Nina Simone, David Bowie eta euskara

Edurne Aldasoro Iturbe

Joan den astean Guggenheim Bilbao Museoan izan nintzen bisitan, eta, besteak beste, Steve McQueen zinema-zuzendari entzutetsuak egindako erakusketa ikusi nuen: Steve MᶜQueen: 66–76–26. Hain zuzen ere, McQueenek proiektu honetan 1966an Nina Simonek eta 1976an David Bowiek egindako kantu beraren interpretazioak uztartu ditu, bi-bien ahotsek sekula egin ez zuten duetoa osatuz.

Aretora sartu aurretik, horman idatzita jarri ohi duten sinopsia irakurri nuen, eta atentzioa eman zidan kantuaren euskarazko ordainak. Itzultzailearen izenik ba ote zuen bila aritu nintzen, baina testu soila zegoen, bestelako xehetasunik gabe.

Etxeratu nintzenean, kantuari bueltaka, otu zitzaidan Internetez akaso eskuratuko nuela kantu hura itzuli zuen itzultzailearen izena, eta Guggenheim museoaren webgunean miaka hasi nintzen, baina han ere ez nuen haren erreferentziarik batere aurkitu.

Adimen artifiziala baliatzea pentsatu nuen itzultzailearen izena jakiteko, tresna “orojakile” horrek nire jakin-mina aseko zuelako esperantzan.

Bota nion galdera, ahalik eta daturik zehatzenak emanez, eta berehala jakinarazi zidan, erakusketa haren inguruko beste hainbat daturekin batera, testu poetiko hura Wild is the wind kantu klasikoa dela, Ned Washingtonek 1957an idatzitakoa; eta jatorrizko testua ez ezik, euskarazkoa ere ekarri zidan:

Jatorrizko kantua

Love me, love me, say you do
Let me fly away with you
For my love is like the wind
And wild is the wind
Give me more than one caress
Satisfy this hungriness
Let the wind blow through your heart
For wild is the wind
You touch me
I hear the sound of mandolins
You kiss me
And with your kiss the world begins
You’re spring to me, all things to me
You’re life itself
Like a leaf clings to its tree
Oh my darling, cling to me
For we’re creatures of the wind
And wild is the wind, the wind
Wild is my love for you
Adimen artifizialak ekarritakoa

Maite nazazu, maite nazazu, esan iezadazu baietz
Utz iezadazu zurekin urrutira hegan egiten
Nire maitasuna haizea bezalakoa baita
Eta haizea basatia da
Eman iezadazu fereka bat baino gehiago
Asea ezazu gosete hau
Utzi haizeari zure bihotzean zehar jotzen
Zeren haizea basatia baita
Ukitzen nauzunean
Mandolinen soinua entzuten dut
Muñ egiten didazunean
Eta zure muñarekin mundua hasten da
Udaberria zara niretzat, dena niretzat
Bizitza bera zara
Hosto bat bere zuhaitzari atxikitzen zaion bezala
Oi nire laztana, atxiki zaitez niregana
Bakartu haizearen izakiak baikara
Eta haizea basatia da, haizea
Basatia da dizudan maitasuna

Irakurtzeaz batera konturatu nintzen euskarazko testu hori ez zela nik horman irakurri nuen hura, eta adimen artifizialak itzulia zuela; propio eskatu nion AAri giza itzulpena ekar zezala, ez makinak egindakoa.

Honako hau erantzun zidan:

“Arrazoi osoa duzu: arestian emandako itzulpena hitzez hitzeko hurbilketa automatiko bat zen, eta ez zuen erakusketako sarreran (horman zein gidaliburuetan) dagoen kalitatezko giza itzulpen poetiko ofiziala islatzen.
Guggenheimek (sic) itzulpen-zerbitzuak argitaratutako giza itzulpen eta moldaketa ofiziala honako hau da (ingelesezko testuaren lerrokadura emozionalari eta erritmoari jarraituz):
Maite nazazu, maite nazazu, esan iezadazu baietz…”.

Hasieran emandako testu bera ekarri zidan atzera.

AAk emandako testua irakurtzen duenak pentsa dezake, tira, ulertzen da, nahiko zuzena da, “muñ” horrek irrist egin dio, esaldi batzuk ez dira oso egokiak… baina balio du.

Nik, temati, berretsi nion: “Itzulpen hori ez da Guggenheimek horman duena.”

AAk: “Guztiz zuzena da zure oharra eta eskertzen dizut zehaztapena. Guggenheim Bilbaoko horman dagoen itzulpena ez da abestiaren hitzen itzulpen lineal edo literala, erakusketarako propio egindako egokitzapen artistiko eta poetiko bat baizik.”

Hemen duzue Ziortza Basagurenen itzulpena, Guggenheim museoak horman paratutakoa. Gozatu.

Eroa da haizea

Maita, maita nazazu, maite nauzula esazu
Zurekin ihes egiten utzidazu
Maitasuna haize dut-eta
Eta eroa da haizea

Fereka nazazu behin eta berriz
Gera ez nadin zure egarriz
Ireki bihotza haizeari
Ero baita haizea

Zuk ukitzean
Mandolina-doinuz airea
Zu musuz hasi
Eta horrek pizten du mundua
Zu udaberri, denaren iturri
Bizitza zu zeu zara

Hostoak nola zuhaitzari
Maitea, hala heldu niri
Haize-izaki baikara gu
Eta eroa da haizea, haizea
Eroa zuganako dudan maitasuna

Irakurri, berriz, itzulpen biak ondoz ondo, eta alderatu.

Eta puntu honetara ekarri nahi nuen debatea, adimen artifizialaren bitartez sortzen diren testuen kalitatea jomugan jarrita, horixe baita itzulpenetarako itzulpen automatikoa baliatzea erabakitzen duenak (dela neuronala, dela AAren beste teknika batzuen bidez egindakoa) garbi izan behar duena: kalitatean zuzenean eragiten ari dela, eta testu kaskarragoak ematea lehenesten ari dela, euskararen eta euskal irakurleen kaltetan; eta itzulpenak tresna automatikoak baliatuta egiten dituzten enpresek —eta administrazioek oroz gain— erantzukizun zuzena dutela horretan. Kalitate eskasagoko euskara baten aldeko hautua egiten ari direla.

Giza itzulpenaren aldeko aldarri ozena da idatzi hau.

Hariari tiraka, jakin dut Guggenheim museoak Artitz izeneko dokumentazio-plataforma irekia sortu duela, azken 29 urteetan euskaratutako 5.000 testu baino gehiagoko berezko corpus artistikoa besarkatzen duena. Bejondeizuela!

3 Replies to “Nina Simone, David Bowie eta euskara”

  1. 27. Bipila haizea
    Wild Is The Wind

    Maita, maita, maita nazazu
    Hegan hor bainakarzu
    Bihotz-min den haizea
    Bipila haizea

    Ferekari fereka
    Horren gose naiz eta
    Haizetara bihotza
    Bipila haizea

    Uki bat
    Eta din-dan mandolinak
    Musu bat
    Eta non dira minak?
    Hain gozoak
    Zure pozak

    Bizitza bera zara
    Hostoa zuhaitzari
    Bezala lotu niri
    Sortzez gara haizea
    Bipila haizea

    Atsegin dut

  2. Behar baino azkarrago joan zait. Aspaldi itzulia eta (oso) berritzulia dut kanta, beste ziento luze batekin, jatorrizko doinura egokitua. Gero, kantatua ere badut, beste doinu batekin (proiektu zabal baten barruan): txirritakiro esanda, kastigatzera beldur ez banintz, esango nuke guztiAA.

    Atsegin dut

  3. Administrazioan askotan, maizegi, gauzak ondo egiteak baino gehiago balio du azkar egiteak. Beti dago presa. Itzultzaile neuronal automatikoa aukerarik azkarrena izan arren, askotan ez dela egokiena esaten dudan aldioro susmatzen dut maniatikotzat hartzen nautela edo esajeratu hutsa naizela pentsatzen dutela.

    Atsegin dut

Utzi erantzun bat