Hankaz gora (I)

Estitxu Irisarri Egia

Gaur beste baten hitzak ekarriko ditut (tamalez, gaurkotasun faltarik ez duten hitzak), esan nahi dudana ondo eta argi esanda baitu Eduardo Galeanok Patas Arriba: La escuela del mundo al revés[1] patas arribaliburuan:

Alice itzuliko balitz

Orain dela ehun eta hogeita hamar urte, lurralde miresgarria bisitatu ondoren, Alice ispilu batean sartu zen, mundua alderantziz ikusteko. Alice egunotan birjaioko balitz, ez luke inolako ispilurik zeharkatu beharko: nahikoa izango luke leihora gerturatzea.

Ereduarekin hezten

Alderantzizko munduko eskola hezkuntza-instituziorik demokratikoena da. Ez du onarpen-azterketarik eskatzen, ez du matrikularik kobratzen eta doan eskaintzen ditu ikastaroak, guztiei eta leku guztietan, zeruan bezala lurrean ere: zerbaitegatik da gizateriaren historian lehenengo aldiz botere unibertsala bereganatu duen sistemaren alaba.

Alderantzizko munduko eskolan, berunak flotatzen ikasten du eta kortxoak hondoratzen.

Arrakastaren ereduak

Alderantzizko munduak alderantziz saritzen du: zintzotasuna gaitzesten, lana zigortzen, eskrupulu falta saritzen eta kanibalismoa elikatzen du. Bertako irakasleek natura kalumniatzen dute: bidegabekeria, diote, lege naturala da. Milton Friedman, irakasleriaren kiderik prestigiotsuena, «langabeziaren tasa naturalaz» mintzo da. Lege naturalari jarraituz, Richard Herrnsteinek eta Charles Murrayk beltzak eskala sozialaren beherengo harmailetan daudela ziurtatzen dute. Bere negozioen arrakasta azaltzeko, John D. Rockefellerrek naturak gaitasun handiagoa dutenak saritzen dituela eta gauzaezak zigortzen dituela esaten zuen; eta mende bat baino gehiagoren ostean, munduaren jabe askok Charles Darwinek bere liburuak beraiei loria iragartzeko idatzi zituela sinesten jarraitzen dute.

Gaitasun handiagoa dutenen biziraupena? Bidea zabaltzeko eta bizirauteko gaitasun erabilgarriena, killing instincta, hiltzaile-sena giza bertutea da enpresa handiek enpresa txikien digestioa egiteko eta herrialde indartsuek herrialde ahulak irensteko balio duenean, baina basakeria da lanik gabeko edozein gizajo janari bila eskuan labana duela irteten denean. Patologia antisozialak erasandakoak (behartsuek berezko duten zorotasuna eta arriskua duten gaixoak), arrakasta sozialaren osasun oneko ereduetan inspiratzen dira. Hutsaren hurrengoko gaizkileek dakitena begirada altxatuta ikasten dute, behetik, tontorretaraino; garaileen adibideak aztertzen dituzte eta, nola hala, merituak imitatzeko ahal dutena egiten dute. Baina «izorratuak beti egongo dira izorratuta», on Emilio Azcarragak, telebista mexikarraren jaun eta jabe izan zenak esan ohi zuen bezala. Banku bat husten duen bankari batek bere ahaleginaren fruituaz bakean gozatzeko duen aukera proportzionalki zuzena da banku bat lapurtu duen lapur batek kartzelan edo hilerrian bukatzeko duen probabilitatearekin alderatuta.

Gaizkile batek ordaindu gabeko zor bategatik hiltzen badu, exekuzioari kontu-doiketa deitzen zaio; eta doitze-plana deitzen zaio zorpetutako lurralde baten exekuzioari, teknokrazia internazionalak likidatzea erabakitzen duenean. Gaizkile finantzarioek lurraldeak bahitzen dituzte, eta kozinatu egiten dituzte erreskatea ordaintzen ez badute: konparatzen bada, harrokeriak Drakulak eguzkipean baino kalte gutxiago egiten du. Mundu-ekonomia krimen antolatuaren adierazpen eraginkorrena da. Moneta kontrolatzen duten erakunde internazionalek, komertzioak eta kredituak terrorismoa egiten dute lurralde behartsuen kontra, eta lurralde guztietako behartsuen kontra, bonba-jaurtitzaile onena barregarri uzten duen hoztasun profesionalarekin eta zigorgabetasunarekin.

(…)

[1] Galeano, E., (1999), Patas Arriba: La escuela del mundo al revés. Madril: Siglo XXI, 2-6. or.