Aldibereko interpretazioa eta ahotsa

Amelia Pérez Conde

Aldibereko interpretazio-saio bat dantza gisa irudikatu dezakegu. Dantzan hasi aurretik, dantzari guztiak prest daude. Hizlaria izango da mugitzen lehena. Haren mugimendua sentitu bezain laster, kabinan erne dagoen interpreteak dantzatzeari ekingo dio, eta hizlariaren koreografia erakutsiko dio interpretazioa erabiltzen ari den entzuleari; eta entzuleak, jaso eta gero, erantzuna edo erreakzioa bidaliko dio hizlariari. Hirurak elkarrekin konektatuta daude, eta hirurak elkarri «adi» daude. Ahotsa da hiru pertsona horiek lotzen dituen haria; hala ere, ahotsa eta eremu horrek biltzen duen guztia ez da lantzen interpretazio-ikasketetan, salbuespen gutxi batzuetan izan ezik.

Juan Carlos Garaizabal adituak ahots kulturari buruzko blog honetan azaltzen du ahotsa psikearen, gorputz emozionalaren, gorputz fisikoaren eta entzumen-herentziaren zati entzungarria dela, eta ahotsa sortzean, besteak beste, tripak, bihotzak, burmuinak, norberaren historiak eta besteekin harremanetan jartzeko asmoak parte hartzen dutela.

Aldibereko interpretazio-saio batean, hizlaria hitz egiten hasi bezain laster, interpreteak ezagutuko ditu haren melodia, musikaltasuna eta nola mugitzen duen ahotsa, eta gehiago jakingo du beraren kultura mailari, nortasunari eta bizitasunari buruz. Diskurtsoarekin batera, hizlariak entzuleei esango die nola dagoen egun horretan, zein asmoz hitz egiten duen edo nondik hitz egiten duen.

Beste alderdi esanguratsu bat ahoskera da, hau da, hizlariak nola ahoskatzen dituen hitzak: kolpeak ematen ote dituen, hitzak argi ahoskatzen dituen ala ez, intentsitatea, estiloa eta nolako lotura sortu nahi duen entzuleekin, loturarik ezean ez baitago komunikaziorik.

Aldibereko interpreteak, beraz, aukera izango du diskurtsoari ez ezik, adierazpen-parametroei ere adi egoteko. Erritmoa, kadentzia, etenaldiak, melodia, abiadura eta intentsitatea kontuan hartuko ditu, eta, margoak izango balira bezala, hizlariaren emozioekin eta asmoekin koloreztatuko du diskurtsoa, anplifikaziorik gabe. Goza dezagun margolan horiek osatzen jakiteaz eta, behin osatuta, emateaz eta jasotzeaz.