Izan?

Iñaki Segurola

Harrigarri xamarra egiten zait aspalditxotik izan aditza edo aditz-ustekoa. Forma hutsari gagozkiola, nola uztartzen dira paradigma bakarrean naiz, gara eta da bezalako formak? Zenbat zakutako adabakiak bildu dira hor ezinezko batasun bat antzeztera? Hartzen dugu beste «antzeko» aditz bat, eta zer aurkitzen dugu? Nabil-dabil-gabiltza, nago-dago-gaude (< *gagode) eta gainerakoetan zentzuzko itxura bat du gauzak, izan-en paradigman inondik ere ez baitago holakorik. Eta esan beharra dago, harriduraren aringarri, beste hizkuntza askotako «izan aditzari» orobatsu gertatzen zaiola: gure munduko hizkuntza ezagunena aitatzeagatik, nolatan batu dira sail bakarrean, be, am, are eta is? Zerk bultzatu ditu paradigma bakarra osatzera? Sasipoetikoki esanik: zer dago hor azpian: esan nahi bat, esan behar bat edo esan ezin bat?

Geurera gatozela, naiz eta gara moduko formak jatorrian batu ditzakeen esplikazio bat bilatzen saia gaitezke, baina nork sinetsiko du da adizkian izan partizipioa (edo beste edozein partizipio) dagoela? Ez: badirudi da seinalagarri hutsa dela, «gertukoaren seinalagarria» edo: alde batetik, De Rijk-en «Nunc» vasconice artikulu ederrean erakutsi zitzaigunez, orain ustezko maileguaren balioa zukeen antzinagoko da– (dan, danik, dara) elementuarekin berdindu liteke, eta –gehitzen dut nik– baita agian pertsona gertukoenaren (lehenengoaren) marketako batekin ere (duda-, zaida-).

Horri gehitu beharra dago hirugarren pertsonaren status berezia. Benvenistek erakutsi zuen «hirugarren persona» deitzen den hori ez-pertsona dela berez. Arrazoi asko daude hala pentsatzeko, eta horietako bat da izan aditz ustezko honetan ere ikusten den koska formala: singularretik atera gabe, bateko naiz-haiz eta besteko da oso sail banatakoak dira, inondik ere. Jakina da, bestalde, zehazki hitzeginda, ez dagoela hirugarren pertsonako izenordainik: naiz, nago eta abarri ni dagokio, haiz/hago-ri hi, gara/gaude-ri gu, eta dena hola, baina da, dira eta besteri zer dagokio?: di edo/eta du? Ez noski. Eskolan edo didaktikan ustezko izan horren paradigma honelatsu adierazten da: ni naiz, hi haiz (edo zu zara), hura da… nik uste dela era usatuena, baina garai batean eta zenbait ingurutan bera da ere erabili izan zen eginkizun didaktiko horietan. Eta ez hura eta ez bera dira berez izenordain pertsonalak; eskolan eta didaktikan egokitutako paradigma-betegarriak besterik ez dira. Horrezaz gainera, nabarmendu beharra dago joskera in-pertsonaletarako erabili diren adizkiak «hirugarren pertsona» deitzen den sail horretakoak direla eskuarki, eta horren adibiderik esanguratsuena eguraldiaren berri emateko esaldietan dago: ari-rik ez dagoen hizkeretan euria da esanez adierazten da euria ari duela[1].

Esanahiari gagozkiola, berriz, ez dut uste oker haundirik egiten dugunik izan hori kasik esanahirik gabea dela badiogu. Funtsean kopula edo lotura gramatikal hutsa da, izan ere, delako izan aditz harrigarri hau, eta hizkuntza askotan egon ere ez dago holakorik batere, eta izan-en ustezko adizki hauen ordez hizketako eten ttiki bat genuke hizkuntza horietan. Eta begira nola letrakuntzan eta kulturan aditz txit garrantzizko bilakatua dagoen aspalditxodanik, hainbesteraino non ia umeek ere bai baitakite hemen asuntoa dela to be or not to be. Bai: hizkuntza askotako eten edo ixilune ttiki baten parekoa den lotura xume bati (gurean da forman ikusi dugu hobekienik soiltasun hori) esanahi sublimeetan sublimeena erantsi zaio; ia deus esan nahi ez zuenari ia dena esanarazi zaio (izateak den-a oso berea du); seinalagarri batetik jakingarri oso eta beteena jaio da: izana, izatea, Orixeren izatena eta zer ez? Grekoz bezala, euskaraz ere aditzak izen-itxura har lezake, artikulua ere lot dakioke, eta horrek irudipena sorrarazten digu gauza bati buruz ari garela hizketan, guk izendatu baino lehen «hor» zegokeena norbaitek izendatu zain.

Izan aditza: hizkuntzan ia ezereza; letrakuntzan… that is the question. Nekez aurkituko da koska edo jauzi haundiagorik.

[1] Eta, jakina, ari du diogunean ere, «ari duena» hirugarren pertsona da, hots, inor ez, edo, nahiago bada, gramatiko arabiarren erara adierazirik, al-γā‘ibu ‘ez dagoena’ (Benvenisten arabera).

One Reply to “”

  1. Kontxo! Hire gogoeta hauek pozten naitek biziki. Hain zuzen, kontu berberaxeak azaldu nitian aspaldi, bai erdaraz (Un escorpión en su madriguera, Hiria, 2000), baita euskaraz ere (Mariren erradiografia, Gaiak, 2007).

    Asko zegok oraindio hari horretatik tiraka pentsatzeko.

    (Aurrenekoa, “Un escorpión…”, hemen irakur dezakek: https://es.scribd.com/doc/166280889/JON-BALTZA-UN-ESCORPION-EN-SU-MADRIGUERA-Indoeuropeo-y-euskera-mito-e-identidad).

    Atsegin dut

Utzi iruzkina