Hizkuntza, hezkuntzaren funtsa

Amaia Lersundi Pérez

Orain arte argitaratutako sarrera gehienetan hizkuntzarekin lotutako arauak aztertzen dira, komak non jarri, hitzen ordena… Eztabaida eta gogoeta interesgarriak aurkitu ditut. Irakurtzen ditudanean, burura datorkit zergatik ikasi nuen itzulpengintza. Zein polita eta beharrezkoa den itzultzaileen eta zuzentzaileen lana!

Hala ere, senak eta hizkuntzekiko bokazioak eraman ninduten irakaskuntzaren bidea hartzera eta pasioa ogibide bilakatzera. Hasiera batean lan guztiz desberdinak zirela pentsatu banuen ere, helburu nagusi bat partekatzen dutela ikusi dut urte hauetan: hizkuntzaren kalitatea bermatzea eta gotortzea.

Eskolan (eta bizitzan) egiten den jarduera oro hizkuntzaren bidez egiten da: ikaskideekin hitz egin, irakasleari galdetu, matematikako problemak ulertu, pentsatu, sentitu, historiako iruzkinak idatzi, etab. Hizkuntza ere ezinbestekoa da gaitasun sozialak eta emozionalak garatzeko, baita enpatia eta gatazkak modu eraikitzailean kudeatzeko gaitasuna garatzeko ere. Esandakoagatik, hizkuntza gako da ikaste- eta irakaste-prozesuetan, ikasgaia edozein delarik ere. Hau da, zenbat eta hobea izan ikasleen hizkuntza-maila, orduan eta arrakastatsuagoa izango da ikasleen ikaste-prozesua.

Tamalez, azken ikerketen arabera, ikasleen euskara-maila gero eta okerragoa da. Eskoletan ikertzen daramatzadan urteetan, ikusi ahal izan dut askotan onartzen direla eskolan akats linguistikoak, batez ere hizkuntzak ez diren jakintza-arloetan. Ohikoa da ikasleen diskurtsoetan euskarazko eta gaztelaniazko hitzak eta esaldiak nahastea. Era berean, ohikoa da gramatika, ortografia, puntuazioa eta hainbat testuingurutan erabilitako hizkuntza-formak oker erabiltzea. Beharbada, arrazoietako bat izan daiteke oraindik ere irakasleak direla gela barruan hizkuntza gehien erabiltzen dutenak. Helburua bada ikasleek hizkuntza erabiltzen ikastea, eta guk, irakasleok, hizkuntza horren kalitatean modu positiboan eragin nahi badugu, ikasgelan hizkuntza erabiltzeko aukera gehiago eskaini behar ditugu.

Laburbilduz, hizkuntzaren erabilera egokia bermatu behar da eskolan. Garrantzitsua da ikasleek arrakasta akademiko eta pertsonalerako hizkuntza-trebetasun eraginkorrak eta egokiak garatzea. Irakasleak funtsezkoak gara prozesu horretan. Izan ere, irakasleon lana eta ardura da jakintza-arlo bakoitzari dagokion hizkuntza esplizituki irakastea, bai eta ikasteko testuinguru aproposak sortzea ere, non ikasleak hizkuntza erabiltzen eroso sentitzen diren.

Hezkuntza bada mundua eraldatzeko lanabesik eraginkorrena, hizkuntzaren kalitatea izango da hau lortzeko giltza.

Utzi iruzkina