Tudelatik Zarautzera

Ane Eslava Serrano

Azken urteotan editore lanetan nabil. Gurean baditugu estilo-liburua eta hizkuntza-irizpideak, eta argitaratzen ditugun liburuetan horiek aplikatzen ditugu. Baina, arauak arau, ezin uka egunerokoan zalantzak eta buruhausteak sortzen zaizkigula. Ez dira gutxi irizpideei bueltak ematen, egileen proposamenak aztertzen eta erabakiak berriro mahai gainean jartzen ematen ditugun tarteak. Eta bada kontu bat, ongi zehaztuta eta finkatuta izan beharko genukeen arren, noizean behin dilema beraren aurrean jartzen gaituena: toponimia.

Gurean euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzen ditugu liburuak, nazio ikuspegia duen proiektu euskaltzale baten barruan. (Erabaki horrek berak berekin dakartzan kontraesanak eta eztabaidak asko izan daitezke, baina beste baterako utziko ditugu, gaurkoan ez baitzaizkigu lerrootan kabitzen). Jardun horretan, guztiz irmoki definitzea lortzen ez dugun zerbait dago: erdarazko liburuetan Euskal Herriko leku-izenekin zer egin.

Gaztelaniaz argitaratzen ditugun liburuei dagokienez, zentzuzkoa izan liteke toponimo guztiak gaztelaniaz ematea, testua hizkuntza horretan idatzita dagoenez gero. Baina, gure proiektuaren izaera aintzat hartuta, deserosoa zaigu Euskal Herriko mapa erdal izenez betetzea. Hortaz, beste irizpide batzuk bilatzen ditugu, eta hor hasten dira buruhausteak.

Testu honen irakurleok ongi jakinen duzuen bezala, Euskaltzaindiak bere izendegietan euskal izen arautuak eta izen ofizialak bereizten ditu. Askotan horiek bat datoz, baina beste batzuetan ez, eta zenbait herrik izendapen ofizial bikoitza dute. Izenen ofizialtasuna, ordea, administrazioen eskumena da, lurralde bakoitzeko legediaren araberakoa. Nafarroan, gainera, Euskararen Foru Legeak ezarritako zonifikazioak ere badu eragina toponimoen araubidean. Horrela, esaterako, Faltzes eta Artaxoa euskal izen arautuak dira, baina Falces eta Artajona dituzte izen ofizialak. Zangoza, aldiz, Sangüesa-rekin batera ageri da izendapen ofizialean, zehar-marraz banatuta, eta Lizarra, Estella-rekin, marratxoz lotuta. Eta abar.

Pluraltasun horrekin, ezinbestekoak zaizkigu irizpideak eta arauak, baita gure erreferentziazko hedabideen estilo-liburuak ere. Askotan jotzen dut nik ere Berria egunkariarenera. Horrek euskal izena, izen ofiziala eta erdal erak bereizten ditu, eta guztien artean zein hobesten duen zehazten du. Horraino, dena nahiko argi.

Baina itzul gaitezen gure buruhaustera. Demagun erdarazko testuetan izen ofizialak erabiltzea erabakitzen dugula, eta bi izendapen ofizial dauden kasuetan euskarazkoa lehenestea, esaterako. Ados, aurrera. Esan dugu eskura ditugula hainbat tresna, kasu bakoitzean zein erabili behar dugun egiaztatzeko. Zein da arazoa, orduan? Liburu bateko paragrafo edo esaldi berean nahasten ahal zaizkigula: Cambo-les-Bains, Mutriku eta Villafranca; Larrabetzu, Aussurucq eta Elciego; Bilbao, Donostia eta Mauléon-Licharre. Herrialde bereko herri eta hirien izenak, batzuk euskaraz, beste batzuk gaztelaniaz eta beste batzuk frantsesez, bata bestearen ondoan. Edozein irakurlerentzat arraro samarra izan daiteke hori. (Eta ez ote den gure kalterako: ez al geundeke apurtu nahi ditugun muga zentzugabeak gu geu are gehiago seinalatzen? Ala horixe da egin behar duguna, hain zuzen ere?).

Halakoetan, egileren batek proposatu izan digu: “Eta denak euskaraz jartzen baditugu?”. Ados, denak euskaraz, beraz. Baina orduan ere sortzen dira errezeloak, eta batek baino gehiagok esan izan digu “arraro” egiten zaiola berak sinatutako gaztelania hutseko testuan Dulantzi, Ibiltzieta edo Donibane Lohizune irakurtzea. “Ez zaio irakurleari arrotz eginen? Ez du testuaren naturaltasuna hautsiko?”. “Tira, bada, testua gaztelaniaz denez, jar ditzagun den-denak gaztelaniaz”, izaten da orduan proposamena. Baina hor azalduko zaizkigu Echarri-Aranaz, Yanci, Lequeitio, Oyarzun… Eta, horiek bai, horiek begietako mina eragiten digute. Horiek bai iruditzen zaizkigula “antinaturalak”.

Jakina, toki-izen bakoitzak bere historia du, eta ez dira kasu guztiak parekagarriak. Arauetan eta izendegietan aurkitzen dugun aniztasuna ez da kapritxo hutsa. Eta gure herriak eta hizkuntzak bizi izan duten zapalkuntzaren, hizkuntza-politiken eta administrazio-zatiketaren arrastoak ere badira hor. Debekuek eta bazterketak eragina izan dute gure bazterrak izendatzeko moduetan. (Eta, hala ere, gogoan izan: toponimia aztertzen hasiko bagina, euskararen aztarnak askok uste dutena baino eremu dezentez zabalagoan aurkituko genituzke. Baina hori ere beste egun baterako kontua da).

Arauak behar ditugu, noski; izendegiak eta estilo-liburuak. Hizkuntza bizirik dago, toponimia ere bai, eta eskerrak irizpideak berrikusi eta egokitzeko aukera dugun. Ez dut horien beharra zalantzan jartzen, ezta argitalpen bakoitzak bere irizpideak finkatzeko duen eskubidea ere. Eta ez nuke esanen erdarazko toponimo bat erabiltzea kontzientzia nazional faltaren erakusgarri denik, bere horretan; ezta kontrakoa egitea ere.

Baina niri beste zerbaitek ematen dit hemen zer pentsatua. Arauak arau eta irizpideak irizpide, zer erraz esaten dugun Zarrakaztelu edo Galipentzu ez direla “naturalak” irakurlearentzat, eta zer irmotasunez baztertzen ditugun, aldiz, Guetaria edo Guernica. Zer erraz markatzen ditugun mugak geure buruan, arauei begiratu beharrik gabe. Zer den naturala eta normala, eta zer ez.

Seguruenik, naturaltzat eta normaltzat jotzen dugun hori urteetan entzun, irakurri eta barneratu dugunaren emaitza da. Administrazioaren mugek eta hizkuntza-politikek ez dute mapetan eta karteldegietan soilik uzten arrastoa: pertzepzioetan eta intuizioetan ere errotzen dira. Eta, ohartu gabe, euskarari zilegitasun handiagoa aitortzen diogu lurralde batzuetan beste batzuetan baino.

Frantz Fanon[1] pentsalari martinikarrak ederki azaltzen zuen kolonizatzaileak ez duela soilik lurralde bat menderatzen: kolonizatuaren subjektibotasuna ere moldatzen du; hark bere burua eta mundua ulertzeko eta izendatzeko moduan eragiten du. Linda Tuhiwai Smith[2] ikertzaile maoriak, berriz, zuzenean lotzen du kolonizazioaren auzia toponimiarekin: lurrari izen berriak jartzea, ideologikoki, lurra bera eraldatzea bezain indartsua izan zitekeela idatzi zuen. Izan ere, belaunaldi berriei irakasten zitzaizkien izen berriak mapetan eta komunikazio ofizialetan agertzen ziren, eta lurralde horien eta herri indigenen memoria historikoaren arteko loturak ahultzen laguntzen zuten.

Horregatik, bai: irizpideak finkatzea eta horiek betetzea garrantzitsua da. Baina, horietatik harago, herri bat baldin bagara, geure barruan marraztutako mugak ere aztertu beharko ditugu. Gure iruditeria berrikusi, eta geure buruari galdetu zer (eta zergatik) dugun naturaltzat eta zer (eta zergatik) arroztzat, eta zenbateraino dagoen kolonizatua gure inkontzientea. Tudelatik Zarautzeraino.


[1] Fanon, Frantz (1961). Les damnés de la terre. Paris: François Maspero. [Gaztelaniazko edizioa: Los condenados de la tierra. Tafalla: Txalaparta, 1999. Bego Montorioren itzulpena].

[2] Smith, Linda Tuhiwai (1999). Decolonizing Methodologies: Research and Indigenous Peoples. Londres: Zed Books. [Gaztelaniazko edizioa: A descolonizar las metodologías. Investigación y pueblos indígenas. Tafalla: Txalaparta, 2017. Kathryn Lehman-en itzulpena].

Utzi erantzun bat