Etorkizuna itzultzen

Karlos del Olmo

Planetako erabiltzaile konektatuen % 98 iristeko, gutxienez, 48 bat hizkuntzatara itzuli behar dituzte edukiak enpresek. Eskaintza hizkuntza bakarrean baino ematen ez badute, munduko kontsumitzaile batzuk besterik ez dute erdietsiko; bestela esanda, 50 bilioi dolarreko merkatu baten txatal bati salduko diote.

Itzulpen merkatua nabarmen eta arin aldatzen ari da, itzulpen automatikoa hobetuz doa egunean-egunean, eta horren emaitzak erabilgarri gerta daitezke (hizkuntza gorabehera) batez besteko erabiltzailearentzat, baina nabarmenegia izaten dirau itzulpen automatikoaren eta profesionalaren arteko aldeak. Nora joango da itzulpengintza datozen urteotan? Makinak nagusituko dira? Egin dezagun igarle lan apur bat:

1.- Nabarmen haziko da makina bidezko itzulpena, baina ez ditu ordezkatuko pertsonak

Makina itzulpena ez da gauza jendearen zehaztasunik edo jariotasunik lortzeko, oraingoz. Dena delako hizkuntza darabilen hiztunak berba berriak erants diezazkioke hiztegiari, lehengo eleei beste esanguraren bat erantsi, gramatika aldatu edo ortografia aldrebestu. Ikusi besterik ez dago zer gertatzen den lineako txatetan, sare sozialetan eta bestelako erabilera «herrikoietan».

Ordenagailuak ez dira gauza etengabeko bilakaera hori guztia eguneratuta izateko (ezta hiztunek eurek ere, ezin hizkuntza bat bere osotasunean menderatu une jakin batean). Guztiarekin ere, itzulpengintza automatikoak lortu duen mailan, erabiltzaile arruntak erosotzat ez ezik, ezinbestekotzat ere jotzen du. Munduan izan daitezkeen 250.000 itzultzaile profesionalak, gutxi gorabehera, ez dira gai 6.000 hizkuntzaren baino gehiagoren arteko itzulpen eskari gero eta handiagoa asetzeko.

Halere, itzulpen motor automatikoak eta gorabideko eskaria —bai eta erabiltzaileek erdipurdiko itzulpen arinak gero eta hobeto onartzea ere— direla bitarte, gero eta nabarmenagoa izango da itzulpen automatizatua gizartean.

2.- Bizidunek egindako itzulpena gero eta baliotsua bilakatuko da

Ohiko itzulpen automatikoaren inperfekzioaren ondorioz, pertsonek landutako kalitatezko itzulpenaren onurak onartuko ditu gizarteak, orain arte itzulpengintza eta itzultzaileak itzalean samar egon diren arren. Gero eta jende gehiago konturatuko da testu bat hainbat modutara ekar daitekeela beste hizkuntza batera, eta itzulpen erosleak ulertzen hasiko dira zeinen garrantzitsua den kalitate handiko «artisau» itzulpena, batez ere produktuak eraginkortasunez saltzeari edo atzerriko erosle talde jakinenganaino heltzeari gagozkiela.

3.- Itzulpenak gero eta txertatuago egongo dira enpresako lan fluxuan

Enpresa batek eskaintzen duen hizkuntza berri bakoitzeko, edukien kopurua biderkatzen zaio lan fluxuan. Halere, behartuta egongo da itzulpena negozioetarako edukiak sortzeko prozesuan integratzera; beraz, gai izan beharko du edukiak itzuli, editatu, zuzendu eta eduki lokalizatuak sinkronizatuta izateko, eta hori guztia, modu eraginkorrean.

Hartarako, edukiak kudeatzeko paketeak (CMS) nahiz pakete espezializatu gehigarriak erabili beharko dituzte enpresek, eta, guztiarekin ere, gero eta nabarmenago izango da itzulpena eta lokalizazioa eranskintzat edo beranduagoko prozesutzat hartzea ez dela praktikoa.

4.- Itzultzaile jendeak eginkizun berri eta zabalagoak izango ditu

Dagoeneko, itzulpen automatikozko motorrak beren espezialitateen arabera pertsonalizatzen hasi dira ordenagailuz lagundutako itzulpenaren alde hautu egindako itzultzaileak, bai eta itzulpen memoriak bezeroen beharren arabera garatzen eta lantzen ere.

Makina bidezko itzulpena gero eta gehiago erabiltzearen ondorioz —batez ere pertsonak eginiko itzulpena praktikoa edo beharrezkoa ez den egoeretan—, sarritan, itzultzaileek lan egingo dute itzultzeko makina ataza berezietarako trebatzen.

Makinak lanik egin ezineko egoeretan, jatorrizko testua besterik itzultzen ez duen pertsona izatetik lokalizatzaile edo «trans-sortzailea» izatera igaroko da itzultzailea, marka baten atzean dautzan kontzeptu abstraktuagoak tokian tokiko merkatuetara sartu eta edukiak egokitzearen ardura izango duelarik. Era berean, itzultzaileak hasita daude egiaztatzen produktuen izenek beste kulturetan esanahi egokia dutela eta ez dela agertuko produktuaren edo enpresaren izen ona zalantzan jartzeko moduko hizkuntz tranparik.

Ondorioa

Sortu zenetik, bide luzea egina du lineako itzulpenak. Nonahiko itzulpen automatikoko zerbitzuak ez ezik, kalitatezko itzulpenak ere lor ditzakete enpresek pertsonen bidez, ia automatizaziotik hurbil. API (ingelesez, Application Programming Interface, hau da, aplikazioak programatzeko interfazea) izenekoei esker, itzulpen prozesua integra dezakete itzulpen zerbitzuek beste software paketeetan, lokalizazio eraginkorra lortzeko, erraz askoan lortu ere. Itzulpena negozioaren alderdi gero eta garrantzitsuagoa bilakatzen ari da lineako negozio mota guztietarako, eta industriak hasita daude egokitzen egiteko modu berri horretara, menturaz, zenbait itzultzaile baino arinago.

One Reply to “”

  1. Kaixo, Karlos eta ogibidekideok:

    Hasteko, eskerrik asko ekarpen honengatik eta beste tokietan egiten dituzunengatik, gai kuttuna duzula ikusten da eta, kuttun baino nahitaezko jardun dugunontzat, estimatzeko moduko laguntza izaten dira.

    Zalantzarik ez dago teknologiak hamaika mesede egin digula itzultzaileoi hamaika arlotan, ezin eztabaidatuzkoa da hori. OLI tresnek nahiz terminologia lantzekoek izugarri hobetu dute itzulpenen kalitatea eta abiadura.

    Euskal itzulpengintzaren kasu zehatzera etorrita, gaur egun ditugun tresnei erreparatu eta atzera begira paratzen naizenean, miresmena pizten zait ezinbestean zure belaunaldikoekiko eta aurrekoekiko, esker ona baino ezin diet adierazi Euskalbar eta horren barruko baliabideak garatzen eta guztion esku jartzen tematu direnei.

    Artikuluan zantzu kezkagarri batzuk ematen dituzu arren, oro har, optimismoa dario zure artikulutxoari eta, ni beldur naiz aurki honen ifrentzua ez ote den diozuna baino handiagoa eta ilunagoa izango… Azal ditzadan nire arrangurak puntuz puntu:

    1.- “Nabarmen haziko da makina bidezko itzulpena, baina ez ditu ordezkatuko pertsonak”

    Oro har eta, batez ere, hizkuntza hegemonikoetatik tipologikoki urrun daudenen kasuan, itzulpen automatikoari (aurrerantzean, IA) bide luzea falta zaio “jendea ordezkatzeko”, baina jatorrizko mezua nola hala ulertzeko balio dute dagoeneko. Hori ez dago txarto, agerikoa denez, ez baita dena itzuli behar eta itzuli beharreko dena ez baitu itzultzaile profesional batek itzuli behar. Baina tipologikoki hain urrun ez dauden hizkuntzen kasuan, jakin badakit itzultzaile profesional bati baino gehiagori kopeta iluntzen hasia zaiola eta horretarako arrazoiak badituztela, ez dela laneko besaulki erosoa atxiki nahi hutsa. Esaterako, katalanaren eta gaztelaniaren arteko itzulpengintzan dagoeneko gertatzen ari da eta El Periodico egunkariaren kasua paradigmatikoa iruditzen zait, dagoeneko, makinek ordezkatu baitituzte haientzat ziharduten itzultzaile gehienak. Hona hemen kasu zehatzaren gaineko txostentxo bat (dena irakurri nahi ez duena joan bedi “El factor humano” atalera): http://ec.europa.eu/translation/bulletins/puntoycoma/51/periodico.htm
    Lan-prozesua (kazetarienaz ari naiz, jakina) hobetu bada eta irakurleak pozik badaude, aurrera (nahiz eta zuk zeuk aipatzen duzun erabiltzaileek gero eta hobeto onartzen dituztela IAren bidezko erdipurdiko emaitzak), baina susmoa dut, beste kasu askotan bezala, itzuli beharraren traba kentzeko egin dela, enpresaren balantzea hobetzeko, ez duela zerikusirik kalitatearekin edo irakurleekin (iritzi artikuluak bereiz lantzeak taxuz lan egiteko joera adieraz dezakeen arren).

    2.- “Bizidunek egindako itzulpena gero eta baliotsua bilakatuko da.” Uste dut bete-betean asmatu duzula horretan, “itzultzaile artisauen” balioa eta beharra argitara ekartzeari dagokionez behintzat, baina itzulpen erosle guztiak zaku berean sartu dituzu eta euskararen kasuan behintzat ez da horrela. Gurean, tamalez, itzulpenenen kontua maiz izaten da identitatea markatu nahiaren, heraldika aldarrikatzearen, folklorismoaren edota diru-laguntzen egokitasunaren ondorio eta, beraz, agian traba ez, baina “toreatu” beharreko elementu bihurtzen da itzultzaile profesional tematia. Bizikleta marka euskal herritar bat etortzen zait gogora…

    3.- “Itzulpenak gero eta txertatuago egongo dira enpresako lan fluxuan.” Horrekin ere, erabat ados, gero eta txertatuago DAGO enpresen lan fluxuan, baina bada korrontearen kontra setatzen denik ere, aipatu dudan enpresa kasu.

    4.- “Itzultzaile jendeak eginkizun berri eta zabalagoak izango ditu,” bai, zalantzarik gabe, baditugu dagoeneko, baina aldi berean, gero eta lan-baldintza zaharrago eta eskasagoak ditugu. Lan-baldintzak azaltzeko “zaharra” izenondoa erabili dut garai batean, adibidez mehatzetan, langileek beraiek erosi behar zituztelako euren lantresnak, beraiek izan behar zutelako jadanik lanean ikasitakoen ikasle eta hasi berrien irakasle, ez zutelako lanean jarraitzeko bermerik langile txukun, prestu eta zintzoak izanda ere eta, lanean jarraitu arren, askotan, ez zutelako oinarrizko beharrak asetzeko nahikorik. Beraz, IAren, OLIren eta lokalizazioaren arlo moderno, futurista honetan, zaharrak berri: gero eta lan handiagoa eta zailagoa, gero eta emaitza hobeekin, baina ordainetan gero eta baldintza txarragoak, piramidearen tontorrean daudenen mesederako. EIZIEn ere bizi izan duzue hori tarifen auzia dela eta… Zuek kalitatearen aldeko lana egin, prestakuntza eskaini, hau da, sektore osoaren (bezero, agentzia nahiz itzultzaileen) mesedetan lan egin eta zartakoa muturrean, hori bai, juridikoki argudiatuta fin-fin…

    Eta bukaeran diozu industria egokitzen hasia dela baliabide berriekin lan egitera, zenbait itzultzaile baino bizkorrago. Hala da, bai. Baina baliabide berrietara egokitzeaz gain, helburu zaharrak berreskuratzen ere hasi dira (agian, sekula ez dituzte ahaztu). Eta ni egokitu, egokitzen ari naiz, pozik batzuetan eta halabeharrez besteetan, laguntza gutxirekin gehienetan, bizkor edo mantso, nahi ala ez, nire nekazariaren ardura delako aitzurra erabiltzen ikastea, baina aitzurra erabiltzen ikasitakoan, goldearekin etorriko zaizkigu, goldearekin ibiltzen ikasitakoan traktorearekin eta ondoren, hazi transgenikoekin… Eta nik behintzat gauza batzuk ez ditut sekula onartuko, nire etxean ez direlako gauza bera guztion aurrerakuntzak eta batzuen “progresoa”. Uste dut itzultzaile guztiok horiei buruz ere eztabaidatu beharko genukeela noizbait, nonbait… Sektore edo kolektibo izatetik gremio izatera egin nahi badugu behintzat, guztion duintasunaren alde.

    Agur t’erdi!

    Atsegin dut

Utzi iruzkina