisa definitzen du komunikazioa. Eta arrazoirik ez zaio falta. Modu eraginkorrean komunikatzen jakiteak laguntzen du, besteak beste, pertsonen arteko harreman osasuntsuak eraikitzen, gatazkak konpontzen, eta emozioak kudeatzen eta partekatzen. Hain zuzen ere, gaur egun, beste gaitasun eta jakintza guztien gainetik, munduan behar duguna.