Ziklope

Ane Garcia Lopez

Ofizio bakoitzak bere ajeak ditu, hori badakit. Eta ajeen zozketa horretan, ez dut uste aukerarik okerrena egokitu zaigunik. Beste batzuek gizartearen alderik zail eta mingarrienei aurre egiten dieten artean, guri erretxinak izatea egokitu zaigu, norbaitek zerbait oker esan edo idatzi duela ikusi eta isilik geratu behar izatea, mari-jakintsutzat har ez gaitzaten. Onar dezagun: hizkuntzaren langileok jasangaitzak izan gaitezke.

Nork eztabaidatzen du kafe baten bueltan hitz bat edo beste ote den egokiagoa? Nori okurritzen zaio marratxoaren bueltan ikastaro edo hitzaldiak antolatzea? Ze pertsona klase damutzen da bezperan entregatutako enkarguan koma ordez puntu koma jarri ez izanaz? Erantzun posible bakarra dago: itzultzaileok. Eta, ausartuko naiz esaten, bereziki, euskarazko itzultzaileok.

Betaurreko moreena bezalakoa da hau, baina betaurreko gramatikal eta ortotipografikoak dira gureak. Nik X-Men taldeko Zikloperen antzekoak irudikatzen ditut nireak; izan ere, espazio publikoan nagoenean batik bat, eta hizkuntza publikoa modu desegokian erabilita ikusten dudanean, zeharkatu egiten dut edozein iragarki-panel nire laser hilgarriarekin. Ezin dut ekidin, benetan saiatu arren: behar ez den tokian ikusten dudanean koma bat 2×3 metroko tamainako kartelean, Bap-en kantuaren letra errepikatzen diot nire buruari behin eta berriro, “Ez dut ezer esan nahi / Ez dut nahi esan ezer”, baina “ezin isilik egon / isilik egon ezin / ezin!”. Eta berehala hasten natzaio albokoari marmarka, edonor dela ere. Horrela ezin da bizi, lagunok, horrela ezin da.

Zaila da azaltzen zergatik den garrantzitsua (batez ere) espazio publikoan koma bakoitza bere lekuan egotea eta hitz bakoitza arretaz zaintzea. Zaila da gure grina eta haserre erretxina modu egokian azaleratzea. Ez da harrokeria: hizkuntzak pentsamendua egituratzen duen heinean, garrantzitsua da hizkuntza zaindu bat edukitzea espazio publikoan, zuhaitzak eta berdeguneak bezalaxe.

Arlo publikoko testuak itzultzerakoan, jatorrizko testu asko ere ez daude zainduta, ez daude ongi egituratuta: gramatikaz eta ortotipografiaz harago, ez daude egon litezkeen bezain ongi idatzita. Hizkera nahaspilatsua darabilte, esaldiek amaigabeak dirudite eta ez dute zentzu handirik. Ondorioz, sarritan sentitzen naiz hizkuntzaren zaindari, eta beste hainbestetan sentitzen dut lan hori ez dagokidala niri soilik.

Hizkuntza publiko duina merezi dugu, akats gramatikal eta ortotipografikorik gabea. Euskara duintasunez tratatzen duten publizitate-kanpainak merezi ditugu, euskaraz grazia daukaten esloganak, administrazio-testu egituratuak. Atzetik komarik ez duten subjektuak merezi ditugu, ergatibo zuzenak merezi ditugu, jatorrizko testu duinak merezi ditugu. Nik hizkuntza salbatzeari utzi nahi diot, Zikloperen betaurrekoak kendu eta hiritar soil izan nahi dut: koma guztiak bere lekuan daudela sentitu.