San Martin egunean etxebizitza kontuak

Maite Imaz Leunda

Azaroaren 11n San Martin eguna izaten dugu; San Martin Tourskoaren eguna. Gaur egungo Hungarian jaioa IV. mendean, militar ibili ondoren kristau bihurtu, apaiz egin eta Toursko apezpikua izan zen.

Bada beste San Martin bat hurbilagokoa duguna, Beasainen jaio baitzen, 1566an: San Martin Loinazkoa, Beasaingo patroia hain zuzen. Baina santu horren eguna otsailaren 5ean ospatzen da, Japoniako Nagasaki hirian 1597. urtean gurutziltzatu zuten egunean.

San Martin Tourskoaren egunean ohikoa izaten zen Euskal Herriko baserrietan txerri-hiltze edo txerri-bodak egitea, negura begira baserriko biltegia behar zen haragiz hornitzeko asmoarekin. Gaur egun hainbat herritako jaiak ospatzeaz gain, ohitura da sanmartinetan odolkiak jatea, baita munduan zehar bizi diren diasporako euskaldunen artean ere. Boisen (Idaho, Amerikako Estatu Batuak), esaterako, odolki edo odoloste afaria antolatu zuten joan den larunbatean.

San Martin eguna euskaldun batzuentzat egutegian gorriz markatuta azaltzen den jaieguna da, Lehen Mundu Gerraren amaiera sinatu zutenekoa oroitzeko eguna. Eta beste batzuentzat etxebizitza sindikatuek eta gehiengo sindikalak deitutako greba eguna.

Eusko Legebiltzarrak 2015eko ekainean onartu zuen Etxebizitzaren Legea (3/2015 Legea) gainetik begiratzen aritu naiz azken egunotan. Etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea aipatzen da lege horretan.

Etxebizitza edo bizitoki egokia da bere tamainagatik, kokalekuagatik eta ezaugarriengatik pertsona, familia edo bizikidetza-unitate jakin baten bizitegitarako egokia den etxebizitza edo bizitokia. Eta etxebizitza edo bizitoki duina da bizigarritasun-irizpideen araberako ezaugarri teknikoak dituen etxebizitza edo bizitokia.

Ez dira egokiak eta duinak infraetxeak, gutxieneko bizigarritasun-baldintzak ez baitituzte betetzen, eta ez etxebizitza gainokupatuak ere. Gainokupatutzat ez jotzeko pertsona bakarreko etxebizitzak 25 metro karratu erabilgarriko azalera eduki behar du gutxienez, 33 metro karratu erabilgarriko gutxieneko azalera 2 pertsona bizi badira eta 3 pertsona edo gehiago bizi badira pertsona bakoitzeko 15 metro karratu erabilgarriko azalera gutxienez.

Jenderik gabeko etxebizitzak ere ageri dira legean. Etxebizitza jenderik gabe dagoela joko da baldin eta jarraituki bi urtean baino gehiagoan okupatu gabe egon bada, eta, betiere, etxebizitza ez erabiltzea justifikatzen duen arrazoirik izan ez bada lege horretan edo lege hori garatzeko araudian ezarritako baldintzen arabera. Jarraituki okupatu gabe egotea justifikatuta dagoela joko da baldin etxebizitza bigarren bizitetxea bada.

Gaztelaniazko bertsioan jenderik gabeko etxebizitza vivienda deshabitada da. Dirudienez, hutsik dauden etxebizitzak eta jenderik gabeko etxebizitzak ez dira gauza bera testuinguru guztietan. EUSTATek erabiltzen dituen zerrendetan bigarren etxebizitzak edo bizitetxeak hutsik dauden etxebizitzen barruan sailkatzen dituzte. Hutsik dauden etxebizitzen barruan sartzen dira, batetik, bigarren bizitetxeak, eta bestetik, jenderik gabeko etxebizitzak. Hori horrela, bigarren etxebizitza bada hutsik dagoen etxebizitza, baina ez da jenderik gabeko etxebizitza.

Bigarren bizitetxea da etxebizitza nagusi bat izan eta beste bat aldizka edo aldi bateko egonaldietarako erabiltzen duenaren titulartasuneko etxebizitza. Eta etxebizitza nagusia da udal-erroldan pertsona, familia edo bizikidetza-unitate baten egoitza gisa ageri den etxebizitza.

Hala ere, lege horretan oinarrituta Etxebidek atera zuen liburuxka batean ez zuten jenderik gabeko etxebizitza terminoa erabili; horren ordez hutsik dagoen etxebizitza erabili zuten. Gaztelaniazko bertsioan legean ageri zenari eutsi zioten: vivienda deshabitada. Badirudi jenderik gabeko etxebizitza bitxi samarra iruditzen zaigula eta ahal dugunean ekidin egiten dugula, naturalago ateratzen zaigun hutsik dagoen etxebizitza-ren alde.

Geroago, 3/2015 Legean oinarrituta, Jenderik gabeko etxebizitzei eta etxebizitzaren funtzio soziala betetzeko neurriei buruzko Dekretua (49/2021 Dekretua) onartu zuten, 2021eko ekainean. Legean agertzen zen kontzeptu berberaz ziharduen eta, logikoa denez, termino berbera erabili zuten.

Euskaltermen jasota dagoen Arkitektura Hiztegian etxebizitza huts azaltzen da vivienda deshabitada-ren ordain gisa; baita vivienda vacía-ren ordain gisa ere. Beraz, sinonimotzat hartzen ditu biak. Zoritxarrez, hiztegi horrek definiziorik ez dauka eta ezin dugu jakin zeri egiten dioten erreferentzia zehazki termino horiek. Baina hiztegi horretan bertan vivienda habitada ere ageri da, jendea bizi den etxebizitza ordain duela. Kasu honetan niri behintzat belarrira ondo jotzen dit. Jendea bizi den etxe-ari kontrajarritako termino gisa jenderik gabeko etxebizitza ikustera ere ohituko gara.

Peonak eta mangitoak

Sarai Robles Vitas

Bertso munduaren bueltan gabiltzanontzat ia sinonimo bihurtu dira udazkena eta txapelketa; ulertuko duzue, beraz, hona ere bertsolaritzaz mintzatzera banator. Baina ez zaitezte berehalakoan aldendu, bertso-haterrok (ziur bainaiz hemen ere badela baten bat), benetan beste gai bati heltzeko aitzakia baino ez baita hau.

Bat-bateko bertsolaritza nahiko ariketa kamikazea da bere horretan: segundo gutxi batzuetan erabaki behar duzu bota berri dizuten gaiaren inguruan zer eta nola esan, zugandik espero ez dena espero duen jende andanaren aurrean. Bakoitzak ahal duguna egiten dugu, ditugun helduleku eta tresna gutxiekin, eta hori asko da. Garrantzitsua iruditzen zait hau presente edukitzea, ez dudalako ostean esanen dudana bertsolariekiko kritika gisa hartzerik nahi.

Finalaurrekoen lehenengo itzulia ospatzen ari da asteotan (lau saiotik hiru joan dira jada), eta pentsatu nahi dut inork ez duela zalantzan jarriko Euskal Herriko Txapelketako finalaurrekoetara heldu den bertsolari baten euskara maila bikaina. Lekunberriko saioan, ordea, gure atzean eserita zegoen lagunak behin baino gehiagotan arbuiatu zuen bertsolarietako baten jarduna: “pffff, honek erdarakadak, bata bestearen atzetik”. Zorotzat har nazazue, baina uste dut ez zela kasualitatea, hain justu, saioko hiritar ez-gipuzkoar bakarrari buruz aritu izana (barkatu, ez ditut bertsolarien izenak aipatuko; baina nahi duenak bertsoa.eus-era jo dezake bertsoaldiak ikustera).

Saio horretan entzun genituen, beste bertsolarien ahotan, “lepo gaineko melokotona” eta “nik gutxienez ez dut gorro beharrikan”. Baina atzeko lagunaren komentarioek “mangito” eta “monitore” hitzak erabili izana gaitzetsi zuten, ez besterik. Zenbait egun lehenago, Gorka Azkaratek Bertsozale Elkartearentzat idatzitako kronika irakurri nuen eta bertan Tolosako kanporaketako zortziko txiki ‘gogoangarri’ bat goraipatu zuen, aurretik ere Berria egunkarian egin bezala. Bada, bertsoaldi horretako hirugarren bertsoan hala esan zuen bertsolariak: “gaur hiru izango gara, ta txakurra peon (…) beste txakur bat badut, izena du Leon”. Nire iritziz, ez dago alde handirik “peon”-etik “mangito”-ra. Eta egunotan ezin izan dut galdera hau burutik kendu: beste bertsolari mota batek bota izan balu “peon” hitza errima gisa (demagun bertsolari ez kontsakratu batek, demagun hiriguneko bertsolari batek…), berdin goraipatuko litzateke adituen kroniketan? Ala atzeko lagunen komentarioak entzunen genituzke orduan ere?

Hau ez da kontu berria. Maiz aditu dugu bataren euskara “ez dela naturala”, eta “ez dela hain ongi geratzen bertsotan”, besteak “etxia” eta “grazia” bertso berean errimatzen dituen bitartean (euskalkia zorrotz errespetatuz gero, “etxia” eta “graziya” behar luketenean).

Hala ere, sumatuko zenutenez, nire kezkaren funtsa ez da euskararen zuzentasun erabatekoa (garrantzia baduen arren, noski). Oinarrian dagoena autoritatea da, zeinek duen eta zeinek ez eta, ondorioz, hizkuntzarekiko lizentziak zeini onartzen zaizkion eta zeini ez. Entzuleak bertso bat ulertzen ez duenean, noiz pentsatzen duen bertsolaria nahastu dela eta noiz “joe, hori poesia hutsa zen”. Entzuleak ere segundo gutxi batzuk baino ez ditu iritziok osatzeko, baina maiz bat-batekotasunean geratzen dira agerian norberaren joerak eta uste isilak.

Uxue Alberdiren Kontrako Eztarritik saiakeran jasota dauden Oihana Bartraren hitzak datozkit burura: “nire lehen oroimena umetan Kanpatxuko egonaldietara joaten ginenekoa da. Izututa joaten nintzen, pentsatuz ea denei ulertzen diedan. Ohartzen nintzen nire euskalduntasuna ez zela haiena bezalakoa. Bertso-munduan sartu ahal izateko, propio ikasi nuen bizkaiera, dialektoaren beharra sentitzen nuen euren artekoa izateko. Sentitzen nuen epaia zela ‘hemen dator Bilboko pija hau, euskaraz ondo ez dakiena, nora eta bertso mundura’”.

Noski, liburua kaleratu zenetik gauza asko mahaigaineratu dira eta, neurri batean, egoerak hobera egin duela esanen nuke. Baina Txapelketa Nagusietan beti nabarmentzen dira indartzen dabiltzan joerak, eta egungo eztabaida handietako bat “naturaltasunarena” da (Ibil Bediren abesti bat izan zitekeen; tamalez, ez da). Joerak bertso-mundutik kanpokoak ere badira, eta horregatik komeni da norbere buruari galderok egitea:

Pareko lagunak erdarakadak botatzen dituenean, s eta z nahasten dituenean… berdin begiratzen al diozue bilbotarra, aulestiarra, iruindarra edo lesakarra izanda ere? “Kanarietako bolkanak” esaten badu, beti pentsatuko duzue “hara, horrela ere esan daiteke” edo “eeeeepa, sumendiak, aizu!” esateko gogoa sartuko zaizue noizbehinka? Norbaitek euren euskalduntasuna erakutsi behar al dizue oraindik ere?

Niretzat, egiteke dudan barne-ariketa handi baten lehen urratsa izan da testu hau. Hurrengo urratsa: atzeko lagunarengana biratzea eta, gutxienez, gaizki begiratzea.

Itzuli bai, baina nondik eta nora?

Ibon Plazaola Okariz

Aspaldi irakurritako esaldi baten arrastoari jarraika hasi naiz liburu batetik bestera, zer idatzi guztiz seguru ez jakitearen urduritasuna nolabait bridatzeko. Mentura dugun artean hartu dut liburutegiko apal batetik, Anjel Lertxundiren saiakera gogoangarria. Hantxe aurkitu dut, liburuaren hondar-hondarrean, bilatzen ari nintzena: «Itakatik itzulian bainentorren, dibisa bat jarri nuen etxeko atean: itzulpena itzulera da». Lertxundik maisuki harilkatzen ditu itzuli aditzaren bi adierak, itzulerarena eta itzulpenarena, Troiatik Itakara —etxera?— bueltan doan Ulisesen bidaia eta hitzek —eta zentzuak— hizkuntza batetik bestera egiten dutena parekaturik. Metaforaren ederrak hausnarrean jarri nau: Ulises itzuli itzultzen da, bai, baina nondik eta nora? Eta itzultzaileak, nondik ekartzen du eta nora eramaten itzulgaia?

Horretan nabilela, gogoak Itakatik Troiara eraman nau, eta Troiatik Marseillara, eta Marseillatik atzera ere Troiara, Simone Weil filosofoa bidaide.

Weil-ek Marseillan zegoela argitaratu zuen L’Iliade ou le poème de la force artikulu luze / saiakera labur bikaina, 1940. urtearen amaieran lehen zatia eta 1941.aren hasieran bigarrena, naziengandik ihesi Ameriketara abiatu aurretxoan. Indarrak gizakiongan zein arrasto sakona uzten duen aztertzea zen Weil-en asmoa; eta Iliadan, hain zuzen —eta betiere Weil-en iritziz—, indarra da gai nagusia eta egiazko protagonista: dena azpian hartzen eta gizakia gauzaki bihurtzen duen indarra. Lau urte lehenago hasi zen Iliadako zenbait pasarte grekotik frantsesera itzultzen (ehunen bat bertso-lerro, guztira), Espainiako Gerra Zibilean soldadu ibili ondoren eta Europa osoa osin beltz batean amiltzear zegoela. Saiakera Iliada itzuli ahala idatzi zuen, ahapaldiz ahapaldi kasik. Norbaitek pentsa lezake bere idazkia ilustratzeko itzuli zituela Weil-ek Homeroren poemako pasarte horiek, apaingarri gisa-edo erabili zituela, edo haren saiakera iruzkin literario hutsa dela, ariketa filologiko bat, garai ilunetan argi pixka bat egiteko libertimendu bat baino ez. Are gehiago: helenistaren edo filologoaren ikuspegitik, Weil-en itzulpena hondamendi erabatekotzat jo daiteke, akatsez eta interpretazio okerrez —interpretazio okerrez?— josia baitago. Hala diote dakitenek. Weil-enean, ordea, Iliadaren itzulpena ez da ez apaingarri, ez ariketa filologiko, ez libertimendu, baizik eta ispilu: itzuliz pentsatzen du filosofo frantsesak bere mundua, eta Iliadaren argitan interpretatzen 1930eko hamarkada malapartatu hartan eldarnio bat bezala denak itsutzeraino zabaltzen ari zen gerra-giroa. Zenbait adituren ustez, saiakerak ez luke duen balioaren laurdenik ere izango Weil-ek Homero propio eta itzuli zuen moduan itzuli ez balu: ez iraganetik orainera, ohikoa denez, baizik eta, nolabait ere, orainetik iraganera; atzera eginez, baina bere talaiatik eta bere talaiara, anakronismoaren bekatuan erortzeko beldurrik gabe, oraina iragana eta iragana oraina esplikatzeko lagungarri izango zitzaizkiolakoan.

Eta euskal itzultzaileak, nondik ekarri eta nora eraman beharko lituzke Weil eta haren Iliada? Bat-batean izerdi hotzak hartu nau goitik behera, eta neure artean pentsatu dut hobe dudala hori hurrengo baterako utzi.

Bibliografia

LERTXUNDI, Anjel. Mentura dugun artean. Irun: Alberdania.

WEIL, Simone. «Iliada edo indarraren poema», in Odolaren miztoa. Gerra eta indarraren legea (testu-aukeraketa eta itzulpena: Ibon Plazaola). Donostia: Jakin (oraindik argitaratzeke).

Itzultzaileak testu elebidunen (edo eleaniztunen) parean (I)

Inma Errea Cleix

Euskaldunok beti jakin izan dugu zer-nolakoa den gure jokalekua hizkuntzez bezainbatean, oharturik bizi izan gara aspaldidanik geure egoera linguistikoaz, hala historikoki nola orain.

Arean ere, Euskal Herriko baldintza soziolinguistikoak saihetsezinak dira, eta historian barna euskaraz idatzi dutenen ororen kezka etengabea izan da frogatzea euskara badela inguruko hizkuntza nagusiak beste, eta, halatan, maila berean erabiltzen ahal dela. Idazle eta itzultzaile klasikoen ahaleginetatik hasi eta gaurdaino.

Euskal itzultzaileok ere parte izan gara beti euskararen gaineko ardura horretan. Edozein itzultzaileren balizko lanaz ―hots, sorburu-hizkuntzan dagoen zerbait (esaldi, esamolde, testu…) xede-hizkuntzan emateaz― harago, ohartuki jokatzen dugu: badakigu euskaratik edo, batik bat, euskarara itzultzerakoan inguruko hizkuntzek ez dituzten berezitasun batzuk hartu behar ditugula kontuan.

Kontzientzia eta arta horien adibide da SENEZ aldizkaria, non hasiera-hasieratik jorratu baitira hizkuntza-normalizazioaren eta elebitasunaren inplikazioa eta eragina itzultzaileen lantegian. Artetik erran dezadan gomendatzeko modukoa iruditzen zaidala begiratu bat egitea artikulu “zaharrenei”, Josu Zabaletaren “Itzulpena eta hizkuntz normalkuntza” izenekoari kasu (SENEZ 3, 1985), azken berrogei urteetan zer aldatu den eta zer ez jakiteko bada ere.

Aldaketak aldaketa, eta behin ageriko bilakaera aitortuta, euskara normalizatzeko ahaleginek eta eleaniztasunak hor diraute, euskal itzultzaileen lana baldintzatzen (ez beti txarrerako…).

Testuinguru horretan, inportantea iruditzen zait arreta pitin bat ematea maiz bigarren mailan gelditzen den gai bati: eduki bat itzultzean (arruntean, euskaratzean), eduki hori euskarri berean bi (edo hiru) hizkuntzetan eman beharrak nola eragiten duen edukia itzultzeko maneran.

Alde batera utzita baldintza eta muga legalak, ondorio soziolinguistikoak eta haien guztien inguruko gorabeherak eta eztabaidak, nire asmoa da ohartaraztea eduki elebidunek ukan beharreko baldintza komunikatibo egokiez, eta horrek itzultzaileei eskatzen dien gainetiko ahaleginaz.

Hasteko, dela formulario batean, dela kartel batean, edo beste edozein euskarritan, hartzaile batek ez du berdin prozesatzen informazioa hizkuntza bakar batean ematen zaionean edo hizkuntza batean baino gehiagotan jasotzen duenean.

Are, hartzaileek ez dute berdin prozesatuko, elebidun, eleaniztun edo elebakarrak diren.

Areago: hartzaile elebakar batzuengan nahasmendua agertuko da eduki elebidun bat ikusi ahala, ideologiak edo aurreiritziek bultzatuta batzuetan (ikusi izan ditut hartzaile elebakar batzuk tematurik ziurtatzen bi hizkuntzatan emandako edukiak “euskaraz baino ez zeudela!”). Eta, aldi berean, bi hizkuntzak ezagutzen dituzten hartzaileek astun jo dezakete, neketsu, eduki bera bietan ikusi beharra.

Halako eduki elebidunak osatzen aritu behar duten euskal itzultzaileei komeniko zaie jakitun izatea halako “zailtasunez”: ahalik eta errazen eta hobekien aritzeko, eta, posible badute (uzten badiete), jatorrizko edukian ere eragiten jakiteko.

Blog honek emandako aukera baliatu nahi dut gai hauetaz ikasitakoaren zerbait azaltzen saiatzeko, komunikazioaren eta estilistikaren ausazko ur gorabeheratsuetan murgilduta… Esan gabe doa, esperientzia pertsonalean oinarriturik eta bistatik galdu gabe Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa askotarikoa dela, eta toki batean balekoa denak kale egin dezakeela beste batean.

Arrantzaleak

Estitxu Irisarri Egia

Berriz dakart unibertsitate garaian deskubritu nuen Asha Mahanek eta Mónica Gonzálezek argitaratutako Cuentos hindúes kontakizun-liburuko pasarte bat. Bere garaian hainbat orriren goiko aldea doblatuta utzi nuen testu haiek noizbait berriz ere erabilgarri izan zekizkidalakoan edo. Liburuari hautsa kendu nionetik, hementxe nabil, gogoetarako aukera ederra direlakoan ikasleekin partekatzeko atontzen.

Zer dituzu nahiago: arrainak ala loreak? Zergatik? Orain, irakurri beheko testua eta aztertu ea zure erantzuna aldatuko zenukeen eta zergatik:

Egunero bezala, egunsentia iritsi baino lehen, India iparraldeko herrixka bateko emakume arrantzaleen talde batek txikotak askatzen zituen eguneroko lanari ekiteko. Ortzimugatik haragoko olatuak zeharkatuz, emakume taldea etengabe aritzen zen lanean piezarik onenak lortzeko. Eguzkia ezkutatu baino apur bat lehenago, arrantzaleek kostalderantz egin zuten berriro. Ilundu baino lehen ekaitz bortitz batek hautsi zuen ibilbide luze eta astun hura.

Hain zen bortitza euria, ezen emakumeak ezin ziren ontzigainean egon; beraz, ontziko sotoan babestu behar izan zuten. Haizetea gelditu zenean, itsasoak ohiko portutik urrun eraman zituela konturatu ziren, eta leku hartatik hurbilen zegoen tokian porturatzea erabaki zuten.

Urrunean etxe bat ikusi zuten eta lasterka joan ziren harantz. Euria ari zuen oraindik eta aterpea behar zuten. Atea jo zuten eta emakume abegikor batek ireki zien. Etxejabea zen, loreak hazten eta saltzen zituen. Emakumeak, arrantzaleak erabat bustirik ikustean, logela bat eskaini zien gaua han lasai pasatzeko. Lorezaintzako tresnak gordetzen zituen gela zabala zen; gainera, askotariko lore ederrez betetako saski ugari zeuden bertan. Hantxe zeuden, hurrengo goizeko merkatu ibiltarian salduak izateko zain.

Arrantzaleek anfitrioiaren keinua eskertu zuten, zeinak aterpea emateaz gain zopa bero-beroa eskaini zien. Afari xumearen ostean, emakumeak lotarako prestatu ziren. Leher eginda zeuden ezustez beteriko egun luzearen ondoren. Hala ere, haietako inork ere ez zuen lortzen loak hartzerik. Bata bestearen atzetik hasi ziren kexatzen loreek botatzen zuten usainaz:

―A zer nolako kiratsa! ―zioen batek.

―Ez dago usain hau jasango duenik! ―ziharduen purrustaka beste batek.

―Horrela lo egingo duenik ez dago!

Orduan haietako batek kideei zera proposatu zien:

―Lagunok, kirats hau jasango duenik ez dagoenez, arrain-saskiak hartu eta burko moduan erabiltzea proposatzen dizuet. Horrela lore-sunda desatsegin hau saihestea lortuko dugu!

―Niri primeran iruditzen zait! Ea behingoz deskantsa dezakegun! ―egin zuen garrasi beste batek.

Ia pentsatu ere egin gabe, emakumeek lankideari kasu egin zioten eta ez zuten zalantzarik egin arrain-otarre kirastunak hartu eta buruaren azpian jartzeko.

Bost minutu ere ez ziren pasatu eta arrantzaleak lo-zorroan gelditu ziren.

Cuentos hindúes, Asha Mahan eta Mónica González, 172.-176. or.

Gogoetarako galderak:

Zer da ziurragoa eta erosoagoa zuretzat: errutina ala berritasuna? Garatzeko aukera emango lizukeen bide usaintsua aukeratuko zenuke ala seguru sentiarazten zaituen konfort egoera kirastunean jarraituko zenuke? Zergatik?

Pertsonaien artean, zure ustez, nork jokatzen du malguago? Nork du egoera berrira egokitzeko gaitasun handiagoa? Eta nork du maitatzeko (bihotzez ulertzeko) gaitasunik handiena? Arrazoitu zure erantzuna.

Irudiaren iturria: Pixabay