Poesia itzultzeaz (II)

Aitor Blanco Leoz

Aurreko sarreran aipatu nuen euskal poesia-itzultzaileek bi modutara jokatu ohi dutela poesia neurtua euskaratzeko orduan. Batzuek edukiari ematen diote lehentasuna eta estilo-baliabideak –bereziki neurria eta hoskidetasuna– alde batera uzten dituzte; besteek, berriz, forma lehenesten dute eta edukia alderdi formal horien baldintzapean erreproduzitzen dute, neurri handiagoan ala txikiagoan.

Gaurkoan, baina, bi itzulbide horietako batean sakondu nahiko nuke, hain zuzen gurean zabalduen dagoen eta zeresan gehien ematen duen horretan: forma lehenesten duen itzulbidean.

Horretarako, errepara diezaiogun lehenik eta behin Antonio Pamies irakasleak poesia neurtuaren itzulpenari dagokionez proposatutako sailkapenari[1]:

  • Hitz lauzko itzulpena
  • Bertso aske bidezko itzulpena
  • Itzulpen metrikoa
    • Metaforismo erritmikoa (jatorrizkoarekiko independentea den metroa)
    • Forma analogikoa (kulturalki baliokidea den metroa)
    • Forma mimetikoa (prosodikoki berdintsua den metroa)

Pamiesen iritziz, hitz lauzko eta bertso aske bidezko itzulpenek kategoria homogeneoak osatzen dituzte, baina forma lehenesten duten poesia-itzulpenak, hots, itzulpen metrikoak, hiru motatakoak izan daitezke. Azpikategoria horietan kontuan hartutakoa itzultzaileak xede-testurako hautatutako formaren izaera eta jatorria dira; izan ere, itzulpenak jatorrizko poemaren eskema metriko berdina jarrai dezake, edo ahapaldi mota horrek jatorrizko kulturan daukan rol berdineko ahapaldi baliokidea bila dezake, edo, betiere, jatorrizkoarekin inolako zerikusirik ez duen forma metriko berria har dezake. Adibide moduan, ikus dezagun jarraian Gabriel Arestik itzulitako pare bat poema:

aitor1

Forma mimetikoko itzulpenaren adibide argia dugu lehenengo hori. Arestik jatorrizko poemaren neurriari eusteari eman dio lehentasuna, eskema metriko berdintsua erabilita –edonola ere, frantseseko sizain coué ahapaldiak ez du silaba kopuru zehatza eskatzen–, eta, aldi berean, edukia oso ongi zaintzea lortu du, zailtasun handikoa bada ere frantsesezko ahapaldiko 22 silabaren edukia euskarazko 26tan ematea, trinkoegia suertatu gabe.

Modu horretan, itzultzaileak jatorrizko kulturan existitzen den forma metriko bat ekartzen du gurera, jatorrizko poesia-sistemaren eta poemaren beraren kutsuari eutsita. Esan daiteke prosodikoki berdintsua den metro baten aurrean gaudela –euskararen prosodiari eta haren mugei buruzko teoria batzuk proposatu diren arren–, baina, gorago esan bezala, bada ere kulturalki baliokidea den metroa erabilita itzultzeko aukera. Hona hemen Arestiren beste adibide bat:

aitor2

Kasu horretan euskal literatur tradizioko neurri-moldeetan oinarritutako itzulpen baten aurrean gaude. Jatorrizko poema cuarteta bidez antolatuta egon arren, Arestik forma analogikoarekin lan egitea erabaki du eta lauko ertaina erabili du espainiar tradizioko ahapaldi horren ordainetan. Oraingoan ere jatorrizkoaren edukiari zintzo eutsita, XV. mendeko gaztelerazko herri-poesian ohikoa izan zen forma horren euskal baliokide kulturala izan zitekeena darabil itzulpenean, eta garaiko hizkera eta grafia imitatzearekin batera efektu analogiko interesgarria lortu duela esan daiteke.

Beraz, eta amaitzeko, ikusi dugu euskal poesia-itzulpengintzan bietara erabili direla itzulpen-forma mimetikoa eta analogikoa. Nahiz eta bataren eta bestearen ekarpena bestelakoa izan, biek ala biek dute helburu xede-testuaren forma itzulpenaren ardatz bilakatzea, betiere edukiari uko egin gabe, eta euskal itzultzaileen jardunak erakutsi digu hori dela gure itzulpengintzan maizen antzematen den jokabidea.

____________

[1] PAMIES, Antonio, 1990, “Métrica y traducción de textos poéticos”, in Margit Raders eta Juan Conesa (arg.), III Encuentros Complutenses en torno a la Traducción, Madril: Editorial Complutense, 197-202.

 

One Reply to “”

Utzi iruzkina