Arau iraungia?

Alfontso Mujika

Duela 3 urte pasatxo heldu nion gaiari (Alferrikako bikoiztasunak, 2013-04-15), eta orduan azaldutakoaren parte bati berriro helduko diot orain. «Gaiak agortzen ari zaizkik» esan diot neure buruari aurrena (eta litekeena da hori egia izatea), baina aurrera egitea erabaki dut, datu berriak ditugu eta. Hauxe da, labur, kontua:

Orduan idatzitakoaren parte batek gaia aurkezteko balio du:

1986an, Lexikologi Erizpideak Finkatzeko batzordea (LEF batzordea) hasi zen lanean, eta, lana gogotik egin ondoren, 1992ko otsailean, Hitz Elkartuen osaera eta Idazkera txostena aurkeztu zion Euskaltzaindiari. Lau hilabete geroago, ekainaren 26an, gomendio gisa onartu zuen Euskaltzaindiak: Hitz elkartuen osaera eta idazkera. Euskaltzaindiaren gomendio arauak (1992.06.26). Eta geroago, 1995eko urtarrilaren 27an, arau gisa onartu zen: 25. araua: Hitz elkartuen osaera eta idazkera. Gomendioa zena arau bihurtu zenean, aldaketatxo batzuk egin zizkioten. Gure gaiari dagokionez, letra lodiz eta azpimarratuta jarri dudan esaldia gomendioan zegoen, baina desagertu egin zen arau bilakatu zenean:

  1. Bukaeran >ia< duten hitzak lehen osagai edo mugatzaile gisa dihardutenean, >a< hori kenduta nahiz kendu gabe erabili: biologi azterketa, geologi irakaslea, pedagogi berrikuntza, ortografi arauak, erreferentzi puntua, diplomazi falta, bidai agentzia, Filosofi Fakultatea, Euskal Autonomi Elkartea, edota biologia(-)azterketa, geologia(-)irakaslea, pedagogia(-)berrikuntza, ortografia(-)arauak, e.a. Hala ere, >a< kenduta erabiltzeari ematen zaio lehentasuna.

Orduan, nire iritzia ere eman nuen:

Batetik, bukaeran -ia duten hitzak hitz-elkarte baten lehen osagai direnean, ia inork ez du amaierako -a letra kentzen: biologi azterketa, geologi irakaslea, pedagogi berrikuntza, ortografi arauak, erreferentzi puntua, Zientzi Fakultatea… iraganeko (iragan hurbileko) kontuak dira dagoeneko. Oraindik bidai agentzia batzuk ikusten dira, baina “gipuzkoarkeriatzat” har daitezke. Horiek horrela, Euskaltzaindiak arauaren 1. puntua oso-osorik ezabatuko balu, espanturik gabe pasatuko litzateke.

Orduan egindako baieztapena «ia inork ez du amaierako -a letra kentzen» irudipen hutsa ez dela frogatzeko, datu errealetan funtsatu nahi dut. Horretarako, Egungo Testuen Corpusa (ETC) erabili dut, XXI. mendean argitaratutako testuak bakarrik hartzen dituelako kontuan eta oso handia delako (270 milioi hitz). Eztabaidatu genezake corpus hori orekatua den ala ez, baina hori alde batera utziko dugu orain: oraingo testuak dira; beraz, gaur egungo erabilera islatzen dute, nolabait.

25. arauan ageri diren adibide guztien kontsulta egin dut ETC corpusean. Gainera, adibide batzuen agerraldi kopurua txikia denez, kasu bakoitzean, arauko adibideaz gainera, beste lemekiko konbinazioan agerraldi-kopuruz ugarienak diren lehenengo biak ere hartu ditut. Adibidez, biologi azterketa kasuan hiru kasu posibleak (biologi azterketa, biologia azterketa, biologia-azterketa) kontsultatzeaz gainera, biologia + doktore (biologi doktore, biologia doktore, biologia-doktore) eta biologia + irakasle (biologi irakasle, biologia irakasle, biologia-irakasle) ere kontsultatu ditut, bi lema-konbinazio horiek direlako ETC corpusean ugarienak.

Hauek dira datuak:

taula

Lagin horretan, garbi ageri da bukaeran -ia duten hitzak hitz-elkarte baten lehen osagai direnean amaierako -a letra kentzea oso gutxi erabiltzen dela gaur egun.

Gogoan daukat Elhuyarren ere, araurik ez zegoenean, sistematikoki kentzen zela amaierako a hori; hala ere, joan den mendearen amaieran, aukera hori bazter uztea eta marratxoa erabiltzea erabaki genuen. Eta —buruz ari naiz— uste dut garai bertsuan erabaki zuela EHUk ere antzera jokatzea: adibidez, ordura arte Zientzi Fakultatea zena Zientzia Fakultatea bilakatu zen.

Bada beste datu bat, beste erabilera-datu bat, oso adierazgarria. Nola jokatzen du Euskaltzaindiak orain Hiztegi Batuan?

Erantzuna aski adierazgarria da. -ia amaierako hitzak, hitz-elkarte baten ezkerreko osagaia direnean, marrarik gabeko aukera eta marraduna, biak, ematen dira (halakoak dira kasu gehienak), edo marraduna besterik ez da ageri. Baina azken -a letra kenduta ez da behin ere agertzen. Hau da, aukera hori, arauaren arabera besteak bezain zilegia litzatekeena, sistematikoki baztertu da arau berriagoa den Hiztegi Batuan. Hauek dira kasu guztiak:

  • abemaria-ezkila edo abemaria ezkila
  • autonomia-erkidego edo autonomia erkidego
  • bateria-jotzaile
  • biblia-paper edo biblia paper
  • bidaia-agentzia edo bidaia agentzia
  • bidaia-bulego edo bidaia bulego
  • errabia-belar edo errabia belar
  • ezkabia-belar edo ezkabia belar
  • kontzientzia-eragozle edo kontzientzia eragozle
  • kontzientzia-objektore edo kontzientzia objektore
  • kontzientzia-eragozpen edo kontzientzia eragozpen
  • kontzientzia-objekzio edo kontzientzia objekzio
  • polizia-etxe edo polizia etxe
  • zientzia-fikzio

Euskaltzaindiaren Hiztegian ere ez dago biologi, geologi, pedagogi, ortografi, erreferentzi, zientzi bakar bat ere, ez sarrera edo azpisarreretan, ez definizioetan, ezta adibideetan ere. Eta bai bestelakoak (biologia bereizkuntza, biologia ikerketak, biologia-ezaugarriak, biologia prozesuak; geologia gertakariak, geologia azterketa; pedagogia ikastaldia, pedagogia metodoa; ortografia arauak, ortografia hiztegia, ortografia marka; erreferentzia sistema; erreferentzia puntua; zientzia maila, zientzia alor, zientzia gaiak, zientzia aurrerapena, zientzia ikasketak, zientzia-ikertzailea).

Zer ondorio atera? Batetik, nabarmen ageri da azken urteotan behintzat aski bazter- edo hondar-erabilera dela azken -a hori kentzea. Bestalde, Euskaltzaindiak berak sistematikoki baztertu du aukera hori Hiztegi Batutik, hau da, euskara batuan hitzak eta lexiak nola idatzi behar diren azaltzea helburu duen hiztegi arauemailetik; baita Euskaltzaindiaren hiztegitik ere.

Nik ondorioztatzen dut 1995eko arau hura, 25. araua,  puntu horretan jada ez dagoela indarrean. Eta logikoa iruditzen zait aukera hori indargabetzea: duela 25 urte aski zabaldua zegoen, eta Euskaltzaindiak ez zion bidea itxi nahi izan arauan, baina berariaz kendu zuen arau-proposamenean zegoen aukera hori bultzatzeko iritzia (“>a< kenduta erabiltzeari ematen zaio lehentasuna[1]). Gaur egun, errealitatea bestelakoa da.

Komeniko litzateke Euskaltzaindiak indargabetze hori esplizitatzea eta 25. araua eguneratzea. Eta ez da eguneratzea behar duen arau bakarra, baina gai hori beste egun baterako utziko dugu.

[1] Arau-proposamena prestatu zuen batzordearen izena hau zen: «Lexikologi Erizpideen Finkapenerako Batzordea». Alegia, batzordearen izenean bertan zegoen aukera hori: «lexikologi erizpide».