Hitz hil-piztuak

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Otsailean irakurritako txio batean aurkitu nuen. Hari-zulo. Eta, harekin batera, esamoldea ere: Dena klase borrokaren hari-zulotik pasatzen denean… Galbahe estu batetik, ikuspegi murrizgarriarekin, alegia. Hari-zuloa, jostorratzaren zuloa. Jostorratz-zulo badator gure hiztegietan eta jostorratz-begi ere hainbat aldiz erabili izan da, gamelu eta aberatsei buruzko esaldi ospetsuan. Hari-zulo, aldiz, alferrik bilatu dut hiztegietan. Interneten, ordea, bai aurkitu dut, itzulpen-automatikoa erabiltzen duten torlojugintzari eta antzeko makinei buruzko orrietan, oker ez banago. Gauzak horrela, ez dakit hari-zulo terminoa norbaitek unean asmatutako neologismoa ote den edo hiztegietan jaso gabe hiztun apur batzuen txoko-mintzoan geratu den euskal hitz zaharra. Gure lexikografoek jaso gabeko zenbat eta zenbat euskal hitz geratu ote dira jaso gabe, betiko galdurik? Hitzak ere hiltzen baitira, hitz horiek behar zituen gizartea desagertzen denean. Asko, zortea izanez gero, arkaismo gisa gelditzen dira testu zaharretan eta hiztegi historikoetan luzaroko edo betiko loan.

Anegaka eta arroaka ditugu honelakoak euskal hiztegietan, inoren aho-lumetara aspaldi itzuli gabe, hiztun gehienentzat ezezagun, berbazurtz: anega, arroa, astalkatu, bormu, gerruntze, ibi, kabestru, lats, okuntza, tragatu

Banaka batzuk baino ez dira biziberritzen, adiera berrietarako berreskuraturik, berrezarpen lexikoa deritzaion prozesu batean. Eta, askotan, adiera berriak indar eta erabilera handiagoa hartzen du lehengo zaharrak baino: gaztelaniaz, vado hitza zirkulazio alorreko kontzepturako ia bakarrik erabiltzen da, ibaiei lotutako adierak apenas duelako loturarik batez besteko hiztunaren oraingo bizi-esperientziarekin. Euskaraz,  antzekoa gertatzen da sagu hitzarekin: galbidean egon gabe, adiera berria eskuratu du informatikaren eskutik, ez dugu inolako lotsarik izaten halako kalko semantikoa erabiltzeko, eta gaur egungo euskaldun gehienok askoz gehiagotan izaten dugu ahotan zentzu berrian bestean baino; egunen batean, ordea, teknologiaren garapenagatik sagu informatikoa erabiltzeari uzten zaionean, bigarren adiera hori ere geratuko da hiztegietan, hitz zaharkituen artean, noski. Eta ez dugu lotsarik erabiltzeko sagu gaztelaniaz ratón eta frantsesez souris esaten delako, euskaraz ere gailuak baduelako sagu animalia gogoratzen duen itxura (nahiz gehienetan isatsa galdua duen dagoeneko); bi hizkuntza horietan mouse erabili izan balute, ez nago hain seguru euskaraz sagu onartuko ote genukeen. Italiarren antzera, beharbada, sorcio edo topolino erabiltzea bezain irrigarria irudituko zitzaigun, agian, eta mouse hitz “modernoa” erabiliko genuke guk ere.

Euskaraz ere zaharkitu eta galbidetik sartzeko zorian zeuden makina bat hitz biziberritu ditugu azkenaldi luze honetan, XX. mendean hasita. Duela lau hamarkada, euskalgintzaren munduan genbiltzan nire belaunaldiko askok desarroilatu erdarakada erabiltzen genuen lotsa handiegirik gabe, garatu hitz arraroa boladan jarri zen arte. Garatu, onenean ere, barazkien bizi-zikloari lotutako hitza zen (“Azak edo arbiak, garatzen direnean, ez dute jateko balio” adibidea dakar Euskaltzaindiaren Hiztegiak), eta, beraz, baserri-munduko hitza zen, nahiz egia den Orixek behintzak baserriz kanpoko erabileretarako berreskuratu edo indarberritu zuela; desarroilatu, aldiz, modernitatearen hitza zen. Bada, lau hamarkada hauen ondoren, Egungo Testuen Corpusean, desarroilatuk 16 agerraldi ditu 2001etik hona; garatuk, berriz, 87 902.

Baserritik mundu ustez modernorako bidea egin du gurdi hitzak ere, ez ordea zalantza-malantzarik gabe oraindik. Euskaltzaindiaren Hiztegian (EH) sartuta dago gurditxo hitza, erosketarako saski gurpildunaren zentzuan, eta hainbat super eta hiperretan ere irakur daiteke idatzita, baina euskaldun askok oraindik karrotxo edo karrito nahiago izaten dituzte. Denborak ebatziko du. Orgatxo ere topa daiteke zentzu berean hainbat weborritan, baina oraindik ez dago jasota EHn.

Vado hitza aipatu dut gorago, ibia euskaraz. Euskarazkoa ezaguna da oraindik, noski, baina ezin da oso erabilia izan, euskaldunon bizimoduan ere “ibai batean, uraren sakontasun txikiagatik, oinez igaro daitekeen tokia” ez delako oso sarri izaten dugun esperientzia; galbidean edo hiztegiko ahaztegian dagoela esan genezake, neurri handi batean. Alabaina, eduki zuen aukera biziberritua izateko, zirkulazioaren alorreko terminologiarako berrezarrita, “Espaloiaren ertz beheratua, ibilgailuak garajeetara edo aldameneko lursailetara sartu ahal izateko egokitua” zentzuan. Egon ere jasota dago Zirkulazio Hiztegian, bai eta Elhuyar hiztegian ere, baina aspalditik dago baztertuta erabilera ofizialetik; hala ere, sagu informatikoaren itxurak sagu animalia gogoratzen zuen bezala (orain tresna informatiko gehienek “buztana galdu” baitute), adiera berriak eta zaharrak badute antzekotasunik: bigarren adierak (espaloia zeharkatzeko pasabidea) lehenengoa (ibaia zeharkatzeko leku egokia) ekartzen digu gogora, zentzu figuratuan oinarritzen baita. Eta ibi hitzak euskaraz ere eduki zezakeen garapen autonomoa, zentzu figuratibo argia izateaz gain, erabilera ere izan zuelako garai batean (oraindik ikus daiteke, ordea, seinale zaharren batean). Baina Ibon Sarasolak euskararen ajeen artean sartu zuen 1997an (damuz orain?), delako ibi iraunkorra terminoa xelebrekeriatzat eta euskal itzultzaile “otzan eta esanekoek” espainiar administrazio-mundutik hartutako kalko gaitzesgarritzat jota, eta espaloietako seinaleetatik ia erabat desagertu zen, pasabide hitzak ordezkaturik.Pasabide hitza, ordea, ez zait egokia iruditzen zirkulazio alorreko kontzeptua adierazteko, inork ez duelako, bere hartan behintzat, automatikoki adiera espezializatu horrekin lotzen: hiperonimo bat da, pasabide mota asko baitaude, eta zirkulazio-hiztegian jasotako hiponimoa mota horietako bat besterik ez baita. Gainera, pasabide hitza ez dago Euskaltzaindiaren Hiztegian jasota zentzu espezializatu horrekin; Ereduzko Prosa Gaur-en edo Egungo Testuen Corpusean ez dut aurkitu erabilera hiperonimikoa baino. Ibi hitza otzan-otzan biziberritu nahi ez bada, araupeko pasabide edo horrelako zerbait erabili beharko litzateke adiera espezializaturako, hiztunak zalantzarik gabe sar dezan hitz hori zirkulazioko terminologiaren hari-zulotik, zehaztasunaren onerako.

Utzi iruzkina