Krutwig, itzultzaile (eta II)

Karlos del Olmo Serna

[Lehenbiziko partea irakurtzeko, egin klik hemen]

Euskaltzaleen artean

Villasantek honela azaltzen du Krutwig nola ezagutu zuen (1997: 362):

«Zerbait berri eta gure euskaltzaleen artean komunzki agertzen ez zena zekarren, ene ustez, Krutwig jaunak, hots, kultura-hitzenganako minberatasun apartekoa —nolabait esateko—.
»Euskaltzaleen artean herriari jarraitu behar zitzaiolako dogma hori oso sartua zegoen orduan —gure artean behintzat—. Baina nola ulertzen genuen “herri” hitza? Gizarte behe-mailako jendea, kultura gutxikoa. Hori zen “herria” guretzat eta horri egin behar zitzaion kasu, hori eredutzat hartu eta horri jarraitu.
»Beharbada, purismo amorratu baten kontrako erreakzioa ere bazen joera hori. Guk “herria” esaten genuenean, herriko behe mailako jendea izaten genuen batez ere gogoan, eta hura hartzen genuen eredutzat.
»Begien bistan zegoen, ordea, Krutwig jaunarentzat beste zerbait zela “herria”».

Villasantek berak gaineratzen duenez (1997: 36):

«Kultura-hitzak erabiltzean, berriz, grekoaren eta latinaren ortografia gordeten zuen ipi-apa guztiekin. Hori da, noski, bai fransesak, bai alemanak eta bai inglesak ere segitzen duten bidea».

Miren Azkaratek ere alderdi hori aipatu zuen (1997: 98):

«Beraz, Krutwigen iritziz, euskaraz kultura hitzak beren jatorrizko forman idatzi beharko genituzke, nazioartekoena horixe izaten da eta».

Euskaltzainditik bertatik 1950. urtearen inguruan Krutwigek eragin zuen kultur astinduaren ondorioz, literatur eta hizkuntz ereduari buruzko eztabaida sortu zen (horretan, itzulpengintza ere sartu behar genuke, zertan esanik ez), eta harreraren edo irakurle motaren ingururaino ere heldu zen, Sudupek jaso legez (2011: 69):

«Norentzat idatzi behar zen? Laborari, arrantzale, ofiziale edo herri(xk)etako eskulangileentzat soilik? P. Lafitte, E. Salaberry eta horien iritzian eta soziologian, hortxe nonbait; baita A. Mokoroaren iritzian ere. Ala haientzat ez ezik Orixek aipatzen zituen ehun apaiz, berrehun fraide eta berrogeita hamar galtzadun ikasi samarrentzat?, edota F. Krutwigek, J. Mirandek eta A. Ibinagabeitiak zioten bezala, herri nahiz hirietako gizatalde ororentzat, kristau fededunak bezala panteistak, neopaganoak, ateistak, edo kristotar-teistak bai baina Vatikanozaleak ez zirenak, nonahiko intelligentsietan egon ohi ziren gizatalde guztientzat, ziren bezalakoak zirela eta pentsatzen edo sentitzen eta jokatzen zuten bezala jokatzen zutela ere?».

Krutwigek erbestera jo behar izan zuenean, hark aldezturiko eredua ahuldu zitekeela eman bazezakeen ere, aldez edo moldez haren zenbait proposamenekin bat zetozenek eragina izan zuten euskara batuaren eredua sortzerakoan. Hala, 1953. urtean, Euskaltzaindiak zenbait hitzaldi antolatu zituen Bilbon, lehengo euskal idazleei buruzkoak, eta, Sudupek jasotzen duenez, lapurteraren aldeko kontraesanen bat edo beste geratu zen agerian (2011: 72):

«Villasante bera izan zen; Axular eta Joanes Etxeberri Sarakoari buruzko hitzaldiak egin zituen lapurtera klasikoz. K. Mitxelenak, berriz, A. Oihenarti buruz egin zuen hitzaldia baliatu zuen axulartarrei honako kritika hau egiteko: Axularri jarraitzekotan joskeran ere jarraitu behar zitzaiola; ez zuela zentzurik sintaxirako maisutzat S. Altube hartzeak. Kritika horrek asko eragin zion Villasanteri geroago aitortu zuenez».

Itzulpengintzari dagokionez, euskal ekoizpen itzulian ere horrelako kontrakarreko eredu eta joerak jalgitzen ziren garai hartan (teorian nahiz praxian).

Jean Haritschelhar euskaltzainburuak Krutwigi eginiko omenaldian honako hau adierazi zion Federicori berari (1997: 13), lokarri izatearen gainean:

«Zu zara oraiko gazteen, ez hain gazteen eta lehenbiziko euskaltzainen arteko lokarria. (…) Euskaltzaindiaren berriztatzaile lehen, euskaltzain belaunaldien arteko lokarri orai, goresmen zuri bihotz bihotzetik eta urte askotarako».

J.M. Satrustegik «akuilari» deritzo, zertasun hori nabarmenduta (1997: 337):

«Euskaltzaindiak gaur ohore handiko aitona duen F. Krutwig, heterodoxo antzeko akuilari gaztea izan zuen bere egunean. Hori da hain zuzen, bere merezimendu nagusia».

Andres Urrutia, bestalde, jardungaia sakontzera dator (1997: 343):

«KRUTWIGek LEIÇARRAGArengan jarriko ditu bere jakin–mina eta jomuga, bere horretan kausituko baititu goi mailako kulturaren osagarriak, greko eta latinetik ekarria eta euskaraz emana, jatortasun osoz».

Dena dela, gaztetako eredua oso bestelakoa zuen, Muruari Federicok berak adierazi legez (1997: 72):

«Nik hasieran bizkaiera sabindarrean idatzi nuen, Oleagak egiten zuen moduan, biok hizkuntza pixka bat puristan. Baina berehala ohartu nintzen oker ari nintzela, eta lapurterako tradizioa ikertzen hasi nintzen: Axularren maila herrikoiko hizkuntza batetik, eta Leizarragaren maila goragoko hizkuntza bestetik».

Azken buruan, jakintzaz euskaraz jardutea zuen helburutzat, Muruarekin izandako elkarrizketan ezin argiago azaldu zuenez (1997: 79):

«Ordurarte laborategiko hizkuntza izan zen euskara, ikerketen objektu baizik ez, baina guk gai zientifikoetarako lan hizkuntza bilakatu nahi genuen. Gure arteko eztabaidak ere euskaraz egitea deliberatu genuen. Horrela, gainera, purismoa erabilgarria ez dela frogatuko genuen».

Itzuli ez ezik, teorizatu ere egin zuen

Aipatua dugun legez, itzulpengintzaren alderdi pedagogikoa ere kezkabide izan zuen Federico Krutwigek. 1980. urtean, Udako Euskal Unibertsitatearen barruan, itzulpenaren inguruko programa bat antolatu zuten, Iruñean garatzekoa. Programan, Federico Krutwigen hitzaldi bat agertu zen iragarrita: Itzultzaileen prestakuntzarako eskola. Hala gaztigatu arren, erakunde horretako artxiboetan ez da ageri hitzaldia bera benetan gertatu izana edo Federico Krutwig bertaratu izana. Dena dela, itzulpenaren inguruko alderdi didaktikoaz zuen planteamenduaren atal bat, bederik, Computer Shock izeneko liburuan agertzen da, urte batzuk beranduago (1984: 194):

«Horrez gain, Bibliothêkê horrekin baterat eta Imprimetegi horrekin baterat (alegia, Bibliothêkêaren reproductione horrekin baterat), graikara classikotikan euskararako itzultzaileen skholê bat antolatu behar izanen litzateke. Eta, era berean, honakoa antolatu behar izanen litzateke: graikarazko textuak bidertzekotz imprimetegi bat, bai textu horien euskarazko itzulpenetarakotz, eta bai textu parallêloetarakotz. Horrela, graikar litteratura classikoaren euskarazko iruzkingileen corpus bat sortuko litzateke».

Uste bera agertu zuen Laura Mintegik Argia aldizkarirako egin zion elkarrizketan (1994):

«Gure artean influentziarik nabariena grekoarena da. Horregatik, hobe da greko literaturatik zuzenki hartzea, espainoletik baino».

1980ko udazkenean Donostiako Itzultzaile Eskola abiarazi zuen Euskaltzaindiak, Martutenen. Euskal Itzultzaileen Oinarrizko Prestakuntzarako Eskola omen zen, eta, Krutwigen jomugan zituen goi mailako helburuetatik urrun samar omen zegoen arren, itzulpen klasikoen gaineko prestakuntza eta euskal literatura eskaintzen zituen.

Apollôn gure culturaren symboloa lanean arestian aipatu gaia ere sakon aztertu zuen, besteak beste, euskal kulturan ikusten zituen zenbait ahuleziaz jardutean (1987: 35):

«Zeren eta euskal casuan interessant dateke, ezen euskarak’ bere hizkuntzazko structurak direlata, bere adar culturala crea lezala. Hunen egiteko elikatura cultural basikoa onhartu eta assimilatu behar da, eta hauxe gure casuan graikarazko originalak diradé, eta baldin nahi ba da, bigarren postu batetan latinaren bidez ethorritakoa ere, bainan gaur egunean’ batez ere Eurôpêko ethorkizunari begiraz euskal literaturak’ bere inspirationearen edaria’ Aganippêko ithurrian edan behar luke, eta geroz’ hor ere’ beren elikatura hartu dutenekin, communicatu; hau da, alemano, anglo, italiano ta frantsesarekin. Soilik orduan euskal literaturgile baten lanak valioko den zerbait ekhoitz lezake. Huntara ez da aski inspiratione theiozkoa, hau beharrezkoa denagatik, aitzitik huntaz gainera nolabait akadêmi on bat eduki behar dugu. Hau da artearen kanônen pratikêa eta ezagutza dadukana, eta gure egokera aphala culturan delata aiphatu ditugu ithurrietan inspiratione hartzea ezinbertzea da. Ezinbertzeak dira ithurri classicoak».

Krutwigek Jaurlaritzaren beka bati esker idatzi eta ohiko bide formalen bidez argitaratu gabe dirauen Ba hal daduka Euskalherriak’ ethorkizunik Kybernêtikêaren garaian? (1987) lana ere prestatu zuen, eta oso gogoeta interesgarriak azaldu zituen hartan, bai zibernetikaz bai zenbait itzulpen arazoz.

Hastapenetan azaldu bezala, bere buruaren itzultzaile ere jardun zuen, eta Ekhaitza dugu horren adibiderik nabarmenena. Antón Ugarte Muñozek honako hau dio (2017: 264):

«Ekhaitza. San Sebastián: L. Haranburu, 1980. 244 p.; 21 cm. ISBN 84-7407-084-8. Nota: Auto-traducción al euskera de la novela inédita en español La tempestad, independiente de la serie El jardín de los halcones».

Zertan esanik ez, El jardín de los halcones hori Belatzen baratza ezaguna da.

Euskara baturako Euskaltzaindiak aukeraturiko eredua gorabehera, bereari eutsi zion Federicok, eta horren adibide argia dira, itzulpenari dagokionez, besteak beste, Mao Zedong-en zenbait lanen itzulpenak edo aipatu Ekhaitza bera.

Josu Lavinek dioenez (2021):

«Ondoren Krutwig dembora batez Algerian egon cen, ETAco dellegatione dyplomaticoarequin. Hor harreman osso onac eguin cituen Embaxada Tchinatarrarequin, horren puncturaino non Tchinaco Gobernuac ordainduta, Mao Tse Tungen cembait obraren itzulpenac euscararat eguin bait cituen».

Itzulpengintza hori bultzada politiko bati esker apailatu zuen arren, dena dela, zio politikoaz gain, besterik ere bazen tartean, Imanol Muruari adierazi zionez (1999: 94):

«Nik ondo ezagutzen nituen txinatarrak eta orain ere sinpatia handia diet. Nehoiz ez dira egiazko marxistak izan. Haientzat ere marxismoa bidea gidatzeko metodo bat izan da».

Hala eta guztiz ere, Krutwig ez omen zen beste teorialari abertzale batzuk bezain Maozalea. Muruak gaiari buruz galdetuta, honela erantzun zion (1999: 95):

«[Galdera, Murua] Mao ere izan zenuen erreferentzia. Haren itzulpenak ere egin zenituen. [Erantzuna, Federico] Mao ere bai gauza batzuetan, baina ez hainbeste. Maozale Etxebarrieta zen eta, batez ere, Julen Madariaga. Ni ez nintzen hain maozale».

Eskura ditugun datuen arabera, ezin jakin daiteke zein hizkuntza hartu zuen abiaburu Krutwigek lan hori burutzeko (bat baino gehiago ere izan zitezkeen, jakina). Hiztegi eta grafia kontuak gorabehera, zein garaitakoa den ikusita, ez legoke oso urrun Krutwigen belaunaldiko batzuek eginiko itzulpenetatik, ez eta are alor bereko egungo zenbait itzulpenetatik (Krutwigek ituan irakurle edo hartzaile kultua bazuen ere).

Gaian sakontzearren, aipatu Ba hal daduka…lan argitaragabean jaso zituen gogoeta batzuk erabiliko ditugu, itzulpen praktikarako gogoeta teoriko interesgarri-interesgarriak jaso baitzituen, bere itzulpen moldearen erakusgarri (1987: 107):

«Berhain lan bat bertze hizkuntza batetara itzultzen denean, bethi ere soilik contenutua itzul dezakegu, eta ez originalean dagozen grammatikêzko particularitateak, zeren eta askotan hitzez hitz egin ba geneza, nola hizkuntzak’ differentak diren, bai eta heien literatur traditioneak ere diaphoroak bait dira, hitzez-hitz eginikako itzulpenak oso tzarrak izan litezken, eta huntara ere gehienetan gerthatzen da euskaraz non eta itzulpenak oso tzarrak ohi diren.

»Guttitan itzulpen bat originala baino hobea izaiten ohi da. Batzuetan gertha liteke (…) ezen itzulpenak hoin onak direla edo behar bada hoin ongi bir-interpretaturik dagozen, non eta itzulpenak bere herrian originalak (…) bezainbertze repræsentatzen diren, eta persona guztiek egiazko creationeak itzulitako hizkuntzan direla pentsatzen duten.

»Beraz itzulpen batetan hobekienik itzuli egin behar dena: zer dena da (…), eta soilik bigarren punctuan nola dena (…)».

Bestela esanda, mezua edo zentzua, aurrenik, eta, bigarrenik, forma bera, azala, nahiz eta, testu motaren arabera, horien artean bereiztea lan nekeza gerta daitekeen. Azken batean, itzulpen teorialari eta ikertzailerik ospetsuenek aldezten dutenetik hurbil-hurbil zebilen.

Amaitzeko, Apollôn deritzon laneko esaldi batzuk aldatuko ditugu hona, amaiera ezinago egokia direlakoan (1987: 55):

«Hemen, batez ere literaturan egiten dena, ez da españolkerien copia valoregabeko bat baizik, ezein ere intereserik ez duena, ez euskaldunentzat ez eta bertze herrientzat ere. Bainan nolabait euskal literatura bat’ ezinbertzea da basean, bertze cultur adarretan, valoreko gauzak euskaldun araura creatzekotz, Hizkuntzazko referentien systêma bat cultur creatione guztien base sine qua non bat delakotz; hizkuntzaren bidez herri baten cultura finkatzen bait da.
»Irakurleak pentsa liroke pessimista naizela. Ez dago halakorik, gauzak nola diren erran behar dela uste dut».

Utzi iruzkina