Izaskun Gracia Quintana
Orain dela sei hilabete inguru, karteltxo batzuek eskatzen zuten autobus batean beste bidaiariei gogait ez egiteko eta entzungailuak erabiltzeko, Ez eman oharra / No des la nota esanez. Ufff. Argazki bat atera eta sare sozialetan komentatu nuen, Bizkaian bizi diren beste batzuek egin zuten bezala. Adolfo Arejitak berak ere aipatu zuen irratian, eta hori euskaraz zuzen esateko zenbait aukera eman zituen.
Badirudi garraio-konpainiako inork ez zuela euskaltzainak esandakoa entzun, baina aste pare bat igaro ondoren, karteltxoetan Jaitsi bolumena / Baja el volumen agertzen zen. Gaitz erdi. Goiburua aldatu zuten bederen. Beste batzuei ez zaie batere axola horrelako akatsak egitea.
Oraindik (bihotzeko minez) gogoratzen dut duela urte batzuk, saltoki handi batzuetako kartel batean X. landarea / Xª planta jartzen zela, eta supermerkatuan orratza (hau da, lepoaldea, gaztelaniaz aguja dena) merkeago zegoela esaten zela.
Arazoa, hemen, ez da akats bat egitea. Edo, hobeto esanda, hori ez da arazo bakarra. Guztiok egin dezakegu akats bat. Hain zuzen ere, denok egin, egiten eta egingo ditugu akatsak. Arazoa ez da, ezta ere, euskaraz ez egitea, ikasi ahal baita. Arazoa da euskara ez dela nahikoa itzulpen on bat egiteko (itzulpena egiteko dirurik eza ezin da arazoa izan, lerro/hitz bat itzultzeko dirua baitago beti).
Izan ere, enpresa horietan ez al dago euskaraz egiten duen edo esaldi/lerro/hitz bat irakurri eta zuzendu ahal duen inor? Benetan? Ez dut uste. Uste dut, besteak beste, utzikeria dela arazoa. Euskara, oraindik ere, ez da gaztelania bezain garrantzitsua, eta ez da kontuan hartzen derrigorrezkoa ez bada.
Hamaika lege, ekimen eta gauza desberdin egin ditzakegu euskararen alde, baina ez dugu asko lortuko hizkuntza-kontzientziarik ez badago, zabarkeriari aurre egiteko ere zerbait egiten ez bada.

