Letra baten gorabeherak

Elixabete Perez Gaztelu

Eskerrak eman beharrean naiz ni ere 31 eskutik bloga biziberritu duzuenoi. Estimatua dago, era berean, plaza honetara gogoetagairen bat edo beste ekartzeko gonbita. Fernando Reyk «Korapilatsu, gantzatsu eta hartzatxoa» artikuluan egiten duen blog honetako sarreren sailkapenak lasaitu nau, aldez behintzat, plazaratuko ditudanak «lan luze eta mamitsuak» ez, baina non sailkatua badutelako, «ttantten» multzoan. Gaur dakardanari, bederen, tankera hori ematen diot.

Sailkapen berari atxiki, «kontu arinen» mailako gertaera bat da mintzagaia, izan ere, letra baten gorabehera baita, itxuran, hizpidea eman diguna; letra bat LARRIZ edo xehez idaztea, hain zuzen ere. Itxura arinak, ordea, kontu korapilatsuagoak estaltzen bide ditu: gutxieneko kontuan, lexiko-sorkuntza; hitzak izenburu bakartuetan eta kate sintagmatikoetan erabiltzea; seinaletika deitua; orto(tipo)grafia, diseinua; eta kultura, ezaupide komuna dei dezakeguna.

Errenteriako Udalak elkarte batzuen egoitza izango den, baden, eraikinari izena ipini berri dio, eta horretarako XX. mendeko emakumezko bertsolari bat jo du begiz. Leku publiko bat eskaini nahi izan dio Joxepa Antoni Aranberri Xenpelar bertsolariari sortu eta hil zen Errenteriako herrian, gainera, xenpelartarrentzat oso berezia den kalean, Madalen kalean, bertan hil baitziren Aranberriren ama, osaba (Maria Luisa eta Juan Frantzisko Petriarena Berrondo, hurrenez hurren), izeba eta ahizpa jaio berria. Honelaxe du idatzia eraikinak izena etxaurreko metalezko idazkunean: JOXEPA ANTONI ARANBERRI ANITZENEA; hitz guztiak letra larriz.

Anitzenea hitz eratorriaren bitxiak hiztegiak eta corpusak (Egungo Testuen Corpusa, ETC) begiztatzera eraman gaitu, anitz (aniz-) oinarria duen hitz eratorririk jaso ote duten jakin nahian. Euskaltzaindiaren Hiztegiak (EH) anitz (aniz-) hasierako hiztegi-sarrerok jasoak ditu: anizkoitz, anizkoiztasun, anizkun, aniztasun, aniztu, aniztun eta Elhuyar hiztegiak ere sarrera berak ditu. Orotariko Euskal Hiztegiak, berriz, aniztasun (aniztarzun…) eta aniztu besterik ez du jasotzen. ETC-k, anitz (aniz-) oinarria duten hitz eratorri gehiago jasoak dauzka hiztegiek baino, baina alde handia dago eratorri batzuen eta besteen adibideen kopuruan. Esate baterako, bi muturrak aipatzearren, anizkoitz 1.631 adibidetan erabili dute eta anizkunki bitan. Hauek dira corpus horretako datuak: anizdun (EHk baztertua aniztunen alde), anizkeria, anizki, anizkoi (EHk baztertua, anizkoitzen alde), anizkoitasun, anizkoitz, anizkoiztasun, anizkor, anizkotasun, anizkun, anizkunki, anizkuntasun, aniztar, aniztasun, aniztu, aniztun. Ez dugu, hortaz, -ene atzizkia duen ANITZENE(A) izenaren gisakorik topatu ez hiztegietan ez aipatu corpusean.

Okasiorako[1] sortutako izena da, antza, delako anitzenea, ‘era askotako ekitaldi, jarduerak / ekitaldi, jarduera… anitz, ugari egiteko lekua’, nahiz ‘talde, elkarte askok /era askotako talde, elkarteek bere zereginak gauzatzeko lekua’ izendatzeko.

Euskara Batuaren Eskuliburuak aipatzen duen anitzen ‘asko’ eta ‘era askotako, askotariko’ adieren gaia alde batera utzita, harrigarria gertatu zaigu anitzenea izenaren osaera, eta arrazoia ez da anitz eratorbiderako oinarri gisa erabili ez delako, erakutsi dugun bezala, baizik eta -ene atzizkiak beste ezaugarri batzuk dituzten izenak hautatu ohi dituelako: pertsona izen bereziak eta lanbidea,ofizioa edo adierazten dutenak (abadene, apezene, arotzene, serorene…). Honela deskribatzen du R. M. Azkuek Morfología vasca lanean atzizki honen osaera eta erabilera.

§ 28. Son también escasas, naturalmente, las desinencias casuales que existen en Toponimia y ellas se usan como si fuesen elementos derivativos: tales son el posesivo en vocablos como Abadene y Emiliaenea. Por Andresen etxean etxekoa etxetik etxera decimos mucho Andresenean, Andresenekoa, Andresenetik, Andresenera. De aquí los bizkainos de la zona de Mungia han creado y siguen creando denominaciones de vivienda, como Abadene casa cural, Isidrone casa de Isidro, Patxone, Fernandone, Pakone, Paulone… etc. y los nabarros Errandonea, Sansinenea y cien otros; en los cuales el sufijo, más que vida toponímica, vive vida morfológica, de declinación (Azkue, 1923-1925, 30 or.)[2].

Alegia, xenpelartarren gaineko informazio entziklopedikoa eskas duen, Joxepa Antoni Aranberri bertsolariaren eta bere bigarren deituraren berri ez duen hiztunaren gramatikak eraman dezake ondorioztatzera Anitzenea duela bertsolariak bigarren deitura, -ene(a) amaierako abizen askok bezala, Petriarena Joxepa Antoni Aranberriren amaren aldeko abizenak bezala(!), eta xenpelartarrekin lotzen duen deitura lausotu eta Joxepa Antoni Aranberri Petriarena «birbataiatu». Joxepa Antoni Aranberri Anitzenea horrelaxe idazten hasi denik bada.

Diseinuak eskatuta eraman bide zituzten idazkunera eraikinaren izeneko hitz guztiak LETRA LARRIZ, gero hitz horiek testuetan, sintagmetan, letra larriak eta xeheak bereizi behar direla kontuan izan gabe. Alfontso Mujikaren ahalegin txalogarriak ahalegin, aski agerikoa da letra larri eta xeheen erabilera ez dela beti nahi bezain garbia izaten, eta bataren edo bestearen hautuak bere ondorioak izan ditzakeela, badituela, ikusten ari garen moduan.

Mujikaren (2008, 74 or.)[3] irizpide hau aintzat hartu izan balute, beharbada… gai honetaz hitz egiteko motiborik ez genuen izango.

2.2.5.7. Etxe eta bestelako eraikinen izenak. Izendapenaren osagai espezifikoaren elementu nagusien hasierako letra maiuskulaz idazten da. Adibideak: Antzoki Zaharra (antzokia), Loiolako santutegia, Karlos V.aren gaztelua, Antiguako Andre Mariaren baseliza, Amarako geltokia…

Ez dakigu, era berean, behingoagatik bada ere, «(a) txikiak (A) handia bentzituko ote duen». Hala nahi genuke.


[1] Hitz-jokoa zilegi bada, EHren 2. eta 3. adieretan? 2 iz. Gertaera edo egintza jakin bati lotua den unea. Ik. aldi1. 3 Horrelako okasioetan, itzulingururik gabe hitz egitea betebehar morala da. 3 iz. Gip. Herr. Liskarra. Ik. sesioarmonia1. 2 Ni ez nauk okasio jartzera etorriOkasio bila al zabiltza? (Euskaltzaindiaren Hiztegia).

[2] Azkue, Resurrección Mª. 1923-25. Morfología vasca. Editorial Vasca.

[3] Mujika, Alfontso. 2008. Letra larriak erabiltzeko irizpideak. Eusko Jaurlaritza.