Deabruzko Testuak

Asier Larrinaga Larrazabal

Batzuetan, erdarazko testu zinez bihurriak egokitzen zaizkit begien aurrean, eta, joko modura, euskaraz ematen ahalegintzen naiz. Halako bat aurkitu nuen Sevillan, kofradia baten egoitzaren ateburuan, euren izenarekin: «Pontificia, Real, Ilustre y Primitiva Archicofradía de Nazarenos del Santísimo Cristo de la Coronación de Espinas, Nuestro Padre Jesús con la Cruz al Hombro, Nuestra Señora del Valle y Santa Mujer Verónica».

Gonbidatuta zaudete jokoan parte hartzera. Azpian duzue nire itzulpena. Atseginez irakurriko nituzke zuen bertsioak.

Antzinako Nazareno Artxikofradia Pontifikal, Erreal eta Itzaltsua, Kristo txit Santu Arantzaz Koroatuaren, Gure Aita Jesus Lepoan Gurutzea Daramanaren, Gure Ama Ibarrekoaren eta Andre Dena Veronikaren adbokaziokoa

Elebitasun-simulakroa

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Idazki hau idazten ari naizelarik, urriak 12 ditu. Gaur bukatuko dira Iruñeko Topaketak, kultura, arte eta pentsamenduaren nazioarteko bienala. Hamaika eguneko egitarau zinez oparoa ekarri digute Topaketek, eta nazioarteko makina bat pentsalari, artista eta idazle ikus-entzuteko parada izan dugu haiei esker. Nahi baino saio gutxiagotara joan naizen arren, Inperialismoak setiatuta gaitu (berriro) ibilbideko bi elkarrizketatan izan naiz, besteak beste.

Topaketak hasi aitzin, eskuorria eskuratu nuenean, pozgarria iruditu zitzaidan liburuxkan den-dena ele bitan egotea, baina, halakoetan ohi denez, ezin izan nuen jakin euskarazko saiorik egonen ote zen. Eskuorria goitik behera irakurrita ere, ez zen inon zehazten zer hizkuntzatan izanen ziren antzerkiak, emanaldiak, elkarrizketak, tailerrak, solasaldiak… Ohar linguistiko bakarra aurkitu nuen: “Gaztelaniaz egiten ez diren saioek aldibereko itzulpena izango dute”. Gero, susmatu bezala, jakin dut topaketetan euskarak oso toki txikia izan duela, eskuorriko itzulpenez haratago.

Itzulpena tresna baliagarria da hizkuntza gutxituen aldeko hizkuntza-politiketan. Ezin ukatuzkoa da hori. Administrazioek eta erakundeek sortu testuak euskaraz jaso ahal izateak berebiziko garrantzia du gure hizkuntzaren aldeko normalizazio-politiketan. Eskubidezkoa da. Hizkuntza gutxituaren prestigioa goititzen du. Hizkuntzaren bizindarra handitzen. Baina hala ote da itzulpena itxuratarako bakarrik erabiltzen denean ere? Zertarako balio du eskuorri bateko informazio osoa (saio eta hitzaldien izenburuak eta guzti) euskaraz ere emateak bertan iragartzen diren ekitaldietan euskarak tokirik ez badu? Erakundeak, Nafarroan bederen, ekimenei-eta “basque friendly” gisako geruza hutsal bat emateko baliatzen ari dira euskarazko itzulpena: itzulpena mari-bistako bat da, apaingarri huts bat, Orotariko Euskal Hiztegian hitz horretarako ematen den adibidearen zentzuan (“Unek eztu balio, au maribisteko bat da”). Nahiz eta, ongi pentsatuz gero, ez den egia itzulpen kosmetikoak ez duela ezertarako balio, ukaezina baita berdintasunaren irudipena sortzeko eta hizkuntza-gatazka estaltzeko balio duela.

Hasieran aipatu moduan, Topaketetako zenbait hitzalditan izan naiz egunotan. Horietako bitan, hizlariak italieraz aritu dira, eta, eskuorriko oharrean gaztigatu bezala, aldibereko itzulpena egon da gaztelaniara: Gaztelaniazko itzulpena aditzeko, 1. kanala aukeratu behar duzu, ohartarazi dio Baluarteko langileak nire aldamenekoari hargailua eman dionean. Eta euskarazkoa aditzeko?, sartu naiz tartean ni. Oi, euskarazko itzulpenik ez dago, gaztelaniazkoa eta ingelesezkoa besterik ez.

Fundación Baluarte Fundazioak antolatu ditu topaketak, Nafarroako Gobernuak bultzaturik eta Iruñeko Udalak lagundurik. Geroa Bai dugu gobernukide Nafarroan, eta EH Bilduko alkatea dugu Iruñean. Topaketetan, halere, aldibereko euskarazko itzulpenik ez. Zergatia jakin nahi nuke. Jakin nahi nuke antolatzaileei aukera hori bururatu zitzaien ere, gaia mahai gainean izan zuten ere. Jakin nahi nuke ea, norbaiti bururatu arren, dirua aurrezteko erabaki ote zuten euskarazko interpreterik ez kontratatzea. Jakin nahi nuke norbaiti bururatu bai, baina gero pentsatu ote zuten jende gutxik erabiliko zuela zerbitzu hori eta ez zuela merezi. Jakin nahi nuke, jakin-min hutsez.

Urriaren 2an, Topaketak hasi ziren egun berean, Beñat Erezumaren euskarazko hitzaldira joan nintzen Euskarabidera. Bi interprete aritu ziren saioa aldi berean gaztelaniaratzen. Areto osoan, bizpahiruk baizik ez zuten zerbitzua baliatu. Bi interprete, soinu-teknikari bat, bizpahiru hartzaile. Jakin nahi nuke ea antolatzaileei bururatu ote zitzaien gaztelaniazko interpretazio-zerbitzurik ez eskaintzea. Aukera mahai gainean izan ote zuten ere. Kostu ekonomikoaz solastatu ote ziren. Jakin nahi nuke, jakin-min hutsez.

Topaketen bigarren egunean, Maja Haderlap idazleak “Hizkuntza eta bizitza” izeneko elkarrizketan parte hartu zuen. Topaketen webgunean azpimarratzen denez, Haderlapek hizkuntzaren eta identitatearen arteko elkarreragina lantzen du bere obran, eta gutxiengo kultural bateko kide izatearen esanahia aztertzen du[1]. Ezin izan nintzen solasaldira bertaratu, baina han izaniko lagun batek kontatu dit oso harrigarria egin zitzaiola nola ibili zen saioaren gidaria, idazle espainiar bat bera, Karintia goiti eta Karintia beheiti, mugaldeko herriak eta hizkuntzak ahotan harturik, aipatu ere egin gabe hemen ere badela bi estatuk zatitutako hizkuntza-komunitate bat; eta nola, bukaeran, ikusle batek mikrofonoa hartu, eta Euskal Herriko egoera hizpidera ekarri zuenean, inguruko batzuk eserlekuan inarrosten hasi ziren. Lagunak kontatu dit gaitzespen-kutsuko marmarrak ere aditu zituela eta iruditu zitzaiola gidariak berak ez ziola ongietorririk egin ikuslearen hausnarketari.

Uste dut Topaketetan euskarak izan duen tokiak eta pasadizo horrek ongi irudikatzen dutela askok euskarari eman nahi lioketen eginkizuna: izan dadila apaingarri pollit bat, baina inola ere ez kulturari, arteari eta pentsamenduari eragiteko balio duen hizkuntza bat.


[1] Webgunean bada detaile xume eta esanguratsu bat (milesker, Amaia!). Maja Haderlapen euskarazko aurkezpen-orrialdean, haren El ángel del olvido (Periférica, 2019) aipatzen da, gaztelaniaz, euskarazko itzulpena aipatu ere egin gabe: Ahanzturaren aingerua, Idoia Santamariak 2025ean itzulia, Pamiela argitaletxean.

John Watsonen zakurra

Santi Leoné Puncel

2027an, 140 urte izanen dira Sherlock Holmesen lehen istorioa argitaratu zela. John Watsonek paperera ekarri zuen lehen kontakizun hartan, Holmesek “bizitzaren mataza margulean” katramilatu zen “hilketaren hari eskarlata”[1] izan zuen aztergai, eta, hortik narrazioaren izenburua: Estudio eskarlata.

1887an eman zen argitara, beraz, Sherlock Holmesen lehen abentura, eta harrezkeroztik mundua arruntean aldatu dela iduri duen arren, berdin-berdin segitzen du zenbait kontutan. 2010ean, BBCk Sherlock telesaila egin zuelarik, pertsonaiak duela hamasei urteko mundura ekarrita ere, ez zen beharrezkoa izan John Watsonen hasmentako kontakizuna aunitz aldatzea: 19. mendean bezala, 21. mendean ere Afganistango gerrako beteranoa genuen Holmesen laguntzailea. Eta gaur ere gazte ―eta ez hain gazte― frankoren buruhaustea den problema batek behartu zituen Holmes eta Watson Baker Streeteko 221. zenbakiko etxean elkarrekin bizitzera: etxe bat ordaindu ezinak.

Nolanahi ere, inorekin pisu bat konpartitzea erabaki baino lehen, komenigarria da haren maniak eta makurrak ezagutzea; horrela, Baker Streeten elkarrekin bizitzen jarri baino lehen, Holmesek eta Watsonek, zintzo-zintzo, elkarri eman diote beren alde ilunaren berri. Usain sarkorreko tabakoa erretzen du Holmesek; esperimentu kimikoak egiten ditu noizbehinka; depresioak jotzen duelarik, egunak ematen ahal ditu hitzik erran gabe. Kokainari erreferentziarik ez, lehen hitzordu hartan. Watsonek, bere aldetik, ez du zalapartarik gustuko, nerbio delikatuak dituelako; destenorean jaikitzeko ohitura du; eta arrunt alferra da. Holmesek, urduri, berehala galdegin dio biolinaren musika sartzen ote den ezin jasaneko zalapartaren kategorian. Jotzailearen arabera, erantzun du Watsonek: biolina ongi joz gero, jainkoen oparia izan daiteke haren musika; gaizki joz gero, ordea…

Aipatu gabe utzi dugu John Watsonen makurren zerrendako lehen elementua: “I keep a bull pup”. “Bulldogkume bat dut”, Xabier Olarrak eta Usoa Wyssenbachek euskarara ekarritako bertsioan. Eta hala dakar Jack Tracy-ren The Ultimate Sherlock Holmes Encyclopediak ere: “Bull pup, a young bull dog”.

Watsonek, beraz, zakurkume bat dauka. Arras ongi, zeren, artikulu honen egilea kenduta, nork ez ditu zakurrak maite? Problema bakarra da hori dela animaliaren aipu bakarra Sherlock Holmesen istorio kanoniko guzietan, erran nahi baita, Arthur Conan Doylek idatzitako lau nobeletan eta 56 ipuinetan. Estudio eskarlatan ere, elkarrizketa horren aitzinetik eta ondotik, ez dugu gizakiaren lagun onenaren arrastorik inon.

Nolanahi ere, izan bada zakur bat Estudio eskarlatan, eta berriz ez agertzeko motibo ezin argiagoa bazuen, eri izanik, Holmesek pozoi bat probatzeko erabili izanaren ondorioz hiltzen delako. Baina terrier bat da, ez bulldog-a, eta Hudson andrearena, ez Watsonena.

Nicholas Dailyk, Oxford World’s Classics bilduman A Study in Scarlet-en edizioaz arduratu zen espezialistak, bertze espezialista baten eskutik proposatzen du bull pup hori pistola bat izan litekeela, British Bulldog deitzen baitzitzaion kalibre handiko errebolber bati, zeinak Webley RIC zuen izen ofiziala. I hear of Sherlock everywhere webgunean, berriz, gogoratzen digute bazela bull pup goitizenez ezaguna izan zen errebolber bat, baina goitizen hori ez zela hedatu 1930eko hamarkada artio. Bertzalde, gehitu dezagun, Sherlock Holmesen istorioetan pistolak behin baino gehiagotan agertzen badira ere, inoiz ez dugu Watson bere ustezko bull pupa eskuan ikusiko.

The Ultimate Sherlock Holmes Encyclopediara itzulita, lerro hau gaineratzen du Jack Tracyk, balizko zakurkumearen arrastorik ez dugula erran eta gero: “To keep a bull pup, in Anglo-Indian slang, means to have fits of bad temper”. Bull pup bat izatea, argot angloindiarrean, haserrealdiak izatea dela alegia.

Hori ederra da: bat egiten du John Watsonen iragan militarrarekin, eta zakurraren desagerpena azaltzeko balio du. Kontua da inork ez dakiela benetan argot angloindiarra ote den. Jack Tracyk ez du iturririk aipatzen, eta ni bederen ez naiz aurkitzeko gauza izan. Se non è vero, è ben trovato errateko tentazioa badugu, baina segur aski Conan Doyleren testua esku artean duen itzultzaileari vero ote den interesatzen zaio ororen gainetik.

Estudio eskarlatak ez zuen arrakasta handirik izan, baina 1891n Strand aldizkarian gure detektibearen ipuinak publikatzen hasi zirenetik, Sherlock Holmesek zale aunitz izan zituen. Arthur Conan Doyle ez zen zale horietarik. Harendako, dibertimendu literario hutsa ziren Holmes eta Watsonen abenturak, eta ez zituen ikaragarri baloratzen, uste baitzuen, gogoratzekotan, bere nobela historikoei esker gogoratuko zuela posteritateak. Horregatik, axola handirik ez zitzaiolako, detektibearen istorioetan badira inkoherentzia franko, eta ez litzateke harrigarria izanen Doylek John Watsoni zakur bat asmatu izana eta geroztik piztia atzendu izana.

John Watsonen bull pupa zauri ttiki bat da Estudio eskarlataren testuan, hari solte bat istorioaren mataza ez preseski koloregabean. Eta naski ez luke inportantzia handirik, baldin eta Doyleren kreaturak milaka jarraitzaile izanen ez balitu, eta haiek Sherlock Holmesen narrazioen bazter eta zoko guziak xehe-xehe miatu eta orotan zer komentatu eta zer eztabaidatu aurkitu izan ez balute.

Garrantzi handikoa ala garrantzirik gabea izan, egia da, nolanahi ere, bull pup hori edozein hizkuntzatara ekarri nahi izanez gero, aukeratu egin behar dela eta hala edo nola testuan dagoen ebaki ttiki hori hetsi egin behar dela. Bull pup bat izanik, Watsonek aldi berean zakurkume bat, errebolber bat eta jenio txarra izan ditzake. Bertze hizkuntza batera eramanda, hiruretarik bat izanen du nahitaez. Conan Doyleri utzikeria literarioa leporatuta, zakurkumearen alde eginen dugu, nahiz eta bulldogkume hori bertze inon ez agertu? Pistolaren alde, nahiz eta historikoki ezinezkoa den? Jenio txarraren alde, argota delakoan, nahiz eta inork ez eman argot horren iturririk?

Batek daki. Guk, nolanahi den ere, erranen dugu John Watsonen zakur-mamua itzulpengintzaren metafora dela. Jatorrizko testuak dituen aukera guzien artean etengabe hautatu behar baitu itzultzaileak, bertze testu bat sortzeko. Eta erabaki nola jokatu bat-batean arrastorik utzi gabe desagertu diren zakur horiekin.


[1] Xabier Olarra eta Usoa Wyssenbachen itzulpena da komatxoen artekoa.

Ahateari ez diogu zertan igerian irakatsi

Josu Barambones Zubiria

Itzultzea erretxin eta puntalakurlo bihurtzea da,
benetako bizitzan guztiz kontrakoa zaren arren.
Laura Wittner

Ez nuen inoiz pentsatuko nik, lehorrekoa izanik, baleei buruz idatziko nuenik. Baina Ikus-entzunezko itzulpen praktiketako eskolan erabiltzen dudan dokumental batean agertzen den termino baten egokitasunaz zalantza egiteak bultzatu nau artikulu hau idatzi eta nire duda-mudak zuekin partekatzera.

Itzultzaileok, badakizue, hitzak maite ditugu eta hitz egokiaren bila gure bizitzako ordu (egun) asko pasatzen ditugu. Eta hitz hori hitzik txikiena edota mikroskopikoena bada ere, hortxe egoten gara kieto ordenagailu edo kaier baten aurrean zorioneko hitz horri gure denbora eta arreta guztia eskaintzen munduak aurrera egiten jarraitzen duen bitartean.

Ikus-entzunezko itzulpengintzako eskolan dokumentalen itzulpen-egokitzapena lantzen dut. Eta hasierako eskoletan narrazioaz baliatzen den dokumental bat erabiltzen dut: Planeta urdina (BBCk 2001ean ekoitzitako dokumentala). Dokumentalak izaera dibulgatzailea du eta gure planetako itsasoen historia naturala kontatzen du era didaktiko batean. Lehen ataleko hasierako irudietan, plano pikatu batean, balea bat ageri da ozeano zabalaren handitasunean. Lehen irudiak pantailaratu eta segundo batzuk igaro ondoren, David Attenboroughen offeko ahotsa entzuten dugu:

Dwarfed by the vast expanse of the open ocean – the biggest animal that has ever lived on our planet. A blue whale, 30 metres long and weighing over 200 tones. It’s far bigger than even the biggest dinosaur.

Euskarazko bertsiora jo eta hau da entzuten duguna Jesus Eguzkitzaren ahots zoragarrian:

Itsaso zabal amaigabean, gure planetan inoiz bizi izan den animaliarik handiena txiki ageri zaigu. Zere urdina da, hogeita hamar metro luze eta berrehun tonatik gorako izakia. Dinosaurorik handiena baina askoz handiagoa.

Bai, «zere urdina» eta ez «balea urdina». Azken hamar urteotan klasean dokumentala ikusi duten guztiek (200 bat ikaslek) «balea» entzutea espero zuten, baina ezagutzen duten hitz baten ordez, ordura arte inoiz entzun ez duten beste termino bat entzuten dute: «zere». Eta erabaki hori ez da erabaki merkea, izan ere ikusleak harrituta eta nahastuta geratzen dira, irudiek argi uzten badute ere zer den «zere», pantailan bakarrik balea bat eta bere kumea agertzen direlako. Nik ere aitortu behar dut ez nekiela zer zen «zere» estreinako aldiz entzun nuenean, eta itzultzaile jakin-gose orok bezala, hiztegietara jo nuen hitz horren esanahiaren xerka. Eta esanahiak esanahi, funtsean jakin nahi nuen ea zer arrazoi egon zitekeen terminorik naturalena eta semantikoki zabalena ez hautatzeko, hau da, «balea urdina».

Hau ez da leku egokia nire bilaketa guztien berri emateko eta horregatik hiztegietan jasotakoa laburbilduko dizuet. Biologikoki, «zere» Balaenoptera generoko zenbait balea izendatzeko erabiltzen da eta, taxonomikoki, «zere urdina» Balaenoptera musculus generokoa da, «balea urdina» bezala, bakoitzaren erabilera eta erregistroa desberdinak badira ere. Eta hortxe dago gakoa, nik uste. Idatzizko tradizioari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu Orotarikoak adibide bakarra baino ez duela jasotzen; Egungo Testuen Corpusean «zere arrunt» izen sintagma 47 aldiz azaltzen da: gehienak Berria egunkarian eta Wikipedian; «balea», berriz, 8.929 aldiz.

Horiek horrela, tradizioari eta gaurko erabilerari kasu eginez, uste dut testuinguru horretan «balea» erabiltzea egokiagoa izango zela, «zere» nahiko artifiziala gertatzen baita dokumentalen izaera dibulgatzailea eta informatiboa aintzat hartuta. Egia esan, ikusleek irudietan balea bat ikusten dutenean ez dute espero «zere» hitza entzutea, eta ikusten dutenaren eta entzuten dutenaren artean nahasketa halako bat sortzen da, hau da, entzutea espero duzunaren eta offeko ahotsak esaten duenaren arteko talka bat. «Zere» terminoak ere badu bere tokia, jakina, baina nik testuinguru espezializatuagoetan erabiliko nuke, hala nola Biologiako liburu batean edo balea-espezieen sailkapen batean.

Itzultzea hitzak hautatzea da, edo, zehatzago esanda, hitzak egoki hautatzen jakitea. Anjel Lertxundik Itzuliz usu begiak liburuan diosku itzultzailea hitzen eta adieren pisatzailea dela. Sarritan, halere, nago euskal itzultzaileok nolabaiteko didaktismo batean erortzeko joera gehiegizkoa dugula eta ez dugula pisuarekin asmatzen. Hain zuzen ere, batzuetan iduri du ahateari igerian irakatsi nahi diogula eta didaktismo faltsu batek eroaten gaituela erabaki okerrak edo gutxienez ez hain egokiak hartzera. Azken batean, ez du zentzu handirik jatorrizko testuan arrunta den termino baten ordez xede kulturan hain arrunta ez den beste termino bat erabiltzeak.

POSTDATA: Juan Garziaren Moby Dicken alimaleko itzulpena irakurtzen ari nintzela ikasi nuen Moby Dick «zeroi zuri izugarria» dela, eta liburuaren osagai nagusia «zeroi-ehiza» dela. Baina Melvillerena beste historia bat da.

Itzultzailea ez da interpretea: profil profesionalak bereizteko beharra

Maitane Uriarte Atxikallende

Itzultzaile eta interpreteok badakigu zer esan nahi duen gure lanbideak sarritan kategoria bakar batean sartuta ikusteak. Lanpostuen izenetan, administrazio publikoetako deialdietan edo hautaketa-prozesuetako ariketetan, itzultzaile-interpretea formulak ohikoa izaten jarraitzen du. Izendapenak badu bere logika administratiboa: bi jarduerak hizkuntza-lanaren esparruan kokatzen dira, eta zenbait erakundek biak behar dituzte. Baina izendapen bateratuak ez luke ekarri behar profil profesionalak, konpetentziak eta ebaluazio-irizpideak ere nahastea.

Itzulpena eta interpretazioa ez dira jarduera beraren bi modalitate. Bi diziplinek oinarri komun batzuk partekatzen badituzte ere, prozesu kognitiboak, lan-baldintzak, estrategia profesionalak eta, ondorioz, gaitasun espezifikoak ez dira berdinak. Itzultzaileak testu idatzi baten aurrean lan egiten du, eta, oro har, dokumentazioa, terminologia, corpusak, tresna informatikoak eta berrikuspena erabiltzeko aukera du. Interpretea, aldiz, denbora errealean ari da hizketa ulertzen, prozesatzen eta birformulatzen; ezin du prozesua eten terminologia egiaztatzeko edo esaldi bat berriro irakurtzeko. Aldea ez da ñabardura metodologikoa: lan egiteko modua bera da desberdina.

Horregatik, bi profilak lanpostu berean biltzen direnean ere, hautaketa-prozesuak ez luke desberdintasun hori lausotu beharko. Are gutxiago administrazio publikoan, non oposizio edo lehiaketa-oposizio batek ez duen soilik hautagai baten hizkuntza-gaitasun orokorra neurtu behar, baizik eta lanpostuaren eginkizunak behar bezala betetzeko gaitasuna.

Arazoa ez da profil mistoa izatea

Ez dago ezer berez okerrik itzulpen eta interpretazio lanak uztartzen dituen lanpostu batean. Izan ere, administrazio batean bi jarduerak behar izatea guztiz zentzuzkoa izan daiteke. Arazoa beste nonbait dago: profil mistoa izateak ez luke esan behar bi profilak hautaketa-prozesuan modu berean ebaluatu gabe uztea.

Deialdietan maiz aurkitzen dugun egoera da itzulpen-ariketak eta interpretazio-ariketak proba multzo berean sartzea, baina haien arteko proportzioa, konplexutasuna edo zuzenketa-irizpideak ez egotea behar bezain argi definituta. Beste batzuetan, hizkuntza-gaitasun orokorrari ematen zaio nagusitasuna, itzulpen- edo interpretazio-konpetentzia profesionalaren kaltetan. Eta, halaber, badira kasuak non itzulpen idatziaren proba batek hautaketa-prozesuaren emaitzan duen pisua interpretazio-gaitasunaren ebaluazioarena baino askoz handiagoa den.

Horrelakoetan, galdera ez da soilik ea azterketa zaila den edo proba bat bestea baino zorrotzagoa den. Zer ari gara benetan neurtzen? Eta, batez ere, neurtzen ari garena bat al dator lanpostuaren benetako eginkizunekin?

Itzulpen-proba batek itzultzailearen gaitasuna ebaluatzeko balio dezake, baina ezin du, berez, interpretazio-gaitasuna ordezkatu. Era berean, ahozko interpretazio-proba batek ezin du automatikoki frogatu hautagaiak testu juridiko edo administratibo konplexuak idatziz itzultzeko behar den konpetentzia duenik. Bi jardueren artean badago transferigarritasuna, noski, baina transferigarritasuna ez da baliokidetasuna.

Profil bakoitzaren pisua arazo

Hor dago, beharbada, eztabaidaren alderdirik interesgarriena: profilak bereiztea ez da nahikoa; profil bakoitzari hautaketa-prozesuan ematen zaion pisua ere justifikatu beharra dago.

Lanpostu batek eguneroko jardunean itzulpenetik gehiago eskatzen badu interpretaziotik baino, arrazoizkoa izan daiteke bi ariketek pisu bera ez izatea. Baina proportzio hori lanpostuaren benetako eginkizunetatik ondorioztatu beharko litzateke, ez administrazio-izendapenetik edo inertziatik. Alderantziz ere bai: interpretazioa funtsezko eginkizuna bada, ez dirudi nahikoa denik hautagaiaren idatzizko itzulpen-gaitasunak modu zabalean egiaztatzea eta ahozko jarduna bigarren mailako proba baten bidez konpontzea.

Horregatik, deialdi baten kalitatea ez litzateke neurtu behar soilik proben kopuruagatik edo zailtasunagatik. Ebaluazioaren eta lanpostuaren arteko koherentzia ere aztertu beharko litzateke.

Eta horrek badu beste ondorio bat: hautaketa-prozesuak ez luke hautagaiaren profil profesionala bera aldatzeko mekanismoa izan behar. Hau da, ezin da espero interpretazioan espezializatutako profesional batek itzulpen-proba baten bidez frogatzea bere lanbide-gaitasun nagusia, eta ondoren ondorioztatu bi diziplinetan gaitasun bera duela. Ezta alderantziz ere.

Bi profilak aitortzea ez da bereiztea soilik

Azken batean, eztabaida ez da terminologikoa. Itzultzailea, interpretea edo itzultzaile-interpretea esateak baino garrantzi handiagoa du deialdiaren atzean dagoen lanpostuaren profil profesionala nola definitzen den eta nola ebaluatzen den.

Bi jarduerak eskatzen badira, biak ebaluatu beharko dira. Baina ez nahitaez modu berean, ezta pisu berarekin ere: lanpostuaren benetako beharren arabera baizik. Eta bi jardueretako bat nagusi bada, nagusitasun horrek hautaketa-prozesuan ere isla izan beharko luke, modu arrazoitu eta gardenean.

Profesionalok ondo dakigu itzultzea eta interpretatzea ez direla gauza bera. Orduan, zergatik ez luke administrazioak ere bere hautaketa-prozesuetan bereizketa hori behar bezala islatu behar?

Profil profesionalak nahasteak ez gaitu polibalenteago bihurtzen; batzuetan, besterik gabe, ebaluazioa lausotu egiten du. Eta hautaketa-prozesu baten helburua ez litzateke izan behar hizkuntza-gaitasun orokorra duen pertsona bat aurkitzea, baizik eta lanpostuak benetan eskatzen dituen konpetentziak dituen profesionala identifikatzea.

Zure oinetara

Iñigo Satrustegi Andrés

Lehenengo atala: Irakurlea ohartu zenerako, han zeuden.

Izan zen garai bat ez nintzena oin-oharren sobera zale. Uste dut bat gatozela esaten badut ez dagoela oso argi noiz irakurri behar diren oharrok: agertu eta berehala, perpausaren elementuen artean; esaldia amaitutakoan, orriaren amaierara heltzean…

Lehen molestatzen ninduten: irakurketaren erritmoa galarazten zidaten, eta, batzuetan, luzeekin bereziki, haria galtzera iritsi izan naiz inoiz. Nori ez zaio pasatu? Baina jolas baten moduko zerbait bihurtu dira orain: ea zer dieon honek honi buruz; ui, hau zergatik… Eta, bereziki, narratibako itzulpenetan (poesia itzulpen gutxi, eta saiakerak are gutxiago irakurtzen ditut beste hauen aldean).

Egile batek erabaki lezake idazten ari denaren gainean zerbait eranstea: estetikoki gustatzen zaiolako, azalpen pertinentea iruditzen zaiolako, edo dena delakoagatik. Testua berea du (Danele Sarriugarteren Erraiak-en amaierako oharrez betetako eranskina, edo Garazi Arrularen Dakigun hori liburuko esku-oharrak, adibidez). Editoreek ere jarri izan dituzte oharrak, ez hain sarri beharbada. Baina haiek ere badira testuaren jabe, nolabait, eta iruditu zaienean oharra jarri behar zela, hara, salto bat orriaren beheko marjinetara. Aipatu jolasa dator itzultzaileen oharrak agertzen direnean.

Itzultzaileek, borondate onenarekin, liburua eusten dutenei zuzentzen zaizkie irakurketaren gatazka txikien berri emateko: testuinguru sozial, politiko, historiko, kulturala dela; erreferentzia intertestualak direla; gorputzean ageri den aipu baten itzulpena dela…

Eten txiki bat bitxikeria modura. Gogoan dut, aurtengo udaberrian, aspaldi argitaratutako liburu baten berredizioa prestatzen ari ginela zalantza sortu zitzaigula zer egin oin-oharrekin. Japoniako eleberri bat zen (gazteleraz), eta ez ziren gutxi orriaren azpiko aldera egindako erreferentziak: ramen, shashimi, geisha… Gisa horretakoak ziren. Tira, gaur egun, globalizazioaren eraginez-edo, gehienak ezagun genituen. Baina, hala ere, hor uztea erabaki genuen.

Ea, jolasa aipatzen nuen gorago, iruditzen baitzait batzuetan irakurlearen jakin-nahiari gailentzen zaizkiola itzultzaileen apetak edo zenbait erabakiren inguruko justifikatu-nahi bat. Ez diot gaizki daudenik xede horiekin egindako oharrak. Besterik gabe, ez ote dugun behar baino gehiago pentsatzen irakurleengan, irakurleek guregan pentsatzen dutenaren aldean (gure komunitatetik kanpo ari naiz; irakurle arruntaz alegia).

Eta hain justu, horixe izango da nire aurtengo aletxoaren norabidea. Gaur gaia aurkeztu dizuet. Mamia abenduan helduko da. Asmoa da bospasei titulu aukeratzea, euskarara egindako itzulpenak denak ere, eta bertan agertzen diren oin-oharren inguruko azterketa tipologiko xume bat egitea, oharrok duten xedearen arabera sailkatuta. Hori guztia amaitzeko, martxoan emango ditugu ondorio batzuk. Ea zer ateratzen dugun hemendik.

Bitartean, oin-oharrengatik interesgarria izan daitekeen erreferentziarik okurrituz gero, pozik entzungo ditut ekarpenak[1].


[1] Zuek ere jausi zarete.

Abian da denboraldi berria!

Astelehenean hasiko dugu 2026-2027 denboraldia, zenbait esku berrirekin oraingoan ere.

Astelehen, asteazken eta ostiraletan emango ditugu argitara gure kolaboratzaileen artikuluak, eta, iaz bezala, harpidedunok aukera izango duzue argitalpenak posta elektroniko bidez jasotzeko. Hala, betiko moduan, iruzkinak egitera eta edukiak partekatzera animatzen zaituztegu.

Astelehena arte, lagunok!