Metamorfosiak

Garazi Ugalde Pikabea

Literatura unibertsaleko obra gutxik ikusiko zuten argia euskaraz hiru bertsiotan. Franz Kafkaren (Praga, 1883 – Praga, 1924) Metamorfosia kontakizunak merezi izan du horrenbeste. Obrak mendea bete berri duen aitzakian pilatu ditugu puska hauek, atari honetan ere izan dezan segida omenaldi sortak.

Orain bi hilabete pasatxo, Gregor Samsa protagonistaren zertasunaz aritu zen Martin Rezola Clemente «Labezomorroak eta kakalardoak» postean, eta, zomorroaren xehetasunak argitze aldera, euskarazko hiru itzulpenen hasierei jarri zien arreta. Hain zuzen, martxoaren 1ean bildu zituzten, Bilbo Zaharra Forumean, Die Verwandlung euskaraz eman duten hiru itzultzaileak: Xabier Kintana, Rufino Iraola eta Anton Garikano. Gaur egun Metamorfosia izenez ezagunago zaigun istorioa Itxura-aldaketa izenez ekarri zuen euskarara lehenengoz Xabier Kintanak 1970ean (Kriseilu argitaletxearekin), eta huraxe izango zen zenbait hamarkadatan kontakizun arrakastatsuaren euskarazko ordezkaria. Hiru hamarkada geroago ikusi zuen argia bigarren itzulpenak Rufino Iraolaren eskutik, Metamorfosia izenburupean (2000, Hiria). Hirugarrena, berriz, aurten bertan atera du Ereinek, jatorrizkoa argitaratu eta ehun urtera, Anton Garikanoren itzulpenean. Garai eta baldintza desberdinetan egindako hiru itzulpen dira, hasiera hartatik gaurdaino erruz aldatu baitira bai euskararen egoera, bai literatura unibertsalak gurean egin duen bidea, bai eta itzulpen joerak berak ere.

Die Verwandlung ez da inondik ere euskaraz irakur daitekeen Kafkaren idazlan bakarra; asko dira, izatez, aldizkaritan zein liburutan eman diren euskarazko testu kafkiarrak. Nolanahi ere, hura izango da, ziurrenik, imajinario kolektiboan sinbologia argiena utzi diguna.

kafka

Hizkuntzaz eta kontinentez beste egin, eta Kafka eta Borgesen artekoa ekarri nahi genuke orain gogora. 1938an Losada argitaletxeak atera zuen gaztelaniazko itzulpenak –Gregor Samsarenaz gain– beste istorio kafkiar bat ere badu bere baitan: Jorge Luis Borgesek itzulia balitz bezala aurkeztu zen obraren gaztelaniazko edizio hori, baina urteak igaro ahala zalantzan jarri zen itzulpenaren egiletza. Izan ere, ustez Borgesena zen bertsioa bat dator aurrez, 1925ean, José Ortega y Gassetek zuzentzen zuen Revista de Occidente aldizkarian argitaratu zen itzulpen anonimo batekin[1] (hara, hemen, itzultzailearen ikusezintasunaren adibide bat gehiago). Idazle argentinarra hartu bazen ere gaztelaniazko lehen edizioren itzultzailetzat, Borgesek berak aitortu zuen ez zuela berak itzuli La metamorfosis. Gerora jakin ahal izan denez, liburu bereko Un artista del hambre eta Un artista del trapecio lanak ere ez ziren haren itzulpenak izan. Itzulpenaren egiletzaren inguruko hipotesien artean emakumezko baten izena ageri da, Margarita Nelken idazle eta politikaria; baina, itxura guztien arabera, gaur gaurkoz ezin izan da misterioa erabat argitu[2].

Askotarikoak dira itzulpenaren zirrikituak, eta halakoak testuak bizi ditzakeen itxuraldaketak ere. Hizkuntza bat erantzi eta beste bat janzten asmatzen duten testuek, denboran irauteko eraldatzen direnek, zer ez dute ba jasaten, itxura aldaketa ez bada? Franz Kafkak ­alemanez idatzitakoek ibilbide luzea egin dute XX. mendearen hasieratik gaur arte: haren istorio eta pertsonaiak munduko hizkuntza askotara pasatu dira, bai eta idatzizkotik beste zenbait diziplinatara ere (zinemara, teatrora…), metamorfosia burututa.

Luzea du arnasa, gurean, aire kafkiarrak. Elena Odriozolaren ilustrazioek jantzita ageri da, esaterako, Jordi Sierra i Fabraren Kafka eta panpina bidaiaria (2008, Elkar, itzul.: Juan Kruz Igerabide). 2011n, berriz, gaztetxo eta ez hain gaztetxoentzako modukoa den istorio horixe gorpuztu eta taularatu zuen Ttanttaka antzerki konpainiak. Agertokian ikusi dugu, halaber, 2013an hasi eta gaur arte, musika, bertsolaritza eta literatura uztartu asmo dituen Kafkaren aulkia emankizuna, inprobisazioa maite duten edo ez duten sortzaileen topaleku gisa. Joan den urteko euskarazko nobedadeen artean aurkituko du, bestalde, saiakera irakurleak, Walter Benjaminen «Franz Kafka» testua (Walter Benjamin, Literatura oharrak, 2015, Sans Soleil). Mendeurreneko ospakizunen artean, Metamorfosia aukeratu dute aurtengoan Klasikoen IX. Irakurketa jarraituan hamaika ahotsetara berpizteko. Ekainaren 9an izango da hori, Bilboko Arriaga antzokian.

Eta, metamorfosiez ari garela, behar bada erantsi nahiko luke zer edo zer Pragako Olšany hilerrian datzan egileak berak, hiriak turisten joan-etorriagatik azken urteetan jasan duen itxuraldaketaz jabetuko balitz. Mende betez askotariko formak eta itxurak hartuta utzi digula arrastoa, Kafkaren zomorroak.

[1] Sorretino, Frenando. «El kafkiano caso de la Verwandlung que Borges jamas tradujo», Especulo, 10.
[2] Pestana, Cristina. «¿Quién tradujo por primera vez La metamorfosis al castellano?», Especulo, 11.