Erresuntiboak? Batzuk bai, beste batzuk ez

Karlos Cid Abasolo

Testu honek neure buruari eta Euskaltzaindiari (apal-apalik) zuzenketa txiki bat egitea du helburu. Neure buruari, zeren nerau izan bainintzen Sareko Euskal Gramatikan (SEG) perpaus erlatiboei buruzko atala paratzeko ohorea jaso zuena eta lerrootan zuzenduko dudan akatsa SEGen baitzegoen (jada zuzenduta dago: mundu digitalaren onurak…).

EGLU-Vek eta SEGek izenordain eta adberbio erresuntiboak aipatzen dituzte perpaus erlatibo arruntak osatzeko estrategia gisa. Hainbatek gaitzetsi eta gutxi batzuek (hala nola Xabier Amurizak, bai teorian, bai praktikan) goraipatutako baliabide horren adibide zenbait ematen dizkigu EGLUk. Haietako bat, honako hau (191. orr.):

Haren aurrean egia esateko agindu zenigun gizona.

Eta honatx  SEGen aipatutako bat:

Bertatik botako ez nauten egoitza seguru baten jabe egin nahi dut (Anjel Lertxundi, Paper-festa, 212).

Bada, bietan dago akats bera (hobeto esanda, EGLUn badago eta SEGen bazegoen): erresuntibo hitzaren erabilera okerra. Izan ere, euskal erresuntibo adjektiboa ingelesezko resumptive eta espainierazko reasuntivo adjektiboen baliokide da, zeinak, hurrenez hurrez, «berriz ere hartu» esanahia duten resume eta reasumir aditzetatik eratorriak baitira. Hortaz, erresuntiboak, berez, deiktiko anaforikoak dira, hots, erreferentzia egiten dioten hitzaren ostekoak, eta goiko bi adibideetan, ordea, kataforikoak dira, zeren lehenago ageri baitira erreferentzia egiten dioten izen ardatza edo izen sintagma ardatza (hurrenez hurren, gizona eta egoitza seguru bat) baino. Hortaz, bi adibide horiei gagozkielarik, izenordain/adberbio erlatibo horiek kataforikotzat  jo behar dira, eta ez erresuntibotzat.

Zeintzuk har ditzakegu, hortaz, erresuntibotzat? Euskarari dagokionez, perpaus erlatibo aposatuetan ageri direnak soilik, horiek izen ardatzaren atzean ageri baitira, deiktiko anaforiko gisa. Honatx ahozko adibide bat:

Batetikan poza, bestetikan tristura haundia, amets zoragarri bat izan zalako neretzako egi bihurtu dena baina prezio haundia ordaindu behar izan dana honengatikan.

(Mariano Kamio,  2011ko ekainean ETBri egindako adierazpenetan).

Hortaz, terminologia egokia erabiltzekotan, hobe dugu «izenordain eta adberbio erlatibo kataforiko eta anaforikoak» esan edo, nahi bada, anaforikoei deitu erresuntibo.

Nahasmendua nondik datorren pentsatzen jarrita, kontuan hartu behar dugu honelako erlatibakuntza estrategia oso ohikoa dela hainbat hizkuntza indoeuroparren ahozko hizkeran eta hizkuntza horietan perpaus erlatiboa izen ardatzaren eskuinean ageri dela. Eta, hortaz, hemen aztergai (edo aipagai) ditugun izenordain eta adberbio horiek anaforikoak direla beti hizkuntza horietan. Hortaz, erresuntiboak.