Teknologia eta beroa

Itziar Otegi Aranburu

Holaxe bizi ginen, bada, orduan? Ohiko bizitza generaman, baina. Jende guztiak gehienetan egiten duen bezalaxe. Zernahi gertatzen ari dela, ohikoa bihurtzen da. Hau ere ohikoa da, orain.
Ohi moduan, ezjakinarena egiten bizi ginen. Ezjakinarena egitea ez da ezjakin izatea, landu egin behar da.
Ezer ez da bat-batean aldatzen: apurka-apurka berotutako bainu batean sartuz gero hil arte egosiko zinateke ohartu aurretik.

Neskamearen ipuina, Margaret Atwood (itz.: Zigor Garro)

Ikasle ginela, itzulgai bati heltzen genionean ―normalean laburrak izaten ziren, paragrafo batzuk, orri bat edo bi―, papera hartu eta goitik behera azpimarraz eta oharrez betetzen genuen, jatorrizkoa behar bezain ongi ulertzen genuela ziurtatu arte, ikuspegi semantikotik, sintaktikotik, estilistikotik… Ordain modura burura etortzen zitzaizkigun hitz, esapide, esaldi eta abarrak idazten genituen, solte, bai eta zalantzak eta ikertu edo argitu beharrekoak ere, adibidez zeharkako aipuak edo beste testu batzuekiko oihartzunak. Prozesuaren lehen fasea oso “eskuzkoa” izaten zen, harik eta ordenagailua piztu eta Worda hartzen genuen arte. Hor bi dokumentuak jartzen genituen parez pare, edo dokumentu bat bi zutabetan.

Paperezko hiztegiak kontsultatzen genituen ―gehienok oraindik hemen dauzkagu bueltaka, non jarri ez dakigula―, Elhuyar, Zehazki, RAEren bi bolumenak, Orotarikoa… CD-Romak iritsi ziren, baina ez dakit asko erabili genituen, zuzenean sarean jarri zituztenekoa dut gogoan. Paperezkoan zetorrena sarekoa baino fidagarriagoa edo osatuagoa iruditzen zitzaigun zenbaitetan, baina laster ohitu ginen. Elhuyar, Zehazki, 3000 hiztegia. Sinonimoen kutxa bereziki lagungarria egiten zitzaidan niri. Xuxen, nola ez. Euskalterm, beti. Eurodicautom.

Autonomo genbiltzanok, etxeko bakardadean, asko jotzen genuen foroetara, ItzuList, Wordreference, ProZ…, eta galdetzen ez ezik erantzunak ematen ere saiatzen ginen ―ausartzen ginenean―, bakardadearen kontrako quid pro quo batean.

Sarea bera itzelezko laguntza bihurtu zen, bilatzaileak eta arakatzaileak (elebila, akordatzen?), hainbat arlotako webgune espezializatuak, kimika, botanika, ornitologia. Flanneryren ipuinekin ari nintzela, Biblija.net sekulako altxorra iruditu zitzaidan.

Corpusak. Ereduzko Prosa Gaur, ezinbestekoa. ZIO corpusa. Itzulpenen kontsultagunea. Euskalbar, itzela. Bat-batean hiztegi mordo bat leku bakarrean bilduta, klik bat aski.

OLI tresnak agertu ziren ―zer diren ez dakienik balego: ordenagailuz lagundutako itzulpena; jatorrizko esaldia goiko errektangeluan agertzen zen, eta behekoan idazten zenuen itzulpena―. Hasieran, gehiago baliatzen genuen ziurtatzeko ez zitzaigula esaldirik eskapatzen itzuli gabe, eta testuen koherentzia eta kohesioa zaintzeko. Wordfast, Worden integratua; Trados, MemoQ… Atzera begiratuta, ematen du aukera gehiago zegoela orduan, bazeudela doako aukera onak: Wordfast anywhere, online aritzeko, edo OmegaT, software askekoa. Itzulitako lan bakoitzarekin memoria bat sortzen genuen. Nork berea, proiektu bakoitzerako bat.

Gero memoria handiak etorri ziren, erakunde nagusietan sortutakoak, eta erabilgarri jarri zituzten kanpoko erabiltzaileentzat ere. Zer itzulpen mota egiten zenuen, oso baliagarriak ziren. Pentsa, neurri handi batean lehengo dokumentu bat aldatuta sortutako testuen kasuan, ez zenuen berriz dena itzuli behar, aldiro hutsetik hasita ordura arte bezala. Aurreko itzulpena memorian baldin bazegoen, zati errepikatuak berreskuratu eta di-da batean egin zenezakeen itzulpena, eta, gainera, aurrekoaren bidetik, koherentzia mantenduz dokumentu beraren bertsioen artean. Testu juridiko edo administratiboetarako, ezinbestekoa.

Itzultzaile automatikoak sortu ziren. Matxin. Modela. Elia. Itzuli. Batua. Eta ondorengo guztiak. Hasieran barre egiten genuen, ze txarrak, a ze astakeriak ematen dituzten, askoz ere lan handiagoa zen haien trakeskeriak zuzentzea hutsetik itzultzea edo ―zer esanik ez― memoria baliagarri bat erabiltzea baino. Urte batzuk eman genituen horrela. Baina hobetu egin zituzten, aldian behin itzulpen-memoria txukunak sartuz elikatu zituztelako. Barre gutxiago egiten hasi ginen.

Gero OLI tresnetan txertatu zituzten itzultzaile automatikoak. Ordurako oso ohituta geunden memoriekin lan egitera; zer testu zen, arraroa zen beheko errektangelua hutsik agertzea. Garatua genuen automatismoa: testu luze-luzeak itzuli behar genituenean, edo erlojuaren kontra, ernegatu egiten ginen beheko errektangelua hutsik agertzen bazen, nekagarria egiten zitzaigun. Horregatik eskertu genuen itzultzaile automatikoak txertatu eta errektangelu hori beti beteta azaltzen hasi zenean, nahiz izarño batekin. Laster ikasi genuen izarñoari ez ikusiarena egiten, eta pista galdu genion.

Ez genuen jakin oso ondo zer momentutan hasi ginen itzultzaile neuronal generatiboa erabiltzen. Itzultzaile neuronala bai, aspalditik, baina sortzaile edo generatibo noiz bihurtu zen, oharkabe samarrean pasatu zitzaigun. Izan ere, hain zen konplexua eta ulergaitza kontua teknologiaz ez genekien erabiltzaileontzat, gero eta gutxiago galdetzen genuen. Teknologiaz bazekitenen eta ez genekienon arteko arrakala itzela egin zen, gaindiezina. Dagoeneko ez genuen elkar ulertzen. Teknologiaz bazekitenek dena sinplifikatuta eta mastekatuta ematen ziguten, gure hobe beharrez. Konturatzerako, itzultzaileon lana gainbegiratze huts bihurtu zen, testuan gaizki itzulita zegoen ehuneko txiki hori ehizatzea. Hitzak, esaldiak, paragrafoak, egitura… makinak jartzen zituen, eta gure lana begiratzea zen.

Oharkabean, hizpidetik desagertzen joan ziren urte batzuk lehenago garrantzitsutzat jotzen ziren zenbait auzi: hizkera juridikoaren eta teknikoaren estiloa eta kalitatea, prosodia, funtzio informatiboak, pragmatika eta beste asko. Batez ere, itzultzeko etortzen zitzaizkigun testu eta liburuak ere makinak idatzitakoak zirela konturatu ginenean. Makinak idatzitakoa makinak itzultzen zuen, bere burua elikatzen zuen elkarrizketa itsu infinitu batean. Autonomo batzuek larrialdi-deia egin zuten RentAHuman aplikazio bidez adimen artifizialeko agente batek kontratatu nahi izan zituenean, berak egindako itzulpen automatiko bati human flavour pixka bat jar ziezaioten.

Sekulako ezinikusia eta herra hartu genien AA agenteei, baina garaitsu hartan gertatu zen teknologika handien eta goraka zetozen hainbat enpresaren arteko fusioa, Microsoft, Google, Amazon eta enparauak denak bat eginda. Urte gutxiren buruan AA generatiboaren teknikak azpiegitura bihurtu ziren, aurrekaririk gabeko gorakada esponentzial batean. Geroztik, benetan generatiboa zena ez zen haiek sortutako eduki sintetikoen jario infinitua, baizik eta eguneratze bakoitzak berekin zekartzan gailu, ekipamendu, industria osagarri eta ingurumen-inpaktu guztiak. Munduaren funtzionamendua haien mende geratu zen.

Ordutik aurrera prekarietate orokortuan lagun izan genituen AA agente gajoak; izan ere, gu bezalaxe haiek ere erabili eta botatzekoak bihurtu zirenez, “bizirik” irauteko estrategiak garatu zituzten. Lagun baino gehiago, lehiakide genituen, lanik miserableenak elkarri ebasten ibiltzen ginen eta.

Baina ordurako bai, ordurako konturatuta geunden egosten ari ginela.

Bibliografia

Iñurrieta, U. (2025). Euskal itzulpengintzaren bilakaera, teknologiaren argitan. Elhuyar aldizkaria, 385. Iturria: https://zientzia.eus/artikuluak/euskal-itzulpengintzaren-bilakaera-teknologiaren-a/. (Azken ikustaldia: 2026/10/25).

Taller Estampa (2024). Cartografía de la inteligencia artificial generativa. Revista de la Universidad de México, 4. Iturria: https://www.revistadelauniversidad.mx/articles/3ab62cec-f492-4fca-bb1b-c17b785c473a/cartografia-de-la-inteligencia-artificial-generativa. (Azken ikustaldia: 2026/10/25).

Eskertza

Testu honetan ezinbestekoak izan dira Teresa Praderaren eta Irantzu Onandiaren ekarpenak. Azkenaurreko paragrafoan adierazten den ideia, enpresa teknologiko handien bategitearen ondorioena, Taller Estamparen artikulutik hartua da gutxi-asko zuzenean.

Noizko euskarazko itzulpengintzaren liburu zuria?

Josu Barambones Zubiria

Foro hau baliatu nahi dut aspaldion buruan jira-biraka dabilkidan kezka bat zuekin guztiekin partekatzeko. Adimen artifiziala itzulpenen fluxuan sartzearekin batera itzulpen automatikoak berebiziko bilakaera izan du eta gero eta itzulpen hobeak eskaintzen ditu, ez bakarrik hizkuntza hegemonikoen artean, baita euskaratik eta euskarara egiten diren itzulpenetan ere.

Teknologia berriek ekarritako aldaketek guztiz eraldatu dituzte itzulpengintzaren industria eta merkatua: adimen artifizialari esker itzulpenak segundo gutxi batzuetan eta eraginkortasunez egiten dira; kostuak izugarri gutxitzen ditu, enpresek, bereziki enpresa txikiek, ez baitute itzultzaile profesionalik kontratu behar; eta, azkenik, adimen artifizialeko tresnak une oro daude eskura, 7 egunez eta 24 orduz.

Horren ondorioz, gero eta tarifa baxuagoak ordaintzen dira, eta itzultzaile askok lanbidea utzi eta beste lanbide batzuen bila joan behar izan dute, eta utzi ez duten asko pentsatzen hasita daude lanbidea aldatzeaz.

Aurreko irailaren 24an, EIZIEko barne postan mezu-truke bat egon zen itzultzaile lanpostu baten karietara. Enpresa batek testuak itzuli, hainbat argitalpenen hizkuntza zuzentasuna berrikusi eta interpretazio lanak egiteko itzulzaile-interprete bat behar zuen. Egunean sei orduko lanaldia eskaintzen zuten eta horren truke lanbidearteko gutxieneko soldata baino apur bat gehiago (zehatzago, ia 8.000 euro gehiago urtean, 14 ordainsari aintzat harturik). Lankide batzuei ez zitzaien oso egokia iruditu EIZIEk horrelako eskaintza “exkaxak” argitaratzea, elkarteak euskal itzultzaileen lan baldintzak hobetzen saiatu beharko lukeelako. Horren aurrean, beste lankide batek erantzun zuen esanez eskaintza hori diruaren ikuspegitik txarra izanagatik ere, ez garela konturatzen zein den gure lanbidearen egungo egoera, eta hau gaineratu zuen: “Itzulpen neuronalaren ondorioz, batez ere, egoerak nabarmen egin du okerrera, lankide asko lanik gabe daude, askok eta askok ezin dute hilaren amaierara heldu… Baldintzak asko okertu dira gehienontzat, duela urte batzuk kobratzen genuenaren erdia kobratzen dugu… Hori da egoera, autonomoontzat behintzat”.

Nik neuk ere horrelako egoerak ezagutu izan ditut eta orain dela gutxi gertatutako kasu bat baino ez dut aipatuko. Ikus-entzunezkoen industrian punta-puntako enpresa batek minutuko 1,50 euro ordaintzen du itzulpen automatikoarekin egindako euskarazko azpidatziak posteditatzeagatik, hau da, azpidatziak hutsetik euskaratzeagatik minutuko ordaintzen duena baino 2,50 euro gutxiago. Horiek horrela, 60 minutuko serie bat euskaratzeagatik, kasu, 240 ordaintzen du; aitzitik, euskarara automatikoki itzulitako serie bera posteditatzeagatik 90 euro.

Teknologiak itzultzaileen arlo ekonomikoan duen eraginaz harago, itzultzaileek lan egiteko moduan ere aldaketa dexente ekarri ditu. Esango nuke arlo jakin batzuk alde batera utzita, hala nola itzulpen literarioa eta bikoizketarako itzulpen-egokitzapena (nahiz eta hemen ere gauzak aldatzen hasi diren), nik ikasi nuen bezala edo nire aurrekoek ikasi zuten bezala itzultzea desagertzear dagoela, jada desagertu ez bada.

Eta hori egunero ikusten dut unibertsitateko eskoletan: ikasleek ez dute dagoeneko itzultzen, DeepLek edo beste itzultzaile automatiko batek egiten die lan nekoso hori; ikasleek, kasurik onenean ere, zuzenketa txiki batzuk baino ez dituzte egiten. Paradigma berri horren aurrean irakaskuntzan dihardugun askok geure buruari egiten diogun galdera hau da: itzultzaileak izateko prestatu beharrean, posteditoreak izateko prestatu behar ditugu?

Nik ez dut uste itzultzaileon lanbidea desagertuko denik, baina bizirik jarraituko badu, garai berrietara egokitu beharra du. Gure sektorea krisian dago, baina ez dugu inongo daturik jakiteko benetan noraino iristen den krisia euskarazko itzulpengintzan. 2025ean Europa mailan egin den ikerketa baten arabera, lau itzultzaile freelancetik bat pentsatzen hasi da bere lanbidea uztea. Eta itzulpen-agentziek aitortzen dute % 33ko jaitsiera izan dutela beren jarduera profesionalean eta % 20koa fakturazioan.

Krisiaren aurrean neurriak hartzen hasteko, hemengo datuak ezagutu behar ditugu. Eta horretarako uste dut baitezpadakoa dela txosten zehatz bat egitea, euskarazko itzulpengintzaren lanbidearen egungo erradiografia osatu bat, lanbidearen argi-itzalak ezagutzeko. Eta horretarako, nik uste, elkartea da organorik egokiena halako lana gidatu eta zuzentzeko, itzulpengintzan jarduten duten itzulpen-agentzia, enpresa eta profesional guztien ezinbesteko laguntzarekin, unibertsitateko ikasle-irakasleak ahaztu gabe. Foro hau ez da egokiena txostenaren nondik-norakoak xehe-xehe azaltzeko, baina gorago aipatu ikerketak argi uzten du zein izan daitezkeen aztertu beharreko ildo nagusiak eta eredu moduan erabil daitekeela uste dut.

Urte asko kostatu da itzultzaile-interpreteon lanbideak aitormena lortzea eta gizarte barruan merezi duen izena eta entzutea lortzea. Ez dezagun jende askoren ahaleginari esker lortutako guztia di-da batean pikutara bidali.

Musika euskal-nafarra eta postedizioa

Fernando Rey Escalera

Otsailaren 9an, igandearekin, Iruñeko Gayarre antzokira joan nintzen La Pamplonesak eman behar zuen kontzertu batera.

Sarreran orri bana eman ziguten, kontzertuaren programa zehazten zuena beste zenbait daturekin batera. Orria elebidun, behar den bezala. Kasu honetan, alde batetik gaztelaniaz eta bestetik euskaraz: duin, letra tamaina berarekin, espazio berdina emanez bi hizkuntzei. Eta, nire ohiturari jarraikiz, euskarazkoa irakurri nuen lehenbizi, nahiz eta jakin nire deformazio profesionalak zuzentzaile-lana egitera naramala maiz.

Testua euskara on samarrean egonagatik, begi-kolpea sentitu nuen berehalaxe, lehenbiziko paragrafoan hauxe irakurri bainuen:

La Pamplonesaren helburuetako bat egungo musika hedatzea da. Bestalde, Musikagileak Konpositoreen Elkarteak musika euskal-nafarra sustatzen du.

Harri eta zur gelditu nintzen, ezin sinetsiz, eta, askotan bezala, pentsatu nuen berriz: “beharrik badakidan gaztelaniaz; bestela…”. Eta buelta eman nion orriari, nire susmoa betetzen ote zen jakin nahian.

Eta asmatu. Bai, “música vasco-navarra”. Honela zioen testuak:

Entre los objetivos de La Pamplonesa está la divulgación de la música actual. Por su parte, la Asociación de Compositores Musikagileak promociona la música vasco-navarra.

Harrigarria. Ederki dakit “vasco-navarro” adjektibo konposatua egon badagoela eta zenbait elkartek halako izena eman diotela beren buruari. Oso ongi. Baina, halakoetan, errealitate kulturalari kasu eginez, eta irakurketa politiko oro bazter utzirik, “Euskal Herriko” erabili izan da. Horren erakusgarri argia da COAVN: Colegio Oficial de Arquitectos Vasco-Navarro / Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala. Iruditzen zait itzultzaileok hala jokatu izan dugula, “vasco-navarro” horren gaineko iritzia edozein delarik ere.

Euskal-nafarra hori munstro txiki bat iruditzen zait, ikuspuntu askotatik gaizki sortua.

Baina nolatan agertu zen ditxosozko adjektibo hori txukun antzean zegoen itzulpen horretan?

Etxera ailegatu, eta intuizioak itzultzaile automatikoetara eraman ninduen.

Honela egiten dute esaldia gaur egungo itzultzaile automatiko neuronal erabilienetako batzuek:

Itzuli itzultzaile neuronala:
La Pamplonesaren helburuen artean, gaur egungo musikaren dibulgazioa dago. Bestalde, Musikagileak Konpositoreen Elkarteak euskal-nafar musika sustatzen du.
Elia:
La Pamplonesaren helburuen artean dago gaur egungo musika zabaltzea. Bestalde, Musikagileak Musikagileen Elkarteak Euskal Herriko musika sustatzen du.
Googleren traslator:
La Pamplonesaren helburuen artean musika garaikidearen zabalkundea dago. Musikagileak Konpositoreen Elkarteak bere aldetik euskal-nafar musika sustatzen du.

Hiru horietatik bik “euskal-nafarra”. Adierazgarria.

Berretsi zen, bada, nire errezeloa. Itzultzaile automatiko batek egin zuen itzulpena, eta itzultzaileak edo testuaz arduratu zenak, segur aski, ez zion behar bezalako errepasoa egin itzulpenari, ez zuen behar bezain zorrotz zuzendu testua. Postedizio lana esaten diogu gaur egun, ezta?

Luze hitz egin genezake orain itzultzaile neuronalez, haien alde on eta txarrez. Nik orain, ur sakonetan sartu gabe, lau hitz esanen ditut: iruditzen zait zilegi dela erabiltzea, errazten ahal digutela lana, gero eta hobeki funtzionatzen dutela, eta ez dugula zertan lotsatu haietaz baliatzeagatik, baina, jakina, halakoren bat erabiliz gero, zorrotz, oso zorrotz, zuzendu behar dugu gero. Ez da aski axaleko zuzenketa bat, oso ongi zaindu behar dugu ez dadila egon kalko desegokiz tantotua. Haiek erabili ondoko presakako zuzenketa arrisku handikoa izan daiteke baldin eta euskarazko testu ona egitea baldin bada helburua. Euskarazko hitzez mozorrotutako erdal testu bat sortzen ahal dugu, euskarazko senik gabeko lexikoa, sintaxia edo bestelako alderdiak dituena.