Enpo egin arte irakurri nuen Etxeberriren “Manuala”

Gidor Bilbao Telletxea

Jon Casenave adiskideak gonbidaturik, “Zertarako irakurri behar ditugu euskal klasikoak?” izeneko mahai-inguruan parte hartu nuen oraintsu, Baionako Euskal Museoan. Bereziki 1545-1800 bitartean idatzitakoak zertarako irakurri behar ditugun argudiatzea zegokidan niri.

Munduko klasikoen aldean euskal klasikoek duten balio erantsiaren irudi gisa, bost-kantoi barietateko sagarra erakutsi nuen, amaginarrebari omen eginez. “Hau etxekua da, ama” esaten diot, eta hark inongo entziklopediatan eta inongo webgune espezializatutan aurkitu ez ditudan azalpen zehatzak ematen ditu: “hori bost-kantoia…”. Eta supermerkatuko beste edozein sagar koloretsuago eta zaporetsuago baino gozoago jaten dugu biok, etxekoa delako. Eta hor ez dago, jakina, kanpoko sagar bikainekiko mespretxurik, baina bai etxekoa geurea delako estimatzea.

Mahai-inguruan ere iradoki nuen zerbait nik etxeko eta kanpoko sagarrekin izan dudan erlazioaz, baina mahai-ingurua ez da toki egokia norberaren bizitza zehaztasunez azaltzeko, eta 31 eskutikeko txokoa baliatuko dut zabalago aritzeko. Hemezortzi urterekin, erabaki behar nuen euskal filologia ala filologia klasikoa ikasi nahi nuen, eta pentsatu nuen hobe nuela lehenbizi filologia klasikoa ikastea, eta gero euskal filologia, banekielako autore grekolatindarrak ikasketek beharturik ezagutuz gero nire barruko harrak gero ere eramango ninduela euskal autoreak ezagutzera.

Horrela, Bermeotik Gasteizerako trenak eta autobusak hartu, eta Oihenart, Etxeberri Sarakoa, Bizenta Mogel, Lauaxeta edo Lizardi bazenik ere ez zekiten irakasle jakintsuekin ikasi nuen, Euskal Herriko Unibertsitatean, Ovidio eta Katulo, Martzial eta Horazio, Tibulo eta Zizeron, Tazito eta Virgilio, Safo eta Homero maitatzen. Fakultatean ikasi nuen Homeroren Odisea grekotik gaztelaniara itzultzen, askotan José Manuel Pabónen gaztelaniazko itzulpena makulu gisa hartuta, baina neure kabuz ezagutu eta irakurri nuen Gaizka Barandiaranen Iliasena (Gasteiz, 1956), Rafael Moneo arkitekto ospetsuak gaztetan eginiko ilustrazioekin apaindua, eta argitaratu bezain laster erosi eta irakurri nuen Santi Onaindiaren Odisea (Bilbo, 1985).

Eta orain ere argitaratu bezain laster eskuratu eta irakurri nuen Matías Múgicak euskaraturiko Odisea (Balea Zuria argitaletxea, 2025). Noizbait hemen aipatzeko hautatua nuen (epiteto homerikoen itzulpenaz jardun nahi nuke noizbait), eta hara non ezin hobeto etorri zaidan orain hori egiteko parada. “Zertarako irakurri behar ditugu euskal klasikoak?”. Euskarazko Literatur Itzulpeneko Euskadi Saria irabazteko.

Azalduko dut nire baieztapena. Matías Múgicak 2017an irabazi zuen lehenengoz sari hori, François Villonen Testamentua euskaraturik. Itzulpenaren hitzaurrean azaldu zuen Villonen ahapaldiak euskaratzeko erabiliriko eredua:

Modutu dut, nere burutik asmatuz, zortzi lerroko kopla bat, euskal eredu tradizional bat oinarri harturik: zortziko txikia, hain zuzen, neurri txit usatua eta gozoa gure belarrirako, haren bi bertso zatiak (7/6) lerro bakarrean jarrita, batzuetan halakoak argitaratu ohi diren bezala. […] Halako bi elkarri erantsita modutu dut, beraz, nire zortzi lerroko kopla, eskema horrek Villonen zortzikuneak (Huitains) euskaratzeko behar adina leku eta zabalera ematen zidalako hizkuntzari eta testuari bortxa gehiegi egin gabe.

Eta koplagintza horretan trebatzeko erabili zuen bidea ere zehaztu zuen:

Asko leitu ditut xviii. eta xix. mendeko bertsolari eta koplariak itzulpena modutzen ari nintzela.

Oraintsu jakin dugu 2026ko Literatur Itzulpeneko Euskadi Saria ere irabazi duela Matías Múgicak, Odisearen itzulpenarekin. Kasu honetan ere, itzulpenaren sarrera gisakoan azaldu du zein ezaugarri dituen Homeroren hexametro-segidaren jarioa euskaratzeko hautaturiko moldeak:

Hautatu dut […] 15 silabako euskarazko bertso luze tradizionala, 8 + 7 silabako bi hemistikiotan zatitua, euskal literaturaren bidea urratu zuen bertsoa, hain zuzen, Detxepareren bertsoa eta Euskal Herriko hainbat balada eta kantore tradizionalen bertsoa, euskarazko konta-bertsorik ibiliena eta egokiena. […] Erabilera tradizionalean, 15 silabako bertso horiek errimaz binaka loturik etortzen dira, distikotan, alegia. Puntu honetan, ordea, tradiziotik aldaratu naiz.

Eta oraingoan ere, estilo jakin bateko bertsogintzan trebatzeko, itzultzaileak tradizioa irakurri du:

Horrelako hizkuntza eredu baten bila nenbilela, estilo klasiko batekin antzik handiena zuen gauza, nere ustez, Joannes Etcheberri Çiburucoa Doctor Theologoaren lanak ziren, Manual devotionezcoa, hain zuzen, zeina, gainera, nere bertso neurri berean egina zen, 8 + 7 hamabost silabako bertso luzean.

Enpo egin arte irakurri nuen, beraz, Etxeberriren Manuala, eta harengandik, bertso neurria ez ezik, beste makina bat gauza ikasi, mailegatu eta imitatu ditut.

Hara! Zertarako irakurri euskal klasiko zaharrak?

Lehenik eta behin, argipen bat

Sarai Robles Vitas

Orain dela hilabete pasatxo, Euskal Kultur Erakundeak Baionako Arteen Hirian antolatutako ‘Hizkuntza eta kultura biziberritze kontestu batean: bereiz ote daitezke?’ jardunaldietara joateko aukera izan nuen. Euskararen eta kulturaren arteko harremana interesgarria bezain korapilatsua egiten zait, eta nahigabean ‘biziraupen’ terminoaren orbitan gogoetatzen bukatzen dut gehienetan: euskarak, biziraunen badu, kultura behar du; eta kulturak, euskalduna izan nahi badu, euskaraz behar du izan. Horretan gehienok ados, ziurrenik. Baina nola egin? Nola, egungo ingurune globalizatuan?

Jon Sarasuak, euskara ez ezik, euskararen kosmobisioa landu eta transmititzearen beharra azpimarratu zuen. Ez naiz Sarasuaren ideien defendatzaile sutsuena (aitorpen ausartegia, agian, lehenengo kolaboraziorako?), baina euskararen kosmobisioaren bueltan hausnarrean aritu naiz bera entzun nuenetik. Izan ere, modu abstraktuan ulertu dezaket zer den hizkuntza baten kosmobisioa: hizkuntzak, bere barruan, errealitatearen irudi, harreman, ikuskera… jakin batzuk gordetzen dituela, gainontzeko hizkuntzetan aurkitu ezin direnak. Baina, zehatzera jota, zer da euskararen kosmobisioaren parte, eta zer geratzen da kanpo? Zein irizpide erabili behar da? Hori definitzea ez da hain erreza, niretzat bederen (hizkuntzalariak, antropologoak… barka nazazue).

Azkenean, ondorio batera iritsi naiz: kosmobisioaren afera txisteak azaldu behar izatearen antzekoa da (benetan, barkatu). Argiago azaldu dezadan: kosmobisioa umorearekin alderatu genezake. Norberak bere umorea du, eta zenbait jenderekin klik egiten dugu, elkarren graziak segituan ulertzen eta miresten ditugu. Barruko txisteak izatera ere heldu gaitezke, lagun min, bikotekide zein lankideekin. Baina ondokoak ez baditu gure burutazioak ulertzen, ez baditu gure hitz jokoak harrapatzen… eta azaldu behar badizkiogu, orduan ulertuko ditu, bai, baina jada ez dute halako graziarik izanen.

Pentsa dezagun ondoan umore gabeko lagun horietako bat daukagula. Demagun, gainera, ez dela euskalduna. Demagun Fran izena duela; edo Espa, edo Inge. Demagun ez dela gure ondotik inoiz aldentzen. Zein egoera (edo txiste, hitz joko…) ez luke ulertuko guk azaldu ezean?

Adibide bat jarriko dizuet, urrutira jo gabe. Hasieran aipatutako jardunaldietan, zuzenbidean doktoredun Eneritz Zabaletak honela hasi zuen bere hitzartzea: “lehenik eta behin, argipen bat egin nahi nuke”. Eta, aurrez adostua balego bezala, itzalaldia jazo zen Baionako Arteen Hirian, Zabaletak hitzok esan eta bi segundo exkaxera. Deituidazue friki, baina irriño batek ihes egin zidan, gure hizkuntzak eta munduak hain modu ordezkaezinean bat egin izanaren gozamenaz.

Écoute, Fran. Il a dit “tout d’abord, quelques précisions”. Mais, en basque, précision se dit comme illumination, et juste après il y a eu une panne de courant et la lumière s’est éteinte. C’est pour ça que c’était si drôle.

Kosmobisioa ere bada liburu baten itzulpenean oin-oharrak jarri beharra, istorioa ongi ulertuko bada. Edo hasieran hiztegi labur bat osatu behar izatea, consonnik argitaratutako Miren Amurizaren Basa eleberrian bezala, Miren Agur Meaberen itzulpenarekin:

Errotabarri: molino nuevo. Se trata de una denominación usual para molinos históricos en Bizkaia.
Patxo: forma infantil onomatopéyica para decir beso.
Txapela: boina. Suele usarse como trofeo o galardón en diversos campeonatos.

Glosario horri esker irakurri ahalko du gure lagun Espak liburua; bestela, nekez ulertuko lituzke Sabinaren joan-etorriak.

Eta behin txapela aipatuta, bertsolaritzaz ere mintzatu gaitezen. Ez da soilik entzuleen eta bertsolarien arteko etengabeko negoziazioa, non adostu behar duten zein gai aipatu daitekeen, zerekin egin umorea, zer txalotuko den eta zer ez. Bertsoaren alderdi estetikoa, formari dagokiona ere ez luke ulertuko gure lagun Ingek. Gorka Pagonabarragak 2021ean Etxebarrian kantatutakoa gogoratu dezagun, adibidez:

“Hauxe delako mendebaldarrok daukagun errituala,
ezikusia egiten dugu masailak gorritu ahala (…)”

Ze ona! Oh, I’m sorry, Inge. He just said that the ritual we have here, in the Western world, is to look the other way while our cheeks turn red. But in the Basque language, ‘ritual’ and ‘while turning red’ are said in a very similar way. It was soooo cool.

Eta maite dugu gure lagun gatzgabea, noski; gauza on asko ematen dizkigu. Eta esan gabe doa, berak ere bere umore (kosmobisio) propioa duela, eta sarri bera izanen dela txisteak guri azaldu beharko dizkiguna.

Baina ezin ukatu aski nekagarria dela bera buruan izanik mintzatu behar izatea beti, dena azaldu behar izatea, edo haren araberako txisteak egiten ahalegintzea. Beste modu batera esanda: beste hizkuntza baten kosmobisioaz aritzea euskaraz. Agian hau da euskararen eta kulturaren bueltan gabiltzanon eginbeharra: gure umoreari eustea, gure erreferentziak baliatzea eta gure hizkuntzarekin jolastea, ondoko laguna ahaztuz tarte batez. Zeren, onartu dezagun: haren aldean gu zeinen graziosoak garen ikusteak harrotasun puntu bat ere sortzen digu, tarteka.