KO aurrizki berria

Maite Imaz Leunda

Orain dela urte batzuk copago neologismoa sortu zen, gizarte-zerbitzu baten ordainketa partekatua, bezeroaren eta administrazioaren artean egin beharreko ordainketa, adierazteko. 2007ko urrian galdetu ziguten, DUDANET kontsulta-zerbitzuaren bitartez, copago (copayment ingelesez) euskaraz nola eman. Gaztelaniaz pago compartido ere asko erabiltzen zen orduan, eta segur aski horren eraginez, euskaraz ordainketa partekatua ikusten eta entzuten genuen, kopago maileguarekin batera. Horixe izan zen gure proposamena: ordainketa partekatua. Ez ginen ausartu euskaraz ko aurrizkia erabiltzera. Bazen berrordainketa proposatzen zuenik ere, baina hori esanahian jauzi handi samarra egitea zela iruditu zitzaigun, eta beste neologismo baterako, repagar terminoaren ordain gisa, egokiagoa zela iritzi genion. Fundéuk ondo sortutako neologismotzat jo zituen copago eta repago 2012ko maiatzaren 9an; baita copagar aditza ere.

Gure proposamenak, ordea, ez zuen arrakastarik izan, gaur egun komunikabideetan nagusitzen den forma, eta Euskaltermen jasota dagoena, koordainketa da eta.

copago

Geroztik ere izan ditugu co– aurrizkiarekin lotutako kontsulta gehiago:

2012an codesarrollo nola eman galdetu ziguten; Sami Naïr politologo eta filosofo  frantziarrak 1997an sortutako kontzeptua da (codéveloppement frantsesez eta codevelopment ingelesez): migratzaileak beren jatorriko herrialdeen garapenerako proiektuetan inplikatzen direnean sortzen den lankidetza-mota adierazten du. Horretarako, elkargarapena proposatu genuen. Google-en galdetuta, agerraldi batzuk baditu, baina kogarapen ere ikusten da.

2014an cofinanciar eta cofinanciación (cofinancing edo part-financing ingelesez) nola eman galdetu ziguten eta finantzaketa partekatua proposatu genuen, baina kofinantzatu asko erabiltzen da.

2015ean co-construcción emateko ko-eraikitze emateari ondo irizten ote genion galdetu ziguten, baina guk, co-construcción, construcción colectiva-ren aldaera bat zela ikusita, eraikuntza kolektibo proposatu genuen. Hezkuntzaren lotutako kontzeptua da: helburu kognitiboak partekatzea esan nahi du; informazioa metatzea baino gehiago, informazioa parte hartzaile guztien artean lantzea, birformulatzea eta eraikitzea.

Inguruko hizkuntzetako ko aurrizkia mailegatu eta sarbidea eman behar ote diogu euskaraz? Laburragoa eta normalean hitz bakarreko ordain sortzaile izatearen abantaila badu behintzat. Garai batean oso modu hala-moduzkoan sortutako hezkidetzaren lekua ere hartu du, koedukazio terminoak, baterako hezkuntzarekin batera.

coeducación

2 Replies to “KO aurrizki berria”

  1. Gaztelerazko kopagoa ez da zuzena ta euskarazkoa ere ez.

    Kopagoa bat baino gehiagoren artean zerbait pagatzea da, baina daukaguna ez da hori, daukaguna berrordainketa da, ta ez dago jauzia, jada zergaren bidez ordaintzen deguna (gu, ez estaduak, ez jaularitzak…) +gure patriketako poltsikoetatik zati bat zuzenean pagatzea, berrordainketa da.

    Kopagoarena hizkuntzaren perbertizazio bat da.

    Ongi izan.

    Atsegin dut

  2. Co- aurrizkia izugarri emankorra da, eta hori erabiliz eraikitako hitzak erruz ikusten dira ingelesez eta gaztelaniaz. Eta coautor/a, cofundador/a, codirector/a bezalakoak euskaraz ere sistematikotasunez sortu ahal izateko, iruditzen zait ko- aurrizkiaz bestelakorik ez dugula eskueran.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina