Joan Perez Lazarragako, itzulpena eta puntuazioa

Gidor Bilbao Telletxea

Joan Perez Lazarragako (c. 1547-1605) arabarraren poema bat erabili ohi dut Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologiako masterreko ikasleei erakusteko zein inportantea den, filologoaren lanean, testua ondo ulertzea eta puntuazio egokia hautatzea. Ikasle-taldean, Euskal Ikasketetako gradua ikasitakoak eta Itzulpengintza eta Interpretazioko gradua ikasitakoak izan ohi dira sarri eta, gehienetan, Euskal Ikasketetatik datozen filologo gazteek errazago ulertu ohi dute testua, eta Itzulpengintzatik datozenek era egokiagoan hautatu ohi dute, nire gusturako, puntuazioa.

Ariketa egiten hasteko, eskuizkribuaren argazkia ikusten dugu. Hurrengo urratsean, testuaren transkripzioa eman ohi diet, baina hemen pausu bat jango dut eta erakutsiko dizuet transkripzio hori gaurko grafiara aldatuta (baina <h> gabe) eta hitzen banaketak gaurko erara moldatuta, puntuaziorik gabe, ikus dezazuen zer ulertzen duzuen eta puntuazioa zelan antolatuko zenuketen (soluzioa beherago dago, baina ahalegindu han begiratu gabe irakurtzen hau):

          canción

iragarri oi ez nagizun
jentil honbrea bildur nax
eurk ekusirik nola zarean
neskea bildurrago nax

nola andraen bildur zara
aek baga onik ez badozu
aen obraen oita bildur nax
zure bere bai badagizu
ez dot egingo gauza gaxtorik
oi ez dasazun bildur nax
neurk ekusirik nola zarean
neskea bildurrago nax

zerren diozu sekretorik
oi andraetan ez dala
zerren kausea begiratzaka
ifinten daue obratan
faltaduko jatzulako
zenzuna goganbear nax
neurk ekusirik nola zarean
neskea bildurrago nax

andraetan diskreziorik
ez dala uste al dozu
bai baia dauen zenzutxo ori
gaxki daroae giadu
oita bildurrak ikara nabil
ez dakit neurau nor naxan
neurk ikusirik nola zarean
neskea bildurrago nax

          fin

Ez da testu erraza eta editoreei asko kostatu zitzaigun ulertzea. Saio bat, bi eta hiru baino gehiagotan jardun genuen, orain bistakoa iruditzen zaigun zerbait ikusi gabe: neskaren eta “jentil honbrea”ren arteko elkarrizketa da, eta solaskide bakoitzari bina lerro dagozkio, txandaka. Ezaugarri horrek, jakina, goitik behera baldintzatzen du puntuazioa:

          Canción

—Iragarri oi ez nagizun,
jentil honbrea, bildur nax.
—Neurk ekusirik nola zarean,
neskea, bildurrago nax.

—Nola andraen bildur zara,
aek baga onik ez badozu?
—Aen obraen oita bildur nax;
zure bere bai, badagizu.
—Ez dot egingo gauza gaxtorik,
oi ez dasazun “bildur nax”.
—Neurk ekusirik nola zarean,
neskea, bildurrago nax.

—Zerren diozu sekretorik
oi andraetan ez dala?
—Zerren kausea begiratzaka
ifinten daue obratan.
—Faltaduko jatzulako
zenzuna goganbear nax.
—Neurk ekusirik nola zarean,
neskea, bildurrago nax.

—Andraetan diskreziorik
ez dala uste al dozu?
—Bai, baia dauen zenzutxo ori
gaxki daroae giadu.
—Oita bildurrak ikara nabil,
ez dakit neurau nor naxan.
—Neurk ikusirik nola zarean,
neskea, bildurrago nax.

          Fin

Horrelaxe argitaratu genuen 2010ean, Lazarragaren testuen edizioaren gure lehenengo zirriborroan, eta esan genuen errepika (“Neurk ikusirik nola zarean, / neskea, bildurrago nax”) maite-solasaren barruan sartzea ohikoa dela gaztelaniazko herri-poesian. Gero, 2013an, Jesús Antonio Cidek seinalatu zuen neska-mutil gazteen arteko maitasun-elkarrizketa bizi eta are zorrotzak ohikoak direla galegozko parrafeo edo enchoiada deituriko kopla-sortetan ere, Lazarragaren poema honetan bezalatsu.

Baina ikerketan jarraitu genuen, eta 2020an, Lazarraga Eskuizkribuaren edizioa eta azterketa I: Sarrera, gramatika, hiztegia eta adizkitegia eta Lazarraga Eskuizkribuaren edizioa eta azterketa II: Testua argitaratu genituenean, bagenekien Lazarraga itzultzaile-lanetan ari zela, neurri handi batean, esku artean dugun poema idatzi zuenean.

Izan ere, badakigu Joan Timoneda valentziarrak 1556an paratu zuela Cancionero llamado Flor de Enamorados, sacado de diversos auctores. Agora nuevamente por muy lindo orden compilado bilduma, ordura arte ahoz, kopia eskuizkribatuen bidez, edo plegu solteen bidez zabalduriko poema liriko eta liriko-narratiboak biltzen zituena. “Aquí comiençan villancicos y canciones a modo de diálogo pastoril, sobre diversos acaesciminetos de amores” izenburu esanguratsua daukan atalean aurkitu genuen Lazarragak euskaratu (edo gutxienez bertsionatu) duen poema (hemen 1626ko ediziotik hartua, gure puntuazioarekin): 

          Otra

—Carillo, temo en estremo
no publiques mi querer.
—Zagala, de ti me temo
en pensar queres muger.

—¿Cómo temes de mugeres
si por ellas vida cobras?
—Temo de sus falsas obras,
y de ti, si las hizieres.
—No haré, mas ¡hay! que quemo
si descubres mi valer.
— Zagala, de ti me temo
en pensar queres muger.

—Díme: ¿firmeza y secreto
en mugeres no hazen pausa?
—No, pues que sin mirar la causa
ponen por obra el efeto.
—Carillo, en recelo temo
que no te falte saber.
— Zagala, de ti me temo
en pensar queres muger.

—¿Piensas que saber no han
las mugeres, buen zagal?
—Sí, mas despidiéndolo en mal
como Eva con Adán.
—Carillo, dexa el estremo
en tu fe dicha y que temer.
— Zagala, de ti me temo
en pensar queres muger.

          Fin

Carillo eta Zagala artzain-izen tipikoak dira gaztelaniazko jatorrizkoan artzainen arteko elkarrizketa dela adierazten duten elementu bakarrak, baina Lazarragak, bere euskarazko bertsioan, horiek ezabatu eta jentil honbrea eta neskea generikoak erabili ditu, besterik gabe. Badira aldaketa gehiago ere, baina bat bakarra seinalatuko dut. Neskaren azken bertso-lerroetan, gaztelaniazko testua zaila da ulertzen eta editoreek aldaketak sartu dituzte, seguruenik textus corruptus ‘testu ustela’ delako:

1562ko edizioan: “Carillo dexa l’estremo / en tu fe di hay que temer”
1573ko edizioan: “Carillo dexa el estremo / en tu fe cicha y que temer”
1626ko edizioan: “Carillo dexa el estremo / en tu fe dicha y que temer”

Lazarragak ez du izan arazorik. Jatorrizkoa utzi eta bertso-lerro berriak sortu ditu:

—Oita bildurrak ikara nabil,
ez dakit neurau nor naxan.

Bide batez, Eztebe Materraren beldurrez ikhara nabilala berbera.