Lehen eta bigarren termino-sorkuntza

Igone Zabala Unzalu

Termino-sorkuntzaz lan egiten duten adituek lehen termino-sorkuntza eta bigarren termino-sorkuntza bereizten dituzte, Sager-i[1] jarraituz.

Lehen termino-sorkuntza gertatzen da kontzeptu, objektu edo entitate berri bat izendatu behar denean eta ez dagoenean aurrekaririk kontzeptu edo entitate hori izendatzeko. Hortaz, lehen termino-sorkuntza komunikazio-testuinguru jakin batzuetan gertatzen da: ikerketa-laborategietan, diseinu-bulegoetan, kongresu zientifikoetan… Izan ere, estuki lotuta dago jakintzaren garapenarekin: kontzeptu berrien sorkuntzarekin batera gertatzen da, berrikuntza eta aldaketa zientifikoaren ondorio gisa. Horrenbestez, lehen termino-sorkuntza nahikoa espontaneoa izan daiteke, bai eta behin-behinekoa ere, kontzeptuen eboluzioarekin batera denominazioen aldaketa ere gertatu ohi baita.

Bigarren termino-sorkuntza aurretik definitutako kontzeptu bat izendatzeko orduan gertatzen den termino-sorkuntza da. Alegia, bigarren termino-sorkuntzaz hitz egiten dugu badagoenean lehenago aurrekariren bat kontzeptua izendatzeko hizkuntza horretan edo beste hizkuntza batean. Hizkuntza baten barruan, bigarren termino-sorkuntzaz hitz egin daiteke denominazio bat aldatzen denean alor bateko terminologia berrikusten delako, adibidez, terminologia estandarizatzeko ekimen bat aurrera eramaten denean edota kontzeptuen eboluzioak denominazioa ere egokitzea dakarrenean. Hizkuntza arteko testuinguruan, aldiz, bigarren termino-sorkuntza gertatzen da jakintza zientifikoa hizkuntza-komunitate batetik bestera (hizkuntza batetik bestera) transferitzen denean, hain zuzen ere, hizkuntza hartzailean kontzeptu zientifiko berria izendatzeko sortzen den beharragatik. Bigarren termino-sorkuntza bi eratakoa izan daiteke:

  • Espontaneoa: aditu batek edo aditu-talde batek komunikazio-egoera espezializatu bati aurre egiteko, erreferentzia modura erabiltzen duen iturburu-hizkuntzako terminorako hizkuntza hartzaileko ordaina sortzen duenean. Adibidez, unibertsitateko irakasle batek klasea prestatzen duenean eta inon ez duenean aurkitzen behar duen euskarazko terminologia, sortu egin beharko du.
  • Planifikatua: hizkuntzen normalizazio-plangintzetan erakunderen bat sortzen denean alorrez alorreko terminologia sortzeko edota normalizatzeko. Euskararen kasuan, Euskararen Aholku Batzordearen Terminologia Batzordea da terminologia- plangintzaren arduraduna.

Euskarazko termino-sorkuntza, gehienetan, bigarren mailakoa da, salbuespenen bat alde batera utzita. Adibidez, dardarin (dardarina) terminoa euskarazko dardar du oinarri, eta LRRK2 entzima izendatzeko erabiltzen da. Denominazio horren arrazoia da 2004 urtean zenbait ikertzaile euskaldun zituen nazioarteko ikerketa-talde batek PLRRK entzima kodifikatzen duen PARK8 genearen mutazio bat aurkitu zuela. PARK8 genearen mutuazio horrek Parkinson gaixotasuna pairatzeko arriskua areagotzen du, eta Gipuzkoako populazioan oso zabalduta dagoenez, ikertzaileek dardarin(a) terminoa sortu zuten entzima izendatzeko. Termino horren lehen osagaia (dardar) euskarazko hitza da, eta –in(a) atzizkia proteinen izenek partekatzen duten hizkuntzarteko edo nazioarteko atzizkia. Hortaz, lehen termino-sorkuntzan parte hartu ahal izateko, euskaldunok jakintza garatzen den tokietan egon behar gara eta, gainera, nozio berrietarako denominazioetan eragiteko gauza izan behar gara.  Begi-bistakoa da oso gutxitan betetzen direla halako baldintzak.

Bigarren termino-sorkuntza gertatzen denean, aldiz, beste hizkuntza batean existitzen den terminoak baldintzatzen du neurri handian hizkuntza hartzailearen termino-sorkuntza. Egun jakintzaren garapen eta transferentziarako nagusiki erabiltzen den hizkuntza ingelesa delarik, bigarren termino sorkuntza nagusitzen da munduko beste hizkuntzetan, baita espainola bezalako hizkuntza handietan ere. Hori dela eta, azken urteetan terminologia eta itzulpengintza alorreko zenbait aditu terminologia-mendekotasuna ebaluatzeko aztarnen bila hasi dira. Honela definitzen ditu Sánchez Ibáñez-ek[2] terminologia-mendekotasunaren aztarnak:

«Una marca de dependencia terminológica es cualquier pauta o recurrencia en el trasvase de denominaciones especializadas entre dos códigos que ponga de manifiesto una relación de dependencia, una subordinación o una asimetría en uno de esos códigos con respecto al otro».

Sánchez Ibáñezen arabera, terminologia-mendekotasunaren aztarnak hainbat motatakoak izan daitezke. Begi-bistakoena da, zalantzarik gabe, forma-mendekotasuna, alegia, iturri-hizkuntzako unitate terminologikoen osagaiek eta haiek konbinatzeko patroiek hizkuntza-kode batetik besterako transferentzian duten eragina. Baina beste aztarna batzuk ere aztertu ditu Sánchez Ibáñez-ek, adibidez, iturri-hizkuntzan terminoek duten ezarpena. Izan ere,  badago korrelazio bat terminoek erabileran duten ezarpen-mailaren eta erabiltzaileei maila linguistiko eta kognitiboan eragiten dieten ziurtasun ezaren jaitsieraren artean. Ildo horretatik, terminologia-mendekotasunaren markatzat hartzen da beste hizkuntza-kodeetarako transferentzian iturri-hizkuntzan egonkortuen dauden termino-aldakiak nagusitzea.

Terminologia-mendekotasuna agerian uzten duen beste aztarna mota bat dira  hizkuntza hartzailean terminoen ordainak argitzeko erabiltzen diren sekuentzia birformulatzaileak; izan ere, maiz gertatzen da nozio berrien birformulaziorako hizkuntza hartzailean inportatu gabe dauden nozioei erreferentzia egin behar izatea eta, beraz, hizkuntza hartzailean egonkortutako denominaziorik ez dagoenez, iturri-hizkuntzako denominazioetara jo behar izatea.  Bestalde, mendekotasun semantikoaren aztarnatzat hartzen da iturri-hizkuntzan klase kontzeptual jakin batzuk transmititzeko errepikatzen diren patroi semantikoak hizkuntza hartzailearen termino multzo baliokideetan zuzenean kalkatzea. Azkenik, itzulpengintza-mendekotasunaz hitz egiten da badagoenean korrelazio bat erabilitako itzulpen-estrategien eta termino baliokideen menpekotasunaren artean.

Euskara duela hamarkada gutxi batzuk hasi gara egokitzen komunikazio-egoera espezializatuetara eta, beraz, espero izatekoa da terminologia-mendekotasuna handia izatea goian deskribatutako alor guztietan. Nolanahi ere, terminologia-mendekotasun saihestezinak ez gaitu itsutu behar. Ikuspegi diakroniko, dinamiko eta komunikatibotik begiratu behar diogu euskarazko terminologiaren garapenari. Espezializazio maila desberdinetako euskarazko diskurtsoetan terminoen aldaki menpekoagoak eta beregainagoak elkarrekin bizi behar direla abiapuntuko oinarritzat hartu, eta horiek komunikazio espezializatuari egiten dioten ekarpenari erreparatu behar diogu. Menpekoagoak diren aldakiek askotan ziurtasun handiagoa eskaintzen diete erabiltzaileei, erreferentziatzat duten hizkuntzan formaren eta esanahiaren aldetik egonkortutako terminoak izaten baitira baina, beregainagoak diren aldakiak, aldiz, hobeto uztartzen dira, askotan, hiztunen ideologia linguistikoan sakonki errotutako hizkuntza-ereduekin. Ildo honetatik,  terminologiaren normalizazioa ez da oinarritu behar era bateko edo besteko aldakien aldekoek irabazi behar duten borroka batean, erregistro espezializatuen funtzionaltasunari lagunduko dion terminologia-aldakortasunaren harmonizazioan baizik.

______________
[1] SAGER, Juan C. (1990) A Practical Course in Terminology Processing. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins Publishing Company.

[2] SÁNCHEZ IBÁÑEZ, Miguel (2013) Neología y traducción especializada: claves para calibrar la dependencia terminológica español-inglés en el ámbito de la enfermedad de Alzheimer. Doktoretza-tesia. Universidad de Salamanca.