Santi Leoné Puncel
2017an, 140 urte izanen dira Sherlock Holmesen lehen istorioa argitaratu zela. John Watsonek paperera ekarri zuen lehen kontakizun hartan, Holmesek “bizitzaren mataza margulean” katramilatu zen “hilketaren hari eskarlata”[1] izan zuen aztergai, eta, hortik narrazioaren izenburua: Estudio eskarlata.
1887an eman zen argitara, beraz, Sherlock Holmesen lehen abentura, eta harrezkeroztik mundua arruntean aldatu dela iduri duen arren, berdin-berdin segitzen du zenbait kontutan. 2010ean, BBCk Sherlock telesaila egin zuelarik, pertsonaiak duela hamasei urteko mundura ekarrita ere, ez zen beharrezkoa izan John Watsonen hasmentako kontakizuna aunitz aldatzea: 19. mendean bezala, 21. mendean ere Afganistango gerrako beteranoa genuen Holmesen laguntzailea. Eta gaur ere gazte ―eta ez hain gazte― frankoren buruhaustea den problema batek behartu zituen Holmes eta Watson Baker Streeteko 221. zenbakiko etxean elkarrekin bizitzera: etxe bat ordaindu ezinak.
Nolanahi ere, inorekin pisu bat konpartitzea erabaki baino lehen, komenigarria da haren maniak eta makurrak ezagutzea; horrela, Baker Streeten elkarrekin bizitzen jarri baino lehen, Holmesek eta Watsonek, zintzo-zintzo, elkarri eman diote beren alde ilunaren berri. Usain sarkorreko tabakoa erretzen du Holmesek; esperimentu kimikoak egiten ditu noizbehinka; depresioak jotzen duelarik, egunak ematen ahal ditu hitzik erran gabe. Kokainari erreferentziarik ez, lehen hitzordu hartan. Watsonek, bere aldetik, ez du zalapartarik gustuko, nerbio delikatuak dituelako; destenorean jaikitzeko ohitura du; eta arrunt alferra da. Holmesek, urduri, berehala galdegin dio biolinaren musika sartzen ote den ezin jasaneko zalapartaren kategorian. Jotzailearen arabera, erantzun du Watsonek: biolina ongi joz gero, jainkoen oparia izan daiteke haren musika; gaizki joz gero, ordea…
Aipatu gabe utzi dugu John Watsonen makurren zerrendako lehen elementua: “I keep a bull pup”. “Bulldogkume bat dut”, Xabier Olarrak eta Usoa Wyssenbachek euskarara ekarritako bertsioan. Eta hala dakar Jack Tracy-ren The Ultimate Sherlock Holmes Encyclopediak ere: “Bull pup, a young bull dog”.
Watsonek, beraz, zakurkume bat dauka. Arras ongi, zeren, artikulu honen egilea kenduta, nork ez ditu zakurrak maite? Problema bakarra da hori dela animaliaren aipu bakarra Sherlock Holmesen istorio kanoniko guzietan, erran nahi baita, Arthur Conan Doylek idatzitako lau nobeletan eta 56 ipuinetan. Estudio eskarlatan ere, elkarrizketa horren aitzinetik eta ondotik, ez dugu gizakiaren lagun onenaren arrastorik inon.
Nolanahi ere, izan bada zakur bat Estudio eskarlatan, eta berriz ez agertzeko motibo ezin argiagoa bazuen, eri izanik, Holmesek pozoi bat probatzeko erabili izanaren ondorioz hiltzen delako. Baina terrier bat da, ez bulldog-a, eta Hudson andrearena, ez Watsonena.
Nicholas Dailyk, Oxford World’s Classics bilduman A Study in Scarlet-en edizioaz arduratu zen espezialistak, bertze espezialista baten eskutik proposatzen du bull pup hori pistola bat izan litekeela, British Bulldog deitzen baitzitzaion kalibre handiko errebolber bati, zeinak Webley RIC zuen izen ofiziala. I hear of Sherlock everywhere webgunean, berriz, gogoratzen digute bazela bull pup goitizenez ezaguna izan zen errebolber bat, baina goitizen hori ez zela hedatu 1930eko hamarkada artio. Bertzalde, gehitu dezagun, Sherlock Holmesen istorioetan pistolak behin baino gehiagotan agertzen badira ere, inoiz ez dugu Watson bere ustezko bull pupa eskuan ikusiko.
The Ultimate Sherlock Holmes Encyclopediara itzulita, lerro hau gaineratzen du Jack Tracyk, balizko zakurkumearen arrastorik ez dugula erran eta gero: “To keep a bull pup, in Anglo-Indian slang, means to have fits of bad temper”. Bull pup bat izatea, argot angloindiarrean, haserrealdiak izatea dela alegia.
Hori ederra da: bat egiten du John Watsonen iragan militarrarekin, eta zakurraren desagerpena azaltzeko balio du. Kontua da inork ez dakiela benetan argot angloindiarra ote den. Jack Tracyk ez du iturririk aipatzen, eta ni bederen ez naiz aurkitzeko gauza izan. Se non è vero, è ben trovato errateko tentazioa badugu, baina segur aski Conan Doyleren testua esku artean duen itzultzaileari vero ote den interesatzen zaio ororen gainetik.
Estudio eskarlatak ez zuen arrakasta handirik izan, baina 1891n Strand aldizkarian gure detektibearen ipuinak publikatzen hasi zirenetik, Sherlock Holmesek zale aunitz izan zituen. Arthur Conan Doyle ez zen zale horietarik. Harendako, dibertimendu literario hutsa ziren Holmes eta Watsonen abenturak, eta ez zituen ikaragarri baloratzen, uste baitzuen, gogoratzekotan, bere nobela historikoei esker gogoratuko zuela posteritateak. Horregatik, axola handirik ez zitzaiolako, detektibearen istorioetan badira inkoherentzia franko, eta ez litzateke harrigarria izanen Doylek John Watsoni zakur bat asmatu izana eta geroztik piztia atzendu izana.
John Watsonen bull pupa zauri ttiki bat da Estudio eskarlataren testuan, hari solte bat istorioaren mataza ez preseski koloregabean. Eta naski ez luke inportantzia handirik, baldin eta Doyleren kreaturak milaka jarraitzaile izanen ez balitu, eta haiek Sherlock Holmesen narrazioen bazter eta zoko guziak xehe-xehe miatu eta orotan zer komentatu eta zer eztabaidatu aurkitu izan ez balute.
Garrantzi handikoa ala garrantzirik gabea izan, egia da, nolanahi ere, bull pup hori edozein hizkuntzatara ekarri nahi izanez gero, aukeratu egin behar dela eta hala edo nola testuan dagoen ebaki ttiki hori hetsi egin behar dela. Bull pup bat izanik, Watsonek aldi berean zakurkume bat, errebolber bat eta jenio txarra izan ditzake. Bertze hizkuntza batera eramanda, hiruretarik bat izanen du nahitaez. Conan Doyleri utzikeria literarioa leporatuta, zakurkumearen alde eginen dugu, nahiz eta bulldogkume hori bertze inon ez agertu? Pistolaren alde, nahiz eta historikoki ezinezkoa den? Jenio txarraren alde, argota delakoan, nahiz eta inork ez eman argot horren iturririk?
Batek daki. Guk, nolanahi den ere, erranen dugu John Watsonen zakur-mamua itzulpengintzaren metafora dela. Jatorrizko testuak dituen aukera guzien artean etengabe hautatu behar baitu itzultzaileak, bertze testu bat sortzeko. Eta erabaki nola jokatu bat-batean arrastorik utzi gabe desagertu diren zakur horiekin.
[1] Xabier Olarra eta Usoa Wyssenbachen itzulpena da komatxoen artekoa.

