Orainaldi galkorrak

Gotzon Egia Goienetxea

Denbora kronologikoaren eremu semantikoan subjektibitateak agintzen du. Gaur, esate baterako, ez daiteke uler, ez bada hitza erabiltzen duenaren ikuspunturik gabe, egun guztiak baitira gaur, norbaitek hala aldarrikatzen duen orduko; beste horrenbeste, atzo, bihar, orain eta abar.

Alde batetik, ikuspuntuak argitzen du hitzaren esanahi egiazkoa, baina, bestetik, denbora aipatzeko hitz batzuen hedadura zalantza gabeko xehetasunez ulertzen den bezala (atzo, gauden egunaren aurreko 24 orduetan; iaz, gauden urtearen aurreko urtean), beste batzuetan ardatz kronologikoan hartzen duten hedadura lausoa da, gutxi gorabeherakoa, xehetasun askorik gabea. Gisa horretakoak dira, besteak beste, lehen, gero edo orain.

Halakoetan, hori da, adiera guztiz xehea ez duten denbora erreferentziazko hitz horietan, graduazio batera jotzen dugu maiz, hitzaren hedadura ahal bezainbatean zehazteko: lehen, baina lehenago, lehentxeago…

Orain

Har dezagun orain, adibidez. Horra nola definitzen duen Euskaltzaindiaren Hiztegiak: «Une honetan, garai honetan». Tira, une honetan, aski zehatza dirudi, baina garai honetan… Hiztegi orokor batek ez du, agian, zehaztasun handiegitan sartu beharrik, baina esango nuke orain adberbioak denbora kronologikoaren ardatzean gutxienez lau puntu hartzen dituela, gutxienez:

  • une honetan: orain da garaia;
  • lehentxeago: orain etorri da (= oraintsu);
  • berehala: orain esango dizut;
  • garai honetan: oraingo auziak oraingo buruz zuritzen.

Adieraren xehetasun urriak behartzen du, ziur asko, orain hitza garapen bidez zehaztapena bilatzera: orain bertan (edo orain berean), oraintxe eta oraintxe bertan (edo oraintxe berean). Hiru hauek esan daiteke baliokide direla, oraintxe adberbioari Euskaltzaindiaren Hiztegiak ematen dion adierari lotuta: «Orain bertan».

Uste bat aurreratuko dizuet, baina: orain soila, muinean «hitz egiten ari garen une hau» adierazten duena, higatzen ari ote den, eta funtsezko adiera horri eutsi ezinik, garapen indargarri bat (edo gehiago) behar izatera iristen ari ote den, esan nahi duen hura adierazi ahal izateko.

Aztertu nahi izan dut nire uste horrek ba ote duen funtsik, hau da, ba ote dagoen bilakaera argirik idazle klasikoen adibideetatik gaurdaino; ezina zait, noski, kasu guzti-guztiak banan bana aztertu eta hona ekartzea, baina saiatuko naiz, klasikoetatik abiatuta, corpus kontsultagarrietatik ateratako adibideen bitartez orainorain berean/orain bertanoraintxe oraintxe berean/ orain bertan multzoa aztertzen eta, ahal dela, ondorio argigarriren bat ateratzen.

Euskal Klasikoen Corpusa (EKC)

  • orain hitzaren kontsulta hitza osorik eginik, 10.889 agerraldi daude, 357 liburutatik eta 145 egiletatik hartuak. Adibideen gainbegiratu batek erakusten du hitzaren adiera —aho batez, esango nuke— ardatz kronologikoaren aipatutako lau puntu ohiko edo tradizionaletan dagoela (une honetan, lehentxeago, berehala edo garai honetan).
  • orain berean hitzen kontsulta hitza osorik eginik, 1. eta 2. posizioan, 8 agerraldi besterik ez daude, 3 liburutatik eta 3 egiletatik jasoak; guztiak, XIX. mendetik aurrerakoak. Adiera beti dute une honetantxe, berehala, adibide honetan ikusten ahal den bezala: «Badakigu, beraz, bihar zer gertatuko den gure Iruña hontan, hortakotz orain berean emanen dugu manua, jende guziak ihes egin dezala hiritik, duenak duenarekin» (Pierres Larzabal).
  • orain bertan hitzen kontsulta hitza osorik eginik, 1. eta 2. posizioan, 122 agerraldi daude, 41 liburutatik eta 22 egiletatik bilduak; guztiak, XVIII. mendearen bukaeratik aurrerakoak. Adiera beti dute une honetantxe, berehala, adibide honetan ikusten ahal den bezala: «Nahi diat orain bertan eman diezadan platean Ioanes Baptistaren burua» (Joanes Leizarraga).
  • oraintxe hitzaren kontsulta hitza osorik eginik, 787 agerraldi daude, 179 liburutatik eta 76 egiletatik hartuak. Bistan da askoz ere gutxiago erabili zela klasikoen artean, orain soila baino. Gainera, adibiderik ia ez dago XVIII. mendera bitarte. Gehientsuenetan, esango nuke, adiera orain indartu batena besterik ez dela, hau da, ez da une honetantxe, berehala, baizik orain soil bat, adibide honetan ikusten ahal den bezala: «Arana Goiri tar Sabinek sorturiko abertzaletasuna, oraintxe, gure egunetan, aurrerakada izugarria egiten ari da» (Pablo Fermin Irigarai, Larreko).
  • oraintxe bertan hitzen kontsulta hitza osorik eginik, 1. eta 2. posizioan, 68 agerraldi daude, 30 liburutatik eta 20 egiletatik jasoak; guztiak, XIX. mendearen ostekoak. Denak, une honetantxe, berehala adierakoak dira, adibide hauetan ikusten den gisan: «Diot, Joanes nere anaia ta nik Flamendarrak oraintxe bertan ikusi ditugula beren ontzian sartzen besoetan zaramaten zama luze bezalako batekiñ» (Pierre Lhnade); «Baina fraile joan? Oraintxe bertan, etxekoak marru gorrian utzita bada ere» (Xabier Lizardi).

Labur, esan daiteke idazle klasikoen artean orain eta oraintxe erabili zirela, adiera berarekin, une honetan, garai honetan adierazteko. Aldiz, aldaera indartuak (orain berean, orain bertan, oraintxe bertan) berriagoak dira eta une honetantxe, berehala adiera gordetzen dute, orobat, klasikoengan.

Ereduzko Prosa Dinamikoa (EPD)

  • orain hitzaren kontsulta hitza eginik, 18.665 agerraldi daude, 183 liburutatik eta 4.175 prentsa artikulutatik hartuak. Adibideen gainbegiratu batez esan daiteke adiera beti ardatz kronologikoaren aipatutako lau puntu ohiko edo tradizionaletan dagoela (une honetan, lehentxeago, berehala edo garai honetan).
  • orain berean hitzen kontsulta hitza eginik, 1. eta 2. posizioan, agerraldi bakarra dago, liburu batetik jasoa. Adiera du une honetantxe, berehala: «Orain berean ere korrika ari dadin nahi dut» (Irene Sola, Joxan Elosegi). Esan beharrik ez dago, itzulpen liburu bat da.
  • orain bertan hitzen kontsulta hitza eginik, 1. eta 2. posizioan, 34 agerraldi daude, 3 liburutatik eta 14 prentsa artikulutatik jasoak. Albo batera utzita denbora kronologikoa aipatzen ez duten esamoldeak (adibidez, «orain bertan behera geratu da deialdi hori», «orain bertan daudela ikusirik» eta gisakoak), adibide gehienetan, berdin liburuetakoak edo prentsakoak, adiera orain indartu batena besterik ez da, hau da, ez da une honetantxe, berehala, baizik orain soil bat. Horren lekuko: «orain bertan ez dago estatu berria sortzeko baldintza teknikorik» (Berria), «konstituzioan aldaketak egingo dituzte orain bertan legezkoa ez den galdeketa hori posible izan dadin» (Berria) edo «1.350 inguru gaude orain bertan izena emanda» (Berria).
  • oraintxe hitzaren kontsulta hitza eginik, 568 agerraldi daude, 52 liburutatik eta 198 prentsa artikulutatik jasoak. Oro har, adiera orain indartu batena dela esango nuke, bereziki prentsa artikuluetan, «Autogintzaren sektorea dudaz beteta dago oraintxe» (Berria), esate baterako; baina ez dira falta une honetantxe, berehala adiera duten aleak, proportzioz askoz gehiago liburuetan, adibidez: «Oraintxe deituko diot —erantzun nuen» (Emily Brontë, Irene Aldasoro) edo «Oraintxe atera diagu labetik!» (Nikolas Kazantzakis, Luis Berrizbeitia).
  • oraintxe bertan hitzen kontsulta hitza eginik, 1. eta 2. posizioan, 528 agerraldi daude, 77 liburutatik eta 65 prentsa artikulutatik jasoak. Prentsako adibideetan, esango nuke, orobat, adiera ez dela, inola ere, une honetantxe, berehala, baizik orain soil batena; esate baterako: «Oraintxe bertan bake prozesua geldirik dago» (Berria), «Eibarreko jokalaria naiz oraintxe bertan, eta burua hemen daukat» (Berria) edo «Oraintxe bertan etsai bera dugu denok: COVID-19a» (Berria). Liburuetatik jasotako adibideetan, alderantziz, ugariagoak ez ezik gehiengo dira une honetantxe, berehala adierakoak: «Nik oraintxe bertan kobratu behar dut, segituan» (Joxemari Iturralde), «Isildu oraintxe bertan!» (Emily Brontë, Irene Aldasoro) edo «Oraintxe bertan abiatu eta gau osoan ibiltzeko moduan zara?» (Robert Louis Stevenson, Xabier Olarra). Berriro ere, liburuen adibide gehienak itzulitako liburuetatik datoz.

Laburtuta, ematen du gaur egungo erabileran orain bertan eta oraintxe bertan moldeak orain soilaren eremu semantikora lerratzen ari direla —bereziki eta modu orokortuan, dirudienez, hedabideen erabileran—, eta galtzen, orobat, klasikoen artean ia aho batez zeukaten adiera, une honetantxe, berehala.

Oharra

Euskaltzaindiaren «Jagonet galde-erantzunak» kontsulta zerbitzuan bi erantzun daude, gai honen ingurukoak:

Alabaina, galderen gaia zehazki formen zuzentasuna zenez, bi erantzunotan hitzen edo esamoldeen alderdi hori besterik ez da jorratzen, esanahiaren edo adieren arloan sartu gabe. Horren ondorioz, ez dute argirik ematen artikulu honek aztertu nahi duen eremuan.

One Reply to “”

  1. Gogora ekarri didazu, Gotzon, inguruko ume bati entzundakoa. Eskatu eta eskatu, eta behin eta birritan “oraintxe” erantzuten zitzaionean, luzetsita, muturra okertu eta “Oraintxe ez, orain!” iju egiten zuen.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina