Krutwig, itzultzaile (I)

Karlos del Olmo Serna

Sar hitzak

Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak 1991., 1996. eta 2002. urteetan, ohorezko bazkide izendatu zituen zenbait itzultzaile. Horien artean, ez da agertzen Federico Krutwig Sagredo (Getxo, 1921—Bilbo, 1998), nahiz eta, jardueraz, izendaturikoen artean egoteko behar adinako merezimenduen jabe bide zen. Horren ondorioz, elkarteak ohorezko bazkideen lanen laginak jasotzen dituzten hiru itzulpen antologietan (1996, 1998, 2002) ez da ageri Federicoren lanik. Ordea, elkartearen Nor da nor datu basean, Krutwigi buruzko fitxa bat agertzen da, eta hark itzulitako bi poemaren berri ematen du: Haltzen errege, Goethe, Johann Wolfgang von (1951) [de – eu], eta Zoriko Eresia, Hölderlin, Friedrich (1951) [de – eu]. Ez dira horiek itzultzaileak euskarara ekarritako lan bakarrak, jakina, baina bai datu base horretan jasoriko bakanak. Auñamendi eta Wikipedia entziklopedietan ere ez dute osorik aipatzen haren itzulpengintza.

2021. urtean, Krutwig Sagredoren jaiotzaren mendeurrena bete zen, baina ia bestela baitakoan eta oharkabean igaro zen mendeurrena, euskaltzaina (izendaturiko gazteena) eta eragile politiko nahiz intelektual nabarmena izan zen arren. Ez zen pertsona erosoa izan eta, beharbada, ETArekin bolada batean izan zuen harremanean etzan liteke ahanzturaren zioetako bat, bai eta iritziak plazaratzerakoan iragazki edo motelgailu handirik jabe jokatu izana. Salbuespen bakarra, ia, Krutwigen Lagunak deritzon talde batek UEUn, besteak beste, 2021ean apailaturiko jardunaldiak eta Nabarraldek 2022an jardunaldiotatik ekarrietako batzuk biltzeko plazaraturiko liburua: Krutwig bere mendeurrenean berrirakurtzen, bai eta lagun talde horren laguntzaz liburua hedatzeko prestaturiko hitzaldiak eta bideoa ere. Artikulu honetan ez gara luzatuko haren biografiaren gaineko zertzeladak ematen, aipatu liburuan erraz sakondu daitezke eta, besteak beste.

Adinez, beste itzultzaile horietako askoren belaunaldikoa zen Krutwig, eta haren ekoizpenari eta planteamendu teoriko nahiz linguistikoei erreparatuz gero, begi bistan dago merezimendurik aski bazuela aipaturikoen artean agertzeko, testu sakratu katolikoak itzultzeari dagokionez izan ezik, gauza jakina baita, besteak beste Espainiako eliza katolikoak zuen jarrera salatzeagatik erbesteratu behar izan zuela —beste erlijio batzuez kezka handiagoa erakutsi zuen Federicok bizialdian—, Sudupek idatzi bezala (2011: 61):

«Zaitegik, Orixek eta Ibinagabeitiak-eta erbestetik bezala, aberri barnetik, Bilboko hiri erdaldundutik, euskara eta kultura lotzeko oihu ozena F. Krutwigek egin zuen. Azkue adinean aurreratuak hari gomendatu zion Euskaltzaindiaren geroa, eta hark bere talentu eta nortasun intelektual indartsua lagun —erregimenarentzat ez zen susmagarria, aita aleman faxista eta falangista izaki (Mintegi, 1984); semea, haatik, aitaren ifrentzua atera zen, eta 1952ko maiatzean, Villasanteren sarrera-hitzaldiari egindako harrera-hitzaldian, Eliza katolikoak euskararen aldera zerabilen jarrera zorrotz kritikatzeagatik erbesteratu zen— oso urte gutxian —bizpahiru— Euskaltzaindia eraberritu zuen euskaltzain kopuruz, eta euskara ereduz eta euskara politikaz ere hala egin nahi izan zuen —berak ezarri zuen estreinakoz euskara lan-hizkuntza erakundean, Julio Urkixo hil ondoan—».

Xabier Kintanaren arabera (1999: 717):

«Erbestean hogeita sei urte eman behar izan zituen Federikok, harik eta 1978.ean, Franco hil ondoren, Hego Euskal Herrira itzuli arte».

Itzulpengintzan izan zuen garrantzia

Itzulpengintzaren aldetik, aurrera aurretik, hiru alderdi aipatu behar ditugu Krutwigen inguruan, euskal itzulpengintzan merezi eta ondo irabazia duen baranoa zedarritzearren: a) hainbat hizkuntza ikasi eta erabili izana (eleaniztun aktiboa eta pasiboa), b) itzulpenak paratzea eta argitaratzea eta c) itzulpengintzaren gainean teorizatu izana. Beste merezimendu bat ere badu, teorizatzaile izatea areago zehazte aldera: zibernetikaz eta horrek kulturan eta hizkuntzan izango zuen eraginaz erakutsi zuen kezka handia (egungo euskal itzulpengintza nekez uler liteke ordenagailuak lagunduriko itzulpen lanik gabe, horretan ere, aitzindari gertatu zen). Bestalde, eta aurrerago ere kontu horri ostera ere eutsiko diogun arren, ezin atzenduta utzi egun hainbat ikerketaren helburu den alor bat: autoitzulpenarena, bere buruaren itzultzaile ere izan baitzen. Bestalde, ezaguna da Federicok euskararen batasunaren alorrean eginiko lan eskerga, beste euskal itzultzaile askoren antzera, orokorrean, batasungintza horretan izan duten esku hartze muntadun-muntaduna ere gertatu denez gero.

Abar horien ingurukoak ezin hobeto laburbiltzen ditu Jaurlaritzaren beka bati esker idatzitako Apollôn gure culturaren symboloa lan argitaragabean (1987: 36), zeinean, besteak beste, euskaraz eta greko klasikoz dakiten euskaldunak aldarrikatu zituen:

«Alta, nahi ukhan ba dezagu, Euskalherria roboten morrointzaren manupean eror ez ledin, gure lemaz golphe bat eman behar deraukogu gure ibil-zentzuan 180º/etan aldatzekotz, zeren Euskalherriak orain dano ez du ukhan ez zoriona ez eta zoritzar ere bere culturaren desarroilatzekotz epokhê post-renaissancetiarrean, zeinaren bidez Euskalherria egokera faltsuan egon liteken cultur berriaren desarroilatzean, nola gerthatzen bait da español culturaz. Gure egokera ikhertzeko beharkizuna dugu, eta geu ere’ graiko cultur-kykloaren parte bat garela onhartzea, eta hortakotz gure egokeran egin behar dugun lehen gauza, graikaraz asko eta asko baino gehiago ere studiatzea. Edozein euskaldunek euskararen eta graikararen bilingual bat behar luke izan, eta hau gertha ledintzat batez ere persona imaginationezkoetan».

 Imanol Muruak egindako elkarrizketa batean, honela mintzo da Federico bere aurreneko itzulpenez (1997: 65):

«[Imanol Murua] Euskeltzale Bazkunako liburuak euskara sabindarrean idatziak ziren, ezta? [F. Krutwig] Eta batzuetan halako hizkuntzaz egin nituen itzulpenak, baina berehala ikusi nuen hori amets bat besterik ez zela, eta hasi nintzen e[giazko bizkaieraz eta lapurteraz idazten».

Eta aurreraxeago, hizketaldi berean, (1997: 66):

«Gerra [Zibila] hasi baino lehen itzulpen batzuk egin nituen. Batez ere Alemaniako literaturako lan batzuk itzuli nituen: Goetheren gauza batzuk… Bizkaieraz idatzi nituen hasierako lan haiek. Orain galduta daude. Ez daude argitaratuta».

Kontuan izanda 1921ean jaio zela, hamabost bat urte zituela ekarri ei zituen euskarara. Itxuraz, familiari arazorik ez eragitearren, erbesteratzerakoan, itsasora bota zituen itzulpenok. Hona hemen Xabier Kintanak idatzirikoa (1999: 715):

«Euskaltzaindiarekin erabat loturik egon zen garai horretan artikulu, poema eta itzulpen ugari argitaratu zituen Gernika, Egan eta Euzko gogoa aldizkarietan. Horiez gainera, ehundaka poema aleman itzuli zituen Bizkaiko euskarara, atzerriratu behar izan zuenean, familiaren kalterako izango zirelakoan, itsasora jaurtiak».

Zer hizkuntz eredu?

Aurreneko itzulpen horietaz berba egiterakoan, Federico itzultzailearen hizkuntza eredua aipatzea noraezekoa dugu, arestian jaso dugunez, <<egiazko bizkaieraz eta lapurteraz» idazten hasi omen zelako. Imanol Muruarekin izandako elkarrizketan, areago sakondu zuen eredua (1999: 73):

«Batez ere Axularren Gero dut eredu. Eta lehenagokoa zelako, Leizarragaren Testamentu Berria. Hizkuntza guztietan kreatzen dira hizkuntz mailak. Bata da Bibliako maila, bestea eguneroko maila. Horrelako mailak beste dialektoetan ez daude, lapurtera klasikoan baino ez daude. Orain denok demokratak gara eta guztiok eredu berdinean mintzatu behar dugu elkarrekin. Hizkuntza kulto batean ez da hori gertatzen: honekin hitz hauek erabiltzen dituzu eta harekin beste hauek. Lapurtera klasikoak baditu hizkuntz mailak beste euskalkiek ez dituztenak».

Hizkuntz ereduaz ez ezik, zelan halan, estilistikaz ere dihardu horrelakoak aipatzean.

Halere, Apollôn gure culturaren symboloa lanean oso iritzi gogorra (errealista?) plazaratu zuen eredutzat zituenez (1987: 41):

«Concretuago, poiêsian ez dezakegu erran, ezen Euskalherriak, euskaldun izaikeran, goiera universaleko obrarik ekhoitzi duenik, nahiz eta Beraskoizko Leizarragak eta Axularrek hizkuntza bat expressione philosophikoarentzat eta literaturan ideak jakin araztekotz, aphailatu zutenagatik. Beren obrak, lehena Bibliaren itzultzaile izaiteaz eta bigarrena obra religios baten egilea izanaz ez dira bertze hizkuntzetarat itzultzeko digne dirateken obrak».

Lan berean, Leizarragaren itzulpengintzari beste tasun bat erantsi zion, itzulpenaz haraindi, filosofiaraino, kulturgintzaraino eta nazioa eraikitzeraino hedatu zuelarik (1987: 52):

«Orain arte euskaldunok’ egiazko natione bat izaitekotz gutti, oso gutti, egin dugu. Lizarragak hasi zen bere Bibliaren itzulpenaz beharrezkoa den lanhabesa creatzen, eta euskararen possibilitate philosophikoei bulkada handi bat eman zerauen. Bainan zoritzarrez Euskalherrian ez zen buruzagitu protestantismoa, zeinak bethi ere Eurôpên graikararentzat maithasuna phizten bait zuen, nola eta Angloherrian eta Alemanian eta bertze lekhuetan gerthatu bait da. Soilik culturaren hegala desarroilaturik daduzkaten herriek’ egiazko belatzek bezala hegaz egiten dakite».

            Gai horri dagokionez, Andima Ibiñagabeitiak (euskal itzultzaile eta idazle askoren irakasle eta eredua izan zen) Krutwigek eta beste batzuek aldezten zuten hizkuntz ereduaren inguruan sorturiko eztabaidaz, ondokoa idatzi zuen artikulu batean (1956: 10):

«Mokoroa aita oraindik urrunago doa bere “Cartasemi-abierta al R.P. Villasante” eskutitz luzean. Eskolastika sendoenari loturik bere argumentu pisuak jalgitzen ditu eta honako hau dio: “Euskara zeharo hondatua ikusi nahi badugu, aski Krutwig eta Villasante’k asmatu bideak barna ibiltzea” (…) Ez da erraza Aita Villasante’k darabilen isuri eta trebetasunez hizkera hori erabiltzea. Gaurko gazteek bide horretatik nahiago balute, saia bitez, nik ez diet gebenduko: bortxa bitez eta egunen batean Euskadi guztia horretaratuko ahal dute. Ez nuke besterik nahi ere; euskararen osasuna, euskararen ondasuna. Horra euskotar orok ezer baino ere lehenago bilatu behar genukeena».

Urtetxo batzuk igaro ziren Arantzazun euskara batuaren oinarriak finkatu arte.

Bestalde, Jon Sudupek ondokoa dio Krutwigek hizkuntz eredu bat finkatzeko eginiko saioaren arrakastaz: (2011: 62)

«Ez zuen lortu gipuzkera osotua baztertu eta lapurtera klasikoa ezartzea literatur eredurako. Zergatik? Hona arrazoi batzuk (…) F. Krutwigentzat, berriz, euzkogogoatarren joera besterik baino gehiago garbizalekeria zen; altxor greko-latindarra europar guztiona zen, eta oparo baliatu behar genuen testu pragmatikoetan; literaturarako irizpide ñabartuagoa zuen.

»Krutwigen asmoek erreka jo zuten zenbait arrazoirengatik: 1. Hark proposatutako eredu kasik leizarragatarra jarraitzeko zaila zen; 2. Ez zuen obrarik argitaratua; eta erakusten zuen literatur ereduak ez zuen aski erakarmenik, eta 3. Ez zuen lortu kazetarik bere euskara eredua hedatzeko —saiatu zen Gernikako euskarazko artikuluak “gidatzen”, bere ereduaren arabera zuzentzen, baina huts egin zuen, eta gainera 1952an jada erbestera jo behar izan zuen, gorago agertu dugun arrazoiagatik, hots, Eliza katolikoaren euskararekiko zabarkeria eta aurkakotasuna zorrotz salatzeagatik—».

Testu bereko orripeko oharrean, zera gaineratzen du Sudupek:

«Gernika aldizkariko zuzendari I. Fagoagak Orixeri egindako gutunean, Krutwigen jarrerari buruz:

“A tal punto llegó su despotismo que me conminó a enviarle el texto castellano del Editorial que anualmente consagro en euskera a la destrucción de Gernika, para que él lo vertiera al euskara”. Orixe gutunak (1917-1961), Utriusque Vasconiae, 2006, 475-76. or. ».

Muruarekin izandako elkarrizketan (1999: 72), arestiko lerroetan jasotakoaren inguruan, honako hau zioen Krutwigek:

«Azkuek ongi ezagutzen zuen lapurtera klasikoaren aldeko nire eta Urkijoren jarrera, eta behin baino gehiagotan animatu gintuen gurearekin segitzeko: “Ea irabazten duzuen”, erraten zidan. Beretzat garrantzitsuena euskara salbatzea zen».

Hona hemen Sudupek hizkuntz eta literatur ereduaz dioena, (2011: 66):

«Lapurtera klasikoaren aldarrikatzailea F. Krutwig izan zen gorago adierazi bezala. Euskal idazle on batzuk literatur euskararako proposatu zuen ereduagatik konbentzitu zituen: L. Villasante, E. Erkiaga, L. Akesolo, J. Mirande, G. Aresti; eta, beste batzuengan, berriz, bere ikuspegi filosofikoengatik edota historiko-politikoengatik eragin zuen: Txillardegi, Mirande. Eragile gisa arrasto sakona utzi zuen eta gerraondoko lehen abiadan garrantzi handia izan zuen».

Zertan esanik ez, horietako batzuek itzultzaile ere jardun zutenez gero, Federicoren itzala zeharbidez itzulpengintzan ere barreiatu zen. Zeharrekoa ez ezik, zuzenekoa ere paratu zuen, Gernika aldizkarian bi poema itzuli argitaratu zituenez gero: Haltzen Errege [Goetheren Erlkönig baladaren itzulpena] (1951: 142) eta Zoriko Eresia [Hölderlinen Schicksalslied poemaren itzulpena] (1951: 11).

Hortaz, eskola edo, gutxienik, ildo bat ebaki zuen Krutwigek, bere gaztetasuna gorabehera. Pako Sudupek zera diosku alor horren inguruan (2011: 68):

«Aita Villasantek bere egin izan ez balu lapurtera klasikoaren aldeko deia, segur aski Krutwigek ez zukeen lortuko izan zuen eragina. Batere dudarik gabe Krutwigen ideia eta arauei etekin praktikoa ateratzen onena Villasante izan zen; idazle ona zelako».

Eta, zertan esanik ez, Mirande bera ere hautura ekarri beharra dago (2011: 68):

«Jon Mirande ere Krutwigen hizkuntza-ideietara etorri zen, eta lapurtera klasikoz hasi zen idazten. Hark ere lapurtera klasikoa Krutwigek baino maisukiago zerabilen. Ideologia aldetik ere eragin zion Krutwigek Miranderi hura Bilbotik Parisera joan zenean erbesteraturik».

Hirugarrenik, eta last but not least, Txilardegirenganaino heldu bide ziren Federicoren eraginaren uhinak, Sudupek artikulu berean adierazten duenez (2011: 68):

«Txillardegirengan, halaber, eragin nabaria izan zuen. 1949an Bilbon ezagutu zuenean, greko klasikoa ikasteko aholkatu zion, eta halaber, De Brooglie eta Schrödinger zientzialariak irakurtzea, teoria kuantikoaren eta uhin-mekanikaren ikerketetan printzipio eta ekuazio garrantzizkoak ezarri zituztenak; eta eskola budista bateko txartela erakutsi zion».

[Jarraituko du…]

Utzi iruzkina