Elebitasun-simulakroa

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Idazki hau idazten ari naizelarik, urriak 12 ditu. Gaur bukatuko dira Iruñeko Topaketak, kultura, arte eta pentsamenduaren nazioarteko bienala. Hamaika eguneko egitarau zinez oparoa ekarri digute Topaketek, eta nazioarteko makina bat pentsalari, artista eta idazle ikus-entzuteko parada izan dugu haiei esker. Nahi baino saio gutxiagotara joan naizen arren, Inperialismoak setiatuta gaitu (berriro) ibilbideko bi elkarrizketatan izan naiz, besteak beste.

Topaketak hasi aitzin, eskuorria eskuratu nuenean, pozgarria iruditu zitzaidan liburuxkan den-dena ele bitan egotea, baina, halakoetan ohi denez, ezin izan nuen jakin euskarazko saiorik egonen ote zen. Eskuorria goitik behera irakurrita ere, ez zen inon zehazten zer hizkuntzatan izanen ziren antzerkiak, emanaldiak, elkarrizketak, tailerrak, solasaldiak… Ohar linguistiko bakarra aurkitu nuen: “Gaztelaniaz egiten ez diren saioek aldibereko itzulpena izango dute”. Gero, susmatu bezala, jakin dut topaketetan euskarak oso toki txikia izan duela, eskuorriko itzulpenez haratago.

Itzulpena tresna baliagarria da hizkuntza gutxituen aldeko hizkuntza-politiketan. Ezin ukatuzkoa da hori. Administrazioek eta erakundeek sortu testuak euskaraz jaso ahal izateak berebiziko garrantzia du gure hizkuntzaren aldeko normalizazio-politiketan. Eskubidezkoa da. Hizkuntza gutxituaren prestigioa goititzen du. Hizkuntzaren bizindarra handitzen. Baina hala ote da itzulpena itxuratarako bakarrik erabiltzen denean ere? Zertarako balio du eskuorri bateko informazio osoa (saio eta hitzaldien izenburuak eta guzti) euskaraz ere emateak bertan iragartzen diren ekitaldietan euskarak tokirik ez badu? Erakundeak, Nafarroan bederen, ekimenei-eta “basque friendly” gisako geruza hutsal bat emateko baliatzen ari dira euskarazko itzulpena: itzulpena mari-bistako bat da, apaingarri huts bat, Orotariko Euskal Hiztegian hitz horretarako ematen den adibidearen zentzuan (“Unek eztu balio, au maribisteko bat da”). Nahiz eta, ongi pentsatuz gero, ez den egia itzulpen kosmetikoak ez duela ezertarako balio, ukaezina baita berdintasunaren irudipena sortzeko eta hizkuntza-gatazka estaltzeko balio duela.

Hasieran aipatu moduan, Topaketetako zenbait hitzalditan izan naiz egunotan. Horietako bitan, hizlariak italieraz aritu dira, eta, eskuorriko oharrean gaztigatu bezala, aldibereko itzulpena egon da gaztelaniara: Gaztelaniazko itzulpena aditzeko, 1. kanala aukeratu behar duzu, ohartarazi dio Baluarteko langileak nire aldamenekoari hargailua eman dionean. Eta euskarazkoa aditzeko?, sartu naiz tartean ni. Oi, euskarazko itzulpenik ez dago, gaztelaniazkoa eta ingelesezkoa besterik ez.

Fundación Baluarte Fundazioak antolatu ditu topaketak, Nafarroako Gobernuak bultzaturik eta Iruñeko Udalak lagundurik. Geroa Bai dugu gobernukide Nafarroan, eta EH Bilduko alkatea dugu Iruñean. Topaketetan, halere, aldibereko euskarazko itzulpenik ez. Zergatia jakin nahi nuke. Jakin nahi nuke antolatzaileei aukera hori bururatu zitzaien ere, gaia mahai gainean izan zuten ere. Jakin nahi nuke ea, norbaiti bururatu arren, dirua aurrezteko erabaki ote zuten euskarazko interpreterik ez kontratatzea. Jakin nahi nuke norbaiti bururatu bai, baina gero pentsatu ote zuten jende gutxik erabiliko zuela zerbitzu hori eta ez zuela merezi. Jakin nahi nuke, jakin-min hutsez.

Urriaren 2an, Topaketak hasi ziren egun berean, Beñat Erezumaren euskarazko hitzaldira joan nintzen Euskarabidera. Bi interprete aritu ziren saioa aldi berean gaztelaniaratzen. Areto osoan, bizpahiruk baizik ez zuten zerbitzua baliatu. Bi interprete, soinu-teknikari bat, bizpahiru hartzaile. Jakin nahi nuke ea antolatzaileei bururatu ote zitzaien gaztelaniazko interpretazio-zerbitzurik ez eskaintzea. Aukera mahai gainean izan ote zuten ere. Kostu ekonomikoaz solastatu ote ziren. Jakin nahi nuke, jakin-min hutsez.

Topaketen bigarren egunean, Maja Haderlap idazleak “Hizkuntza eta bizitza” izeneko elkarrizketan parte hartu zuen. Topaketen webgunean azpimarratzen denez, Haderlapek hizkuntzaren eta identitatearen arteko elkarreragina lantzen du bere obran, eta gutxiengo kultural bateko kide izatearen esanahia aztertzen du[1]. Ezin izan nintzen solasaldira bertaratu, baina han izaniko lagun batek kontatu dit oso harrigarria egin zitzaiola nola ibili zen saioaren gidaria, idazle espainiar bat bera, Karintia goiti eta Karintia beheiti, mugaldeko herriak eta hizkuntzak ahotan harturik, aipatu ere egin gabe hemen ere badela bi estatuk zatitutako hizkuntza-komunitate bat; eta nola, bukaeran, ikusle batek mikrofonoa hartu, eta Euskal Herriko egoera hizpidera ekarri zuenean, inguruko batzuk eserlekuan inarrosten hasi ziren. Lagunak kontatu dit gaitzespen-kutsuko marmarrak ere aditu zituela eta iruditu zitzaiola gidariak berak ez ziola ongietorririk egin ikuslearen hausnarketari.

Uste dut Topaketetan euskarak izan duen tokiak eta pasadizo horrek ongi irudikatzen dutela askok euskarari eman nahi lioketen eginkizuna: izan dadila apaingarri pollit bat, baina inola ere ez kulturari, arteari eta pentsamenduari eragiteko balio duen hizkuntza bat.


[1] Webgunean bada detaile xume eta esanguratsu bat (milesker, Amaia!). Maja Haderlapen euskarazko aurkezpen-orrialdean, haren El ángel del olvido (Periférica, 2019) aipatzen da, gaztelaniaz, euskarazko itzulpena aipatu ere egin gabe: Ahanzturaren aingerua, Idoia Santamariak 2025ean itzulia, Pamiela argitaletxean.