Fernando Rey Escalera
Lehengoan burura etorri zitzaidan berriz Juan Pedro Etxegarai lankide zenak behin erakutsitako eta idatzarazitako perla horietako bat. “Apunta ezak, Fernando, lehengoan Lesakan aditutakoa. Gelditu dadila nonbait idatzia”.
Orduko hartan “elkar” zen gaia, eta gaur egun neurri batean, gaztelaniaren aldean, harrigarri gertatzen diren ñabardura batzuk.
| El otro día fuimos al monte un grupo de amigos, pero al final nos perdimos. | |
| Lehengoan mendira joan ginen lagun batzuk, baina azkenean galdu egin ginen. | |
| Lehengoan mendira joan ginen lagun batzuk, baina azkenean elkar galdu genuen. |
Gaur egun, gutxik esanen genuke azkeneko esaldi hori, baina, Juan Pedrok esan zidanez, berarekin solasean ari zen xahar hark oso ongi bereizten omen zituen bi egoerak.
| Lehengoan mendira joan ginen lagun batzuk, nonbait okerreko bidea hartu, eta, azkenean, galdu egin ginen. | |
| Lehengoan mendira joan ginen lagun batzuk, solasean hasi, bi talde egin, bata bestearengatik urrundu, eta, azkenean, elkar galdu genuen. |
Eta, horrekin loturik, beste esaldi bat ere esan zidan nire koadernotxoan apuntatu nezan.
| Etxera ailegatu, eta berehala ohartu ginen haserre zeudela. | |
| Etxera ailegatu, eta berehala ohartu ginen haserre zeudela elkarrekin. |
Testuinguruak argi uzten du normalean, baina, Jon Etxegaraik nabarmentzen zuenez, euskarak baliabide bat du garbi uzteko haserre zeuden horiek bat bestearekin ote zeuden haserre, edo biak beste norbaitekin.
Esan dezadan, bidenabar, hauxe gehitu zidala Jonek:
“Bitxikeria da segur aski, baina nik bati baino gehiagori aditzen diot “elkarrentzat” erraten: Haserre daude elkarrentzat”.

