BASKISKA estrategia-plana

Iñigo Satrustegi Andrés

Demagun, itzulpen-ikasketak bukatu berritan, itzulpenak egiten hasi nahi duzula (meloi bat hemen: zenbatek erabaki dugu bide honetatik segitzea, tarteka egiten badugu ere? Eta, batez ere, zergatik hain gutxi?). Demagun, unibertsitateko enplegu-zerbitzutik lan-eskaintza bat jasotzen duzula nazioarteko enpresa ezagun batean aritzeko. Demagun sarrera-proba bat egiten duzula, eta enpresa horrentzat doako itzulpen bat egiten duzula. Demagun baldintza kaskarrak onartzea erabakitzen duzula (horretaz ere mintzatuko gara aurrerago, nahi baduzue). Eta demagun zure bezeroaren bezero nagusia zera dela, altzari suediarrak egiten dituen kate erraldoi bat, adibide gisara baino ez, e? Zer atera liteke gaizki? A, bai: altzari suediarrak muntatzeko ez bezala, euskarara itzultzeko jarraibiderik ez dagoela. Arrazoiak arrazoi testuek euskaraz egon behar dute, baina ez dira kontuan hartzen hizkuntzaren konplexutasunak eta zirrikituak, amaierako produktuaren (itzulpenaren) kaltetan.

Baina lasai. Heldu da BASKISKA estrategia-plana, altzari suediarren edozein katek azalduko lukeen erara. Pausoz pauso, eta pieza guztiak zorro txiki batean bildurik. Euskararen prestigioa, euskal hiztunen hizkuntza-eskubideak, itzultzaileen lanaren erraztea eta itzulpenen kalitatea bermatzen lagunduko dizun gomendio sorta.

1.- Euskara hizkuntza bat da. Eta hizkuntza guztien modura, ezaugarri bereziak ditu. Sintaxia, morfologia edota lexikoa ere bai asko aldendu daitezke jatorrizko hizkuntzatik. Beraz, har itzazu kontuan ezaugarriok, bereziki testuak euskaraz irakurtzeko sortu ez direnean.

Esan gabe doa hizkuntza bat baino gehiago ere badela euskara, eta hiztun-komunitateak berezko erreferentziak, iruditegiak, hizkera-ohiturak, esamoldeak eta abar dituela. Hori dela eta, ez izan zurrunak eta eman itzultzaileei malgutasuna testuen izaera moldatu dezaten, edukiak (mezua) aldatu gabe, jakina.

2.- Osatu ezazu estilo liburu on bat. Bai, itzultzaileen zalantzak argitzeko horietako bat. Hartu itzazu itzultzaileak, hizkuntzalariak, filologoak, eta prestatu dezatela euskarri modura erabiltzeko gidaliburu bat (epe luzerako inbertsio bat da finean). Ongi dago irizpide gisa hizkera friendly-a eta informala erabili behar direla adieraztea. Ongi dago Euskaltzaindiaren arauak errespetatu behar direla esatea. Baina, ez al dira jarraibide orokorregiak?

Pentsa webgune bateko produktu berrien katalogoa dela itzuli beharrekoa. Zer errotuluk daramate zer puntuazio? Zeren arabera adostuko dute itzultzaile guztiek modern rustic kitchen euskaratzeko ordaina? Eta nola helarazi hori? Eta egokia ez bada batek erabilitakoa? Sinonimo guztien artean zein aukeratu altzari bakoitzarentzat? Zer estrategia jarraitu beharko dute OIKIA enpresaren izena —argi gera bedi aliritzira asmatutako izena dela, hemen ez diogula inori publizitate txarrik egin nahi— eta haren zerbitzuen izenak aldaezinak badira, hau da, ezin bazaie kasu-markarik gehitu? Nola egin behar da blue hitz soltearen lokalizazioa? Mugagabean? Absolutibo mugatu singularrean? Baina gero blue-ri gehitzen badiote curtains makina teknologiko magiko baten bitartez?

3.- Baliabideez ari garela, lanerako tresna funtzionalak —eta ikuspegi kapitalistatik begiratuta, produktiboak ere bai— ezinbestekoak dira. Inbertitu I+Gan, adimen artifizialean itzultzaileei lana errazteko, errepikapenak eskuz sartu behar ez ditzaten, edo egin ez ditzaten aldaketak banan-banan.

4.- Kontuan izan itzulpen automatikoen postedizioa eta itzulpen arrunten zuzenketa ez direla gauza bera. Ez dela berdina testuak etengabe egokitzea (edota zuzentzea) eta akatsak, erratak eta beste bilatzea. Eta horrenbestez, ezin direla berdin pagatu.

5.- Sortu komunikazio-kanal bat, sare bat. Euskarara itzultzen dutenek baliabide ugari dituzten arren, komeniko litzateke bezero berarentzat aritzen diren itzultzaileak —eta zuzentzaileak!!— harremanetan egotea. Nahiko bakartia da berez itzulpengintzaren jarduna, baina egon beharko da tresnaren bat edo formula magikoren bat Datuen Babeserako Legearekin bateragarria dena, Itzultzaile001ek eta Itzultzaile002k elkarri lagundu diezaioten.

Era berean, lagungarria da Itzultzaile001ek egindako itzulpena zuzendu duen Zuzentzaile005ek nolabaiteko feedback-a ematea, modu friendly-an betiere, etorkizuneko itzulpenen kalitatearen hobe beharrez.